Apunte politikoa
Pasa den igandean porra hau bota nuen twitter-en: "Donostia. Hauteskunde porra. PSE, 9; PP, 7; EAJ, 5; Sortu-EA-Alternatiba, 5; Aralar, 1".
Txorakeri bat da, bai. Zoritxarrez asko gelditzen baita maiatzaren 22ko helmugarako. Eta oraindik ez dakigu zer kristo gertatuko den Donostiako bainuetxean.
Gogoratuko ditut zeintzuk izan ziren 2007ko hauteskundeen emaitzak: PSEk 11 zinegotzi lortu zituen; 6, PPk; 5, EAJk; 3, Ezker Batuak (Alternatibakoak dira orain) eta Aralarrek; 2, EAk (bat da EAkoa orain eta bestea Hamaikabatekoa). ANVko zerrenda epaileek baliogabetu zuten orduan.
Lagun batek idatziz helarazi zidan bere porra: 8, PSEk; 7, Sortu-EA-Alternatibak; 6, PPk; 5, EAJk; 1, Hamaikabat-ek. Ez da ezker abertzalekoa, baina gorantz ikusten ditu. Nik baino gehiago.
Partidu Sozialista metxa gutxirekin ikusten dut, alkateak denbora gehiegi darama gauza onerako. Eta igual uste baino handiagoa da pintxazoa. Jendea Odonekin haserre ikusten baitut inguruan.
PPkoak, berriz, oso donostiar ikusten ditut eta hori garrantzitsua da hiri honetan. Kontuz, beraz.
EAJkoak nahikoa lan dituzte etxe barruan. Garai batean, entzun nion bertako bati indarren %90a etxean xahutzen zituztela, elkarri mokoka. Zelaira, gero, nekatuta ateratzen ziren. Ez dakit, baina uste dut berdin-berdin jarraitzen dutela.
Espabilatzen ez bada, Aralar Ezker Batua izateko bidean da. Hau da, mandatuetarako EAJren laguna. Eta horrek, normalean, ez du oso ondo amaitzen. Eta, kontuz, Hamaikabatekin, ze igual Iñaki Galdosek jan diezaioke terrenoa eta nire porran duen zinegotzi bakarra txantxikuarraren esku geratu.
Sortu-EA-Alternatiba hirukoa inkognita hutsa da oraindik. Ez dirudi Sortuk aurkezteko aukera izango duenik, baina batek daki. Dena den, boto horiek ez dira zakarrontzira joango oraingoan eta Sorturen boto horiek EA / Alternatibaren esku gera daitezke.
Telefonoz hitz egin dut gaur arratsaldean lagun batekin eta esan dit Jukebox-en gaurko apuntea irakurtzeko. Goiko lerro hauek idatzi ondoren hasi irakurri ditu. Ohikoa duen ironia erabiliz, Moyanok dio PP-EAJ-Hamaikabat formulak ken diezaiokeela alkatetza Odoni. Albertok dionez, Teledonostin formula horren alde agertu omen zen Gómez Ugalde (PP), Eneko Goia (EAJ) aurrean zuela. Basagoiti ere Odon botatzearen alde azaldu zen igandean.
Egia esateko, ez dit loa galarazten kontu honek. Gutarrek inoiz ez baitute irabazten.
Ni Bassmattiren kanta berri bat entzuten geratuko naiz. Etxean, seguraski.
Apunte político donostiarra, este post en castellano.
Maiatzaren 22ra arteko gurutzebidea
Since 1979
"1979ko iraileko udal hauteskundeetan Donostiako zinegotzi aukeratu zuten eta geroztik etengabe izan da kargu horretan". (Wikipedia).
Seguru asmatzen duzuela.
Bukowski edo zuzeneko musikaren auzia
"Zuzeneko musika eskaintzen duten aretoei buruz hitz egin beharra tokatzen zaigu berriro ere (...) Gaueko lokalen aurka Madrilgo Udalaren ofentsiba berriak sinpleak diren pertsona askoren oniritzia duela dirudi, mundua zuri-beltzean ikusten dutenena: "paperak ondo ez badituzte, itxi ditzatela".
"Ez da hain erraza. Gau jardueretarako baimena eskuratzeak erresistentzia lasterketen antza du: sistema egituratua dago klubak beti kili-kolo egon daitezen, (egunkarietako) gertaera-orrialdeak betetzen dituzten edozein istiluren menpe. Hainbat erregimen totalitariok erabiltzen duen metodo bera (aplikatzen da): menpekoen trapitxeoak toleratzen dituzte, errepresio indarrak ematen dien botere diskrezionalaren jakitun".
Goiko bi paragrafo horiek Diego A. Manrique kazetariarenak dira, 2008ko abenduaren 15ean El País egunkarian argitaratutako La ciudad bajo asedio artikulukoak. Behin baino gehiagotan itsatsi ditut blog honetan.
Donostia, 2010eko uda. San Miguel Donostikluba Zirkuituan parte hartzeko deia jaso zuen Le Bukowski klubak. Zirkuitu horren bidez zuzeneko musika sustatu nahi da hiriko hainbat aretotan.
2011ko otsailean, aldiz, udaltzainak ditu atzetik lokal berak. Dirudienez, lizentzia jakin bat (kafe-antzokikoa, lortzea oso konplikatua dena) beharrezkoa da zuzeneko musika programatzeko. Eta lokalak ez du lizentzia hori. Bizilagun batek salatu du Egiako aretoa eta horregatik ditu atzetik udaltzainak.
Nire teoria da hainbat tokitan Udala ez dela existitzen. Dena lotzen duen figura bat dago, alkatea, baina gero zinegotzi bakoitzak eta departamentu bakoitzak bere bidea jorratzen dute.
Goiko lehen bi paragrafoetan garbi geratu den bezala, zuzeneko musikaren auzia ez da Donostian gertatzen soilik: Bilbon, Madrilen, Bartzelonan... Nimuk ere ederki kontatu zuen zein den arazoaren muina. Aretoek galtzak bete lan dituzte araudiak konplitzeko. Agintariek hainbat jarduera aurrera eramateko beste aldera begiratzen dute... arazoa muturraren aurrean lehertzen den arte.
Bukowskiko Josuk dio DJ batek musika nahi duen bolumenean jar dezakeela haren lokalean, baina ezin omen da gitarrista akustikorik programatu. Horrela bada, ez du ez buru ez hanka.
Muinera joan beharra dago eta hirian dauden Bukowski bezalako lokalek segurtasun juridikoa izan behar dute zuzeneko emanaldiak aurrera eramateko. Gainerakoan, dena baina bainuetxeago izango da gure hiri hau. Eta nik ez dut bainuetxe batean bizi nahi, ez orain, ez hogeita hamar urte barru.
Bukowski o el problema de la música en vivo, este apunte en castellano
Bahrain: tiroketa baten bideoa
Izugarria.
@jonlaiseca-ren tuit honetan ikusia.
Eguneratzea: 2011ko martxoak 13. Hemen itsasten dut Luistxok komentarioetan jarritako bideoa. Puff!
Garum Fundatioren Europa Eguna 2011
Pasa den asteazkenean, goizez eta arratsaldez, Deustuko Unibertsitateko Liburutegian egindako Garum Fundatioren 2011ko Europa egunean egon nintzen.
Zer da Garum Fundatio? Laburbilduz, BBVA banketxeko bigarrena izandako Jose Ignacio Goirigolzarriren proiektu berria. Dakizuenez, iritzi publikoaren aurrean gizon hau famatu bihurtu zen jefeak, Francisco Gonzálezek, etxera bidali zuenean, 2009ko udazkenean, urtero hiru milioi euroko paga emanda. Batek daki zergatik edo zertarako sortu duen fundazioa, denborak esango du hori, agian bere izen ona garbitzeko, agian mezenas moduan ibiltzeko... Agian.
Kontua da otsailaren 16an hizlari ezberdinak egon zirela Bilbon, baina niretzat hitzaldi kitzikagarriena goizean aritu zen Douglas Rushkoffena izan zen. Irakasle hau Program or be Programmed: Ten Commands for a Digital Age liburuaren egilea da. Zure bizitza (digitala, baina baita analogikoa ere) programatzen ez baduzu, programatua izango zara. Horrek ez du esan nahi kotxeko mekanikaria izan behar duzunik (ez dituzu gauza guztiak konpondu behar), baina bai izan behar duzula kotxeko txoferra, ez bidaiari hutsa.
Tipo berak Rolling Stone aldizkariko editoreari esandako beste esaldi bat apuntatu nuen libretan: diruak ez du musika sortzen, musika da dirua egiten duena.
Jende ezberdina bildu ginen bertan, gorbatadunak, ikasleak... eta ni bezalako beste asko. Beti bezala, lagunak agurtzeko toki aproposa izaten dira horrelako ekimenak. Sarean bakarrik ezagutzen nituenak, fisikoki agurtzeko balio izan zuen ere Deustukokoak. Horien artean, adibidez, Indias-eko David de Ugarte eta Natalia Fernández.
Apunte hauek igo aurretik konturatu naiz jada hasi direla eguneko bideo batzuk igotzen. Lehena, Vinton Cerf-ena. Adi, beraz, hurrengo egunetan gainerakoak igoko baitituzte.
El primer Día Garum Europa se celebró en Bilbao, este apunte en castellano.
Buzzing in my head (I): Zuberoa
"Adibide argi bat jartzearren: ahitu da Zuberoa gure Irlanda exotikoa zen garaia. Mauleko plaza ertzean, Matalaz zatikatu zuten hartan, ezagutu nau aspaldiko lagun batek. -Orai ez zirezte jiten..."
"Zer esan ez dakidala utzi nau (...) Ez diot ezer esango, baina diotsot: orain Bartzelonara joaten gara asteburu pasa; hiru-lau eguneko zubia badugu, berriz, Parisera goaz, Erromara, Istanbulera. Astebeterako, Habanara; Buenos Airesera bestela. Badakizu, Travel puntuekin...".
Iñigo Aranbarri, Gogo gurpil, garmin gurpil. Argia. 2010eko urtekaria.
Buzzing in my head (I): Zuberoa, este apunte en castellano.
#tabakaos Donostian
2001ean sinatu zuten hitzarmena Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Tabakalera nazioarteko kulturgune garaikide izan zedin. Bai, ondo irakurri duzue: 2001. urtean izan zen.
Bartomeu Marí-ren garaietara jo gabe, 2006aren hasieran, Josean Muñoz, Iñaki Galarraga eta Santi Eraso jarri zituzten proiektuaren gidari. Erasok berehala utzi zuen postua. Galarraga arkitektoak pasa zituen urte batzuk, baina sintonia arazoak tarteko, utzi egin zuen ere. Muñozek, berriz, politikariekin nazkatuta alde egin zuen 2010eko maiatzean.
2010eko urte bukaeran, lehen paragrafoan aipatutako erakundeek hitzarmen berri bat sinatu zuten, hasiera bateko aurrekontua-eta gutxituz. Tabakaleraren birdimentsionamendua deitu zioten agerraldiari eta agiriari.
2011ko maiatzean udal eta foru hauteskundeak ditugu. Duela aste batzuk sinatutako hitzarmena badirudi haizeak eraman duela jada, gure politikariak hasi baitira berriro publikoki elkarri mokoka.
Askotan ematen du tentel hutsak izango bagina bezala hartzen gaituztela. Xabier Leterena esateko ordua da: “Aguanta zaitzatela zeuen ama santisimak!”
Donostiarrok, gipuzkoarrok, euskaldunok: zerbait antolatu beharra dago Tabakalera zigarretaren kea bezala desegin ez dadin.
Nola antolatuko dugu #tabakaos?
#tabakaos en Donostia, este apunte en castellano.
Nick dut nik
Eskerrik asko Nick dut Nikeko lagunei, batez ere elkarrizketa egin zidan Haritz Rodriguezi (Tokitan-eko bidaiaria). Eta Joxe Teknopatari gauza asko esango nizkioke, baina ez diot ezer esango. ;-)
Eugenio Olaziregirena
Iltzatuta geratu zitzaidan hilketa hau eta atzo periodiko batean, Noticias de Gipuzkoan hain zuzen ere, ikusi nuenean 14 urte bete direla, berriro gogoratu ditut hainbat gauza.
Komunikabideek zabaldutako bertsioaren arabera, Donostiako gizon honek saldu omen zizkion bi txirrindu Balentin Lasarte etakideari. Egun horretan bertan, poliziak atxilotu zuen Lasarte. 1996ko martxoaren 25ean gertatu zen. 1997ko urtarrilaren 30ean hil zuten Olaziregi. Lasartek 32 urte zituen atxilotua izan zenean. Olaziregik, berriz, 39 akabatu zutenean.
Lasarte sasira pasa aurretik Donostiako taberna ezagun batean aritzen zen zerbitzari lanetan. Hau da, pertsona ezaguna zen. Ulertezina da poliziatik ihesi zebilen tipo batek bere hiritik hamar bat kilometrora egotea erosketak egiten hipermerkatu batean. Bizikleta saltzaileak salatu zuen? Ez dakit berak deitu zuen edo ez zuen deitu. Berdin zait.
Esan bezala, urteak pasa dira eta Balentin atera edo bota egin zuten iaz EPPK kolektibotik eta egun hauetan zabaldu da Lasarte Euskal Herriko presondegi batera ekarria izan dela.
Infernu honen amaiera gertu dagoela dirudi, baina kostatutako da sufrimendu guzti hau gainditzea. Alde bateko zein besteko biktimek asko jarri beharko dute hori gerta dadin eta guk ere lagundu beharko dugu.
P.S.: Eugenio Olaziregi jarri google bilatzailean eta begiratu emaitzak. Ultraeskuindar gehiegi, tamalez. Ezin dugu Eugenio bezalako pertsonen memoria horrelakoen esku utzi.
Eugenio Olaziregi, este apunte en castellano.
