Sirenia eta Don Pedro
Guraso ezperfektuok ondo dakigu: umiak gogaitkarrixak izan leizke batzuetan. Esate baterako, kasketoso ipintzen diranian. Edo arratsalde oso bat eten bariko eskian txaplatadia emoten dihardutenian. Horrelako bi kasuotan atera jataz neri, filmeko Belindari moduan, barruan neramanik ez nekixan bi esamolde eibartar. Ikusi:
Hiru urteko umia orroka, txillixoka, amaren pazientzia gutxixa probatzeko laineko kasketiakin. Jesus ume, isildu zaitez behingoz, Alfako sirenia emoten dozu-ta!. Jakina, umiak ez daki zer dan Alfa, sirenia edo enparaua, ezta inporta be, eta bere horretan segitzen dau. Ostera amak, harrituta bere barruari: zenbat urte Alfako sireniaz ezer be entzuten ez nebala!
Bigarrena: zortzi urteko umia arratsalde osuan eskian: erosi hau, bestia nahi dot, emon, erosi Umia, Don Pedrok baino gehixao eskatzen dozu!. Honek be ez daki zein dan Don Pedro edo zer dan Don Pedrok baino gehixao eskatzia. Eta amak berriro: zenbat urte hori esaeria entzuten ez nebala!
Txikixak ginala ume eta gurasoen artian takian potian erabiltzen ziran bi esaerok: bat zarataka hasten zanian, Alfako sirenia emoten zebala esaten zetsen. Eta eskian zebilenian, Don Pedrok baino gehixao eskatzen zebala. Baina orduan ume bai gurasoek, denok, bagenkien bata zein bestia zer ziran. Alfako sireniak hamabixetan jotzen zeban eta herri ixa osuan entzuten zan. Alfako biharginendako eta haien familixendako balixo zeban, bazkaltzeko ordua markatzeko, baina baita be beste eibartar askori erreferentzia emoteko, herriko erloju bat izango balitz moduan. Bazeguan be sirenia entzuteko moduarengaitik eguraldixa iragartzen zeban sasi-jakintzurik.
Ez naiz akordatzen noiz isildu zan sirenia, makinatxo bat urte izango da, eta ez dakit oraindik guraso eibartarren batek konparazioa erabiltzen daben ala ez.
Don Pedroren esaeriakin berdin. Txikixak ginala bagenkien zein zan Amañako abadia, gabardiña urdinakin Mobbiletian pasatzetik ezagutzen genduan. Don Pedrok eskatzaile famia zeukan herrixan. Misiñoetarako, pobriendako eskatzen zeban, alde honetatik lan haundixa egin zeban. Baina ezin ukatu herrixan esaeria zabalduta zeguala: baten bat gehixegizko eskariakin etortzen zanian, segituan esaten zetsen Don Pedrok baino gehixao eskatzen jok/n!.
Don Pedro hil zala be badira urte batzuk, eta ez dago haren arrastorik segitu daben abaderik Eibarren. Hortaz, esaeria be galtzen joango da.
Kontua da bi esaerok eibartar-eibartarrak direla, euskeraz zein erderaz, eibartarrek zein etorkinek erabiltzen genduzela. Beste inon ez daukate zentzurik, eta seguru asko gaur egun be gutxi batzuendako baino ez daukate esanahirik.
Kuriosoa da baina oroimenak zelan dauzkagun barneratuta, dauzkagunik be ez dakigunian, eta une egokixan zelan urtetzen jakuzen, pentsatu barik. Ez jaku ba lana falta: umien kasketaldixak eta eskaldixak jasatia, eta umiei esaeron esanahixa azaltzia.
Oso ona, Elena. Kopenhageko sirenatxoaren aldean, Eibarko sirenia bai zaratatsua!
"Bazeguan be sirenia entzuteko moduarengaitik eguraldixa iragartzen zeban sasi-jakintzurik"
Horrek bai fenomenuak!
Esaerok apuntatzen ditut. Bihar bazkaria daukat eibartar batzuekin...
Ondo-ondo segi.