Agur Ibarretxe, kaixo López
Dear JOR:
Atzo gertatu zen denok espero genuena: Ibarretxek agur esan zion lehendakari karguari (baita, bolada batez, gutxienik, bere karrera politikoari ere) eta Patxi López izendatu zuten haren ordez. Ez dut astirik izan atzokoa behar bezala jarraitzeko, baina, gauean, egunean zehar gertatukoaren berri izandakoan, burutik pasa zitzaidan lehen gauza izan zen: zer idatziko luke gaur honetaz, Ortizek? Hau da, aurrekoan Jose Saramagok zu agurtzeko idatzitako testuan izandako burutazio bera.
Gero, Ibarretxek politika utziko duela jakiterakoan, pentsatu nuen ea zurekin gogoratu ote den azken egun hauetan. Ez dut ezer idatzita ikusi inon, baina igual niri pasa egin zait eta Juanjo zutaz oroitu da nonbaiten.
Patxi López, lehendakari. Bale. Sustatun irakurri dut Sarrionaindia, Saizarbitoria eta Onaindia aipatu zituela diskurtsoan. Ederki. Garan irakurri nuen, noizbait Kortaturen Sarri, sarri kantarekin dantza egin izan duela. Ondo da.
Pena hartu nuen Ibarretxeren agur hitzak entzundakoan, baina Eneko Olasagastik eta Joserra Garziak Argian azken aste hauetan idatzi dutenarekin bat nator: ez dela munduaren akabera izango. EAJk utzi behar zituen Ajuria-Eneako alfonbrak eta beste bati tokia utzi. Bai, badakigu nola gertatu den hau dena, baina orain esateak ez du balio. Lehenago egin behar zen zerbait.
Portzierto, zure webgunea berritzen ari gara. Bi atal berri sortu ditugu:
"Desde Jamaica", egunero zure testu zaharren bat errekuperatzen ahaleginduko gara.
"Tributos": zutaz jendeak idatzitako testuak jartzeko asmoa dugu, (nahiz eta zuri, agian, izen hori ez gehiegi gustatu).
Besarkada bat, JOR.
Ez naz inor Lopepez jaunaren agendan iradokizunak egiteko, baina aspaldiko partez ez da musika talderen ekitaldirik debekatu, eta txarto ez banaz gogoratzen, S.A. taldearen alde egin eban azkenean epaileak! Halakorik! Esan nahi dot Berri Txarrak, Fermin Muguruza eta enparauak lasaiegi dabilzala, eta demokrazia Euskadira itzuli dala aprobetxatuz bada sasoia zeozer egiteko musika arloan. Hasteko, Foru Erkidegokoak diran baina EAEko presidenteen aurkako atentatuak bultzatzen daben "Lendakaris Muertos" proetarra horien aurka zeozer egin beharko eban Lopepez-Brasagoiti tandemak. Ganera oin Sanz jaunagaz harremanak hobetuko diran honetan, lelengo ekimen bateratua izango zan.
PD Alderdiaren (singularrean) Legearen aurka agertutako Kirmen Uriberen olerki bat hautatu izana parkatuko deutsagu portugaletetarrari.