Nik balio dudalako
Azaroaren bukaerako egun hauek beti iruditu zaizkit urteko tristeenak. Lar ilunak. Aurten sikiera ez du hotzik egin, eta beraz piska bat salbatu dira. Hala ere, nahiz eta hotz handirik egin ez, lanetik ilun dela aterata, badaude egunak goibel samar zoazela etxera. Triste egoteko arrazoi handirik gabe, zeren benetako arazoak dituzunean badaukazu zertaz kezkatu eta tristetu. Baina ez, ez daukazu arazo nabarmenik, nahikoa da lanean eguna eskasagoa, gorputzaldia makalagoa, egueraldi grisagoa izatea orpoen pareko animoarekin etxeratzeko.
Horrelako batean, atzo lanetik bueltan, etxetik gertu zabaldu berri duten lurrindegi handi argitsu horietako batean sartu nintzen. Zorion txikiaren bila. Bakoitzak badauzka bere ahuldadeak, eta nireetako bat, aitortzen dut, ezpainak pintatzekoak dira. Mundu bat da ezpainak pintatzeko bat aukeratzea: gloss, hidratante, permanente, efecto tatuaje, cremosos. Hartu probadorea, eskuturrean marra bat egin eta begiratu. Ez hau ez, beste hau. Eta horrela gustatzen zaizun kolorea eta testura topatu arte, mundua zure esku gaineko koloreetara mugatzen da.
Azkenean aukeratu nuen marroi kafesnera jotzen zuen bat, aurten oso modan daude marroiskak, gloss piska batekin, baina era berean hidratantea eta koloretsua (glossek dizdira asko baina kolore gutxi edukitzen dute). Probadorean ikusi ondoren, saltzaileak atera zidan erosi behar nuena: barra marroi dotore bat, ertzak urre kolorekoak. Eta alde batean letrak: Eva Longoriaren sinadura.
Hamabi euro larogeitamabost zentimo kostatu zitzaidan atzo zorion txikia. Gaur ezpainak marroiska kolorekoak dauzkat, Longoriak bezala, nik balio dudalako.
Nik ere atzo antzeko sentimendua eduki nuen etxerakoan. Etxe ondoko dendan sartu eta belarritako batzuk erosi nituen, zilarrezkoak, poli-politak. Nik ere balio dut-eta!
Zer izango dute ezpainetakoek, belarritakoek... animoa altxatzeko?