Primeran
Goizeko 11:00etan geratuta geunden atzo... baina ni berandu iritsi nintzen. Alde Zaharrean bueltaren bat eman eta trago batzuk hartu ondoren, Amarako jatetxe batean bazkaldu genuen.
Bazkaldu ondoren, Anoeta Estadiora hurbildu ginen. Eta hor bizi (ge)nuen lehen emozioa, taldearen autobusa gerturatu zenean. Munduko vuvuzela guztiak baino zarata handiagoa atera baikenuen zaleek.
Kosta zitzaidan 7. atera iristea hainbeste jende artean, baina garaiz nengoen nire eserlekuan. Partida hasi zen, azkenean. Eta ekipoa lotuta ikusi nuen lehen zatian. Eskerrak bigarrenean hobeto jarri zirela gauzak eta penalty bidez aurreratu ginela. Buenok bigarren gola sartu zenean, orduan dena salduta zegoen.
2010eko ekainak 13a Realaren historiako beste data bat. Egungo neska-mutiko errealzaleek taldeari lotuko zaizkio, gu 1981ean eta 1982an itsatsi ginen bezala.
Donostian hori gertatzen zenean, Kordoban Real Unionek kategoria galtzeko urrats handia eman zuen. Pena!
Ander Izagirre Broad Peak-en
Ez dakit noizbait idatzi ote dudan hemen mendi kontuetaz. Egia esan ez dut gehiegi maite mendia. Eta himalayismoa eta zortzimilako mendien karrerak-eta show bussiness-arekin dute antza gehiago.
Zortzimilakoen karrera horretatik aparte bizi da orain Alberto Iñurrategi. Eta uste dut berdin daudela berarekin batera joandako beste bi mendizaleak ere.
Egia esateko, atentzio pizarra jarri diot Broadk Peak-eko espedizio honi beraiekin batera kronista lanetan eraman dutelako Ander Izagirre. Pixkanaka-pixkanaka hurbiltzen ari dira oinarrizko kanpamentura eta handik izango dugu Anderren berri.
Maderita taldearen bideo bat
MADERITA. ATENCIÓN ENCANDILADA from audiencies on Vimeo.
Carlosek duela hilabete batzuk eman zidan ezagutzera taldea, baina haien musika ez dut behar den bezala entzun gaur arte.
Iluntzean ipini dut Vivir para crecer diskoa spotifyn eta gaur dudan aldarterako ezin egokiago suertatzen ari zait.
Maderita proiektua Valentzian sortua da. Julio Bustamante kantari beteranoak Ciudadano taldea osatzen duten hiru musikari gazteekin 2009an argitara emandako Vivir para crecer diskoa da, oraingoz, elkarrekin eginiko lan bakarra.
Ez dut gehiago esango. Entzun, dastatu, gozatu.
Qik.com probatzen
Gorka Teketenen bidez iritsi naiz qik.com nire telefonoan jartzera. Aste honetan bertan bi bideo labur hauek grabatu ditut, besteak beste.
Larunbat honetan, Literaktum jaialdiaren barruan Rafa Berrio abeslari donostiarrak abestutako lehen kantaren bideoa da.
Ostiral goizean Gipuzkoako metaleko langileek manifestazioa egin zuten Donostian.
Hobetzeko asko daukat, baina erreminta potentea da.
Greba eguna sektore publikoan Euskal Herrian
Albisteak 2.0.010 from Albisteak 2.0 on Vimeo.
Patxi Gaztelumendik eta Galder Gonzalezek Albisteak 2.0 programan aipatutako San Francis Hotelean eginiko flashmoba dator bigarrenik. Hotel Workers Rising webgunean informazio gehiago.
#greba etiketa erabiliz, jarraitu grebaeuskalherrian.info gunea.
Esnatu zenean, Tabakalera oraindik hantxe zegoen
Duela lau urte, 2006ko maiatzean, Donostiako Plan Estrategikoaren Bulegoak hiriak hurrengo urteetan landu beharreko kultur proiektuei buruzko jardunaldiak antolatu zituen. Bertan, Victoria Eugenia Antzokiaz hitz egin zen, 2007ko martxoan ateak berriro zabaldu zituena. Bertan, San Telmo Museoaz aritu ziren, 2011ren hasieran berriro martxan egongo dena. Bertan, Tabakaleraz hitz egin zen...
Egun haietan ohar mordoa hartu eta zortzi apunte osatu nituen (hamasei, euskarazkoak zein gaztelaniazkoak kontutan hartuz), bertan esandakoak gorde nahi nituelako. Oinarrizko apuntea Donostiako kultur proiektuak izenekoa da, gainerakoak bertatik ikus ditzakezue.
Aste honetan Tabakalerari buruzko gertaera desatsegin batzuek gertatu dira, Joxean Muñozen dimisioa ekarri dutenak. Joxeanen mailako pertsona batek proiektua utzi behar izateak mindu egin nau eta proiektuarentzat tamalgarria da.
Datozen urteetan, gure hiri honek arazo larriak izango ditu une honetan bertan dituen kultur azpiegiturei eusteko, proiektu gehienak behiaren errapea puztuta zegoenean pentsatuak izan direlako. Orain, berriz, errapeak esne gutxi dauka eta denok dardarka.
Ez dut ulertzen nola 2001ean abiatutako Tabakalera bezalako proiektuak, gaur egun duen itxura kaskarra izatea. Ea nork altxatzen duen zerraldoa orain.
Hona hemen 2006ko maiatzean Tabakalerari buruz entzundakoa.
Cuando despertó, Tabakalera todavía estaba allí, este apunte en castellano.
Liburua
"Liburuez asko hitz egiten den bitartean, gutxi irakurtzen den irudipena dut. Liburuetan dago idazle batek pentsatzen eta sentitzen duena. Zuk nire iritzia eskatzen didazu, eta nire usteetatik hurbilen dagoena idatzita utzi dudana da. Hemen egingo dugun gauza bakarra liburuan esandakoa laburtzea eta eskematizatzea da, banalizatzea".
"Egilea bere obraren gainetik jartzea komunikabide eta merkatarien kontua da. Horiek rock eta photoshop izarrak behar dituzten modu berean behar dituzte literaturarenak. Baina idazleak esan beharrekoa, adierazi nahi duena, azken finean dena, bere liburuetan dago".
"Literatura zintzilik ez eta lurra ukitzen dagoen
zerbait dela pentsatu nahi dut. Literatura eguneroko zerbait da, hitza
ere egunerokoa den heinean. Hitzarekin lan egitea, beste edozein
materialekin lan egitea bezala da, gutxiago izerditu arren. Literatura
bizitzaz atseden hartzen dugunean geratzen dela dioen esaera gezurra da.
Hitza da bizitza mugitzen duena, zentzua ematen diona".
Jon Benitok Rafael Chirbesi eginiko elkarrizketa maiatzaren 2an argitaratu zen Berrian. Nobela artefaktu bikaina da oraindik. Gomendagarria da oso, baita bere azken liburua ere: Por cuenta propia artikulu bilduma. Elkarrizketa gaztelaniaz jarri nuen atzo goizean Pedradas blogean.
Orain bai!
Duela gutxi deskubritu nuen Orain. Norbaitek bidali zidan Dizebi graffitigile edo graffiti idazleari buruzko kapitulua eta hunkitu egin ninduen. 2004ko irailean Donostian egindako Representa 04 jaialdiaren barruan ezagutu nuen Dizebi, Ernest Lluch Kultur Etxean Iñaki Bocos eta orain gogoratzen ez dudan Gironako tipo baten ekimenez eginikoa. Edizio bakarra izan zuen, tamalez, jaialdiak. Gauza jakina baita alkateak ez dituela gogoko graffitiak.
orain: 30_Dizebi from debolex films on Vimeo.
Bideo gehiagoren peskizan ibili nintzen eta Yosigo argazkilariari buruzkoa aurkitu nuen. Ander Arroitajauregi, Maite Mursego-ren anaia luthierra. Pernan Goñi marrazkilaria. Anari eta Ruper Ordorika musikariak. Parafernalia aktibista. Thee Brandy Hips rockeroak. Delifunart bon vivant liberalak. Eta Elena Odriozola, nire beste debilidadetako bat.
orain: 48 elena odriozola from debolex films on Vimeo.
Sare sozialetan atzo zabaldu zen programak arazoak dituela parrillan jarraitzeko. Denboraldiaren amaieran daude eta ikusteko dago ea ETBk zer egingo duen datorren denboraldiari begira. Dirudienez, gauzak oso geldirik daude etxe horretan (eta ez bakarrik saio honi dagokionez).
Gaur, besteak beste, Love of 74 lagunak idatzi du Orain-i buruz. Bihar, berriz, Giorgio Bassmatti izango da protagonista Orainen. 22:00ak aldera botako omen dute ETB3n.
¿Qué pasa por la calle? galderari erantzuteko balio du programa honek. Gustu handiz eginikoa izateaz aparte, kulturaren ikuspegitik, une honetan Euskal Herriko bazterretan gertatzen ari dena ezagutzera emateko erreminta bikaina da.
Gutunak
"Bi milagarren urtea zen. Algecirasen (Espainia) jokatzen ari zen Ricardo Uriz, LEB ligan. Gutun bat jaso zuen etxean. Galiziatik zetorren, eta David Doblasek bidali zuen. Doblas Urizengandik mila kilometrora bizi zen, Santiagoko Rosalia taldean jokatzen ari baitzen. Hamar lerro labur, bizitzak ondo tratatzen zuen jakiteko. Gutuna? «Jendeak denboraren nozioa galtzen du. 2000. urtean ez zegoen Internet sarerik, eta lagunekin harremana izateko modurik merkeena posta zen». Harreman hori urte batzuk lehenago ernatu zen, Gasteizen, Baskonian. Horren guztiaren berri eman diote BERRIAri, Donostiako Antigua auzoko taberna batean, euri eta haize erauntsiaren babesean."
Andoni Urbistondoren elkarrizketa Doblas eta Uriz jokalariei. Berria egunkaria. 2010eko maiatzak 6.
2000. urtean Interneten sartu berria nintzen. E-mailak, posta zerrendak, eta abar deskubritu nituen. Baina 1996-1998 urteen bueltan lagun bat nuen Estatu Batuetan, Miamin. Albertori gutunak bidaltzen nizkion, baina ordenagailuan idatzitakoak. Sinadura behintzat boligrafoarekin botatzen nuen. Trantsizio modu bat izan zen.
Utikan dogmatikoak
2005ean Bil´in herrira (Zisjordania) joan zen Shai Carmeli-Pollak zuzendari israeldarra (berak ez du bere burua zinema errealizadore gisa ikusten, ekintzaile baino) bertan gertatzen zena filmatzera. Israelgo Estatua harresia egiten ari zen eta aipatu herriko lurraldeak bitan banatzen. Beste toki batzuetan bezala, herriko jendea egoera horren kontra altxatu zen. Izan ere, herriak eta familiak zatitzen baitzituen/baititu aipatu murruak.
Desobedientzia zibila, umorea eta gerrilla urbanoaren teknikak erabiliz, palestinarrak Israelgo Armadari aurre egiten saiatzen ziren (dira, irakurri Alberto Arceren artikulu hau). Palestinarrez gain, Israelgo ekintzaile (Anarchists against the Wall) eta nazioarteko aktibista batzuk parte hartzen zuten borrokan.
Ekintzaile horien artean Shai-ren anai bat zegoen. Shai-k 300 ordu grabatu zituen eta horrekin dokumentala prestatu (Claudius Films etxeak ekoitzia). Filma 2006ko uztailean estreinatu zuten Jerusalem-en eta munduan barrena dezente mugitu da hainbat jaialditan. Beraz, bide luzea eginda etorri da Bil´in, My Love filma Donostiara, Giza Eskubideen Zinemaldiaren VIII. ediziora.
Filmaren hasierak kolpatu egin ninduen: Palestinako baserritar bat erotzeko moduan jartzen da etxeko olibondoak errotik ateratzen dizkiotenean, dozenaka urte zituzten arbolak. Poliziak hainbat kameraren aurrean atxilotzen du gizona, bortizki.
Ekintzez gain, filmean zehar ekintzaile ezberdinekin (batez ere palestinarrak) izandako solasak agertzen dira, baina baita, harrigarria bada ere, armadak manifestarien aurka egiten duen bitartean, Shai-k armadaburuarekin dituen solasaldiak. Normalean, errealizadoreak kristorenak eta bi esaten dizkio.
Filma amaitu zenean, txalotu egin nuen. Gogotik. Ondoren, solasaldia abiatu zen: Shai (zuzendaria), Claudia Levin (ekoizlea), Fermin Muguruza (berak gomendatuta ailegatu baita filma Donostiara) eseri zien eszenatokian, Begoña del Teso moderatzaile lanetan hasi zelarik.
Lotsatu egin nintzen bi lagun, batez ere, Shai-ren kontra hasi zirenean: Israel estatu terrorista bat da, zuk zer egiten duzu Israelen, boikota egin behar zaio Israeli... eta abar. Ezin nuen sinetsi. Palestinarren borroka erretratatzen duen filma egiteagatik hainbeste arrisku hartu dituen pertsona bati? Ezin nuen sinetsi eta lotsatuta ere banago isilik geratzeagatik une hartan.
Zuzendaria bera ere harrituta zegoen: inoiz ez zitzaiola horrelakorik gertatu; Israelgo fanatikoek egin izan diotela aurre, baina inoiz ez palestinarrek edo beren aldekoek.
To eta no! Euskal Herrian gertatu behar. Horrelako defendatzaileekin jai du Palestinako herriaren kausak.
¿Dogmáticos? No, gracias. Este apunte en castellano.