e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Disney-k Marvel erosi du!
Normalean blog honetan ez ditut komentatzen komunikabide tradizional guztietan agertzen diren komikien inguruko berriak, baina gaur arratsaldekoa kristoren bonbazoa da: Disney-k Marvel erosi omen du 4.000 milioi dolarretan!
Nik La Cárcel de Papel-en irakurri dut, baina bolo-bolo dabil berria toki guztietan: The New York Times, El País, El Mundo... Eta hona hemen Disney-ren iragarpen ofiziala.
Adi egon etorriko diren crossover-ei: Donald - Thor, Buzz Lightyear - Silver Surfer, Edurne Zuri - Mary Jane Watson... ;-)
"Joyas Literarias Juveniles", berriz ere kalean
Joyas Literarias Juveniles Bruguera etxeak 1970 eta 1983 urteen artean argitaratutako komiki-bilduma mitiko bat da, gazteentzako eta abenturazko literaturaren klasikoen 269 komiki-bertsioz osatua: Jules Verne, Walter Scott, Mark Twain, Charles Dickens, Karl May, Robert Louis Stevenson, Daniel Defoe, Emilio Salgari... 30-40 urte bitartean dugun jende asko horien bidez zaletu ginen ez bakarrik komikietara, baita literaturara ere, eta askok nostalgiaz gogoratzen ditugu komiki haiek eta amesarazten zizkiguten abenturak. Horren froga da bilduma horri buruz duela hiru urte idatzi nuen artikulua dela blog honetan hilero-hilero gehien irakurtzen den artikulua!
Orain jakin dut La cárcel de papelen bidez Planeta DeAgostinik horietako 183 berrargitaratuko dituela, astero aterako diren hirunakako 61 tomotan. Hauek izango dira lehenengoak:
- 1. tomoa: Miguel Strogoff, Viaje al centro de la Tierra, La Estrella del Sur.
- 2. tomoa: La Isla del tesoro, La flecha negra, La Isla de la aventura.
- 3. tomoa: Sandokán, El león de Damasco, El rey del mar.
- 4. tomoa: Ivanhoe, El pirata, Rob Roy.
- 5. tomoa: Robinson Crusoe, Nuevas aventuras de Robinson Crusoe, ...
- 6. tomoa: Los tres mosqueteros, Veinte años después, ...
- 7. tomoa: Historia de dos ciudades, Cuento de Navidad, ...
- 8. tomoa: Veinte mil leguas de viaje submarino, La Isla misteriosa, ...
- 9. tomoa: Las aventuras de Sherlock Holmes I eta II, El perro de Baskerville.
- 10. tomoa: Moby Dick, Los viajes de Gulliver, Alicia en el país de las maravillas.
- 11. tomoa: La llamada de la selva, Colmillo blanco, ...
- 12. tomoa: David Copperfield, Oliver Twist, La pequeña Dorrit.
- 13. tomoa: Las aventuras de Tom Sawyer, Tom Sawyer a través del mundo, ...
Zeta bolsillo ere hasi zen iaz beste batzuk berrargitaratzen, hemen kontatu genizuen bezala. Oraingoz lau tomo argitaratu dituzte, bi Jules Verneren lanekin eta beste bana Emilio Salgari eta Charles Dickensenekin, bakoitzean sei komiki daudela.
Guillermo Zubiaga Marvel-eko komikigileak argitaratu du euskal balea-arrantzaleei buruzko komikia
Iaz eman genizuen blog honetan Guillermo Zubiagaren berri, superheroi amerikarren komikietan euskal erreferentziak sartzen dituen Marveleko komigile euskalduna. Eta han aipatzen genizuen ere euskal balea-arrantzaleei buruzko komiki-liburua ere prestatzen ari zela, Joanes or the Basque whaler izenekoa.
Ba Euskalkultura.com webgunearen bidez jakin dugunez, trilogia horren lehenengo alea izango denak, The flying whaleboat-ek hain zuzen ere, argia ikusi du uztailaren amaieran. Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies-en eskutik kaleratu du komikia Guillermok, eta Renon izandako NABO (North American Basque Organizations) erakundearen biltzarrean aurkeztu zuten eta salgai jarri. Eitb-com-en elkarrizketa egin diote argitaratze horren harira.
Orain ea hemengo argitaletxeren bat animatzen den euskaraz ateratzera...