Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan / Non zeunden jakin zenuenean?

Non zeunden jakin zenuenean?

Elena Laka 2006/03/22 16:32

Su-eten iraunkorra iragartzear zegoen eguneko goiz honetan euria ari zuen, udaberriko euri argia. Goiz askotan legez, Paulorekin demanda izan dut bederatziak laurden gutxitan ingeleseko liburua aurkitzen ez zuelako. Ate ondoan tregua, eta musuarekin joan da. Oier, betiko moduan, kexu ikastolara joan nahi bai, baina lehenago Peter Panen barkuarekin jolastu nahi zuelako. Azkenean konbentzituta eraman dut ikastolara, esku batean laranja bat eta bestean buruz dakien Popotka siouxaren ipuina zeramala.

Gladys ekuatoriarrak gaur zeukan paperak ukatzearen aurkako epaiketa, Donostiara joan da. Nola ote zioakion.

Kotxean sartu, irratia entzun, aparkatu eta bulegora sartutakoan kafeak eman dit lanerako lasaitasuna. Kafea eskuan, eguneko agenda begiratu, korreoa irakurri. Hamarretan bezero bat. Hamaika t’erdiak arte neu berbetan. Beste kafe bat mingaina bustitzeko, bitartean deiak. Iñakirekin hogei minutu telefonoan. Aldi berean SMS baten seinalea, Xabierrena, Gladysen epaiketa ondo joan dela dirudiela. Tira. Laneko gaia bukatu ondoren, Iñakirekin hurrengo hauteskundeez dihardut, treguak nola baldintzatuko ote dituen. Zein tregua, diogu, horren beste denbora anuntziatzen eta sekula deklaratzen ez den hori? Hainbeste gauza ari da gertatzen bitartean, ezkorrak gara.

Telefonoa eskegi. Pantailari begiratu, 12,22ak, mezu bat eibar.orgera "Amatiñok bidalitakoa":http://news.gmane.org/gmane.culture.language.basque.eibartarrak/: “SUETENA”. Zer? Beste mezu bat, Xabier Mendigurenena “ETAk su-eten iraunkorra hasiko du ostiral honetan”. Susanaaaaaa, dihar egin diot lankideari, tregua, que temenos treguaaaa!!. Momentuan telefonoa, Iñigo: ikusi duzu? entzun duzu? Sartu egunkarietan, ETAk komunikatua bidali du su-etena deklaratuz. Ilusioa, poza, irrifarrea, urduritasuna. Irratia, internet, eta eguerdian ardoa eta pintxoa. Merezi zuen. Izango ei da.

etiketak: dogma
Luistxo
Luistxo dio:
2006/03/22 20:17

Zu bezala, Elena, Eibartarrak zerrendako mezu elektronikoak zabaltzen nengoen.

Iban Perez "piban"
Iban Perez "piban" dio:
2006/03/22 19:11

Gasteizen. Naipes museotik bueltan nengoen eta telebista piztu dut ikusteko zer zegoen. ETB 2 jarri eta Jessica Fletcher (edo neska hori) zegoen. Azpian titular garrantzitsu bat. Especial informativo. Alto al fuego de ETA. 12.55

Hasieran sinesgaitza iruditu zait baina interneten harat onat ibili ostean notizia konfirmatu dut.

Ondoren zapping egiten egon naiz telebista kateetatik zehar.

Nahikari
Nahikari dio:
2006/03/23 01:01

Zabala Eskolatik ateratzen nengoen, lanetik. Aralarreko kideen deiak, mezuak eta duda barik ama deitu dut. Banekien amomaren etxean zegoela eta normalean ez dauka irratia piztuta.

Zer sentitzen dudan? Poz handia.

h. etxeberria
h. etxeberria dio:
2006/03/23 00:50

Etxean nengoen bihar egin behar ditugun saio eta elkarrizketa batzuk preparatzen. El Mundotik deitu dit batek, ea su etenari buruz idatziko dudan zerbait, "ikuspegi diferente bat" interesatzen zaiela eta. Halaxe jakin dut albistea. Ezetz erantzun diot. Barkatzeko, baina gaur beste leku batean daukadala burua. Radio Euskaditik ere deitu didate eta halaxe joan naiz enteratzen itxura batean mundu guztiari neuk kontatu beharrekoaz, mundu guztiak neuk baino gehiago zekien arren.

Eneko Zuloaga
Eneko Zuloaga dio:
2006/03/23 00:19

Unibertsitatean, klase biren arteko tartetxoan. Klasekide bati amak mezua igorri dio eta irakurri egin digu.

Iban Arantzabal
Iban Arantzabal dio:
2006/03/22 21:13

Ni barriz lanian. Eta poz haundixa hartu dot. Gero telefonua eta teklaua izan dira nere arma. Sustaturako abisua pasau eta goiena.net elikatzeko pausuak emon. Eta holaxe egun guztian, batekin hau komentatu eta bestiarekin bestia.

Hori bai, erabaki dot: gaur Espaloira joango naiz filma ikustera La memoria de los peces eta telebista pizteko tentaziñua eutsiko dot. Bihar lehentxoago jaiki eta gura nuke periodikuarekin armosatzia. Orrixak eta orrixak eta orrixak irakurriko dittugu, seguruenik. Hori bai, ez boteprontoko iritzixekin, ze batzunak benetan izan dira eskasak... Gura dot ikustia bakoitzak zein gidoi jarraitzen daben bihar.

Portzierto, oin osatu leike Otegi, ez?

Andoni
Andoni dio:
2006/03/24 22:06

Lantokian nengoen egunero bezala; 13,30-tan atera naiz eskolara joateko eta irakasleak agurtu nau "big news, big news" esanaz; ez nuen ulertzen zertan ari zen. ETAren su etena ! esan digu. A zer poza !

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.