Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan

Ekin ta saldu zazu

Elena Laka 2007/04/10 10:06

Asteleheneko Goienkaria-rako:

"Debagoienean bizitzeko motibazioa piztu behar dugu, biztanleriak behera egin du-eta azken urteotan. Asiialdirako eskaintzak hobetu eta turismoa bultzatu daitezke eta elkarrekin lan egiteko perspektiba berreskuratzea ezinbestekoa da. Tranbiarekin pausu garrantzitsua eman daiteke zentzu honetan. Debagoiena EAEko laugarren hiria izaten lagunduko digu tranbiak". Koldo Azkoitia, Goienkaria 07-3-30.



Bi hilabete barru, hamasei urteko alkatetza San Joxepe erretiruatuen elkarteko bazkidetzarengaitik aldatuko duen Victoriano Gallastegi Bergarako alkateak, zioen, herritarrek gero eta gehiago exijitzen dutela. Esplikatzen zuen exijitu bai, baina erantzun ere neurri berean egin behar zutela, eta horretan eskas zebilela herritarra. Adierazpenok egin zituen, herritarren kopuruaren jetsieraren harira, herritarrak zertan aldatu diren galdetu ziotenean.

Horren ondoren, poztu egin nau Gipuzkoako Lurralde Antolaketa eta Sustapenerako Diputatuari irakurtzeak biztanleriaren beherakada motibazioarekin eta asialdiarekin lotuta daudela. Alegia, beherakadak ez daukala zerikusirik herritarrok erakundeei eskatzen diogun demaskeriarekin, erakundeek guregaitik egiten duten eskaskeriarekin.

Koldo Azkoitiak interes handiz zabaltzen saiatzen denez eta herritarrok ere ikusi ahal izan dugunez, Diputazioak lan, diru eta ordu asko inbertitu ditu bukatzear dagoen legegintzaldi honetan Debagoienean. Azpiegituretan eta zerbitzuetan igarri da hori: garraiobideak, errepideak, ekipamendua… Bi adarretan oinarritzen da inbertsio hau: alde batetik Diputatuak agertutako asmoan, hots, EAEko laugarren hiria izateko asmo horretan. Baina baita ere urteetako bazterketa betetzeko saiakeran. Debagoienean industrialdeak baino sustatzen ez ziren bitartean, gainerako eskualdetan ikaragarriko ahaleginak egin dira beste hain bat arlotan. Garraio aldetik desegituratutako eskualde bat, kultur ekipamenduak desagertzen ikusi dituena (Espaloia, gure birikia!)… Ez da jendearen exigentzia maila herritarrak beste eskualde batzuetan bizitzera eraman dituena.

Legegintzaldi honetan Diputatu Nagusia hamaika aldiz etorri da bailarara, sekula bere karguko beste inor baino gehiagotan. Ez inauguratzera edo obrak ikuskatzera bakarrik: seme-alaben onerako aginduak ematen dituen aita zuzenak moduan, iruditu zaionean errietan ere egin du. Eta bisita guztietan, argazkia atera du. Harriak ipintzen, eraikinak bisitatzen, hitzaldiak ematen ikusi ahal izan dugu. Diputazioaren asmoa Debagoienean lanak egitea izan baita, baina baita ere hori saltzea. Herritarrok kontura gaitezen zenbat lan egiten duten guregaitik eta guretzako, zenbat arreta merezi diogun Donostiako hurruneko osabari. Politikarien lana, bikoitza baita: ekin lehenik, saldu gero. Eta ez beti orden horretan.

Leireren memeari

Elena Laka 2007/01/30 13:45

 Lehenengo aldiz “meme” hori Iturriri irakurri nion. Zer zenik ere! Baina ez dezazun esan, Leire, bat, ez dizugunik irakurtzen, bi, ez dizugunik kasu egiten. Honatx:

 Bata: nire abizen bakoitiek euskal jatorria dute, bikoitiek jatorri errioxarra. Ama hizkuntza gaztelera dut, euskara, aita hizkuntza. Gustokoa dut gogoratzea nahasketaren ondorio naizela.

 Bigarrena: hogeitalau urterekin funtzionario izateari utzi nion borondatez.  

 Hirugarrena: urtean hamar bat egun beltz edukitzen ditut. Migrañak jota, ohean, isilpean eta ilunpean pasa behar ditudan egun horietan, denbora eta espazioa ez dira esistitzen niretzako. Bizitzaren zulo beltzak, esaten diet.

 Laugarrena: nire lehen umeaz erditu nintzen momentuan, ez nituen sekulako zoriontasuna eta maitasuna sentitu, demaseko harridura eta zalantza baizik.

 Bostgarrena: jendaurrean hitz egiteak ez dit eragozpenik sortzen. Ostera kosta egiten zait ilara batean, igogailu batean edo taberna batean ezezagun edo erdi-ezagun batekin berbetan hastea.

Eta memea bosti: Marijori, Mikel Irizarri, Gariri, Luistxori eta Mendigreeni.

Ergatiboa

Elena Laka 2006/12/15 15:24

Umeak azkarrak dira (haztea tontotzea ote da?), eta segituan egiten dira egoeraren jabe. Egoerak eta pertsonak aztertzen dituzte, eta di-da batean ateratzen dituzte ondorioak.

Oierrek hartu digu neurria: ergatibo barik hasi da berbetan. “ni entzun dot”, “ni ikusi dot”. Hasieran izututa begiratzen genion: “zuK entzun dozu, Oier?”, “zuK ikusi dozu?”

Eta berak barre egiten zuen. Kasurik ez egitea erabaki genuen, baina berak, ergatibo bat jaten duen bakoitzean, gure begirada bilatzen du, eta barre egiten du. Bitxo halakoa!

Esandakoa, ume bakoitzak atentzioa deitzeko modu bat topatzen du: janaria, txiza, loa...  eta gureak ergatiboa aukeratu du. Bete-betean antzeman digu.  

Merkatalgune berriaz

Elena Laka 2006/12/14 13:09

Neure buruari begiratzen diot, hotz egiten du gaur eta neguko erropa daukat jantzita: bota luzeak, Bergarako Lonbide zapata-dendan erositakoak. Fraka beltzak,  Bergarako Maian. Jertsei marroia, Eibarko Irritsan. Belarritakoak kaleko hippien postuetakoak. Barruko erropak eta galtzerdiak, Gantxegirenean, Bergaran. Ezkontz eraztuna, dagoeneko itxita dagoen Bergarako bitxitegikoa, ez dakit zelan zeukan izena, Arantxa “Prakamotx”enekoa esaten zioten.

Haserre jartzen nau Eusko Jaurlaritzaren iragarki horrek, “dendak non, bizitza han”. Esplika dezadan: leloa oso ona da, oso ondo adierazten du kaleetako jarduna. Kontua da nork egin behar duen zerbait kaleko bizitza horrek jarrai dezan, kaleak basamortu bihurtu ez daitezen. Eta alde horretatik ez zait iruditzen Eusko Jaurlaritzatik eta Administraziotik oro har nahikoa egiten ari denik. Ez behintzat Arrasaten, Debagoienerako merkatalgune handi bat ipintzeko proiektua aurrera doan horretan.

Herrietako dendek gero eta zailago dutela merkatalgune handiei konpetentzia egiten, kateetako denda globalizatuei aurre egiten? Jakina. Espabilatu beharko dutela, tratua hobetu, elkartu, ekin, ideia berriak topatu horri aurre egiteko? Duda barik.

Baina baten batek esplikatuko al dit zein premia dagoen Debagoienean merkatalgune handi bat ipintzeko? Helburua zein da, debagoiendarrak Gasteiza joan beharrean, erosketak bailaran bertan egin ditzagula? Bale, baina non? Prefabrikatutako habeartetzar batean, beste mila prefabrikatutako habearte klonikoa den toki batean, konsigna eta produktu klonikoei erantzuten dien toki itxi, aparte batean, iristeko nahitaez kotxea behar duen itxitura batean?

Hori da gure herrietako kale bizitza apurrari eusteko egiten den apustua, merkatalgune bati lizentziak eman? Hori da nahi dugun herri eredua? Zertarako orduan lelo eta kanpainak?

Debagoieneko herrietako dendak protestan dabiltza, behar bada berandu, baina iruditzen zait arrazoia dutela. Ez da Administrazioa, ez da Udala euren arazoak konponduko dituena, lan handia egin beharko dute, adibidez Eibarren egiten diharduten bezala. Administrazioaren lana baina laguntzekoa izan beharko litzateke, lelo okurrente bat topatzea baino haruntzago, ez erroberetan makilak sartzea.

Deituko dit burutsuren batek karlista, progresoaren aurka egoteagatik. Eta topatuko nau behar bada inoiz merkatalguneren batean, Zaran erropa artean. Batak ez du bestea kentzen. Kotxe bat edukitzeak eta kotxea erabiltzeak ez du esan nahi etxetik plazara joateko kotxea erabili behar dudanik, ezta Kalamua puntaraino kotxez iristerik duda. Ala bai?

 

Kilometroak 07: argitu du jaiak

Elena Laka 2006/12/05 12:08

Testu hau joan zen ostiralean egin zen ekitaldiari buruzkoa da. Saiatu nintzen asteburuan pegatzen, baina blogera sartzen saitzen nintzenean, surf orrialde batera bidaltzen ninduten, ez zen modurik izan. Honatx, berandu, aurkezpen ekitaldia begittandu zitzaidana.

Argi geneukan Kilometroak 07ko aurkezpen ekitaldiak txukuna eta indartsua izan behar zuela. Polita, ikusgarria, dinamikoa eta gertukoa. Horretarako ibili ziren lanean hogeitamar lagun Ikuskizunen Batzordean, eta azkenean euren izerdiak izan zuen emaitza onik.

Jam aretora ostiral arratsaldeko zazpiak bost gutxietan sartu ginenean eta jendez lepo ikusi genuean, argitasuna gurekin zegoela zihurtatu genuen: aurkezpen ekitaldia, gutxienez, arrakastasua izango zen.

Ume, guraso, amama, aitxitxa zein auzoko, ikastolakoak eta kanpokoak, Bergarako herria bertan zegoen. Aretoa beteta, hango zalaparta! Ikusleak eskenatokitik ateratzen zen tronpa moduko pasarelaren inguruan, eskilaretan, goian, behean,toki guztietan.

Argiaren kanoiak eskenatokia argitu zuen, eta areto guztian zehar bengalak piztu bitartean (Coca-colaren antzinako iragarkietan legez), musikarekin batera, Benito Lertxundik Euskararen Egunerako propio egindako poesia entzun zen: "hizkuntzak egiten gaitu gizon", eta emakume, pentsatzen dugu esan nahiko zuela, aretoan ederki islatzen zen moduan.

Ondoren Julen lau urtekoen gelako haurra ohean agertu zen, Kilometroak izango zirela-eta, ametsetan. Txalo zaparrada. Gero, fundamentuzko edozein ekitalditan bezala, lehendakariaren agurra. Honez gero mikrofonoa eta eskenatokia bertsolarien pare menperatzen dituen Angel Mari Eguren Aranzadi Ikastolako
lehendakariak, agurra eman eta Kilometroak 07 jaiaren helburuak azaldu zituen. Hitz egokiak: elkarlana helburu, herriarekin eta herriarentzako.Ondo.

Bertsolariek gogo-girlak dantza egiten duten pulpituetatik bota zituzten bertsoak (gogo-bertso?), eta Edurne Azuara eta Ohian Vega aurkezleek demaseko etorriarekin ekin zioten jaialdiaren artez-lanari.

Moda desfilea ondoren. Herrian ezagunak diren helduek norberaren araberako graziaz, baina sekulako borondatez, pasarelatik osteratxoa egin zuten erropa erakusteko. Bereziki
txalotuak, Egileor bertsolaria (txapela ere Kilometroak moda ote zuen?) eta Peio Garitanoren mokor meneilloa. Guztia Master River taldearen zuzeneko muskarekin. Ikusleak pozik.

Eta Moises Azpiazu dantza taldea eta trikitilariak, eta trikitilari modernoak, eta aurkezleen etorri salaua, eta Zumelagako afariaren zozketa.

Jaialdia erritmo onean zihoan, ikusleak gustora. Orduantxe klimaxa: ume eta nagusien moda desfilea. Dotore eta ganoraz, guapo-guapo eman zuten pasialdia ikasle, guraso, irakasle eta amamek. Ikusleek aupatu egin zuten agerraldi bakoitza, maniki bakoitzak bazeukan bere peña, eta ikusleek ohiuz eta txaloka eskertu zituzten modeloen meritu ugariak, Ion Arantzabalen pase torero estilosoa barne. Ikusleak ordurako, zoratzen.

Itxura denez gainera ondo fijatu ziren ikusleak, zeren dendan erropak modeloaren izenaz eskatzen dihardu jendeak.

Berba elkarteko ordezkariak hitza hartu ondoren, aurkezleen profesionaltasuna frogan ipini zuen inprobizazio txiki baten ostean, jaialdiak kalitatezko itxiera bikaina izan zuen: Edu Murudamendiaraz dantzariak, Aranzadi Ikastolako
ikasle ohiak, agurra dantzatu zuen, emakume ahots batek a capella kantatzen zuen doinuaz. Xumea eta ederra.

Ordu eta erdi inguru, eta jaialdia bukatuta. Denok gustora, Kilometroak 07k hasiera bikaina izan duela konbentzituta. Giroa bero eta gogotsu. Irteeran, irrifarrak eta agurrak. Hasiera ona daukaten prozesuek bukaera ezin hobea izan behar dute. Argitxok argituko gaitu.

Politikaren aldirietan

Elena Laka 2006/11/27 09:41

"Iruditzen zait politikaren tentazioa, gezurra esatea baino, asperdura sortzea dela, interesa galdu arterainoko asperdura sortzea". Amelia Varcarcel, filosofoa eta feminista. El País Semanal 06-11-26.

Politikari guztiak ez dira gezurtiak,  pertsona lodi guztiak zoriontsuak ez diren bezala, euskaldun guztiak kantari onak ez diren bezala. Politika, nork definitzen duen arabera, "posiblearen artea" edo "gauzak aldatzeko tresna" izan daiteke. Ostera, guztiok egon gaitezke ados honetan: politikak gero eta interes txikiagoa sortzen du bazterretan. Dela talde batzuren hitz jokoen jario bihurtu
delako, dela politikariak kaleko nahietatik urruti daudelako, dela arazo nagusienak konpontzen ez dizkigutelako. Interes txiki honen adibide: hautesleen ehuneko berrogeiak baino ez du botorik ematen, herritar arrunta eguneroko jardunean arazo politikotik at bizi da, baita gurea bezalako ustezko gizarte politizatu batean. Zenbat eta boterearen ingurutik urrunago egon, gero eta urriago politikak sortzen duen interesa. Boterearengandik urruti egon diren neurrian, emakumeek tradizioz interes txikia izan dute politikan.

Hain zuzen, boterearen ingurutik aldenduta egoteagaitik, pentsatzen du Ahotsak elkarteak emakumeek bake eta normalizazio prozesuan zeresana izan dezaketela, emakumeak oro har erabaki-guneetatik urruti daudelako, jarduteko eta ekiteko askatasun handiagoa daukatela. Eta beraz horrexegaitik adostasunetara iristeko ahalmen handiagoa daukatela.

Momentuz adostasuna lortu duten bakarrak erabaki guneetatik urrun, jendearengan asperdura ez sortzea helburu, politikaren aldirietan kokatutakoak izan dira. Ea zer egiten duten politikariek.

Nik balio dudalako

Elena Laka 2006/11/24 09:00

Azaroaren bukaerako egun hauek beti iruditu zaizkit urteko tristeenak. Lar ilunak. Aurten sikiera ez du hotzik egin, eta beraz piska bat salbatu dira. Hala ere, nahiz eta hotz handirik egin ez, lanetik ilun dela aterata, badaude egunak goibel samar zoazela etxera. Triste egoteko arrazoi handirik gabe, zeren benetako arazoak dituzunean badaukazu zertaz kezkatu eta tristetu. Baina ez, ez daukazu arazo nabarmenik, nahikoa da lanean eguna eskasagoa, gorputzaldia makalagoa, egueraldi grisagoa izatea orpoen pareko animoarekin etxeratzeko.

 Horrelako batean, atzo lanetik bueltan, etxetik gertu zabaldu berri duten lurrindegi handi argitsu horietako batean sartu nintzen. Zorion txikiaren bila. Bakoitzak badauzka bere ahuldadeak, eta nireetako bat, aitortzen dut, ezpainak pintatzekoak dira. Mundu bat da ezpainak pintatzeko bat aukeratzea: gloss, hidratante, permanente, efecto tatuaje, cremosos. Hartu probadorea, eskuturrean marra bat egin eta begiratu. Ez hau ez, beste hau. Eta horrela gustatzen zaizun kolorea eta testura topatu arte, mundua zure esku gaineko koloreetara mugatzen da.  

 Azkenean aukeratu nuen marroi kafesnera jotzen zuen bat, aurten oso modan daude marroiskak, gloss piska batekin, baina era berean hidratantea eta koloretsua (glossek dizdira asko baina kolore gutxi edukitzen dute). Probadorean ikusi ondoren, saltzaileak atera zidan erosi behar nuena: barra marroi dotore bat, ertzak urre kolorekoak. Eta alde batean letrak:  Eva Longoriaren sinadura.

 Hamabi euro larogeitamabost zentimo kostatu zitzaidan atzo zorion txikia. Gaur ezpainak marroiska kolorekoak dauzkat, Longoriak bezala, nik balio dudalako.  

Ahotsak Eibarren

Elena Laka 2006/11/22 14:40

Astelehen arratsaldean Ahotsak elkartearen aurkezpenean izan nintzen Portalean, Eibarren. Aurkezleen artean Gemma Zabaleta (PSE-EE), Elisabete Piñol (EAJ-PNV), Nekane Alzelai (EA) eta Izasun Guarrotxena (Bilgune feminista). Entzuleen artean gehienak emakumeak, ni gazteena ez banintzen, gazteenetakoa, alde haundiz.

 Azaldu zuten Ahotsak elkartekoek nola iritxi ziren dokumentu bateratua sinatzera, nola eta zergaitik eman ziren lehen kontaktuak, zein premiei erantzuteko. Gatazkak konpontzeko elkarrizketaren ezinbesteko balioa azpimarratu zuten, (buruz nabil) elkarrizketa malgutasunaz eta konfiantzaz, bakoitzak esaten duena beteko duela pentsatuz.

 Erabateko konbentzimenduaz hitz egin zuten, pasioz ere esango nuke. Politikarien artean ohikoa ez dena, sentimendu hitza sarri samar erabili zuten. Nabarmentzen zuten zein inportantea zen bata bestearengana hurbiltzea, hortik zerbait bateratua atera ahal izatea, batak eta besteak amore emanez, eta nolako garrantzia izan zezaketen honen moduko ekimenek alderdiei presioa egiteko.

 Ni erabat sinistu nahian joan nintzen. Ahotsak ekimenari ondo irizten diot, aurrera pausoa iruditzen zait elkarrizketa aldarrikatzeko, gatazka gainditzeko beharraz jabetzeko, baina entzun ahala, baieztapen baino galdera gehiago sortzen zitzaizkidan, bai generoari lotuak, bai elkartearen egitekoari lotuak, bertan planteatzeko aukerarik izan ez nituenak:

 - Zergaitik agiria sinatu dutenak emakumeak baino ez dira? Ezinezkoa zen elkarrenganako pausu hori gizon eta emakumeen artekoa egitea? Eta posible bazen, ez al zen eraginkorragoa izango?

-   Behin elkarrenganako lehen pauso hori emanda, Ahotsak elkarrizketarako giroa sustatzera mugatuko da, ala alderdien arteko elkarrizketan segituko du? Alderdi bakoitzaren barruan presio-talde bihurtuko da, eta beraz alderdien mahaian zeresana izango du, ala aparteko talde bat izango da, kanpotik presioa egingo duena?

-   Emakumeek bakarrik sinatua izateak ez dio, nolabait, agiriari garrantzia kentzen, jakin baitakigu politikan emakumeek ez daukatela lehen mailako botererik? Ez dauka arriskua “emakumeen zer hori” bihurtzeko?

-  Bestalde, zein oztopo zeuden horrelako ekimen bat alderdi ezberdinetako gizonengandik etortzeko?

-  Agiriaren sinatzaileak emakumeak eta alderdikideak dira. Nola eragiten dute emakume hauek beraien alderdietan bake prozesua bultzatu ahal izateko? Ez dut pentsatu nahi bertan ezin eraginda, agiri paralelo bat antolatu behar izan dutela beraien ahotsa entzun ahal izateko.

- Eta nola eragin dezake Ahotsak edo beste mugimenduren batek prozesuaren ustezko katramilatze hori askatzeko?

Galderak erabat fede onez planteatuta daude, eta seguru asko ezjakintasunetik, zeren benetan sinistu nahi nuke emakumeen mugimenduak edo beste herritarren mugimenduren batek eragina izan dezakela bake eta normalizazio prozesuan, presioa egiten edo beste moduren batean. Baina une honetan ez dut ikusten zelan.  

Euskaldunen bialekua

Elena Laka 2006/11/06 09:46


"Osakidetzako lau langiletik hiruk erdaldunak izaten jarraituko dute. Osakidetzak abian duen lan eskaintza publikoan bost langile berritik ia lau erdadunak izango dira. Eskaintzen diren 4.261 lanpostuetatik %20tan bakarrik eskatzen da lanpostuari dagokion euskara maila, hizkuntz eskakizuna, egiaztatzea". Berria, 06-11-4.

Adi. Politikoki zuzena ez den proposamen bat hamentxe: euskaldunok, harreman hizkuntzatzat euskara hautatzen dugunok, zerga gutxiago ordain ditzagula proposatzen dut.

Entzuten ditut erreakzioak: hara, beste fundamentalista bat, datorrela Ciutadans geurera gauzak bere tokian jartzera!. Ez da hori. Proposatutakoa ez dago eskubideei lotuta. Ez. Funtzionariek eta langileek euskaraz ez jakiteak euskaldunoi ematen digun demaseko bialekuari lotuta dago.


Zein euskalduni ez zaio gertatu telefonoz deitzea (edo mostradore batera hurbiltzea) Osakidetzara, Ertzaintzara, Eusko Jaurlaritzara, epaitegira, telefonoa hartu dion langileari bere arazoaren berri eman, eta behin dena kontatu ostean, "en erderaz por favor" entzun, harnasa hartu, eta berriro, euskaraz esandako guztia gazteleraz errepikatu beharra? Euskaldunok gure burua bikoiztu beharra dugu, ez esan bialekua ez denik.

Eta hori amore ematea erabakitzen badugu eta "en erderaz" errepikatzen hasten bagara, zeren batzutan, euskaldunok pentsatzen dugu, ze arraio, atenditu nazatela euskaraz. Ai, hizkuntz eskubidedun jabe zarelakoan jarduten duzun euskaldun gaixoa!Langile euskaldun bat eskatzen diozu funtzionaio elebakarrari, eta zortea baduzu, piska bat itxaron, langile euskaldun bat azaldu, eta berriro errepikatu beharko diozu erakunde horretara joanarazi zaituen arazoaren berri. To bialekua. Zorterik ezean, luze itxaron beharko duzu, edo beste egun batean bueltatu, edo itzulpen batekin konformatu, edo zerbitzua euskara ortopedikoan jaso. Sekulako bialekua. Esandakoa: euren asmoa lan bikoitza eginarazten segitzea bada, merezita dugu arintasun apur bat zergetan, besterik ez bada ere.

Ai ama!

Elena Laka 2006/10/09 12:08

Lasai asko gelditzen gara gurasoak haurrak marrazki bizidunak ikusten ari direnean, baina marrazkiak izateak ez du ziurtatzen egokiak direnik. Beraz, haurrek ikusten duten guztia aztertu behar da, eta txarra baderitzogu ere, eskolara ekarri eta aztertuko dugu. Ildo horretatik, telebista kateek, publikoek bereziki, gurasoekin batera lan egin behar dute. Antton Alfaro,
Berria 06-10-7.

Azken astean guraso naizenez uki nazaketen bi mezu errepikatzen dihardute medioek: bata, umeen loditasuna, diotenez, lehen munduko haurren artean hurrengo epidemia. Elikadura eskasa, ikusentzunezko sedentarismoarekin batera (zin dagit horrela esan zutela, "ikusentzunezko sedentarismoa"!) umeengan loditasuna sortzen du. Hortaz, gurasook espabilatu beharra daukagu, elikagai tradizionaletan trebatu, eta familia guztia kirola egiten ipini. Bigarrena, umeen artean irakurzaletasuna bultzatzeko telebistako iragarki bat, seme-alabek imitazioz jokatzen dutela adierazten diguna, eta beraz, gurasooi liburuak irakurtzeko agintzen diguna, geure umeek imitatu eta irakurri egingo dutelako.


Tira, bi etxeko lan gurasoontzako: elikagaiak zaindu eta liburuak irakurri.


Guraso egoki, fundamentuzko pertsona, langile lehiakor izaten ahalegintzeak, norbere burua erabat alde batera laga barik (afizioak etab), nahikoa denbora eramango ez baligu bezala, egunkaria zabaldu, eta hara non hirugarren zeregina ezartzen didaten: umeek telebistan ikusten dituzten marrazki bizidunak kontrolatu behar ditut, eta edukiak aztertzeko, gurasoak telebistarekin batera lan egiten hasi behar dugu.

Ia ondo ulertu dudan: lanetik bueltan, afaltzeko berdura-purea eta patata-tortila gertatu ondoren, umearen aurrean liburu bat irakurri behar dut, eta tartetxo bat topatu marrazki bizidunetako istorioei
argi egoteko, marrazki horien edukina gero telebistarekin batera landu ahal izateko. Askotxo ez ote.


Momentuz, telebistan orain arte ikasitakoa egiten segituko dut, umeek pizza eta txokolatezko batidoa afal dezatela beren gelako telebistaren aurrean Dragoi-bola ikusten duten bitartean. Behintzat horrela ez gara haserratuko.

Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.