Hogeita hamar urte
Aitarekin egon nintzen paseatzen joan den igandean Hondarribiko kai berritik barna. Ordubeteko bueltaxka eman genuen bazkalaurretik. Etxean ama genuen zain. Amak beti ematen dit ingurukoen berri. Adinkideak gaixotu eta hil egiten zaizkion adinean dago andrea.
Kontatu zidan auzoko ezagun bat gaixo zegoela Ospitalean. Dolores. Haren senarrarekin gogoratu nintzen. Noiz hil egin zen senarra?
Bikotearen alabetako bat nire gelakidea zen eskolan. Doloresen anaiaren seme zaharrena ere gurekin aritzen zen. Ez dakit nola enteratu nintzen aita eta osaba, hurrenez hurren, hil egin zela, baina apuratu nintzela dut gogoan.
Interneten begiratu nuen igande arratsaldean. 1979ko urtarrilaren 31n hil zela jakin nuen orduan. Baina hori ez zen jakin nuen gauza bakarra. Harekin zegoen lankidea, "lan istripuz" hil zen ni jaio baino egun batzuk lehenago, 1968ko ekainean. Gero, berak izan zuen lan istripua, motorrarekin, 1974ko uztailean. Ez zen errekuperatu eta inkapazidadea eman zioten. Geroztik, gure auzoan andrearen familiak zuen tabernan egoten zen Felix.
Bertan zela hil egin zuten 1979ko urtarrilaren 31n. Felix guardia zibila zen. "Lan istripuz" jarri dut, baina Txabi Etxeberrietak tirokatutako Jose Pardines zen haren lankidea. Istripua ere uniformearekin izan zuen. Akabatu zutenean, berriz, txibatoa izateagatik izan zela irakurri dut.
Ez dira hogeita hamar urte alferrik pasa. El factor humano, John Carlin kazetariak Hegoafrikan laurogeita hamargarren hamarkadan gertatutako aldaketaz idatzitako liburua ari naiz irakurtzen. Badakizue, Nelson Mandela eta enparauak.
Haruntza joan zen duela urte batzuk orain kartzelan dagoen ezker abertzaleko kidea. Gustura etorri zen. Ea noizbait han ikasitakoak hemen aplikatzerik duten.
Gure onerako izango delakoan. Amen.