Rafa Rueda okerreko bidetik
"Bizitza osoa ematen dugu egindako hutsak zuzendu nahian, huts horien bertuteak ikusi barik. Zuzentasuna ez da existitzen; nork bere hutsak ditu, eta horrek badu bere edertasuna. Halako ideiak defenditu nahi izan ditut diskoan. Zuhaitz okerren edertasuna. Politenak dira niretzat. Askotan erabili den metafora da: zuhaitz okerra txarra adierazteko; eta zuhaitz zuzena, berriz, ona erakusteko. Zuhaitz okerrari parterik txarrena tokatu zaio, eta polita iruditzen zitzaidan haiekin elkartasuna agertzea, eta erakustea haien edertasuna okertasunean oinarritzen dela".
Rafa Rueda. Berria. Maiteminduta nago musikarekin.
Kostatu zait jakitea Bergarako zein tokitan egingo duen diskoaren aurkezpena (eskerrak Mathiasen kopilotuari). Zabalotegi eraikin berrituan arituko da urtarrilaren 4an, datorren domekan. Emanaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da eta pagatu daitekeen prezioa du: 3 euro.
Etxean ere arituko da urtarrilaren 16an, Mungiako Olalde Aretoan, Donostiara etorri aurretik: urtarrilaren 30ean Imanol Larzabal Aretoan (Lugaritzen).