Bilboko Kafe Antzokia itxi du Udalak hilabete baterako
Bazkalostean ari nintzen Radio Euskadi entzuten, Roberto Mosoren musika saioa, hain zuzen ere. Eta hor entzun dut, pasadan, hilabetez egongo dela itxita Bilboko Kafe Antzokia erabaki administratiboa zela medio. Ez nuen ezer ulertzen, baina burura etorri zaidan lehen gauza izan da: hauek ere krisiaren eragina pairatzen ari ote dira?
Gero, ordenagailuaren aurrean jarri naiz, eta jakin dut zabalduren bidez zer gertatu den. Horrela kontatu du eitb.com-ek:
“Bilboko Kafe Antzokia itxita egongo da hurrengo hilabetean, 2008ko martxoaren 2an jarritako helegite baten harira, baimendutako edukia gainditzeagatik. Izan ere, M-Clanek jo zuen gau hartan eta baimenduta dagoen jendearen bikoitza zegoen momentu horretan Kafe Antzokian. Itxieraz gain, zigor ekonomiko bati aurre egin beharko dio lokalak”.
Dirudienez, ez da itxitako areto bakarra. Lau omen daude (edo egon daitezke) egoera berean. Berehala etorri zait gogora duela aste batzuk Diego A. Manrique kazetariak Madrilgo Udalak zuzeneko musika programatzen duten aretoei buruz idatzitako zutabe bikain hura, La ciudad bajo asedio. Hona parrafo bat:
"Askok uste dugu rocka, jazza eta antzeko musikek tamaina txikiko edo ertaineko aretoak behar dituztela, lasaitasun giroan talde edo solistekin gozatzeko tokiak, kopa eskuan dugularik, inolako eserlekuari lotu barik. Ekimen pribatuko lokalak, udalaren ulermena merezi dutenak, baita gehiago ere (salbuespen fiskalak?). Edozein hiriko kultur ehunaren zati dira eta zaindu beharko lirateke, ez jazarri. Eta jazarpena egon badago: adibidez, Madrilgo udaltzainen astakeria, djen poltsak arakatzen disko piraten bila!"
Artikulu horrek hurrengo astean izan zuen segida ederra, Las canciones del Gran Bilbao artikuluak Álvaro Heras Gröhl kazetariak Bilboko rock historia biltzen duen liburua baitzuen hizpide.
Bukatzeko, Athletic taldearen Estadioa itxiko lukete maila bereko lege haustura egingo balu? Erantzuna denok dakigu.
Tenplua profanatzen ausartu diran horien izena da. Zenbat gara? 4, 1, 3, 5 , 7?