Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Juan Carlos I.aren abdikazioa

Mikel Iturria 2015/06/07 21:15
Ana Romeroren "Final de partida" liburutik ateratako hainbat kontu.

Ez naiz batere Pedro J. Ramírez zalea, baina duela gutxi kasu egin eta artikulu honetan (Farsa y licencia del monarca castizo) aipatutako Final de partida liburua irakurri berri dut. Ana Romero kazetariak idatzitakoa (2010-2014 urteetan zehar El Mundo egunkariko errege gaietarako korrespontsala) Juan Carlos I erregearen abdikazioa eta aurreko urte horien errepasoa egiten du bertan.

Ostiral batean harrapatuz gero, asteburu batean irakurriko duzu eta hori da nik egin nuena maiatzaren hasieran. Liburuari buruz idatzi nahi nuen blogean, baina atzeratu egin naiz eta jada ez naiz gauza askotaz gogoratzen. Tamalez, ez nuen ezer azpimarratu.

Liburuko 12. kapitulua berrirakurri dut (Ni un minuto más) eta bertan Ana Romerok bederatzi puntutan laburbiltzen du abdikazio garaiko hainbat kontu garrantzitsu

Interesa izanez gero, hona hemen, gaztelaniaz: Juan Carlos I y Felipe González, tremendo combo.

Rekarte bakarra munduan?

Mikel Iturria 2015/05/11 16:05
“Iñaki Rekartek beti eman du zeresana eta aurrerantzean ere bide horretatik segituko du” esan zidan ezagun batek igande goizean.

Pare bat egunetan irakurri dut joan den astean bertan kaleratutako Lo díficil es perdonarse a uno mismo liburua (Ediciones Península). El Mundok artikulu honetan (La andaluza y el etarra arrepentido) destripatzen du liburua eta Jordi Évolek egindako elkarrizketak Salvados programaren denboraldia itxi du igande gauean bertan.

Arrazoi dute diotenek denbora daramatela euskal komunikabideek kontatzen horrelako istorioak (kanpoko adibide bat: TV3ko 30 minuts, bertan askoz ere lasaiago agertzen da atzoko elkarrizketatua) baina programa honek agenda markatzen du. Badakit ere beste hainbat gauza ez direla kontatzen, oharkabean pasatzen direla edo ezkutatu egiten dizkigutela horrelako saioek. Tortura kasuak, adibidez.

Ez da gehiegi zehazten liburuan, baina argi eta garbi adierazten dira jasandako torturak. Rekartek esaten du berak 14 urte zituenean aita atxilotu zutela, txikitu egin zuela Guardia Zibilak eta, kartzelan hainbat aste pasa ondoren, aske geratu zela. Harrigarria egiten zait preso ohia ulerkor agertzea: poliziari aukera gutxi geratzen zaizkiola ematen du aditzera. Jorge del Curak esaten dituenak irakurtzea komeni.

Zergatik irakurri dut liburua?

Iñaki Rekarte irundarra da eta ni baino hiru urte gutxiago ditu. Gazte garaian Moskun (Urdanibia plazan) ibiltzen ginen, baina apenas ezagutzen dut, nahiz eta gertuko jendea izan tartean. Aspaldidanik dut haren “azañen” berri, baina liburua erosi eta irakurri dut jakiteko berak zer kontatu nahi duen: bere bertsioa. Horretarako Mikel Urretavizcaya kazetariaren laguntza izan du (El Mundok igandean zioenaren arabera). Kontakizuna oso española da, baditu batzuetan tokiak eta giroak adierazteko esaldi merkeak, baina, tira, azkar irakurri daiteke eta asko kontatzen da bertan.

Ez zait ahazten Trebiño apaizak hiru urteko kartzelaldia bete behar izan zuela Santanderreko atentatuaren ostean Irungo inauterietara etorri zirelako bera eta beste komandokide bat (lo egiteko toki baten bila hurbildu zitzaizkion). Oso gogoan dut Irungo bi anai drogazale eta trapitxeroren kontrako atentatua, oso aipatua izan zelako hori ere garai hartan. Txanpona airera botata erabaki omen zuten Juanrak egingo zuela tiro (hirugarren kidea, garai hartako gobernadore zibila zen Goñi Tirapuren semeak ez omen zuen parte hartu; gehienetan aitzakiaren bat jartzen zuela dio Rekartek). Minutu batzuk lehenago plazako Eskina tabernan zeudela eta konturatu zirenean bi anaiak hantxe zeudela, etxera joan, armak jaso eta tiro egin omen zuen Rojok. Bat hil zuten, besteak ihes egitea lortu.

Ez dakit bi anai horien arreba inolako komunikabidetan agertu ote den (agian ez du azaldu nahi), baina txapela kentzeko modukoa iruditzen zait andre horrek idatzi egin ziola, inolako gorrotorik gabe, familiaren berri emateko: ama, penaz hil omen zen; atentatutik onik atera zen anaia, handik gutxira hil zela Hiesaz kutsatuta. Arrebak, berriz, nahiko lan bere buruarekin. Bigarren mailako biktima gisa tratatu zituztela.

Rekarte aparteko kasu bat izango da, baina egia dena da hura kide "liberatu" moduan ETAk "fitxatu" zuenean jada parte hartu zuela Irungo atentatuan. Taberna batetik atera, etxera joan, armak hartu eta bere ohiko inguruan pertsona bat hiltzeko gai izan zela.

Galdera gordina egiten zuen kamera aurrean: gazte zoro batzuk ginen, gure ardura ukaezina da, baina gu bezalakoak beste pertsona batzuk hiltzera eta agian gu heriotzara bidaltzen gintuzten buruzagi eskarmentudunei buruz zer esan daiteke?

Eta bai, kartzelan errugabe mordoa dago eta Entzutegi Nazionala oraintxe bertan lan politikoa egiteagatik gazteak bidali nahi ditu presondegira. Ados. Baina Rekarteren ispiluan ez gara batere guapo agertzen.

¿Es Rekarte una excepción?, este apunte en castellano

Jesús Monzón, historiak ahaztutako lider komunista nafarra

Mikel Iturria 2015/05/03 22:35
Jaiegun hauetan irakurri dut Manuel Martorell kazetariak idatzitako liburua: "Jesús Monzón, el líder comunista olvidado por la Historia".

Urteak ziren liburu hau irakurri nahi nuela, baina arrazoi ezberdinak direla medio maiatzeko egun hauetan kitatu dut Jesús Monzón el líder comunista olvidado por la Historia liburuarekin nuen zorra, Manuel Martorell-ek idatzia eta 2000. urtean Pamielak argitaratutakoa.

Jesús Monzón 1910. urtean jaio zen Iruñean eta bertan hil zen 1973an. Familia burgesekoa bazen ere, Alderdi Komunistan sartu zen. Gerra Zibilak Iruñean bertan harrapatu zuen. Koadrilako paktu bat medio, adiskideek (etsai politikoak Altxamendua gertatu zenean) lagundu zuten Iparraldera (laguntzaile nagusiak bizitzarekin pagatu zuen). Handik Bilbora; ondoren, Albacete eta Alacanteko gobernadore zibila izan zen.

Francok gerra irabazi zuenean, Frantziara joan zen, Espainiako Alderdi Komunista berrantolatu zuen eta Arango haranaren inbasioa prestatu zuen 1944. urtearen bueltan. Carrillok haren kontra jo zuen eta ez zuen "garbitu" Bartzelonan poliziak atxilotu zuelako. Francoren erregimenak ez zion heriotza zigorrera kondenatu (30 urteko espetxe zigorra baizik, txikitako lagunek hariak mugitu zituztelako). Alderdi Komunistak partidutik kanporatu zuen.

13 urte egin zituen kartzelan eta libre geratu zen 1959ko urtarrilean. Kartzelako azken urteetan lehen emaztearekin ezkondu zen berriro, Mexikon bizi zen Aurora Gómez Urrutiarekin. Bertan egin zuen karrera Monzonek ere, Marketing ikastaroak emanez enpresariei (Opus Dei-k Mexikon bertan muntatutako IPADE izeneko erakundean).

Emaztea gaixotu zenean, itsasoa zeharkatu zuen eta IESEren delegazio bat abiatu zuen Mallorcan (IBEDE). Bertan klaseak eman zizkien Mallorcako dozenaka enpresariei.

1973ko urriaren 24an eraman zuen minbiziak, 63 urte zituela. Bere bizitzak pelikula baterako ematen du, baina oso jende gutxik ezagutzen du haren ibilbidea. Martorell-en hitzaurrean Manuel Vázquez Montalbán zenak dioen bezala: "Jesús Monzón merece un lugar de excepción entre los atletas morales del siglo XX".

Hainbat erreferentzia hemen azpian:

Jesús Monzón el líder comunista olvidado por la Historia (Manuel Martorellek idatzitako liburua).

Unión Nacional Española (mugimendu antifrankista).

Frankismoaren kontrako eraso handiena gidatu zuen komunista nafarra (artikulua Argian).

Jesús Monzón Reparaz (Auñamendi entziklopedian).

Inés y la alegría (Almudena Grandesek Monzón-i buruz idatzitako nobela, 1940. hamarkadaren hasierako garaiei buruz).

PCE-EPKren omenaldia Monzón-i (2014ko otsailekoa).

Jesús Monzón, un líder comunista olvidado (este apunte en castellano).

 

Minaren eta sufrimenduaren markak

Mikel Iturria 2015/04/12 22:00
Gerra, tortura, biolentzia politikoa, terrorismoa. Mina.

Ixiar Rozas eta Xamuio

Ixiar Rozasek Beltzuria argitaratu zuen 2014aren amaieran, Xamuio aitonaren arrastoen atzetik egindako liburua. Etxalarkoa zen Xamuio eta 1990. hamarkadan hil egin zen.

1921. urtearen bueltan Rifera eraman zuten, soldadu, eta horrek aldatu zion bizitza. Han bizitutakoak komunikatzeko gabezia areagotu zion Xamuiori.

Walter Benjamin-en zita bat dago liburuaren oharren artean: "Con la Primera Guerra Mundial hemos visto iniciarse una evolución que desde entonces ya no se ha detenido. ¿Acaso no se había constatado, en el momento del armisticio, que los hombres volvían del campo de batalla mudos -no más ricos, sino más pobres en experiencia comunicable?"

Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? eta Manu Leguinecheren Annual 1921. El desastre de España en el Rif liburuak ere aipatzen ditu Rozasek.

Joan Mari Torrealdai eta Imanol Querejeta

"Violence politique et Justice transitionnelle. Torture, mémoire et impunité: Les paradoxes de la Démocratie?" izeneko jardunaldiak antolatu dituzte aste honetan Baionan.

Guardia Zibila bere etxean sartu zenean Entzutegi Nazionaleko epaile Juan del Olmoren aginduz,  Euskaldunon Egunkariaren Administrazio Kontseiluko presidente eta Jakin aldizkariaren zuzendaria zen Joan Mari Torrealdai 2003ko otsailaren 20an. 2008ko otsailean kontatu zuen zerbait jasandako tratu txarrei buruz (tortura hitza aipatu gabe) eta Luistxo Fernándezek zati batzuk transkribatu zituen Euskaldunon Egunkariaren auzia jarraitzeko gaztelaniaz sortutako blogean: Relato de Joan Mari Torrealdai. Oraingoan, berriz, tortura hitza hasiera-hasieran agertzen da eta nazioarte mailako proiekzioa izan dezakeen eremu akademikoan azaldu da frantiskotar ohia: Joan Mari Torrealdairen testigantza. Torturaren markak (7 orrialdeko pdf artxiboa).

Gainera, hezur-muineko minbizia atzeman diotela egin du publiko Joan Marik eta urte hauetan izandako esperientzia horri egotzi dio gaitza: Guardia Zibilaren eskuetatik eta kartzelan aste batzuk pasatzeaz gain, asko luzatu baitzen prozesu guztia.

Martxelo Otamendik Imanol Querejeta psikiatra elkarrizketatu du: Lotura dago Torrealdairen minbiziaren eta jasandakoaren artean.

"Badago lotura bat gaixotasun fisikoaren eta estresaren edota depresioaren artean. Bi norabideko bidean daude biak. Ikerlari asko ari da fenomeno hori ikertzen. Joan Mari Torrealdairen kasuan, trauma ondorengo estresa izan da aurrena, eta gaitza gero".

"Gorputzak badu kortikoide kantitatea neurtzeko sistema bat; hipofisiak egiten du lan hori, eta gehiegizko kantitatea sumatzen duenean, abisatu egiten du. Estres kronikoa sortzen denean, deskontrola gertatzen da, eta autoimmunitatearen jaitsiera bat gertatzen da".

"(...) ekainean mundu osoko adituen biltzarra dago Dublinen, estresaren, inflamazioaren eta depresioaren arteko harremanaz. Literatura zabala dago arestian aipatu dugun hipotesiari eusten. Badago IDO izeneko substantzia bat, entzima bat dena, azkenaldian ikergai preziatua bihurtu dena; iparramerikarrek bilioi bat dolar inbertituko dute hurrengo urteotan IDO horren ikerketan."

Torrealdaik ere beste izen bat aipatu du: "2011n Inma Gomila hil zen, 54 urte zituela, Egunkariako lehen kudeatzaile izanik gurekin batera preso hartua eta torturatua. Urte batzuetako borrokaren ondoren ezin izan zuen garaitu obulategiko minbizia. Azken hilekoa zortzi urte lehenago izana zuen, ziegako zuloan hain justu. Interrogatoriotik nola ekarri zuten negar- zotinka, ez dut sekula ahaztu. Hark eragin omen zion obulategiaren nekrosia".

San Carlos Borromeo eta David Fernández

Maiatzaren 29an, udal eta foru hauteskundeak pasa ondoren, Espainiako Diputatuen Kongresuko Ernest Lluch aretoan hartuko dituzte indarkeria politikoaren hainbat biktima. Alderdi guztiak bat etorri dira erabaki honekin.

Madrilen, eremu honetan ere, paper garrantzitsua ari da betetzen San Carlos Borromeo parrokia (Noticias de Gipuzkoan elkarrizketatu zuten Carlos Olalla). Eliza berezia da hau, 2007an Rouco Varelak hura ixteko ahaleginak egin baitzituen (El golpe 401 idatzi zuen orduan Javier Ortizek).

Entrevías auzoko parrokia horretan jarri zion hitzordua Enric Juliana kazetariari David Fernándezek (CUP). Entrevías izenekoa da bien arteko topaketaren emaitza publikoa.

Interesgarria, baina motza. Halere, Julianak Fra Josep Manuel Vallejok frantziskotarren aldizkari batean eginiko beste baten arrastoan jarri gintuen: Entrevista a David Fernández (katalanez, pdf formatuan). Hirugarren bat ere ikusi dut aste honetan, baina hau ez dut irakurtzeko aukerarik izan: “Jo dimitiria cada dia”

P.S. Storifyzalea da David. Adibide bat, Xabier Vinader kazetari zendu berriaren omenez eginikoa.

Las marcas que dejan el dolor y el sufrimiento, este apunte en castellano.

Paperezko kontzertuak: Uniform Motion

Mikel Iturria 2015/03/15 22:35
"Indie folk ilustratua" etiketa jarri diote beren buruari. Arrazoia: taldekideetako batek musika jo beharrean, ilustrazioak egiten ditu gainerako kideek musika jotzen duten bitartean.

Igande goiza. Euria Donostian eta plan berezirik ez. Etxetik ateratzeko gogoa. Agendari erreparatu eta ikusi 12:30ean hitzordua dagoela Zabaleta kaleko 34 zenbakian (Garoa Kultur Lab): Frantziako Tolosan sortutako Uniform Motion taldearen kontzertua.

Horrela aurkezten dute beren burua webgunean: "Who said the Brits and French can’t get on? Definitely not Uniform Motion, an illustrated indie-folk outfit founded by British musician, Andy Richards, and French illustrator Renaud Forestié in 2008, and joined by drummer-keyboard player, Olivier Piotte, in 2010. " Hau da, musikari britainiar batek eta irudigile frantses batek 2008an sortutako taldea dela eta 2010ean teklatuak jotzen dituen hirugarren bat Piotte elkartu zitzaiela. Orain laugarren kide bat dute, baina ez dakit haren izena.

Urte hasierako hiruhileko honetan bezala, Radio Euskadiko Joseba Martin kazetaria (La Jungla Sonora) izan da gidaria eta giro polita sortu da liburu, pintxo eta edarien artean. Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez...

Garoakoek ez dute gaurko emanaldia erregistratu eta hona hemen nire bideo domestiko bat.

Tolosarrak biran daude eta horregatik egon dira gaur gure hirian. Hori bai, webgunea ez dute eguneratuta (The Magic Empire izeneko diskoa 2013an plazaratu zuten eta webgunean diote apirilean zehar plazaratuko dutela).

Concierto de papel con Uniform Motion como invitado, este apunte en castellano.

Dropcoin, txanpon baten truke

Mikel Iturria 2015/03/08 21:50
Artikulu bat gustuko baduzu eta egileari hori txanpon batekin eskertu nahi badiozu, hementxe duzu Dropcoin.

Interneten dena debalde egon beharko lukeela uste duen horietakoa bazara, alferrik ari zara lerro hauek irakurtzen. Baina, aldiz, Interneten ere gauza batzuk pagatu behar direla uste baduzu, agian interesatuko zaizu behekoa.

Komunikabideen alorrean egia da medioen edukiak ordaintzeko aukerak hedatuak daudela jada sarean (harpidetza bidez, adibidez), baina batzuetan ez duzu harpidetzarik pagatu nahi (edo ezin duzu) eta agian aukera polita izan daiteke Dropcoin. Labur esanda: egileen lanari "atsegin dut" esan beharrean soilik, hori txanpon batekin laguntzeko erreminta da. Honen atzean talde nafar bat dago eta bideo honek ederki esplikatzen du proiektua 90 segundotan.

Webgune batzuk instalatuta dute jada botoia. Horietako bat da Jot Down eta bertan probatu dut nola funtzionatzen duen Dropcoin-ek eta, benetan, dioten bezain erraza da.

Lehenik eta behin alta eman dut Dropcoin gunean. Ondoren, duela hilabete batzuk gustura irakurritako edukira jo dut. Hain zuzen ere, Peio Ruiz Cabestanyri Ander Izagirrek eginiko elkarrizketara. Amaieran, justu argazkiak Juan González Andrés-enak direla dioen azpian, dagoen Dropcoin botoian egin dut klik. Euro bateko aukera sakatu dut (gehienez ere, bi eurokoa da ekarpena) eta banku-txartelaren datuak bete ditut. Listo.

Egin dudanean zalantza batekin geratu naiz: ea nire propinaren zatitxo bat ailegatuko ote den Ander eta Juanen eskuetara. Baina hori ez dagokio Dropcoin-i, Jot Down-i baizik.

Bukatzeko, lerro hauek idatzi ondoren beste bideo bat ikusi dut. Honek dio nola jarri Dropcoin zure webgunean.

Ane Irazabal gerra korrespontsalei buruz

Mikel Iturria 2015/03/01 22:05
Duela aste batzuk Sustrai Colinak Argian argitaratutako elkarrizketa batetik.

"Kazetariak ezinbestekoa du enpatia. Gazan, etxera iritsi eta negar asko egindakoa naiz. Dena den, nazioarteko kazetariok, eta Mendebaldeak oro har, injustiziarekin enpatizatzen dugunean ere guri ezin zaigula gertatu sinetsita bizi gara. “Ai gaixoak, onartezina da, baina guri ez zaigu gertatuko!”. Sarraskiak eta bortxa urruneko kontuak iruditzen zaizkigu, betiko salbu dagoen lur batekoak garela. Baina iaz Lampedusan topatu genituen errefuxiatu Siriarrek ere gauza bera aitortzen ziguten: “Palestinan gertatzen zirenak guri ezin zitzaizkigula gertatu uste genuen, Damaskon salbu ginela, ondo bizi ginela”. Lau seme-alabarekin, ezer gabe, patera batean iritsi berriak ziren. Horregatik diot benetako enpatia parekoaren larruan sartuz lortzen dela, eta horretarako zuri ere gerta dakizukeela sinetsi behar duzula. Hori lortzean jartzen zaizu oilo-ipurdia."

Duela hiru bat aste argitaratu zuen Argiak Sustrai Colinak Ane Irazabali eginiko elkarrizketa hau. Irakurri nuenean buruan bueltaka geratu zitzaizkidan lerro horiek eta horregatik (edo auskalo zergatik) gaztelaniazko blogean argitaratu dut egun hauetan tarte soltetan itzulitako elkarrizketa: Ane Irazabal, desmitificando a los corresponsales de guerra.

Hartu tarte bat eta irakurri euskaraz (edo gaztelaniaz) elkarrizketa. Mila esker Aneri eta Sustrairi.

Torturei buruz Paco Etxeberria

Mikel Iturria 2015/02/22 20:40
Eusko Jaurlaritzak torturei buruzko txostena eskatu dio Paco Etxeberria forentseari eta horretan dihardu gizon honek.

Gabilondo familiako bi kide dira gaur albiste: alde batetik, Angel Gabilondo estreinakoz aritu baita Madrilgo Autonomiarako hautagai gisa Alderdi Sozialistan; bestetik honen eta Iñaki kazetariaren lehengusu propio (baina ia anaia den) Paco Etxeberria antropologo forentsearen lana. Noticias taldeko egunkariek elkarrizketa luze bat argitaratu dute gaur: "Batzuk uste dute torturatua dela, torturatua izateaz gain, epailearen aurrean frogatu ahal izan duena".

Elkarrizketaren arrazoia da Eusko Jaurlaritzaren enkarguz 1960-2013 urteen artean Euskal Herrian izandako tortura kasuei buruz egiten ari den txostena. Bertan aipatzen denez, 2016an entregatuko du lana. Hona hemen hainbat zati esanguratsu:

"Klase guztietako testigantzak jasotzen ari gara, baita delikuentzia arruntekoak ere. Badira EMKkoak (Euskal Mugimendu Komunista) eta LCRkoak (Liga Comunista Revolucionaria), baita sindikalistak ere. Denak ez du zerikusia ETA edo ezker abertzalearekin, nahiz eta egia den gehiengoa sektore horretakoa den. Eta hori da baloratuko duguna. Denetarik dago: medikuak, bankuetako langileak, abokatuak, apaizak, irakasleak..."

(...)

"Jende guzti hori gure aurrean zegoen. Kontua zera da, noren aurrean aurkezten duzun salaketa. Gaur elkarrizketatu dudan poliziaetxe batean torturatua izan zen pertsonak epaileari esan zion, eta honek beste aldera begiratu zuen. Zera esan zion epaileak: “Hiru egun pasa zenituen soilik, zer egingo zizuten ba hiru egunetan”. Esan zion bere salaketak estrategia baten parte zela eta, beraz, ez zuela ezer egingo. Horrelako ekintzek zerikusia izan dezakete Estrasburgotik datozen epai horiekin; hots, bizi garen herrialdean harrigarriena dela norbaitek erreklamazioa aurkezten duenean ere, epaileak ez duela ikertzen."

(...)

Humberto Unzueta kazetariak ea noiz bukatuko diren torturak galderari, berriz:

"Egiten duenak dakienean arriskatzen duena baino askoz ere gehiago arriskatu dezakeela, ez duela agintarien hain estalketa erraza izango. Ziegan gertatzen dena epaileei leporatzerik egon daitekeenean, epailea baita egoera kontrolatzerik duena. Komisaldegira iristen den pertsona bati ezin diote kartera lapurtu. Eta lapurtzen badiote, epailea asko kezkatu beharko litzateke. Badira kezkatu diren epaileak. Hemen epai irmoarekin ditugun kasuak ez dira forentseengatik izan, epaileak kasuak zorrotz jarraitu zituztelako eta horregatik aurkitu ziren."

Ea normalizazioa deritzon horretan beste urrats bat emateko balio duen Etxeberria finaren lan honek.

Paco Etxeberria sobre las torturas, este apunte en castellano.

Chez les Basques: Iosseliani eta Welles

Mikel Iturria 2015/02/16 22:05
Pasa den astean, otsailaren 10etik 15era, Ikuspuntu zinema jaialdia burutu da Iruñean. Ez nuen jaialdia ezagutzen, nahiz eta 9. edizioa bete aurten, baina gaur jada ezin dut gauza bera esan. Larunbatean egunpasa joan bainintzen.

Autoz lau lagun joan ginen Iruñea aldera larunbat goizean Donostiatik. Kanporako baino barrurako eguraldia zegoen bertara iritsi ginenean (autobidean paisaia elurtuekin gozatzeko aukera izan genuen, hori bai).

14:00etan genuen hitzordua Katakrak gunean eta 150 bat lagun elkartu omen ginen bertan batzuk izendutako Maiteminduen bazkarian. Konpainia ederrean bazkaldu genuen eta azpimarratzekoa bertan ez zela soilik bildu zinema munduko jendea.

Chez Les Basques zikloaren barruan bi proiekzio ikusteko (bigarrena bikoitza) aukera izan genuen Ikuspuntu zinema jaialdian: 17:00etan, Otar Iosseliani zinemagile georgiarrak eginiko Euskadi: le Pays Basque et son folklore / Euskadi été 1982 filma. Pagola herrixkako nekazarien eguneroko bizimoduaz gain, bi jai ageri dira nagusiki: Heletako Corpus Christi-a eta Pagolako biztanleek eginiko “Pette Basaburu” pastorala. Bazkarian ikusi genuen bezperan Parisetik etorritako zuzendaria eta ordubete inguruko filmaren amaieran zenbait hitz egin zituen jendearen txalo artean. Filma 1982an grabatu zuen eta pelikulan agertzen den bikote batekin egoteko parada izan zuen bezperan, Miarritzera iritsi ondoren. 30 urte ondoren elkar ikusi zuten hirurek.

Au @F_PuntodeVista et à la #Cuidadela, deux beaux moments d’amour à #Pamplona http://t.co/uqVJhvsxJT pic.twitter.com/qFrzHrtr36

— Ramuntxo Yallah (@Ramuntxo_Yallah) February 16, 2015

 

20:00ak aldera, Orson Welles-ek 1958. urtean BBC telebistarentzat egindako 26 minutuko bi erreportaje ikusi genituen: Around the World with Orson Welles (Pays Basque I + Pays Basque II). Charles Wertenbaker idazle iparamerikarraren familia bisitatzera joateko aitzakia erabili zuen Wellesek. Idazlea ez da agertzen (garai hartan jada hilda zegoen), baina bai agertzen direla haren alarguna (Lael Tucker Wertenbaker, idazlea hau ere) eta Chris Wertenbaker semea (orduan 7 urteko mutikoa, gaur egun 60 urteko langa pasatako gizonezkoa). Filmean ageri den Beñat Toyosekin batera egon zen Chris asteartean jaialdiaren hasieran (Bernardo Atxaga idazlearekin batera). Larunbat arratsaldeko proiekzioan, aldiz, Welles-ek elkarrizketatutako artzain baten semea (ez dut izena gogoratzen). Aita zen herriko ingeles hiztun bakarra, estatubatuarrak kenduta, eta zergatia oso arrunta: urteak pasa zituelako AEBetan artzain lanetan. Azkenean, Euskal Herrira bueltatzea erabaki zuen. Ezkonberritan agertzen da saioan.

Presentación en @F_PuntodeVista de #Atxaga, Chris Wertenbaker y Beñat Toyos, que recordaron a #OrsonWelles en Ziburu. pic.twitter.com/JgLbEYX4gi

— culturanavarra (@CulturaNavarra) February 10, 2015

 

Kulturan dirua beti da problema, eta krisia tarteko, are gehiago, baina badirudi urtero egiteko asmoa duela Oskar Alegriak gidatutako lan-taldeak eta espero dezagun horrela izatea (edizio batzuk bi urtez behin egin baitituzte). Baluartera egin dute salto estreinakoz  (Iosselianiren hitzetan munduko eraikinik itsusiena) eta ea zein den antolatzaileek egindako jaialdiaren balorazioa.

Urte askotarako, Ikuspuntu jaialdia!

Chez les Basques: Iosseliani y Welles, este apunte en castellano.

Begirada eta ikuspuntua

Mikel Iturria 2015/02/10 22:25
Antoni Gutiérrez-Rubí politologoarekin hasi eta Oskar Alegriak zuzendutako Punto de Vista zinemaldiarekin bukatu.

Pasa den ostegunean, otsailak 5, Antoni Gutiérrez-Rubí politologo katalana egon zen Garoa Kultur Lab-en. Aitzakia Micropolítica blogean azken bi urteetan edo argitaratutako apunteen bildumatxo bat aurkeztea (Tecnopolítica izenekoa; bertatik deskargatu daiteke doan. 30.000 deskarga izan omen zituen pasa den hilean). Antonik esandakoaren arabera hura izan zuen paperezko liburu honen lehen aurkezpena eta uste dut toki aproposa aukeratu zuela (Paperezkoak iniziatiba duen gunean).

Antoni Gutiérrez-Rubí eta Oier Aranzabal liburua aurkezten. #donostia @egaroa http://t.co/mql2fVGrdl pic.twitter.com/DQtwo9WDGO

— Mikel Iturria (@iturri) February 5, 2015

Ez ginen jende asko bildu eta, hori aprobetxatuz, zirkulu bat osatu zuen bere inguruan, solasaldi bat izango balitz bezala. Hainbat gai jorratu zituen eta gehienetan atzamarra jarri zuen zauriaren gainean. Mundu mailako Think Tank-en ranking-a argitaratu berri dela (oker ez banago, hauxe da: 2014 Global Go To Think Tank, pdf lotura) eta Espainiakoak oso gaizki sailkatuta daudela bertan; ditugun arazoen aurrean oso begirada motza dugula, ez dugula gehiegi hausnartzen (adibide gisa jarri zuen nola laster batean Espainian 10 milioi biztanle egongo diren 70-90 urte bitartekoak); Podemos fenomenoa aipatu zuen gainetik; ez berak ez gutako inork ez genuen Kataluniako prozesua aipatu (arraroa bera politologo katalana izanik); Borrell, Pujol, Maragall eta Montillaren aholkulari izandakoa dela; Espainiako politikariak (tradizionalak erran nahi baita) ez direla gehiegi bizkortu sareetan mugitzeko orduan eta, aldiz, bankuak oso adi ikusten dituela sare sozialen aurrean (gehiegi, kezkatzeko moduan); Presidente, baje a la plaza artikulua aipatu zuen 2011ko Maiatzaren 15a zela eta. Eta abar, eta abar.

Lehen aurkezpena omen eta liburua oparitu digu egileak. Eskerrik asko @antonigr cc @zerdionk @egaroa pic.twitter.com/VS1W3QYndW

— Mikel Iturria (@iturri) February 5, 2015

Jurdan Arretxek elkarrizketatu zuen eta igandean agertu zen Noticias de Gipuzkoan (“Es muy difícil servir y representar a una sociedad que no entiendes”) eta Jon Benitok ere elkarrizketatu zuen ekitaldi amaitu ondoren (uste dut emaitza Gara egunkariko Zazpikan argitaratzekoa dela).

Begirada aldatu beharra aipatu zuen behin edo bitan osteguneko solasaldian. Komeni dela tokiz aldatzea behin eta berriro beste ikuspuntuak ezagutzeko. Ba, gaurko egunez, otsailak 10, (eta datorren igandera arte, otsailak 15) Punto de Vista zinema jaialdia izango da Iruñean. Bi elkarrizketa irakurri ditut gaur Oskar Alegria zuzendariari eginikoak: bata, Mikel Garcia Idiakezena Argian ("Euskaldunak ere irla bat garelako piztu dugu hainbertze dokumentalgileren interesa") eta bestea Alberto Moyanorena Diario Vascon ("Lo que atrae a los cineastas a Iparralde es su eterna agonía").

Ez dut jaialdia ezagutzen, baina asmoa da datorren larunbatean handik buelta bat ematea. Begirada eta ikuspuntua aldatzeko edo.

La mirada y el punto de vista, este apunte en castellano.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter