Durangoko arroka
Izan dira urteak azaldu ere egiten ez nintzela. Data hauek aprobetxatzen baikenituen kanpora joateko.
Izan dira urteak ia erosle konpultsibo moduan agertu naizena: bertara joan eta karga-karga eginda itzuli etxera. Pozik, baina jakinda liburu guzti haiek irakurtzeko ez nuela tarterik hartuko.
Orain, berriz, lagunekin eta ezagunekin egoteko aprobetxatzen dut. Erosketa batzuk egiten ditut, baina pasa gabe.
Entzun! liburua hartu dut gaur. Polita da diseinua eta mamitsua dirudi. The balde eman didaten poltsan sartu dut.
Meettok argitaletxearen postuan, berriz, Angelo Ferracuti italiarraren Los recursos humanos liburua, baita Groucho eta ni ere poltsaratu ditut.
Musikari dagokionez, Zura taldearen Kiribil eta Pettiren zuzenekoa, Awañak, ekarri ditut. Bad Sound System taldearen Kalean oparitu dit Iñakik.
Ez naiz jende askorekin egon, baina egon naizenekin gustura pasa dut eguna.
Dena dela, Alfonso Sastrek Garan ostegunean salaturikoak tristatu egin nau. Pena eta lotsa sentitu dut nik ere, gaur irakurri dudanean zergatik ez den Hiru argitaletxea aurten joan Durangoko Azokara.
Hau da argitaletxearen webgunean dagoen lehen esaldia: "HIRU ARGITALETXEA es una editorial independiente radicada en Euskal Herria (País Vasco)".
Horrelako erabakiekin, beti izango dugu Durango?
Mikel Laboak ere alde egin du
Gaur goizean autoa hartu eta etxerako bueltan gentozen hiru egun Arnedilloko bainuetxean pasa ondoren. Iruñea paretik pasa gara eguerdiko 13:00ak aldera eta albistegiaren bila aritu naiz irrati aparatuan. Euskalerria Irratian Mikel Laboaren musika entzuten ari nintzen, baina hori ohikoa iruditu zait. 13:00ak eman eta albistegiaren tenorean Laboaren musikak jarraitzen zuela konturatu naizenean, pentsatu dut Gipuzkoako Foru Aldundiak joan den astean iragarritako urrezko domina entregatu diola gaur. Zoritxarrez, oker nenbilen: agur esan baitigu gaur Laboak.
Ez naiz oso Laboazalea izan, baina "Gauerako aterbea", adibidez, Negu Gorriak-en bertsioagatik ezagutu nuen. 1990. urtearen bueltan bertsioz osaturiko diskoa egin zioten euskal rock musika taldeek Xabier Montoiak pentsaturiko proiektuan: M-ak, Delirium Tremens, Bap!!... Gustatuko litzaidake binilo hura norbaitek CDan berrargitaratzea.
Arratsaldean, Euskadi Irratian entzun ditut Harkaitz Canoren hitzak. Goizen Elkar argitaletetxean publikaturiko azken liburuaren aurkezpenean botatakoak. Jende gaztearekin konektatzeko Laboaren erraztasuna goraipatu du Harkaitzek. Gaineratu du ere Laboarentzat Harkaitz New York-en bizi zela.
Lasai Harkaitz: badut lagun bat Laboaren familiakoa dena. Karrera amaitu eta urteak lanean eman ondoren, oraindik ere batxilergo ikasketak ea nola zihoazen galdetzen omen zion Mikelek aipatu lagunari.
Arratsaldean aita bisitatu dut egoitzan eta Donostiarako bidean, Agurtzanerekin gogoratu naiz, Mikelen alabarekin. Euskal Herriak musikari handi bat galdu du, baina Agurtzanek aita. Eta hau galera handiagoa delakoan nago.
Amets Arzallus eta Ortzi Oihartzabal Erakusleihoan
Pasa den hilabetean izandako Metro koadro bat emanaldiaren ondotik, Amets Arzallus bertsolariaren eta Ortzi Oihartzabal musikariaren txanda izango da gaur Erakusleihoan. Izan ere, Ernest Lluch Kultur Etxeko zuzendari berriak, Xabier Cañasek, Erakusleihoa programarekin jarraitzea erabaki baitu.
Prentsa oharrak dioen moduan "bi artista hauek hitza eta musikaren arteko
bat-bateko bidai batera eramango gaituzte (...) Bibolinaren lau kordak eta ahots baten bi kordak korapilatuak, sormen bide ezberdinak jorratuko dituzte; musika, bertsoa eta idazkiak elkarrizketan. Esperimentazioa zuzenean".
Ezagutu nahi izanez gero, gaur, azaroak 27, duzue aukera bikaina. Arratsaldeko 19:30ean da hitzordua Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian (sarrera Anoeta Estadioko 8. atearen aldamenean). Dena uste bezala ateraz gero, bertan egongo naiz gaur iluntzean.
Informazio gehiago, Donostia Kulturako Arte Eszenikoen atarian, victoriaeugenia.com webgunean: Amets Arzallus eta Ortzi Oihartzabal Erakusleihoan.
Kronika zuri-beltza
Argia aldizkariaren azken zenbakian Aitor Zabaleta kazetariak Kronika zuriak izeneko zutabea sinatzen du eta zera dio: "Pedro Miguel Etxenike zientzialariak dio kazetariok ongiaren mezulari izan behar dugula, sentimendu positiboen hedatzaile".
Ni ez naiz kazetaria, baina bide horretatik saiatuko naiz. Halere horretan saiatu aurretik Eusko Jaurlaritzari sartu nahi diot behatza begian. Beraz, kronika zuri-beltza beharko du izan honek. Eta ez bakarrik tonuagatik, irundar jendea ere aipatuko dudalako (eta zuri-beltzak dira Real Unión futbol taldearen koloreak).
702.000 euro
Eusko Jaurlaritzako bi sailek Kepa Junkera musikariari emandako dirutza hori izan da albiste azken aste honetan. Honi buruz esan nahi nituen gauza gehienak nire laguna Marietak idatzi ditu. Marieta katalana da, baina ederki ezagutzen du gure herri hau.
Horretaz gain, ezer gutxi dut esateko. Jaurlaritzako Kultura zein Etxebizitza sailek erabakia nola justifikatzen duten jakin arte, bai harritu nauela musikari jendea isilik somatzea. Eta ez dut ulertzen zergatia.
Jon Abrilek Sustatun aipatu bezala, Jabier Muguruzak utzi egin du Kulturaren Aholku Batzordea. Abrilek dio erabaki hori dagoela atzean eta hori da ere nire susmoa, baina ezin dut baieztatu.
Fermin Muguruzari galdetu zioten Patxik eta Jabik irratia.com-en eta ohikoa duen bezala ez zen isildu.
Hortik aparte, norbaitek esan du zerbait?
Musikari Seulen
Beste musikari irundarra aipatuko dut gaurkoan. Iñaki Diéguezek Cirque du Soleil konpainiarekin aritzeko frogak pasa zituela kontatu nuen duela urtebete. Orain, hutsune bat izan da munduan barrena dabilen konpainiaren taldeetako batean eta deitu egin diote. Ez da kontratu luzea, hilabete batzuetakoa baizik. Badira jada zenbait egun hasi zela lanean. Une honetan Seulen dago. Mailak idazten ditu, baina ondo legoke blog bat zabaltzea. Lagunek Myspace.com gunean duen txokoan mezu laburrak uzten dizkiote behintzat.
Iñakiri beste hilabetez luzatu nahi diote kontratua, baina berak zerbait luzeagoa nahi du. Ea zortea duen bederen.
Clemente ere bada pertsona
"Oso harro nago Javier Clemente entrenatzaile zela gertatutako gauza batekin. Zuntz haustura ezberdinak izan ondoren, eta horietako baten errekuperazioaren azken txanpan nengoela, taldekide batek esan zidan jokalari deialdian nengoela. Ezin nuen sinetsi eta zerrenda begiratzera joan nintzen. Egia zen: Clementek ohikoa zuena baino jokalari bat gehiago deitu zuen eta hura ni nintzen. Txantxetan ari zela uste nuen eta misterrarekin hitz egitera joan nintzen. Bi arrazoiengatik egin omen zuen: bata, niregatik, morala altxatzeko behar bainuen, baina batez ere taldearengatik, ni aldagelan eta zelaian egonik taldekideak alaiago eta adiago egoten baitziren. Anekdota hau da nire kirol bizitzako garaikurrik garrantzitsuena, baita nire bizitzako inportanteenetakoa ere".
El trofeo más importante de mi carrera
Joan Golobart
Loretopetik (XXVII) Kontuak argi eta garbi, faborez
Irutxuloko Hitzan 2008ko azaroaren 19an argitaratutakoa, Loretopetik atalean.
Gasteizko Parlamentuan iraileko bigarren aste bukaeran Politika 2.0 jardunaldietan herritar blogariak eta politikari blogariak bildu ziren, batez ere. Ni ez nintzen bertan egon, baina nahi duenak topatuko du sarean Politika 2.0 honen arrastoa.
Badakizue azken bolada honetan dena dela 2.0 (bi puntu zero). Politikarekin ari dira orain, Obamak markatutako bideari jarraikiz. Uxue Apaolazak zioen, penatuta, amaitu dela fikzioa eta berriro errealitatea gailenduko dela AEBetako hauteskundeen ondoren.
Euskal politikariak lehendik ibiltzen ziren Interneten, eta ikusiko dugu zer egiteko gai diren. Euskal Herria osoan ez, baina Euskadin (EAEn) ere hauteskundeak izango baititugu martxoan. Jada une barregarria bizitzeko parada eskaini digu, Donostian bertan, Basagoitiren pop politikak: inoiz egon gabea naiz jendea horrela mugitzen den pop kontzertu batean.
Estatu Batuetan sei hilabete pasa zituen lagun batek bueltan esandakoa dut buruan itsatsita azken aste hauetan. Lagunak kontatu zidan Utah-ko gobernadorea (Utah-koa zela uste dut) Txinara joan zela udaberrian. Bertako prentsak argitaratu omen zuen bisita horretan gobernadoreak gastatu zuena, xehetasun osoz. Era berean, gobernadoreak besapean ekarri zituen kontratuak ere zerrendatu ei zituen. Gauzak horrela, erraza zen batuketak eta kenketak egitea. Kasu honetan, bisita defizitarioa izan zen eta horrela agertu zen iritzi publikoaren aurrean.
Balorazio kuantitatiboa ez da egin beharreko ebaluaketa bakarra, baina eskertzekoak lirateke antzeko adibideak hemen. Horregatik, gustura irakurri nuen urrian hemengo periodiko batean hamalau lagunez osaturiko Gasteizko udal delegazioa joatekoa zela Japoniara kultur eraikinak ikustera. Ez dut bisitaren kostua zehatz-mehatz gogoratzen, baina 50.000 eurotik gorakoa zen.
Eusko Jaurlaritzako goi karguak ere ibiltzen dira jotafuego munduan zehar. Euskadi Irratian eskainitako elkarrizketan, Joku Paralinpikoetan hamabost egun baino gehiago pasako zituztela Beijingen aipatu zuen Jaurlaritzako ordezkaritzaren buruak irailaren hasieran. Ondo da Joku horietan egotea, baita Joku Olinpikoetan ere, baina hainbeste denbora pasa behar da atzerrian?
Krisia ate joka dagoen garai honetan, Donostiako zenbait politikarik, alkatea buru, soldata % 3 murriztuko dutela iragarri berri dute. Lau haizetara zabaldu da jada albistea, baina sindikatuak agertu dira esanaz gauzak ez direla hain sinpleak. ERNEk, adibidez, salatu du alkateak erabiliko duen auto berri garestia garaje batean dagoela hautsa pilatzen, aurkezteko une egokiaren zain.
Bi puntu zero edo zero puntu bi, lagunok, berdin du: izan gaitezen zorrotzak.
Zer Errepublika?
Xabi Puertari Edu Lartzanguren kazetariak eginiko elkarrizketa ageri da gaurko Berrian. Alfonso Sastre Kultur Elkarteak (ASKEk) Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean gaurtik osteguna bitartean antolatu dituen Zer Errepublika? jardunaldiak aurkeztea da aitzakia.
Alfonso Sastrek berak eta Arnaldo Otegik zabalduko zituzten dagoeneko jardunaldiak. Joan ez joan egon naiz eguerdian, baina ez joatea erabaki dut azkenean.
Hurrengo egunetan Ángeles Maestro, Izquierda Unida barruan dagoen (edo zegoen) Corriente Rojako koordinatzailea, Carlo Frabetti, eta abar egongo dira.
Ez dut ezer begiratu sarean oraindik, baina baietz biharko prentsan azaldu Otegiren hitzak? Komunikabide bakoitzaren arabera berba batzuk edo besteak agertuko dira, hori ere bai.
Lidergoak ez du gripearen antzik
"Alderdi barruko zein kanpoko lidergorako ahalmen frogatuaren laguntzaz, 1997ko hauteskunde britainiarretan Tony Blairrek Alderdi Laborista garaipenera eraman zuenean, hemengo lider batzuk Blairren ispiluan begiratzeko tentaldian erori ziren. Keinuak, diskurtsoa, kanpaina imitatzen hasi ziren. Eta, noski, denek gonbidatu nahi zuten, hurbiltasunak behartuz, lidergorako ahalmena kutsakorra izango balitz bezala".
"Baina lidergoak ez du gripearen antzik: ez da kutsatzen. Bertute gehienak bezala, lidergoak jatorrizko gaitasuna eskatzen du, baina gero adorez landu beharra dago; konfiantza sortuz, merezitakoa bihurtzen da, bere burua gidatzen utziko duenak aitortua izan arte. Eta, noski, jolas arau egokiak behar ditu arrakastaz garatu dadin. Ia gauza jakinak diren hauek botatzen ditut hemen, Barack Obamarekin antzeko zerbait gertatuko dela uste baitut".
Salva Cardús, soziologoa.
Galtzeimer (XIX) Nerbioak
Ohar garrantzitsua: oraingoz blog honetan bakarrik erabiltzeko apuntea.
Eztabaida
Amarekin eztabaidatu nuen pasa den astearen hasieran, duela hamabi bat egun. Egunero-egunero errepikatzen zuen andre gaixoak attaren errekuperazioak aurrera joanez gero, igual etxera eraman beharko genukeela.
Normalean, saiatzen nintzen erantzuten hori ezinezkoa zela, baina, halako batean, ezin isildu eta errieta egin nion igande arratsaldean. Ahal zuen moduan agoantatu zuen amak nire purrustada.
Handik bi egunetara, berriz, goizeko 1:00ak aldera hotsegin zioten etxera egoitzatik. Atta ospitalera eraman behar zutela. Itxuraz, pilula bat gehiago eman zioten eta horrek eragin zuen gizona totelka hastea. Dena ondo zegoela konprobatu ondoren, goizeko 3:30ean eraman zuten berriro zentrora.
Amak hurrengo goizean 8:00etarako bertara joan behar zuenez, hantxe bertan egin zuen lo sofa batean. Anaiari eta bioi ez zigun ezer esan hurrengo goizera arte (ni, gainera, arratsaldean enteratu nintzen). Telefonoa hartu eta amarekin haserretu nintzen berriro.
Hurrengo egunean, berriz, gauzak horrela ezin genituela konpondu ikusita, lasaitu eta amarengana joan nintzen hitz egitera.
Famili bazkaria
Larunbatean famili-bazkaria genuen, baina atta ez zen joateko moduan. Katarroa zuen eta erabaki genuen hobe zela egoitzan geratzea. Ahaleginak egin genituen ama gurekin eramateko, baina senarra zentroan utzita, bera ez zela jatetxera joango esan zigun.
Ospitalean
Astearte honetan berriro ospitaleratu behar izan genuen atta, goizean goiz arnasa hartzeko zailtasunak zituelako. Ez zen kontu larria, baina oxigenoa jarri behar izan diote bi egunez. Ama joan zen ospitalera eta gero hots egin zigun guri. Gaur arratsaldean jada zentrora eraman dute atta. Ongi omen dago. Ondo hartu dute beste egoiliarrek.
Etxeko goxotasuna
Atzoko goiza gurasoekin pasa nuen ospitalean. Bazkaltzeko tenorean, une gogorra bizi nuen. Attak hartu zuen hitza eta inolako etenik gabe zera bota zigun amari eta bioi:
"Nik etxera joan nahi dut hemendik, ez egoitzara. Gazte ginela, amarekin ezkondu nintzen bera maite nuelako. Orain ere maite dut eta bizitzako azken urteak etxean pasa nahi ditut elkarrekin, goxo-goxo".
Saiatu ginen esaten oraindik ez zegoela etxera joateko moduan, baina berak ahobete hortz utzi gintuen zera gaineratuz: "Etxera joaten ez banaiz, erabaki gogorra hartuko dut".
Orain ulertzen dut joan den asteko amaren erretolika hura.