Komunikabideen garrantzia
2003ko otsailaren 20an Entzutegi Nazionalak Euskaldunon Egunkaria itxi eta hainbat kide atxilotu zituela gogoan izango duzue, noski. Martxelo Otamendi askatu zutenean, Euskal Herriko hainbat tokitan ibili zen jendearen berotasuna jasotzen eta eskertzen. Altza Kultur Etxean entzun nuen nik, Txema Auzmendiren omenez eginiko ekitaldian.
Oker ez banago, Martxelok zioen hemengo burgesiak ez zuela periodikoetan inbertitzen. Hemen Euskaldunon Egunkaria, baita Berria ere, aurrera ateratzeko herritarren partaidetza nahitaezkoa zela.
Mariano Ferrerek ere noizbait esan izan du antzeko zerbait. Berak zioen 2001eko sustoa pasa ondoren (Mayor Oreja-Redondo Terreros), EAJk ikasi zuela eta "beraien" komunikabideak sortzeko bidean jarriko zirela. Halere, handik hilabete batzuetara, Marianok berak zioen ezetz, ez zutela ikasi.
Sozialistak ere ez dira atzean gelditzen, baina PPk agintzen duen komunitateetan nabarmena da zein garrantzia ematen dioten komunikabideei. Lizentziak barra-barra banatzen dituzte lagunen artean.
Itxura guztien arabera, EAJ gobernutik kanpo dago une honetan bertan. Gauzak horrela, PSEren (edo PPren) esku geratuko dira euskal komunikabide publikoak.
Indar abertzale nagusiak altaboz horien kontrola galtzen baldin badu, ederki kostako zaio boterea errekuperatzea. Berandu da orain. Lehenago espabilatu behar zuten.
P.S.: Isaías Carrasco duela urtebete erail zutela enteratu naiz eguerdian. Gugan bego!
Amets prefabrikatuak
Amets prefabrikatuak
"Prefabrikatutako ametsetan / estadistikaren zeruan / borondatea itoa izan da / kontsumoaren ferian".
Akabo hilabete asko iraun duen hauteskunde kanpaina. Iluntzeko 20:01ean alderdiak gutaz ahaztu egin ziren. Bi ordu pasatxo eman zuten bakoitzaren boto-poltsari begira.
Ispiluaren aurrean
"Kristalaren bestaldera bi begiak iltzaturik / jada ezin dut konprenitu zein gaizki sentitzen naizen / Dena aldatu da erabat".
Noiz izango dira hurrengo hauteskundeak? EAEri dagokionez, ezetz aguantatu lau urte gobernuan udaberri honetan lehendakari izendatua denak.
Autokutsatzen
"Automata bat naiz, zarata belarritan / Ez dakit non nagoen baina berandu da".
Ibarretxeri etxera joateko garaia iritsi zaiola dirudi. Bere onerako izango da.
Era berean, EAJri ere komeni zaio Lakuatik urruntzea bolada batez. Hainbeste urte pasa dituzte gobernuan!
Aitormena
"Ez dira betiko garai onenak / Azken finean, gizaki hutsak gara / barearen ostean dator ekaitza / udaberri berririk ez guretzat".
Papeleta ederra du PatxiLok. Ez litzaidake gustatuko bere tokian egotea. Ez dut ezer espero berarengandik, baina gaur Jukeboxek ederki gogoratzen zuen bezala, horrela hartu zuen Donostiako alkatetza Odón Elorzak 1991n... eta bertan jubilatuko dela dirudi.
Gaizki pentsatzen
"Ez pentsa gaizki. / Gaizki pentsatzen hasi naiz betiko lez pentsatzen / zuek beti zaudela pentsatzen / gu beti garela gauza bera pentsatzen".
Demagun 25 eserleku lortzen dituela PSEk (EArekin du eserleku bat jokoan, baina partidu honek 8 boto ateratzen dizkio bakarrik eta atzerrian daudenen botoak kontatzeke daude oraindik). Ederki sufrituko du Lopezek PPkoen menpe geratzen bada. Zer esanik ez UPyDkoak bidaide badituzte.
Zuzen zuzen heriotzeraino
"Zuzen heriotzeraino / ez dago atzeko biderik / Argiak itzali egin dira / bukaera goxoa banoa".
Javier Madrazori norbaitek erakutsi beharko dio dimisioa hitza hiztegian bilatzen. Eta etxerako bidean jar dezala hain ondo ordaindu dugun Kepa Junkeraren lana. Unai Ziarretak egin duen bezala.
Tupeak gora
"Hauxe da ronkanroll jaia / hoixe eroa jaia / rokanrola dantza jaia / hoixe eroa".
Aralarri dagokionez, pena ez kentzea PPri Gipuzkoako azken eserlekua. Euforikoak daudela dirudi. Hori bai, ondo baino hobeto ikasi beharko lukete goiko bi alderdiek larrutik ordaindu duten lezioa: boterea ukitzeak, are gehiago alderdi handi baten arrimuan jartzeak, ondorio larriak izan ditzakeela.
Suaren gainean dantzan
"Etxetik alde egin eta giltza bota, ez nintzan itzuliko legepera / eskaintzen zidatena ez nuen nahi / lehenengo obeditu ta gero jai".
Ezker abertzale ortodoxoa erditik kentzen saiatzen badira ere, ur azpitik bizi-bizi ateratzen da beti. Baina, kontuz, gazte garaiak pasa dira jada.
564
"Hotz amaigabe bat baino latzago / ta urteak egun baino gehio / 564 ohe huts / samina zabaltzen".
Adi, boto biltzaileak! Abstentzioa ere gora doa.
Bi minutuero
"Hegoko itsasoraino tren bat doala pentsatzen / hasten baldin bazara / bi minutuero / herrimina".
Atzo ez nuen jarraitu hautesgaua telebistaz: irratia, hauteskundeak.teketen.com, twitter eta Sustatuk montatuko liveblogging-a izan nituen lagun.
Oharra: hauxe da Jolausek egin zuena Aitormena kantarekin.
Josetxo Mayor
Josetxo Mayor, este apunte en castellano
Ander Izagirrerekin topo egiten dudanean, beti du zerbait kontatzeko. Duela egun batzuk, adibidez, esan zidan beste bi lagunekin batera proiektu berria zuela esku artean: autobus zaharra erosi dute eta orain txukuntzen ari dira. Klikatzen baduzue atzeko lotura horretan, argazki hau ikusiko duzue: hiru lagun autobus barruan lanean. Hortik aurrera, autobusarekin zer kristo egin nahi duten, nora eramango gaituzten, eta abar, kontatuko digute.
Gaur, berak ezagutzeko aukera eman didan pertsona bati egin nahi diot omenalditxoa. Donostian jada bitan aurkeztu duen Cuidadores de mundos liburuko pertsona maitatuena da niretzat, nahiz eta oraindik ez irakurri pasadizo guztiak. Baina Josetxo Mayorren berri izan nuenetik, gizon honek hunkitu egin ninduen. Inortxok eskatu gabe, hogei urte pasatxo daramatza Josetxok Ulia mendia egunero garbitzen eta txukuntzen. Bulego orduak, goizeko 7:00etatik 10:00etara. Hilean behin ez da joaten: pentsioa kobratzea tokatzen zaion egunean.
Esaldi bakarra itsatsiko dut: "Aquí hay mucha fatiga y muchos sofocones. Pero juramentos, ni uno. Un voluntario no tiene derecho a decir juramentos. Si no quiere trabajar, que lo deje".
Gainera, fenomeno pasatuko duzue Anderrek ematen dituen hitzaldietara hurbiltzen bazarete. Euskaraz eta gazteleraz ari da gora eta behera. Gaur, adibidez, Korrika Kulturalaren barruan Lizarran dago Izagirre.
Bi gauza amaitzeko: bat, Josetxo Mayorren historia irakurri Anderren blog zaharrean; bi, Cuidadores de mundos liburuari buruzko informazioa.
P.S. Bitxia da, baina buzo garaiak datoz berriro? Bolada baterako? Betirako?
Paco Etxeberria eta Gerra Zibileko gorpuen identifikazio lanak
Irudia Aranzadi elkartearen webgunetik ekarri dut hona.
Etxeberriak berrogeita hamar lagunen aurrean "Exhumando fosas, recuperando dignidades" hitzaldia eman zuen pasa den ostegunean.
Aurkezpenaren ondoren iritsi nintzen eta orduantxe itzali ziren aretoko argiak, El cementerio de las botellas dokumentala, Iñaki Alforja iruinsemeak eginiko hogei minutuko pieza ikusteko. Iñakik Ezkagako presondegian egindako lanen berri ematen du bertan.
Gai honen bi aurpegiak ikusteko aukera dago: alde batetik, hildako senidea topatzen ez duen pertsona bat; bestetik, Kataluniatik etorritako beste familia bat eta, kasu honetan, hirurogeita hamar urte atzerago eraildako senidearen gorpuzkiak identifikatzea lortzen duena. Pacok eta beste lankide batek familiari presondegiaren aurrean hildako horren hezurrak dituen kutxa ematen dionean haren alabari zaila da begiak busti gabe geratzea.
Horren ondoren, Paco Etxeberria irakasleak maisuki erabili zuen power point-a bere ikuspegia jendaurrean ezagutzera emateko. Gaztelaniaz izan zen ekitaldia eta apunte asko hartu nituen.
Aste bukaeran garbira pasa ditut apunte horiek eta gaztelaniazko blogean jarri (Paco Etxeberria: "El 23-F paralizó las exhumaciones de la Guerra Civil"). Izenburu hori jarri diot 1981eko estatu kolpea kabroi hura gertatu zela ahaztu behar ez delako.
Asmoa nuen astean zehar lan hori euskaraz jartzeko, baina uste dut bere horretan geratuko dela nire ekimena.
EGA azterketak eta Hezkuntza Sailaren bertsioa
Gaur goizean Amarauna irratsaioan blogarien tartea zuzenean entzun dut. Zuek entzun ez baduzue, Joxe Rojasek teknopata.net webgunean jarri du jada.
Solasaldiaren hasieran, Maite Goñik pasa den astean esandakoak laburbildu dituzte (bere ahotsean). Gero, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak, Iban Asenjok, hartu du hitza. Ibanen argudioak zerrendatu behar nituen, baina lan hori ederto egin du Ainhoa Ezeizak EGA azterketak sareratzea, elkarlana eta Iban Asenjoren adierazpena izeneko apuntean. Irakurri, beraz, Ainhoaren testua. Ni berarekin ados nago, gainera.
Ostegunean, Paco Etxeberria forentseak hitzaldia eman zuen Altzako Casares-Tomasene Kultur Etxean. Gaia: "Exhumando fosas, recuperando dignidades". Bertan, Aranzadiko kide ezagun honek Gerra Zibileko hilobiak aztertzen eginiko lana izan zuen hizpide.
Aranzadi lan hauetan hasi zenean, 2000 urtearen bueltan-edo, eskuineko alderdiek beste alde batera begiratzen zuten eta kritika mingarrienak ezkerreko alderdiek egiten zituzten. Zergatik? Pacoren ustez, errudun konplexuagatik. Franco hil zela urte asko pasa baziren ere, partidu horiek apenas egin zuten zerbait eremu horretan.
Eusko Jaurlaritzari, Hezkuntza Sailari, Iban Asenjori berdina gertatzen zaiola esatera ausartuko naiz. Beraiek egin behar zuten lana irakasle bakar batek egin du, ordea. Eta hori ez zaie gustatu (pirateria aipatu du Asenjok bere interbentzioan). Pirata? Zer txorakeria esaten ari zara, gizona?
Bitxia bada ere, Iban Asenjo Jakintza Ikastola sortu den herri berekoa da. Behintzat, Ordiziako zinegotzia da.
Twitter mosaikoa
Beste hau nik twitteren jarraitzen dudan jendearekin egina dago. Gutxiago dira. Izan ere, muga jarri nion nire buruari.
Bandera ttipia da senyera
"(...) IEC erakundearen hiztegiak bandera hitzaren definizio hau dakar: "Tros de tela ordinàriament de forma rectangular fixada per un dels costats a un pal, que serveix per a identificar algú o alguna cosa, especialment la que porta els colors o els emblemes d´una nació, d´una ciutat, d´un partit, d´una associació, etc." Ematen duen lehen adibidea hori da preseski: "La bandera de Catalunya". Aldiz, senyera berbaren definizioa beste hau da: "Bandera petita, especialment la que serveix de distintiu d´una corporació".
"70. hamarkadatik hona, senyera bandera katalanaren ordezko gisa erabiltzearen baldarkeriak ekarri du bigarren adiera bat gehitzea bandera esateko, edonongoa dela ere. Baina hizkuntzaren musika erabat galdu ez duen edozein pertsonak badaki katalanez bandera gauza bat dela eta senyera bestea. Bandera trapu serioa da, errespetua edo gorrotoa erakutsi dakioke. Senyera, berriz, "bandera petita" hori da, ez da derrigorrezkoa, ez da nahitaezkoa. Baina katalan askori izugarri gustatzen zaie sinestea senyera bandera katalana dela, erredukzionismo folkloriko bati jarraituz. Ahal balute, "Pa amb tomàquet, senyera i calçots! leloa itsatsiko liokete".
"(..) Kataluniako banderari buruz ari direlarik, logikoa eta koherentea da Rosa Díezek edo PPkoek senyera erabiltzea. Baina bere burua katalanistatzat duen jendeak erabiltzea, zer gaizki gauden adierazten du argi eta garbi. Katalanek ez badituzte Catalunyako sinboloak serioski hartzen, nolatan errespetatuko ditu gero Auzitegi Konstituzionalak?"
Quim Monzó, O se es una nación o se es una corporación.
Kafea, galletak eta Bassmatti
Duela zenbait aste Giorgio Bassmatti songwriter giputzak abisua pasa zigun: Gernikako Gaztetxean jotzeko gonbidapena jaso zuen. Noiz? San Balentin Egunean. Agendari bistadizo bat bota eta pista libre. Hitzordua apuntatu genuen.
Kafea eta galletak egitasmoaren berri Love of 74 berak eman zigulakoan nago. Sapatukoa ekimenaren hirugarren saioa zen. Herriko plazan bazkaldu ondoren, kafea hartu eta gaztetxera hurbildu ginen.
Bi guraso ditu ideia honek: Leire (erdian) eta Ibon (eskuinean). Formula bitxia bezain erraza da: disko bat entzuten du bildutako jendeak eta, gero, musikariak kanta batzuk egiten ditu zuzenean.
Giorgiok My Bloody Valentine taldearen 1991ko Loveless diskoa aukeratu zuen. Inoiz entzun gabe nituen abestiak eta disko gogorra iruditu zitzaidan. Entzunaldiaren aurretik P. Roberto J. aka El ruido de la calle blogariak ekitaldirako idatzitako testua banatu zuten. Robertok dio Kevin Shields krisi existentzialean dagoela 1991n disko hori argitaratu zuenetik, "bere bizitzako lanik gorena egin eta amildegira begiratzen duenaren krisian". Gu ere amildegira hurbiltzen saiatu zen, baina ez zuen lortu.
Gaur egungo bizimoduan, disco-foruma formula bitxia da. Diskoa jartzen dizute eta ez dago handik altxatzerik. Hau da, baduzu hanka egiterik, noski, baina mezara joaten zarenean, ez da tenplua utzi behar amaiera iritsi arte. Jendea duzu alboan, baina pertsona bere bakardadean egotera derrigortua dago. Onerako. Kafea eta galletak dituzu musikaren lagun.
Gero, atsedenaldi labur baten ondoren, Giorgiok gitarra berria hartu zuen eta ekitaldirako propio egindako bost kanta gehi lau bertsio jo zituen. Urduri egon zela esan zigun. Bide zailetan barna ibiltzearen ajeak dira horiek. Etxeko bakardadetik jendaurrean aritzera, bada salto bat.
Dena den, gustura entzun (ge)nituen kantak.
Oharra: argazkiak Giorgioren galeriakoak dira.
Eguneratzea. 23:00. Giorgiok erantzunetan utzitako bideoa itsatsiko dut hemen azpian.
EGA: bitartekoak eta helburua
Ostiral goizean jenio biziz jarri nintzen IKTeroen blogean irakurri nuenean Maite Goñik 2007-2008 EGA azterketak saretik kendu behar zituela. Ezin nuen sinetsi eta, zorionez, ez naiz bakarra, euskal blogosferan gaia ederki mugitu baita.
Ondo baino hobeto esplikatzen du Gorka Juliok aka Teketenek Maite Goñik muxutruk egindako lan ikaragarria (nEGArgura). Pasa den igandean, otsailaren 8an ,Amarauna irratsaioan kointziditu nuen blogarien txokoan berarekin eta mikrofono aurrean esan zigun igande horretan bertan sareratuko zituela azterketak. Bost egun egin dute Interneten. Txantxetan esan nuen monumentua egin behar geniola Maiteri, baina ez da hori jaso duen ordaina.
Maite elegantea da eta ez du esan nondik deitu dioten, baina Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik jasoko zuen deia. Egindako lana eskertu bazioten ere, liburu argitaratu berriak bere ibilbidea egin arte ezin omen da sarean jarri.
Saritu beharrean Maitek eginiko lana, (aginte) makila hartu eta harekin jo egin diote, zapla, bizkarrean. Zein da Eusko Jaurlaritzaren helburua? Liburuak saltzea edo euskara (a)sustatzea? Mediokre batzuk gara. Eta uztera noa apunte hau, gainerakoan biraoka hasiko naiz-eta.
Eta sen ona aurkeztu egin zen
Azkenean, atzo aurkeztu zen Ernest Lluch Kultur Etxean Imanol Querejeta eta Javier Vizcaíno bikoteak idatzitako "De cabeza. Para qué sirve un psiquiatra" liburua. Aurkezle lanetan Jabier Muguruza aritu zen eta hitz hunkigarriak izan zituen irundarrak. Testu hori gaztelerazko blogean jarri dut: Gautama Buda, Mikel Laboa y una buena amiga.
Ehun lagun inguru bildu ginen. Jabierrek bi folio irakurri zituen eta paso eman zion bikoteari. Beti bezala Imanol eta Javier solasaldi interesgarrian aritu ziren, apal eta sakon. Gero, jendearen txanda iritsi zenean, galdera guztiak Imanoli zuzendutakoak izan ziren.
Ez nituen apunteak hartu, baina ideia hauek geratu zaizkit buruan: sistema publikoaren defendatzailea dela banekien ("badira gaixotasun batzuk soilik sistema publikoak trata ditzakenak") eta psikologoa eta psikiatraren arteko desberdintasuna esaldi batean finkatu zuen: psikiatra mediku bat da; psikologoa, ez. Hogeita hamar urte luze ei daramatza psikiatra gisa lanean eta oraindik ez duela erorik ezagutu jaurti zuen lasai-lasai. Gehiago nahi izanez gero, irakurri liburua.
Heriotza ere presente egon zen iluntzean. Jabierrek irakurritako testuan Mikel Laboaren aipamena zegoelako, besteak beste. Jabierrek ezin zuen imaginatu, baina, ikusleen artean Marisol, Mikelen alarguna, eta Agurtzane, alaba, egongo zirenik.
Afaltzen ari ginela, berriz, Joxean Arbelaiz hil zela jakin genuen. Bat-batean. Kultura Patronatuko zuzendari ohia, Jaurlaritzako goi kargu, eskola maisu, Andramari abesbatzaren presidente... Harreman gutxi izan dut nik berarekin, baina beti tipo jantzia eta edukatua iruditu zait. Gugan bego!