Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan

Busez

Elena Laka 2006/09/15 10:43

Kotxean bakarrik ibiltzea gustatzen zait. Kotxean sartu, irratia piztu, eta nahiz euri nahiz eguzki, eroso barruan. Etxeko eta bulegoko zereginen artean niretako hartzen dudan tarte eta espazio bat da.

Baina pertsona bat-kotxe bat printzipioaren kontra nago. Automobil gehiegi dago leku guztietan, gehiegi erabiltzen ditugu, eta molestatu egiten dit inguru guztiak kotxez beteta ikusteak.

Deba arroko autobus zerbitzu berria pozik hartu dugu etxean. Egunero Bergarako erdigunetik Arrasateko erdigunera joaten da Iñigo, eta ni Eibarko erdigunera. Autobus zerbitzua gure etxerako apropos pentsatuta ematen du, eta lehen egunetik ordutegia isekita dago sukaldeko kortxoan. Zerbitzu kolektiboa erabiltzearen aldeko militante bihurtu gara.

Iñigok aste osoa darama autobusean. Nik gaur egin dut lehen aproba.

Etxetik geltokira, zortzi minutu pausu arinean. Geltokira iritxi eta inolako informaziorik ez. Ez panelik, ez kartel sistrinik be. Autobusen orduak, noiz pasa den azkena, zein datorren hurrengo... ezer ere ez. Etorri da bat, Eskoriatzaruntz zihoan. Etorri da bigarrena, Bergaran bertan bukatzen zen. Etorri da hirugarrena, Eibarrerakoa. Jarritako ordua baino hamar minutu beranduago. Hiru lagun igo gara, bat barruan zegoen. Bi mutil ikasle itxura-adinekoak, neska gazte bat eta ni. Euro bat hogeitabost zentimo. Ez bonobusik, ez txartelik, banan-banan kobratu behar du gidariak.

Bergaratik irten, autopista hartu, eta hamabost minutu baino lehenago Eibarko Ego-gaineko estaziora iritxi gara. Ez da bidean geratu. Eroso etorri naiz, txoferrak Radio Euskadi ipinita zeukan, bolumen normal batean. Saiatu naiz tartean liburu bat irakurtzen, baina mareatu egiten nintzen. Ego-gainen jetxi, eta lau bat minututan bulegoan.

Gustora zerbitzuak ondo funtzionatu duelako. Informazioan hobetu beharra dauka. Autobus barruan ere ez zegoen ez ordutegien ez geltokien informaziorik. Bestela, ba ondo. Mesede egingo digu denoi.

Zesarren emaztearen hori

Elena Laka 2006/06/19 09:58

"EAJk Arrasaten duen zinegotzi batek, alderdikide duen alkateari, hirigintzan irregulartasunak egin izana leporatzen dio. Egozten dio enpresari bati etxegintzako operazio handi bateko gainbalioa bereganatzen utzi izana, gainbalio hori Udalaren mesedetan erabili ordez". El Diario Vasco, 2006ko ekainaren 17an, lehen orria.

Nola itzultzen da irregularidad euskarara? Ohiz kanpoko ekintza? Arauz kanpoko ekintza? Zatarkeria? Zelan izendatu Arrasateko Udalean gertatu dela esaten duten hori? Kontua duela aste bi atera zen, eta gaur egun oraindik herritarrak ez dauka informazio garbirik. Batek zioen besteak zerbait egin zuela. Zerbait egin zuela esaten zuten horrek ezetz dio, baina kontuak behar den gardentasunez erakusteke.

Telebistan, pertsona baten atxiloketaren albistea ematen dutenean, beti pantailaratzen zaigu haren auzokoa, harri eta zur adieraziz atxilotutakoa bizilaguna on eta normaltzat zeukala.Telebistako auzokoa bezalakotxea naiz ni:ez daukat arrazoirik pentsatzeko ondoan bizi direnak, hurbileko agintariak tartean, adostasunak edo ideologiak gora behera, morroi zintzoak ez direnik.

Itzal beltza zabaldu da baina Arrasateko gobernuaren buruaren gainean, eta honek oraingoz ez du hodeia hurrun bidaltzeko ahalegin nahikoa erakutsi. Lainoa aldentzeaz urruti, belztuz eta handituz doa, oraingoan alderdikidearen adierazpenarekin.

Esaera zaharrak dio badaudela lagunak, etsaiak eta alderdikideak. Zein da alderdikideak Gipuzkoako egunkari ofizialeko lehen orrialdera jo izanaren arrazoia? Herritarrak, lehenbait lehen, ganorazko azalpen bat behar du. Ugari dira zabaltzen ari diren susmoak, eta ostera urri eskaintzen ari diren esplikazioak. Administrazioan ez bezala, giza harremanetan isiltasunak baiezko efetua al du? Beharrezkoa ote gogora ekartzea agintariek ezkerreko paparrean daramaten pinean grabatu beharko luketeen topikoa? Zesarren emaztearen hori, alegia?

Praktikotasuna

Elena Laka 2006/05/22 10:07

Hirurehun mila euro inbertituko ditu Udalak herriko jolasparkeak berritzeko (...) Hirigintza Saileko zinegotzi Juanjo Arrietak kontatu digu herrirako aparailu egokiak aukeratze aldera leku askotan ibili direla begira: "Azoka handiena ikusi genuen Italian" (...) Donostian udaletxe aurrean badirela azkoetan ikusten ibili diren zabuen antzekoak. Goienkaria, 06-5-19

Ez naiz emakumeak agintean baleude mundua ezberdina izango litzatekela uste duten horietakoa. Ostera, bai iruditzen zait agintariek emakumeek oro har mendeetako etxekoandretzaren ondorioz edo garatu dugun praktikotasuna erabiliko balute, mundua errezagoa izango zela.

Bergaran jolasparkeek aspaldi zeukaten berritzeko premia. Ulertzen dut Udalak ezin diola edozein arazori berehalako irtenbiderik eman, arazoak asko direla eta dirua beti eskas, agintarien lanaren zati handi bat lehentasunak finkatzean datzala. Orain iritxi zaie jolaslekuei txanda. Eta hasi zaizkigu agintariak ziburu egokienak ipintzeko moduaren bila. Albisteak dionez, joan dira Europara, leku askotara, baita Italiara ere. Azkenean zein marabilla topatu, eta Donostiako udaletxe aurrean daudenak bezalakotxeak ipiniko dituztela.

Ziburu onak eta modernoak aukeratzeko orduan, ez zen nahikoa Donostiako Alderdi-ederretik edo Araba plazatik, Bilboko Guggenheim ondotik osteratxo bat egitea, gertu-gertuko hiru jolasparke egokiak aipatzearren. Edozein guraso koadrillak eman ditzake bostpasei jolasleku onen izenak, guztiak ehun kilometroko gorabeheran.

Bidaian erabilitako udal sosak alde batera lagata (gogoan izan lehentasunen kontua), benetan beharrezkoa zen Bergarako Udaleko ordezkariak Europan zehar paseatzea ziburu aukeran, Euskal Herrian ziburuak ipintzen lehenak izango balira moduan?

Badakit praktikotasuna ez dagoela udal kudeaketa zuzentzen duten irizpideen artean.Ziburuak aukeratzeko bidaiaren erabakia ez da agintari praktiko batena, gizon zein emakume.

Sirenia eta Don Pedro

Elena Laka 2006/05/18 12:10

Guraso ezperfektuok ondo dakigu: umiak gogaitkarrixak izan leizke batzuetan. Esate baterako, kasketoso ipintzen diranian. Edo arratsalde oso bat eten bariko eskian txaplatadia emoten dihardutenian. Horrelako bi kasuotan atera jataz neri, filmeko Belindari moduan, barruan neramanik ez nekixan bi esamolde eibartar. Ikusi:

Hiru urteko umia orroka, txillixoka, amaren pazientzia gutxixa probatzeko laineko kasketiakin. “Jesus ume, isildu zaitez behingoz, Alfako sirenia emoten dozu-ta!”. Jakina, umiak ez daki zer dan Alfa, sirenia edo enparaua, ezta inporta be, eta bere horretan segitzen dau. Ostera amak, harrituta bere barruari: zenbat urte Alfako sireniaz ezer be entzuten ez nebala!

Bigarrena: zortzi urteko umia arratsalde osuan eskian: erosi hau, bestia nahi dot, emon, erosi… “Umia, Don Pedrok baino gehixao eskatzen dozu!”. Honek be ez daki zein dan Don Pedro edo zer dan Don Pedrok baino gehixao eskatzia. Eta amak berriro: zenbat urte hori esaeria entzuten ez nebala!

Txikixak ginala ume eta gurasoen artian takian potian erabiltzen ziran bi esaerok: bat zarataka hasten zanian, Alfako sirenia emoten zebala esaten zetsen. Eta eskian zebilenian, Don Pedrok baino gehixao eskatzen zebala. Baina orduan ume bai gurasoek, denok, bagenkien bata zein bestia zer ziran. Alfako sireniak hamabixetan jotzen zeban eta herri ixa osuan entzuten zan. Alfako biharginendako eta haien familixendako balixo zeban, bazkaltzeko ordua markatzeko, baina baita be beste eibartar askori erreferentzia emoteko, herriko erloju bat izango balitz moduan. Bazeguan be sirenia entzuteko moduarengaitik eguraldixa iragartzen zeban sasi-jakintzurik.

Ez naiz akordatzen noiz isildu zan sirenia, makinatxo bat urte izango da, eta ez dakit oraindik guraso eibartarren batek konparazioa erabiltzen daben ala ez.

Don Pedroren esaeriakin berdin. Txikixak ginala bagenkien zein zan Amañako abadia, gabardiña urdinakin Mobbiletian pasatzetik ezagutzen genduan. Don Pedrok eskatzaile famia zeukan herrixan. Misiñoetarako, pobriendako… eskatzen zeban, alde honetatik lan haundixa egin zeban. Baina ezin ukatu herrixan esaeria zabalduta zeguala: baten bat gehixegizko eskariakin etortzen zanian, segituan esaten zetsen “Don Pedrok baino gehixao eskatzen jok/n!”.

Don Pedro hil zala be badira urte batzuk, eta ez dago haren arrastorik segitu daben abaderik Eibarren. Hortaz, esaeria be galtzen joango da.

Kontua da bi esaerok eibartar-eibartarrak direla, euskeraz zein erderaz, eibartarrek zein etorkinek erabiltzen genduzela. Beste inon ez daukate zentzurik, eta seguru asko gaur egun be gutxi batzuendako baino ez daukate esanahirik.

Kuriosoa da baina oroimenak zelan dauzkagun barneratuta, dauzkagunik be ez dakigunian, eta une egokixan zelan urtetzen jakuzen, pentsatu barik. Ez jaku ba lana falta: umien kasketaldixak eta eskaldixak jasatia, eta umiei esaeron esanahixa azaltzia.

Dena ondo dago

Elena Laka 2006/05/03 15:57

Urte bete joan da Oierri retinoblastoma hura ikus ziotenetik. Apirilaren 19an izan zen, Aita Santu berria aukeratu zuten arratsaldean. Gogoan daukat okulistak esan zigunean bururatu zitzaidana: “hau da medikuak zure semeak minbizia duela esaten dizunean”. Sentsazio arraroa, egoeratik kanpo ikusiko bazenu bezala.

Tira, kontua da gauzak abiada handian joan zirela orduz geroztik: gaixotasunaz jabetzea, La Pazeko kontsultak, kimioterapia saioak…Dena joan zen oso azkar.

Kimioterapiak ez zuen lortu tumorea sendatzea, eta abuztuan operatu egin zuten Oier. Retinoblastoma eta begia. Ondo joan zen operazioa. Ostiral arratsaldean egin zioten eta astelehen goizean Debako hondartzan zebilen umea jolasean. Gaitza errotik kentzea lortu zuten.

Irailaren hasieran, Arrate egunez, Bilboko okularistak bere lana egin zuen, eta Oierrek ondo eta guapo hasi zuen ikasturtea.

Harrez geroko errebisioetan, irailean, abenduan eta apirilean, gaitzaren zantzurik ez da ageri. Hemendik aurrera errebisioak bost hilabetez behin izango dira. Oier primeran dago, berritsu, guapo eta alai. Dena ondo dago, pasa da ufala

Narrutsik

Elena Laka 2006/04/24 15:25

Mila eta berrehun lagunek hartu dute parte Spencer Tunick argazkilariak Donostian antolatu duen instalazioan; New Yorkeko artistak bost argazki atera ditu “jardunaldi arrakastatsu” batean (…) Parte hartzaileak pozik dira. Gehienak errepikatzeko prest. Spencer Tunickek ere espero baino lan beteago egin du. Berria, 06-4-23

Ez eidazue esan herri hau ezusteko galanta ez denik. Pentsatu hirurehun morroi elkartuko direla zapatu bateko goizeko zortzietan, bilutsik, artalde moduan gobernatuak izateko, eta hara! mila eta berrehun lagun arte-lan batean azala airean agertzeko gertu. Topikoak eraisten? Ez al ginen euskaldunok tradizioz itxiak eta lotsatiak? Zapatuan niregandik gertu kafea hartzen ziharduen atso taldeak ez zion ondo irizten Tunicken instalazioari. Gizonik egon ez balitz, ba tira, behar bada bai, zioten. Baina emakumeak eta gizonak, guztiak bilutsik, eta umeak! denak nahastuta, onartezina.

Ordea, andreok, herri honetan gizonak eta emakumeak bizi gara, fifty-fifty gutxi gorabehera. Eta gauzak guztien artekoak izan beharko dute, diot nik, zeren jakina da gero eta gaizkiago ikusita daudela sexu bateko pertsonek bakarrik parte hartzen duten ekimenak. Gogoan izan Gaztelubideko danborrada, Berdinatasunaren Legea.

Tira, ala agian ez, ikus Ahotsak ekimena. Guztiak emakumeak, guztiak ados, biluztasun puntutxo batekin, bai. Lan handiz, asmo ezin hobez. Baina andreoak, hemen ere gogoratu herri honetan fifty-fifty bizi garela, eta ados ipini beharrekoetan gizonek (ere) hartu behar dutela parte. Batez ere, huskeria bat, zartagina kirtenetik daukatelako. Bestela, putza.

Beraz, Tunicken instalazioaren ondorengo aroko lelo berria, biluztu, nahastu eta artzainari kasu, arte lanaren hobe beharrez. Eta topikoak suntsitzen dihardugun honetan, hurrengo instalazioa, Debagoienan.

Non zeunden jakin zenuenean?

Elena Laka 2006/03/22 16:32

Su-eten iraunkorra iragartzear zegoen eguneko goiz honetan euria ari zuen, udaberriko euri argia. Goiz askotan legez, Paulorekin demanda izan dut bederatziak laurden gutxitan ingeleseko liburua aurkitzen ez zuelako. Ate ondoan tregua, eta musuarekin joan da. Oier, betiko moduan, kexu ikastolara joan nahi bai, baina lehenago Peter Panen barkuarekin jolastu nahi zuelako. Azkenean konbentzituta eraman dut ikastolara, esku batean laranja bat eta bestean buruz dakien Popotka siouxaren ipuina zeramala.

Gladys ekuatoriarrak gaur zeukan paperak ukatzearen aurkako epaiketa, Donostiara joan da. Nola ote zioakion.

Kotxean sartu, irratia entzun, aparkatu eta bulegora sartutakoan kafeak eman dit lanerako lasaitasuna. Kafea eskuan, eguneko agenda begiratu, korreoa irakurri. Hamarretan bezero bat. Hamaika t’erdiak arte neu berbetan. Beste kafe bat mingaina bustitzeko, bitartean deiak. Iñakirekin hogei minutu telefonoan. Aldi berean SMS baten seinalea, Xabierrena, Gladysen epaiketa ondo joan dela dirudiela. Tira. Laneko gaia bukatu ondoren, Iñakirekin hurrengo hauteskundeez dihardut, treguak nola baldintzatuko ote dituen. Zein tregua, diogu, horren beste denbora anuntziatzen eta sekula deklaratzen ez den hori? Hainbeste gauza ari da gertatzen bitartean, ezkorrak gara.

Telefonoa eskegi. Pantailari begiratu, 12,22ak, mezu bat eibar.orgera "Amatiñok bidalitakoa":http://news.gmane.org/gmane.culture.language.basque.eibartarrak/: “SUETENA”. Zer? Beste mezu bat, Xabier Mendigurenena “ETAk su-eten iraunkorra hasiko du ostiral honetan”. Susanaaaaaa, dihar egin diot lankideari, tregua, que temenos treguaaaa!!. Momentuan telefonoa, Iñigo: ikusi duzu? entzun duzu? Sartu egunkarietan, ETAk komunikatua bidali du su-etena deklaratuz. Ilusioa, poza, irrifarrea, urduritasuna. Irratia, internet, eta eguerdian ardoa eta pintxoa. Merezi zuen. Izango ei da.

Buelta unibertsala

Elena Laka 2006/03/13 10:03

Puertollanon Almodovarren azken filmea estrenatu zen, “Volver”. Bertan zinegileak La Manchako bere oroitzapenak kontatzen ditu (…) Castilla-La Manchako presidenteak adierazi zion: "Zenbat eta mantxegoagoa izan, gero eta unibertsalako zarela erakusten duzu". (…) Beti daramazu La Mancha zeure bihotzean eta zuere zinean”. El Pais, 06-3-11

Almodovarrek, zalantza barik, festa eta marketina antolatzeko gaitasun aparta du. Egozten zaizkion alabantza artistiko guztiak ordea, eztabaidagarriagoak iruditzen zaizkit. Almodovar, nire ustez, ez da artista handia, baizik eta guztiek artista handia esaten dioten norbait. Usteak uste, “Qué he hecho yo para merecer esto” eta “Mujeres al bode de un ataque de nervios” asko estimatu nizkion. “La flor de mi secreto” ere, tira, ondo. Ostera “Atame”, “Kika” eta “Todo sobre mi madre”, ba, ene ustez, polito esateagaitik, ez ziren izan, inondik ere genio-lanak. Aitortzen dut “Hable con ella” eta “La mala educación”era sartzeko nahikoa ausardi izan ez nuela.

Talentu zinegilea hortan lagata, Almodovar artista da zirkua eta zalaparta sorrerazten. Bera eta bere ingurua ikuskizun bilakatzen du. Inork ez bezala kontrolatzen ditu bere lanen inguruko ikusminak, albisteak, medioetako agerraldiak. Ikus bestela azken egunotan, filmea bukatuta duela, komunikabideetan agertzeko gaitasuna eta ugaritasuna. Beti goraipatua. Ikutu du zerua, eta orain, dena dela egiten duela, guztia dago bedeinkatuta. Puertollanoko ikuskizuna, horren adibide.

Tarteak tarte, imajina al dezake inork Obaba filmea Asteasun egingo den kulturgunean estreinatuz, kultura ministroa eta lehendakaria bertan direla, filmari buruz esanez “zenbat eta euskaldunago, gero eta unibertsalagoa da?”. Ez ba. Almodovar, lilura bereziduna, bat eta bakarra. Obaba unibertsala ostera, gazteleraz.

Talibana, ama eta mundua

Elena Laka 2006/03/10 10:26

Talibanaren antenarik gabe, atsedenik ez. Hara antenak Oierri antzemandakoa atzo:

  • Tú video poner quieres?

Utikan talibana! Irrifarrea: gure umeen abia-hizkuntza (bai, abia-hizkuntza, ze Jainkoari ama dei badiezaiokegu, eta horrela entzun nuen behintzat Bergarako Santa Marinako mezetan egiten zuela Xabierrek (hau ere bi bider hogei taldekoa), zergaitik esan behar diogu oinarrizko hizkuntzari ama hizkuntza, aitaren hizkuntza ere izan baldin badaiteke, edo etxeko hizkuntza ere bai, eta Erregistro Zibilaren erreformaren ondoren baldin badirudi guraso hizkuntza esatea izango litzatekela egokia?), alegia, esaten niharduela, gure umeen abia hizkuntza badakigula zein izango den.

Horrelako sintaxia entzun ondoren, zalantzarik ez, Oier euskaratik abiatuako da mundura.

Talibana erne

Elena Laka 2006/03/07 10:18

Afaria gertatzen dihardugun bitartean, pegorako tinbreak jo du. Telefonoa hartu dut eta:

  • Bajau leikeda Paulo?

Pauloren auzoko lagunak, zortzi-hamar urteko bizpahiru mutilkoskor.

Ostikoa sabelean sentitu, eta talibana esnatzen zait. Zer erantzungo?

  • Bai, bajau leikeda
  • Bai, jetxi daiteke
  • Bai, jetxi leike
  • Bai, bajau leike
  • Ez, kutsatu bariko ume baten ama izan nahi dot.

Talibanak makilajearekin laguntzen dit: Paulo!, dinotsat, zure lagunak, jolasera joan nahi dozun. Joan da.

Sua dario talibanari. Ume hauek ez daukate lau aiton-amon, bi guraso euskaldun? Ez doaz euskarazko ikastetxe batera? Ez dira ba herri euskaldun batean bizi? Erderaz ere gaizki dabiltza, barren! Inork ez die ezer esaten? Bai, eta ez dute kasu egiten? Zer ikasiko ote dute?

Hurrengo egunean Oier txiki-parkean dabil, plastikozko zalditxo batekin jolasean.

  • Ama, balindot ibili zaldixan!

Ostikoa urdailean, oraingoan ez dira auzokoak, neurea izan da! Ume honek ez dauka guraso euskaldunik gauzak ondo erakutsiko dizkiotenik?

Ahalegintxo bat talibanaren ezpata sutsua atera ez dakidan.

  • Bai maittia, zaldixan ibili zeinke.

Hurrengorarte. Talibana lozorroan baino ez dago.

Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.