Ahotsak Eibarren
Astelehen arratsaldean Ahotsak elkartearen aurkezpenean izan nintzen Portalean, Eibarren. Aurkezleen artean Gemma Zabaleta (PSE-EE), Elisabete Piñol (EAJ-PNV), Nekane Alzelai (EA) eta Izasun Guarrotxena (Bilgune feminista). Entzuleen artean gehienak emakumeak, ni gazteena ez banintzen, gazteenetakoa, alde haundiz.
Azaldu zuten Ahotsak elkartekoek nola iritxi ziren dokumentu bateratua sinatzera, nola eta zergaitik eman ziren lehen kontaktuak, zein premiei erantzuteko. Gatazkak konpontzeko elkarrizketaren ezinbesteko balioa azpimarratu zuten, (buruz nabil) elkarrizketa malgutasunaz eta konfiantzaz, bakoitzak esaten duena beteko duela pentsatuz.
Erabateko konbentzimenduaz hitz egin zuten, pasioz ere esango nuke. Politikarien artean ohikoa ez dena, sentimendu hitza sarri samar erabili zuten. Nabarmentzen zuten zein inportantea zen bata bestearengana hurbiltzea, hortik zerbait bateratua atera ahal izatea, batak eta besteak amore emanez, eta nolako garrantzia izan zezaketen honen moduko ekimenek alderdiei presioa egiteko.
Ni erabat sinistu nahian joan nintzen. Ahotsak ekimenari ondo irizten diot, aurrera pausoa iruditzen zait elkarrizketa aldarrikatzeko, gatazka gainditzeko beharraz jabetzeko, baina entzun ahala, baieztapen baino galdera gehiago sortzen zitzaizkidan, bai generoari lotuak, bai elkartearen egitekoari lotuak, bertan planteatzeko aukerarik izan ez nituenak:
- Zergaitik agiria sinatu dutenak emakumeak baino ez dira? Ezinezkoa zen elkarrenganako pausu hori gizon eta emakumeen artekoa egitea? Eta posible bazen, ez al zen eraginkorragoa izango?
- Behin elkarrenganako lehen pauso hori emanda, Ahotsak elkarrizketarako giroa sustatzera mugatuko da, ala alderdien arteko elkarrizketan segituko du? Alderdi bakoitzaren barruan presio-talde bihurtuko da, eta beraz alderdien mahaian zeresana izango du, ala aparteko talde bat izango da, kanpotik presioa egingo duena?
- Emakumeek bakarrik sinatua izateak ez dio, nolabait, agiriari garrantzia kentzen, jakin baitakigu politikan emakumeek ez daukatela lehen mailako botererik? Ez dauka arriskua “emakumeen zer hori” bihurtzeko?
- Bestalde, zein oztopo zeuden horrelako ekimen bat alderdi ezberdinetako gizonengandik etortzeko?
- Agiriaren sinatzaileak emakumeak eta alderdikideak dira. Nola eragiten dute emakume hauek beraien alderdietan bake prozesua bultzatu ahal izateko? Ez dut pentsatu nahi bertan ezin eraginda, agiri paralelo bat antolatu behar izan dutela beraien ahotsa entzun ahal izateko.
- Eta nola eragin dezake Ahotsak edo beste mugimenduren batek prozesuaren ustezko katramilatze hori askatzeko?
Galderak erabat fede onez planteatuta daude, eta seguru asko ezjakintasunetik, zeren benetan sinistu nahi nuke emakumeen mugimenduak edo beste herritarren mugimenduren batek eragina izan dezakela bake eta normalizazio prozesuan, presioa egiten edo beste moduren batean. Baina une honetan ez dut ikusten zelan.
Marijo, ez da morbo kontua. Kontua da elkarte hori ez dela emakume soilez osatutakoa, alderdikide diren emakumeez baizik, nahiz eta modu pertsonalean aurkeztu.
Eta ondo begitantzen zait emakumeei leku egitea prentsan, normalizazioan eta politikan, hain zuzen horrexegaitik iruditzen zait emakumez bakarrik osatutako plataforma batek arriskua daukala "mekumeen txiringito" bihurtzeko, hortik aurreragoko eragin bat ere barik.
Musu bat, Marijo.