Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan / Merkatalgune berriaz

Merkatalgune berriaz

Elena Laka 2006/12/14 13:09

Neure buruari begiratzen diot, hotz egiten du gaur eta neguko erropa daukat jantzita: bota luzeak, Bergarako Lonbide zapata-dendan erositakoak. Fraka beltzak,  Bergarako Maian. Jertsei marroia, Eibarko Irritsan. Belarritakoak kaleko hippien postuetakoak. Barruko erropak eta galtzerdiak, Gantxegirenean, Bergaran. Ezkontz eraztuna, dagoeneko itxita dagoen Bergarako bitxitegikoa, ez dakit zelan zeukan izena, Arantxa “Prakamotx”enekoa esaten zioten.

Haserre jartzen nau Eusko Jaurlaritzaren iragarki horrek, “dendak non, bizitza han”. Esplika dezadan: leloa oso ona da, oso ondo adierazten du kaleetako jarduna. Kontua da nork egin behar duen zerbait kaleko bizitza horrek jarrai dezan, kaleak basamortu bihurtu ez daitezen. Eta alde horretatik ez zait iruditzen Eusko Jaurlaritzatik eta Administraziotik oro har nahikoa egiten ari denik. Ez behintzat Arrasaten, Debagoienerako merkatalgune handi bat ipintzeko proiektua aurrera doan horretan.

Herrietako dendek gero eta zailago dutela merkatalgune handiei konpetentzia egiten, kateetako denda globalizatuei aurre egiten? Jakina. Espabilatu beharko dutela, tratua hobetu, elkartu, ekin, ideia berriak topatu horri aurre egiteko? Duda barik.

Baina baten batek esplikatuko al dit zein premia dagoen Debagoienean merkatalgune handi bat ipintzeko? Helburua zein da, debagoiendarrak Gasteiza joan beharrean, erosketak bailaran bertan egin ditzagula? Bale, baina non? Prefabrikatutako habeartetzar batean, beste mila prefabrikatutako habearte klonikoa den toki batean, konsigna eta produktu klonikoei erantzuten dien toki itxi, aparte batean, iristeko nahitaez kotxea behar duen itxitura batean?

Hori da gure herrietako kale bizitza apurrari eusteko egiten den apustua, merkatalgune bati lizentziak eman? Hori da nahi dugun herri eredua? Zertarako orduan lelo eta kanpainak?

Debagoieneko herrietako dendak protestan dabiltza, behar bada berandu, baina iruditzen zait arrazoia dutela. Ez da Administrazioa, ez da Udala euren arazoak konponduko dituena, lan handia egin beharko dute, adibidez Eibarren egiten diharduten bezala. Administrazioaren lana baina laguntzekoa izan beharko litzateke, lelo okurrente bat topatzea baino haruntzago, ez erroberetan makilak sartzea.

Deituko dit burutsuren batek karlista, progresoaren aurka egoteagatik. Eta topatuko nau behar bada inoiz merkatalguneren batean, Zaran erropa artean. Batak ez du bestea kentzen. Kotxe bat edukitzeak eta kotxea erabiltzeak ez du esan nahi etxetik plazara joateko kotxea erabili behar dudanik, ezta Kalamua puntaraino kotxez iristerik duda. Ala bai?

 

elena
elena dio:
2006/12/14 20:09

Belaunaldi kontua izango da, ieme, baina ez dakit zer den Adidas Palahuer (zapatilla batzuk), eta Levis 501 eduki baino lehen, marka bariko mordoa erabili nituen :) Belaunaldi bakoitzak joera izaten du berea "normaltzat" eta "orokortzat" hartzeko, konturatzeke badagoela jende asko bera moduan portatzen ez dena.

Dena den, klonikotasuna ez da bakarrrik berdin jaztea, horretan seguru asko orain duela hogei urte baino aukera askoz zabalagoa dago, baizik eta berdin kontsumitzea, berdin erostea.

i eme
i eme dio:
2006/12/14 18:10

Ez det uste holako leku bat irekitzen dutelako, diozuten klonazioa etorriko denik. Euskal Herrian nahiko klonatuta egon giñen garai batean eta orduan ez ziren merkatu gune handiak (lehen bai ibiltzen giñela denok berdin jantziak edo ez zerate gogoratzen denok izan ditugun Adidas Palahuer, Levis 501,...?)

Arazoa sakonagoa da; terreno salmenta, espekulazioa, diru beltzak... Herri txikiak (denda, taberna,...), diruaren hotsean, hiltzen ari dira. Saltzen diguten herri eredua, gezurrezkoa da. Gure ohiturak, kultura, ... galtzen ditugun bitartean (kontzertu, poteoa, ...), handiek geroz eta handiagoak dira.

Txikiez beteriko orainak, etorkizun beltza dauka … Ez, barkatu, … etorkizuna handiena izango da, denok nahi dugun bezala. Etorkizuna handia izango da.

Desplazatua
Desplazatua dio:
2006/12/14 15:28

Bat nator zurekin Elena. Gogoan daukat Arrasaten Hiperra jarri zutenean ere gure ama asteko erosketak egiteko lekuz aldatzeko hartu zuen erabakia ere; herriko saltokia aldatu zuen Arrasateko autoz joan eta han erosteko: aukera zabalagoa omen! Eta, hala da, baina
Gernikan ere ari dira saltoki handi bat egiteko asmotan eta dendariak kontrako kanpainari ekin diote. Saltoki handi hori herri erditik gertu samar egongo da eta autoz joan beharrik ere ez da egongo, baina saltoki handi batear inor joaten al da auto barik? Hortaz, Gernika erdia hustu egingo da eta trenbide ostetik saltoki handira autoak biderkatuko dira eta danok zuk diozun "klonak" legez, hara joko dugu jantzi berdinak erosiko ditugu.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.