Orain bai!
Duela gutxi deskubritu nuen Orain. Norbaitek bidali zidan Dizebi graffitigile edo graffiti idazleari buruzko kapitulua eta hunkitu egin ninduen. 2004ko irailean Donostian egindako Representa 04 jaialdiaren barruan ezagutu nuen Dizebi, Ernest Lluch Kultur Etxean Iñaki Bocos eta orain gogoratzen ez dudan Gironako tipo baten ekimenez eginikoa. Edizio bakarra izan zuen, tamalez, jaialdiak. Gauza jakina baita alkateak ez dituela gogoko graffitiak.
orain: 30_Dizebi from debolex films on Vimeo.
Bideo gehiagoren peskizan ibili nintzen eta Yosigo argazkilariari buruzkoa aurkitu nuen. Ander Arroitajauregi, Maite Mursego-ren anaia luthierra. Pernan Goñi marrazkilaria. Anari eta Ruper Ordorika musikariak. Parafernalia aktibista. Thee Brandy Hips rockeroak. Delifunart bon vivant liberalak. Eta Elena Odriozola, nire beste debilidadetako bat.
orain: 48 elena odriozola from debolex films on Vimeo.
Sare sozialetan atzo zabaldu zen programak arazoak dituela parrillan jarraitzeko. Denboraldiaren amaieran daude eta ikusteko dago ea ETBk zer egingo duen datorren denboraldiari begira. Dirudienez, gauzak oso geldirik daude etxe horretan (eta ez bakarrik saio honi dagokionez).
Gaur, besteak beste, Love of 74 lagunak idatzi du Orain-i buruz. Bihar, berriz, Giorgio Bassmatti izango da protagonista Orainen. 22:00ak aldera botako omen dute ETB3n.
¿Qué pasa por la calle? galderari erantzuteko balio du programa honek. Gustu handiz eginikoa izateaz aparte, kulturaren ikuspegitik, une honetan Euskal Herriko bazterretan gertatzen ari dena ezagutzera emateko erreminta bikaina da.
asko gustatu zait programa. Bideoak ikusi nituen interneten eta benetan baliogarriak dira mundu hori ezagutzeko eta, batez ere, oso oso politak. Espero dut jarraitzea, benetan.