Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan / Ekin ta saldu zazu

Ekin ta saldu zazu

Elena Laka 2007/04/10 10:06

Asteleheneko Goienkaria-rako:

"Debagoienean bizitzeko motibazioa piztu behar dugu, biztanleriak behera egin du-eta azken urteotan. Asiialdirako eskaintzak hobetu eta turismoa bultzatu daitezke eta elkarrekin lan egiteko perspektiba berreskuratzea ezinbestekoa da. Tranbiarekin pausu garrantzitsua eman daiteke zentzu honetan. Debagoiena EAEko laugarren hiria izaten lagunduko digu tranbiak". Koldo Azkoitia, Goienkaria 07-3-30.



Bi hilabete barru, hamasei urteko alkatetza San Joxepe erretiruatuen elkarteko bazkidetzarengaitik aldatuko duen Victoriano Gallastegi Bergarako alkateak, zioen, herritarrek gero eta gehiago exijitzen dutela. Esplikatzen zuen exijitu bai, baina erantzun ere neurri berean egin behar zutela, eta horretan eskas zebilela herritarra. Adierazpenok egin zituen, herritarren kopuruaren jetsieraren harira, herritarrak zertan aldatu diren galdetu ziotenean.

Horren ondoren, poztu egin nau Gipuzkoako Lurralde Antolaketa eta Sustapenerako Diputatuari irakurtzeak biztanleriaren beherakada motibazioarekin eta asialdiarekin lotuta daudela. Alegia, beherakadak ez daukala zerikusirik herritarrok erakundeei eskatzen diogun demaskeriarekin, erakundeek guregaitik egiten duten eskaskeriarekin.

Koldo Azkoitiak interes handiz zabaltzen saiatzen denez eta herritarrok ere ikusi ahal izan dugunez, Diputazioak lan, diru eta ordu asko inbertitu ditu bukatzear dagoen legegintzaldi honetan Debagoienean. Azpiegituretan eta zerbitzuetan igarri da hori: garraiobideak, errepideak, ekipamendua… Bi adarretan oinarritzen da inbertsio hau: alde batetik Diputatuak agertutako asmoan, hots, EAEko laugarren hiria izateko asmo horretan. Baina baita ere urteetako bazterketa betetzeko saiakeran. Debagoienean industrialdeak baino sustatzen ez ziren bitartean, gainerako eskualdetan ikaragarriko ahaleginak egin dira beste hain bat arlotan. Garraio aldetik desegituratutako eskualde bat, kultur ekipamenduak desagertzen ikusi dituena (Espaloia, gure birikia!)… Ez da jendearen exigentzia maila herritarrak beste eskualde batzuetan bizitzera eraman dituena.

Legegintzaldi honetan Diputatu Nagusia hamaika aldiz etorri da bailarara, sekula bere karguko beste inor baino gehiagotan. Ez inauguratzera edo obrak ikuskatzera bakarrik: seme-alaben onerako aginduak ematen dituen aita zuzenak moduan, iruditu zaionean errietan ere egin du. Eta bisita guztietan, argazkia atera du. Harriak ipintzen, eraikinak bisitatzen, hitzaldiak ematen ikusi ahal izan dugu. Diputazioaren asmoa Debagoienean lanak egitea izan baita, baina baita ere hori saltzea. Herritarrok kontura gaitezen zenbat lan egiten duten guregaitik eta guretzako, zenbat arreta merezi diogun Donostiako hurruneko osabari. Politikarien lana, bikoitza baita: ekin lehenik, saldu gero. Eta ez beti orden horretan.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.