Ai ama!
Lasai asko gelditzen gara gurasoak haurrak marrazki bizidunak ikusten ari direnean, baina marrazkiak izateak ez du ziurtatzen egokiak direnik. Beraz, haurrek ikusten duten guztia aztertu behar da, eta txarra baderitzogu ere, eskolara ekarri eta aztertuko dugu. Ildo horretatik, telebista kateek, publikoek bereziki, gurasoekin batera lan egin behar dute. Antton Alfaro,
Berria 06-10-7.
Azken astean guraso naizenez uki nazaketen bi mezu errepikatzen dihardute medioek: bata, umeen loditasuna, diotenez, lehen munduko haurren artean hurrengo epidemia. Elikadura eskasa, ikusentzunezko sedentarismoarekin batera (zin dagit horrela esan zutela, "ikusentzunezko sedentarismoa"!) umeengan loditasuna sortzen du. Hortaz, gurasook espabilatu beharra daukagu, elikagai tradizionaletan trebatu, eta familia guztia kirola egiten ipini. Bigarrena, umeen artean irakurzaletasuna bultzatzeko telebistako iragarki bat, seme-alabek imitazioz jokatzen dutela adierazten diguna, eta beraz, gurasooi liburuak irakurtzeko agintzen diguna, geure umeek imitatu eta irakurri egingo dutelako.
Tira, bi etxeko lan gurasoontzako: elikagaiak zaindu eta liburuak irakurri.
Guraso egoki, fundamentuzko pertsona, langile lehiakor izaten ahalegintzeak, norbere burua erabat alde batera laga barik (afizioak etab), nahikoa denbora eramango ez baligu bezala, egunkaria zabaldu, eta hara non hirugarren zeregina ezartzen didaten: umeek telebistan ikusten dituzten marrazki bizidunak kontrolatu behar ditut, eta edukiak aztertzeko, gurasoak telebistarekin batera lan egiten hasi behar dugu.
Ia ondo ulertu dudan: lanetik bueltan, afaltzeko berdura-purea eta patata-tortila gertatu ondoren, umearen aurrean liburu bat irakurri behar dut, eta tartetxo bat topatu marrazki bizidunetako istorioei
argi egoteko, marrazki horien edukina gero telebistarekin batera landu ahal izateko. Askotxo ez ote.
Momentuz, telebistan orain arte ikasitakoa egiten segituko dut, umeek pizza eta txokolatezko batidoa afal dezatela beren gelako telebistaren aurrean Dragoi-bola ikusten duten bitartean. Behintzat horrela ez gara haserratuko.