Boikota
Iñigo Saénz de Ugarteren Guerra eterna blogari esker, ikusi dut The Big Picture photologean Gazako eta Israelgo argazki gogorrak.
El regreso de Picapiedran, berriz, irakurri dut Israeli boikota izeneko ekimena abiatu dela Interneten. Ondo iruditzen zait Israelgo gobernuari, enpresei, etab. aurre egitea. Baita Israelgo kirol taldeak Europako lehiaketetatik botatzea ere, baina artistak boikotatzea ere eskatzen dute. Eta ni ez nago horrelako boikot artistiko edo pertsonalen alde. Arau bera aplikatuz gero, zaku berean sartu beharko lirateke hainbat artista estatubatuar eta europar, beren gobernuek munduan barrena egiten dituzten barrabaskeria piloa ez gaitzesteagatik. Ahaztu gabe ere, bere garaian norbaitek idatzi zuen bezala, nola sustatu daitekeen hori eta gero euskal artistei egiten zaizkien boikot kanpainak salatu.
Kanta ederra jarri nahi dut gaur hemen. Aipamenaren arrazoia tristea da, baina. El Paísen jakin dut, gainera, Vincent Ford aka Tata berriki hil dela Jamaikan. Gizonak No Woman No Cry kantaren letra egin omen zuen, Bob Marley & the Wailers taldeak hirurogeita hamargarren hamarkadan arrakastatsu bihurtu zuen abestia. Hor behean utziko dut youtuben aurkitutako bideoa.
The organization-en atzoko zorion mezuari buruz, ezer gutxi dut gehitzeko. Jaso dugula zorion mezua. Eta Javier Vizcaínoren iritzi ausartarekin bat egiten dudala.
Rafa Rueda okerreko bidetik
"Bizitza osoa ematen dugu egindako hutsak zuzendu nahian, huts horien bertuteak ikusi barik. Zuzentasuna ez da existitzen; nork bere hutsak ditu, eta horrek badu bere edertasuna. Halako ideiak defenditu nahi izan ditut diskoan. Zuhaitz okerren edertasuna. Politenak dira niretzat. Askotan erabili den metafora da: zuhaitz okerra txarra adierazteko; eta zuhaitz zuzena, berriz, ona erakusteko. Zuhaitz okerrari parterik txarrena tokatu zaio, eta polita iruditzen zitzaidan haiekin elkartasuna agertzea, eta erakustea haien edertasuna okertasunean oinarritzen dela".
Rafa Rueda. Berria. Maiteminduta nago musikarekin.
Kostatu zait jakitea Bergarako zein tokitan egingo duen diskoaren aurkezpena (eskerrak Mathiasen kopilotuari). Zabalotegi eraikin berrituan arituko da urtarrilaren 4an, datorren domekan. Emanaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da eta pagatu daitekeen prezioa du: 3 euro.
Etxean ere arituko da urtarrilaren 16an, Mungiako Olalde Aretoan, Donostiara etorri aurretik: urtarrilaren 30ean Imanol Larzabal Aretoan (Lugaritzen).
David de Jorge berriro
Uztailaren bukaeran idatzi nuen hementxe bertan David de Jorgek estrainekoz ETBn egin zuen telebista saioaz. Orain, gabonetako atarian bueltatu da kajatontara. Kasu honetan, Martin Berasategui sukaldaria eta Gorka Otxoa aktorea izan ditu bidaide.
Programa bota zuten egunean ezin izan nuen ikusi (abenduaren 22an). Dena den, EITBk lauzpabost bideo ikusgai jarri ditu bere webgunean. Hauxe da lehenengo zatia.
Javier Vizcaínok David elkarrizketatu zuen abenduaren 21ean eta gaur entzun dut solasaldia. Javierrek aipatzen du, besteak beste, Davidek oso ondo idazten duela (arrazoi osoa du). Adibidez, hona hemen abuztuan hildako aitari idatzitako apuntea.
"Tuvimos el gusto de conocernos el 4 de Octubre de 1970 en la Clínica San Ignacio de Donostia, y cuentan las más ancianas que babeó como un Mastín Pirenaico, mientras su chica me echaba al mundo hecho unos zorros, empujando como una leona. Él tenía entonces 36 tacos recién cumplidos y era un verdadero torero casta de tronío en toda regla.
Gehiago hemen: Faltará el galego
Telebista saioa osorik ikusteko jo EITBren webgunera.
Lotsa Anoetan
Atzo ez nintzen Anoetara hurbildu (ez futbol zelaira, ezta ondorengo Ohizko Batzarrera). Partida telebistan jarraitu nuen (Galdakaon) eta poztu nintzen Salamankaren aurkako garaipenarekin, nahiz eta (edo batez ere?) azken unean gertatu.
Batzarrean geratu zenaz, ezer gutxi dut esateko. Lotsagarria iruditu zitzaidan Badiolaren aldeko sutsuenek izandako jarrera. Bere garaian esan nuen tipo hau ez zitzaidala batere gustatzen. Poztu naiz akzionistek Administrazio Kontseilutik bota izanagatik. Etorri direnei buruz, bestalde, ezer gutxi dakit. Ez ditut ezagutzen.
Reala gaixo dago eta giroa nahasita. Gauza onik ez.
Pim, pam, pum
Love of 74renean ikusi dut.
Loretopetik (XXVIII) Gipuzkoa, zer izan nahi duzu handia zarenean?
Irutxuloko Hitzan 2008ko abenduaren 17an argitaratutakoa, Loretopetik atalean.
Duela egun batzuk Albert Pla abeslari katalana Euskal Herrira etorri zen. La diferencia ikuskizun berria eskaini zuen Bilboko Kafe Antzokian azaroaren 27an. Lan hori zela-eta, Irune Berro kazetariak eginiko elkarrizketa publikatu zuen Berria egunkariak.
Elkarrizketa azaroaren 4an egina omen dago; hots, AEBetako presidentea aukeratu zuten egunean. Gauzak horrela, horri buruz galdetu zion kazetariak Albert Plari: "Bost axola zaizkit AEBak. Ez dakit zergatik, baina niri Gipuzkoa ekartzen didate gogora".
Xelebrekeria baino, jeniala iruditu zitzaidan ateraldia. Ez nuen nik irakurri periodikoan, lagun batek aipatu baitzidan kontua. Nola ez du ba askotan lurralde honetara etorri ohi den musikariak hori esango? Begiratu panorama: ez gara gai aireportua modernizatu behar den edo ez erabakitzeko, ez gara gai Pasaiako Badia eraberritzeko, Kutxako asanbladak pikutara bidaltzen du BBKrekin egin beharreko fusioa, Realak bigarren mailako zirkoa dirudi, zakarrak tratatzeko modurik aurkituko dugu noizbait, ETAk trenaren auzian interbenitzea erabakitzen du, etab.
Guzti horretatik nardagarriena, ETAren jarduna da. Azken boladan, atentatu maltzurrenak gure lurraldean egiten ditu, ezker abertzale tradizionala gobernuan dagoen herrietan, gainera. Dirudienez, hobe da eskuinak hartzea boterea, ezkerrak baino. Zeren bila dabiltza? Eta ezker abertzale jipoitua, isil-isilik, itsasoko ura bezala. Joan zaitez orain, publikoki, AHTa ez duzula gustuko esatera.
Atxagak zioen noizbait, oker ez banago, saltsa guzti hauek demokraziaren jokoaren barruan sartzen zirela (the organization-ena, ez, noski). Hau da, pluraltasunaren baitan ulertu behar direla gatazka hauek. Javier Ortiz kazetariak ere idatzi zuen duela gutxi nahiago zuela euskal kaosa, AEBetako jatorrizko alderdi-bitasuna baino.
Gatazkak eta borrokak beharrezkoak dira demokrazian, interes ezberdinak egoten baitira jokoan. Baina Gipuzkoakoa demasa da. Politikariei eskatuko nieke propaganda gutxiago emateko eta informazio gehiago. Goazen goiko gai guzti horiek eta beste batzuk mahai gainean jartzera, informatu jendea eta ea behingoz erabakiak hartzen ditugun.
Erabakiak hartzeko garaia baita. Krisia inoiz baino benetakoagoa baita orain eta ezin dugu gure zilborrari begira egon. Eta argi izan herritarrok ez garela gure agintariak baina hobeak. Antzeko-parezido denak ere.
Amaieran dator despedida: bi urte t´erdi pasa dira jada nire lehen kolaborazioa Loretopetik sailean sinatu nuenetik. Bolada batez, behintzat, agur esatea erabaki dut. Eskerrik asko Irutxuloko Hitzako lagunei toki hau emateagatik. Eta irakurleei beren pazientziagatik. Nahi baduzue Interneten edo beste tokiren batean elkar ikusiko dugu. Carpe diem!
Zuzeneko musikak lokal txikiak behar ditu
"Zuzeneko musika eskaintzen duten aretoei buruz hitz egin beharra tokatzen zaigu berriro ere, erasotik gertu dagoen alorra baita (...) Gaueko lokalen aurka Madrilgo Udalaren ofentsiba berriak sinpleak diren pertsona askoren oniritzia duela dirudi, mundua zuri-beltzean ikusten dutenena: "paperak ondo ez badituzte, itxi ditzatela".
"Ez da hain erraza. Gau jardueretarako baimena eskuratzeak erresistentzia lasterketen antza du: sistema egituratua dago klubak beti kili-kolo egon daitezen, (egunkarietako) gertaera-orrialdeak betetzen dituzten edozein istiluren menpe. Hainbat erregimen totalitariok erabiltzen duen metodo bera (aplikatzen da): mendekoen trapitxeoak toleratzen dituzte, errepresio indarrak ematen dien botere diskrezionalaren jakitun".
"Askok uste dugu rocka, jazza eta antzeko musikek tamaina txikiko edo ertaineko aretoak behar dituztela, lasaitasun giroan talde edo solistekin gozatzeko tokiak, kopa eskuan dugularik, inolako eserlekuri lotu barik. Ekimen pribatuko lokalak, udalaren ulermena merezi dutenak, baita gehiago ere (salbuespen fiskalak?). Edozein hiriko kultur ehunaren zati dira eta zaindu beharko lirateke, ez jazarri. Eta jazarpena egon badago: adibidez, Madrilgo udaltzainen astakeria, djen poltsak arakatzen disko piraten bila!"
"Mastekatu beharreko datu bat: zuzeneko musika ez da oso errentagarria. Horregatik edukiera txikiko kluben ekologiak ordutegi oparoak eskatzen ditu, eszenatokian musikarik ez dagoenean kaxa betetzeko. Hemen, baina, zenbait udal españolen kontzeptu katetoekin egiten dugu talka, ezinezkoa iruditzen baitzaie gune berean emanaldiak eta musika bateratzea".
La ciudad bajo asedio, Diego Manrique.
Ondoren Manriquek berriki hil den Elmer Valentine negozio-gizonaren bizitzaz idazten du.
Manrique zakur zaharra da. Garai batean asko gozatzen genuen El Ambigú irratsaioarekin, Radio 3 entzuten genuen garaian. Orain apenas entzuten dugun emisora hori, baina sarean jakin dugu Manriquek berak Fermin Muguruzari La Boca del Lobon eginiko "Canciones desnudas" kontzertu-elkarrizketa botatzen ari dela egunotan. Abenduaren 11n lehen zatia, gaur bigarrena.
Galtzeimer (XX) Famili-bazkaria
Ohar garrantzitsua: oraingoz blog honetan bakarrik erabiltzeko apuntea.
Hilabete pasa da attari buruzko azken apuntea idatzi nuenetik. Gauzak ez dira gehiegi aldatu. Irungo egoitzan jarraitzen du.
Dena den, bai egon ginela etxera eramatetik gertu. Egoitzako psikologoarekin hitz egin eta esan genion gabonak iritsi aurretik etxera eraman nahi genuela. Eguneko zentrora ekarriko genuela eta gero etxera eraman lotara. Azken unean, baina, gauzak dauden bezala uztea erabaki genuen.
Gaur ekarri dugu lehenengo aldiz etxera bazkaltzera. Zazpi lagun elkartu gara gure etxean, Donostian. Atta oso gustura egon da, eskertu du zentrotik ateratzea. Hiztun etorri da autoan, eguraldiak goizean eman duen tregua aprobetxatuz eta ikusten zuen pasaiarekin gozatuz. Lasai-lasai egon da mahaian eserita, baina arratsaldeko 17:00ak aldera Irunera bueltatu nahi zuela esan digu. Anaiak eraman du bertara.
Aldez aurretik inoiz ez dela jakiten esan zidan aste honen hasieran gizarte langileak. Probatu behar genuela. Ez gara damutzen.
Orain ea nola antolatzen ditugun gabonetako ospakizunak.
Hementxe dago 2009a
Eguerdian izan zen ekitaldia Victoria Eugenia Club aretoan. Nik jada bota diot begiradatxo bat eta emanaldi hauek apuntatu ditut nire zerrenda partikularrean:
Lehendik ere publiko bazen ere, oraingoz ez da gehiegi azaldu Buenafuente eta konpainia egongo direla Terrat Pack aurkezten Kursaalean urtarrilaren 9an eta 10ean.
Urtarrilaren 17an, berriz, Calexico + Depedro egongo dira Victoria Eugenian (kontrakoa esaten ez bada, hauxe da gunea).
Urtarrilaren 30ean, Rafa Rueda Imanol Larzabal Aretoan (Lugaritz).
Ahitu samarra badago ere, mereziko du ba buelta bat Antonio Vegaren kontzertuak: otsailaren 6an izango da.
Tindersticks taldeari txanda otsailaren 10ean iritsiko zaio.
Living Colour taldeko gitarrista etorriko da Clubera otsailaren 12an. Yohimbe Brothers du izena haren proposamenak.
Saioa eta Joseba Irazoki Imanol Larzabalen (Lugaritz), otsailaren 27an. Oharra: Saioa Erakusleihoan egongo da abenduaren 18an, Ernest Lluch Kultur Etxean.
Elorrioko Logela multimedia (+Circle of Trust) Egiako Gazteszenan egongo da otsailaren 28an.
Ralfe band britainiarrak martxoaren 13an etorriko dira.
Urtain antzezlana prestatu dute Animalariok eta CDNk. Martxoaren 14an eta 15ean bisitatuko dute Donostia.
Giulia y los Tellarini Bartzelonako taldearen bi kanta daude Woody Allen-en azken filmean. Interesgarria da ere jakitea Eusebik (Iban del Camporen Un tal Eusebi filmekoa) eginiko marrazkiarekin moldatu dutela banda honen diskoaren azala.
Joserra Senperena pianistak kontzertua eskainiko du martxoaren 27an Imanol Larzabalen (Lugaritz).
Bukatzeko, maiatzean hiruko polita: Lila Downs 13an, Eliades Ochoa 14an eta Jackson Browne 19an.
Mikel Laboa: ez da errespetatu familiaren nahia
"Hasiera batean, familiak erabaki zuen Mikel intimitatean agurtzea, beilategiko joan-etorriaren ondoren, pasa den asteartean, alor ezberdinetako izen handi asko bildu baitziren bertan. Baina, lagunek erakutsitako interesa zela-eta, errautsak haizatzeko tokia eta eguna jakinaraztea erabaki zuen (familiak). Eta komunikabideei eskatu zien ez grabatzeko eta filmatzeko ekitaldia".
Diario Vasco: Agiña ahora es más sagrado, 2008ko abenduak 8.
Interneten dagoen kronika laguntzeko, ekitaldiaren 20 argazki eskegi dituzte. Goiko paragrafoaren arabera, badirudi kazetaria berak ere deseroso idatzi duela kronika.
Google-n bilaketa azkarra egin dut (Agiña + Laboa)
eta badirudi Gipuzkoako mediorik zabalduena dela, prezeski, familiaren nahia alde batera utzi duen bakarra. Gainerakoek ez dute argazkirik jarri. Eta ekitaldiari buruzko kontaketa zeharka egin dute.
Ez dut garbi. Alde batetik, horrelako une batean hildakoaren sendiak agertutako nahia errespetatu beharra dago. Bestetik, baina, halako pertsonai baten aurrean egonik, ez zait hain gaizki iruditu erreportajea, tonoa ere egokia baita.
Zer iruditzen zaizue? Nahi baduzue, of course.