Carlinen zurrunbiloan
Asteartean John Carlin idazle eta kazetariaren solasaldi ederra entzuteko aukera izan genuen Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean. John aurkezteaz gain, Jesús Torquemadak bertan bildutako jendeak egiteko zituen galderei paso eman zien. Elkarrizketa asko eskaini zituen egun horretan Carlinek. Bat aipatzearren, Hego Afrikako hauteskundeen eta Euskal Herriko gatazkaren harira, Iñaki Sotok egin eta Garak argitaratutakoa.
Carlin beste liga batean dago jada, baina, ikusi nuenagatik, tipo jatorra ematen du. Beste liga batean dagoela diot, bezperan Bartzelonako Lionel Messi jokalaria elkarrizketatu baitzuen eta pasa den hilean zenbait egun pasa baitzituen Hego Afrikan bere liburua oinarri hartuta egiten ari diren filmaren errodajean. Protagonistak ez dira nolanahikoak: Morgan Freeman izango da Mandela eta 1995ean Hego Afrikan ospatutako lehiaketa irabazi zuen Spring Boks talde txapelduneko kapitainaren rola jokatuko du Matt Damonek. Hori gutxi balitz, zuzendaria Clint Eastwood da.
Oraingo planak betez gero, pelikula urte bukaeran estreinatuko da Estatu Batuetan eta bizpahiru hilabete beranduago Europan ikusteko aukera egongo da.
Hori, txerri gripeak edo krisiak (biek ala biek, agian) gurekin bukatzen ez badute...
Oscar batzuk eramango ditu filmak, ziur!