Inoiz baino film gehiago ikusi ditut Zinemaldian (zinema-aretoetara joatea asko kostatzen zaion horietakoa naiz eta etxean, telebistaren aurrean agintearekin jarrita, alferrikakoa suertatzen zait film bat ikusi nahi izatea).
Aurreko larunbatean hasi ginen Precious filmarekin, NYCko Harlem auzoan bizi den neska gizen afroamerikar jipoituaren bizimodu latza kontatzen duen pelikula. Produkzioan Oprah Winfrey eta bigarren mailako paperetan Lenny Kravitz (bizpahiru kameo) eta Mariah Carey. Sundance jaialdian oso harrera ona izan zuen eta hemen ere bai. Niri gustatu egin zitzaidan, nahiz eta demaseko detaile batzuk ere badituen.
Gero, Kontrauhina sailaren barruan botatako À ma soeur ikustera hurbildu ginen. Gaztetxo baten hastapenak sexu kontuetan. Ahizpa gaztetxoa ere gertu dago, adinean eta fisikoki. Erritmo moteleko filma, eztanda bortitzeko bukaera duena.
Asteartean Itsasoaren alaba ikustera joan nintzen. Txapela etakidea GALek akabatu zuen laurogeigarren hamarkadaren hasieran. Haize Goikoetxea alaba aitaren bila abiatzen da Txapela ezagutu zuten, eta bizirik dauden, lagunen kontakizuna entzuteko irrikitan. Josu Martinezek zuzendua, amateurismo puntua duen pelikula beharrezkoa eta duina. 27 urteko Haize, indar handiko emakumea, oso heldua iruditu zitzaidan.
Asteazkenean La mujer sin piano, Jesús Rebollok zuzendua eta Carmen Machi aktorea (Aida) protagonista duen pelikula. Etxekoandre baten 24 ordu kontatzen ditu zuzendariak eta sail ofizialeko epaimahaiak saritu du zuzendari onena gisa. Niri aspergarria iruditu zitzaidan filma, baina uste dut teknikoki bazituela gauza interesgarriak. Kamera nola paratzen eta mugitzen duen, adibidez, eta ahal da/ezin da jolas horiek. Baina aspertu egin nintzen.
Ostegunean Irlandako Five minutes of heaven filma ikusi nuen. Liam Neeson aktorearen pertsonaia UVFn aritutakoa da gaztetan eta tipo bat erail zuen. Lekuko, hildakoaren anai txikia. Urteak pasa dira, amaitu da gatazka armatua, eta lehenak bigarrenaren anaiarekin du hitzordua barkamena eskatzeko. Bati kosta egiten zaio barkamena eskatzea eta besteari askoz gehiago hura barkatzea. Film interesgarria gure egoera nazkante honetan.
Ostiralean lehendik ikusitako Check point rock musika dokumentala berrikustera joan nintzen. Fermin Muguruzak zuzendutako pelikula potentea iruditu zitzaidan estreinatu zuten egunean eta ostiralean berriro gozatu nuen hari begira. Sosegua transmititzen duen indar handiko dokumentua. Interesgarria ere Mayumana taldeari buruz proiekzio osteko solasaldian esandakoa. Gazako bonbardaketaren kontra Israelen egindako manifestazioetan beraiek utzitako danborrak erabili zituztela manifestariek eta artista arabiarrak ere sartzen ari direla taldean.
Larunbatean niretzat ohikoa bihurtu den Belodromoko klausurara joan ginen. Egungo Macao eta Hong Kong-en girotutako western kutsuko filma bota ziguten aurretik, Vengeance. Ederra Johnny Hallydayk jokatzen duen papera (ez du honekin zerikusirik, baina Loquilloren Balmoral diskoan biek abesten duten Cruzando el paraíso kanta). Alaba larriki zauritu eta suhia gehi bi biloba erail dituenen atzetik ari da film osoan Hallyday. Amaieran, Rodrigo Garcíaren Mother and Child. Aldez aurretik esana zidaten igande arratsaldetako tv film-a zela, baina hori baino ederragoa iruditu zitzaidan Naomi Watts eta enparauen pelikula.
Estreinatu zain geratuko naiz Zorion perfektua ikusteko eta El secreto de sus ojos eta Yo, también saritua, eta... ea aurten gehiago joaten naizen zinema-aretoetara.
Balance personal del Zinemaldia 09 (este apunte en castellano)