Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Anti-gona

Janzkiak euskaraz erosi

Elena Laka 2012/06/03 21:45

Hirietan erosteak badauzka abantaila batzuk: aukera zabala, anonimotasuna eta salgai merkeak.

Herrietako dendetako abantailak beste batzuk dira: gertutasuna, arreta eta herrigintza. Eta ni bizi naizen herriaren kasuan, euskaraz erosteko aukera.

Zeren esamolde batzuk herriko dendetan erosten dudanean baino ez ditut entzuten. Eta nahi duzuena esan dezakezue, baina  euskarazko berba horiek entzuteagatik bakarrik, merezi du herriko dendentara joateak.

Adibidez, oinetakoak erostera joaten naizenean.

Eskatzen ditut etxeko zapatilak, eta dendariak galdetzen dit:

- orpodunak ala orpobarikoak behar dittuzu?

Edo eskatzen dizkiot sandaliak, eta berak:

- atzedunak ala atzebarikoak?

Oinetako denda

 

Izan daiteke mihisedendara joan naizela, mutikoentzako galtzontziloak erostera. Ez dakit oso ondo nolakoak erosi, eta dendariak aukera guztiak ematen dizkit:

- hemen dauzkazu hankadunak, hemen hankabarikoak.

Eta bertan aprobetxa dezaket niretako galtzak erosteko:

- belaunetarainokoak, izterrerainokoak ala gerrirainokoak?

Janzkiak oihalaren arabera ere gomendatzen dizkizute:

- eraman taila handiago bat, tejido honek hartu egiten duelako.

Edo

- hobe taila bat txikiago eramaten baduzu, likra honek eman egiten duelako.

Gainera barrenak hartzeko aukera eskaintzen dizute.

Non halako berbok Bergarako saltokietan ez bada.

Baina....

Azkenaldian bihotza erdibitu egin zait. Hain zuzen Zarak internet euskarazko saltoki ere bihurtu duenetik.Euskarazko berbak ez ditut entzuten, baina txundituta nago irakurtzen ditudanekin.

Adibidez, nola ez zaitu erakarriko "papar-hegaletan tatxetedun lihozko jaka gurutzatuak"?

Zer ez ote duen iradokitzen "gipur parpailadun berokiak izurrekin"?

Ez al du kuriositaterik sortzen "kontrastezko begiztadun driver oinetakoak"?

"Ezkata-distiratsuzko estanpatudun blazer jaka", "aurrealdean izurrak dituen lihozko gona", "bizkarraldean zirgilodun top-a", "bi koloretako lehoinabar-estanpatudun kamiseta", "okin lepodun jertsea"...

Normal-normalak ez izatearen ondorioak: euskaraz erostearen plazer txikiak.

 


Look demoniakoa euskal artisten artean

Leire Narbaiza 2012/06/01 00:25
Antza denez, modurik egokiena da portadetan agertzeko

Durangoko azoka, kultura-bonoa eta Gabonetako liburu-zurrunbiloaren artean bat gailendu zitzaigun "Twist". Twitterren euskal blogari kultereten artean ez zegoen besterik: Twisten hau, Twisten bestea, Twist gora, Twist behera…euskal Trending Topic-ik balego, egunetan izan zen bera, nire TL-an bai, behintzat. Eta era berean, autoreaz eta bere liburuez ere jarduten zuten. Ikusmin izugarria sortu zitzaidan; horregatik, desiratzen nengoen Argian egin zioten argia irakurtzeko. Aldizkaria jaso eta portadan Cano Nosferatum!

Cano-argia-portada

Cano eskaneauta

Ai, ama! Baina nola aukeratu dute argazki hau portadarako? pentsatu nuen. 3/4eko soingaineko polita, agian ondoegi ezkontzen ez dena jertsearekin. Jantzita, tira, ezer nabarmentzekorik ez (agian abrigua, aitortu behar dut horrelakoak ikaragarri gustatzen zaizkidala). Baina pose horretan, portadan! Twisten egilea baino Twilight-ena dirudi :-) –Crepúsculo liburuen jatorrizko izena–. Cano sataniko bihurtu zitzaigula pentsatu nuen.

Baina aldizkaria zabaltzean konturatu nintzen argazkiaren efektua baino ez zela, barruko erretratuetan betiko moduan baitzegoen. Artikulu osoa (eta fotografiak) ikusi nahi izanez gero, hementxe klikatu. Orriaren beheko aldean pdf-n ere ikusteko aukera ematen du, eta beraz, paperezkoan agertutako argazki guztiak.

Handik 15 bat egunera, lanera iritsi eta mahai gainean hara non aurkitzen dudan otsaileko Aizu! aldizkaria

Rueda-aizu-portada

A!!!!!! Deabrua! Satan gure artean da! Portada ikusita nire pentsaera agnostikoa desagertu zen, Beltzebu gure artean zelako, Rafa Rueda izenarekin gorpuztuta. Paparrean daramadan lauburuari oratu nion, exorzista etorri bitartean, gurutze lanak egingo zidalakoan!

Rafa Rueda

Aldizkaria zabaldu eta sufre usaina hartzen hasiko nintzela pentsatzen nuenean, hara non aurkitzen dudan Rafa Ruedaren beste argazki hau:

Rafa Rueda dotore

Praka beltzak, jaka beltza, zapata beltzak lokarridunak, alkandora morea (hori bai kamiseta beltza duela barruan) eta fular/tapauka gorri beltza, ile gominaz eta puntan, eta bizartxoa eta patillak. dena oso ondo zaindua, txukun, dotore. Atzera ere egin dute gauza bera? Nola liteke argazki hau izanda portadarako bestea aukeratzea?

Nire ustez, argi dago, barruko argazkiak askoz hobeak direla, itxurari dagokionez, behintzat. Ez zeukaten zerbait txukunagoa jartzerik aldizkari bietan? Badakit portadakoa erretratua aukeratzeko orduan pertsonaren piuraz gain, beste faktore batzuk ere garrantzitsuak direna. Ala portadagilearen asmoa inpaktua egitea zen, eta denon ahotan ibiltzea?

Agian, etorkizuneko looka da, eta moda-joera baino ez da; izan ere, artikulu hau prestatzen nenbilela Itzurun-eko portada ikusi dut

Itzurun-portada

Bertan Alberto Gastesi zinemagilea agertzen da. Berak ere banpiro itxura dauka: zurbil, eguna eguzkitsu baina soingainekoa jantzita, pare bat eguneko bizarrarekin, betaurreko beltzak… Odol dosia nondik jiratuko pentsatzen.

Beharbada, Martin Garitanoren deabru-estiloa ez da txiripa hutsa. Gure artean daude, akaso, azpimunduko izakiak. Badaezpada, poltsak eta patrikak berakatz, ur bedeinkatuz eta gurutzez bete beharko ditugu!

Mutilen alkandorapean

Elena Laka 2012/05/21 22:37

Euskal mutil batek alkandora eranzten duenean, ez dago ezustekorik. Badakigu zer agertuko den azpian:elastiko edo kamiseta bat. Behintzat Sanmigeletatik Sanisidroetara, edo, nahi bada, Kilometroak-etatik Herri Urratsera, gutxi gorabehera.

Mutilek herri honetan kamiseta janzten dutelako alkandoraren azpian. Alegia, alkandora hutsean doazela ematen duenean, ez dela huts-hutsa, alkandora elastikoarekin baizik. Esango nuke janzteko modu hori uda goienean hasten dela, irailaren bukaera aldera, eta berriro udako beroak hasi arte irauten duela, maiatza erdi edo bukaerararte.

Diogu gainera kamisetarekin topo egitea eranzteko prozesu horretan ez dela ezustekoa, zeren "elastikoa daramat eta harro nago" lelopea bailitzan, kamiseta agertu egiten da alkandoraren paper irekitik, ikusi egiten da. Horrek esan nahi du:

  • kamiseta ez dela tiranteduna, maukaduna baino.
  • alkandoraren hiru botoi gutxienez lotzeke, elastikoa agerian uzteko.

 

Eta ondorioa da kamiseta urrutitik ikusi egiten dela.

Izan daiteke zuri klasikoa, Gorka Bereziartua kazetariarena bezalakoa, nabarmena bere Twitterreko profilean:

Gorka Bereziartua

 

 Zuri kolorekoa baita ere Pako Aristi idazlearena, bista-bistakoa argazki honetan:

Pako Aristi

Sarritan kamiseta beltza da, alkandoraren kolorea edozein izaki ere, Kirmen Uribe idazleak erakusten duenaren modukoa:

Kirmen Uribe

Beltza alkandora morearen azpian, Andoni Egaña bertsolariari ikusten diogunaren parekoa:

Andoni Egaña

Beltza alkandora koadrodunen azpian, Ramon Saizarbitoria idazleak konbinatzen duen eran:

Saizarbitoria

Moda joeran ausart, kolore indartsuei ere ez diete muzin egiten, Goienako Iban Arantzabal adibide:

Iban Arantzabal

Begiratu inguruan, eta konturatuko zarete mutilen alkandorapeko kamiseta bista joera ikaragarri hedatua dagoela, bizitza sozialaren edozein ekitalditan topa dezakegula.

Esate baterako Espainiako Kongresuaren ohiko jardunera iristea lortu du Iñaki Antiguedaden paparretik:

Iñaki Antiguedad

Eta baita ere eztei ospakizunetara, Luistxo Fernandezen papar irekia erakusgarri:

Luistxo

Alkandorapeko elastikoaren bistaratzearen zergaitia ulertzera ez naiz ondo iristen, hau da, misterio bat dela niretzako. Erosotasuna, praktikotasuna, katarroaren bildurra, estetika, inertzia...

Zergaitik janzten eta erakusten ote dute mutilek elastikoa alkandoraren azpitik?

 

Gorri kontu gehiago

Elena Laka 2012/05/17 23:41
Ezpain gorrietan ere, aintzindari

Aurreko post batean gorriz pintatutako ezpainak geneuzkan hizpide. Doctor Deseoko Francis kantaria agertzen zen probokatzaile ezpainak gorriz pintatuta, gizon (oso) gutxi ikusten den moduan. 

Nork nori kopiatu dion ez dakigu, baina kontua da egun hauetan Sean Penn ezpain gorriekin agertzen zaigula zine-aretoetan estrenatu berri duten This must be the place filmean.

 

Sean Penn

Gizon euskaldunak tendentzian aintzindari? Ausartuko da besteren bat uda honetan? Ikusiko dugu euskal plazagizon gehiago ezpainak gorrituta? Animatuko da Andoni Egaña?

 

Futboleko elastikoen zoramena

Leire Narbaiza 2012/05/14 23:34
Azken boladako joerarik deigarriena.

Ezagutzen nauen edonork badaki ez naizela futbolzalea, are gutxiago futbol-eroa. Baina pasa den asteko fenomeno paranormalak kontu askori pare bat buelta emanarazi dit. Izan ere, hainbeste jende ekipo bateko kamisetarekin ez dut inoiz ikusi futbol zelaitik kanpora, behintzat!

Egia esatera, gure belaunaldiko mutilek, umeak ginenean, ez zuten kamisetarik izaten, eta bazeukanak jaunartzean opari-edo jasota zuen. Nire inguruan inork ez, agian neska eskola batera joan nintzelako eta nire ume-mundua oso femeninoa zelako: nire lagunak neskak ziren eta bere familian ia guztiek ahizpak zituzten. Mutiko batzuek bazeukaten ekipazioa, baina nagusiek elastikoak? Ez! futbolera joten zena tapauka edota txanoa eroaten zuen, 40º egin arren!

jubileta futboleroak

Orain, ostera, izan litezke zaharrenetan zaharrenak, tripadunak eta zatarrak edo jaio berriak. Berdin dio, garrantzitsuena koloreak dira.

mantatakoumia

Antza denez, Frantziako Tourrean euskaldunak animatzeko ere ezinbestekoa da euskalduntasuna erakuste aldera, Hego EHko ekipo bateko kamiseta eramatea!

Hala ere, gehien harritzen nauena egunero eramatearena da, edozein egunetan arropa normala balitz bezala. Agian, hemen dugun mendiko moda horren beste adar bat baino ez da; edo txandalismoarena (etorriko da, lasai, honen gaineko apuntea). dena den, egunero janzte hori oso praktikoa omen da, horrela aitortu dit nire blog-kideak: garbitu eta sikatu arin-arin, lisatu barik. Praktikoagorik? Ez. Nik ere planteatu beharko dut, agian ;-)

erreal-athletic

Aparteko arreta merezi dute futbol talde handietako kamisetek. Lehen ez ziren orain bezala aldatzen urtero, ez zegoelako negoziorik, lehen esan dudan moduan. 3 eta 4 kamiseta izaten dituzte, eta denborarekin munstro batzuk ere ikusi ditugu.

dentrifikua

Diseinu ez hain itsusi batek @AnaisNi-ri atentzioa eman zion, eta ni ohartu. Elastikoa ez da oso motza (ez bizkaitarrentzat: itsusia, zatarra), baina atzeti badirudi boleroa jantzita daramatela! Oso irudi bitxia! Gainera gola sartu osteko besarkada/musu/igurtzi/zurri saioaren ostean, maskulinitatearen gotorlekua diren futbol taldeetan bitxia, benetan!

bolerodunabesarkada

Polemika ere sortu da publizitatea jartzearekin, athetic-en kasuan, kamiseta "zikintzen" zuelakoak. Ai, ama! entzun behar dena belarriak edukitzeagatik!

berdea

Errealak eta Athleticek ligak irabazi zituztenean elastikoak, eta ekpazioak oro har, askoz estuagoak ziren. Gure nerabezaroko mito erromantiko-sexualek kamiseta pegatuak eta prakatxo laburrak zerabiltzaten, #sesisesi totala!

(3:35 minututik aurrera)

Orain, berriz, gangar itxura ematen dieten raperoen arropak daramate! Lastima!

Lehen edo oraingo tixirtak izan, zabalak zein estuak, egunerokotasunean ez zaizkit gustatzen, zentzun bakoak ikusten ditut, eta gainera ez dira batere ondo gertatzen! Baina norberak ikusiko du; izan ere, bakoitzak bere zoroak bizi du. Eta nor naiz ni zentzugabekeria honi mugak jartzeko? Friki hauei frikismoaren maila gorenera iritsi direla konturarazteko? frikietan frikienak direlako horrela jantzita agertzen direnean, jakin ezazue…

Euskaldunak: gorri gutxi

Elena Laka 2012/05/07 00:12

Euskadiko Ezkerra alderdi politikoa izan baino lehen, euskal gizonak urdinak ziren.

Orain inork gutxik dauka gogoan, baina 1980 hamarkadaren bukaera arte, euskal gizonek janzten zuten arropak urdinak edo grisak ziren. Inoiz berde edo marroiak, baina beti ilunak. Fraka grisak, alkandora koadro edo marradunak, kolore gutxikoak, argien zuriak, eta jertseiak urdinak.  

Kolorea XX. mendeko 80ko hamarkadaren bukaeran etorri zen modara eta euskal gizonen janzkerara. Jendaurrean hasieratik erabili zituzten gizonak Euskadiko Ezkerra alderdiaren ingurukoak izan ziren. Urdin argiak, horiak, berdeak, gorriak.. eta baita ere larrosak! modan ipini ziren angora moduko koloretako jertsei finak. Segituan heldu zioten moda honi aurrezki kutxetako langileak, orduan izenez probintzialak eta munizipalak zirenekoak batipat.

Martin Auzmendi, Mario Onaindia, Kepa Aulestia eta horren ondoren, koloreak tabu izateari utzi zion.

 

Hala ere, oraindik kolorea nekeza zaio euskal gizonari, janzkerari dagokionean behintzat. Pentsatu gizon bertsolariak, kantariak, politikariak, idazleak, ia denak grisak edo ilunak.

 

 


(zenbait egoera ez dira kolore askotarako modukoak, egia esan)

Geratzen da taburik gizonen koloreengan. Nabarmenena, makilajearena.

Euskal gizonak ez dira makilatzen, ez dira pintatzen, horreatio! La Otxoa edo Arakis  izan dira honetan aintzindari, eta bakarrak, esango nuke. Bestela, arpegia margotu nahi duen mutikoari berehala kentzen zaio ohitura, badaezpada.

Horregaitik da probokazioa (eta berak badaki) Doctor Deseoko Francis ezpainak eta azkazkalak gorriz pintatuta agertzea. Gizona, pintatuta, gorriz, oh! Gure aitonek ikusiko balute!

Atentzioa ematen du, apurtzen du araua, probokatzen ditu gizonak, keinu egiten die emakumeei.

Emakumeei? Euskal emakume publikoak ere gutxi dira jendaurrera ezpainak gorriz pintatuta ateratzen direnak. Kasu honetan, ziur asko, ez dutelako nahi. Batzuk hemen:

 

 

Euskaldunon artean, gorritik gutxi, baina ezpain gorritu batzuk nekez ahaztuko ditugu.

Garitano style

Leire Narbaiza 2012/04/30 13:42
Martin Garitano ahaldun nagusiaren look-a

Gobernua aldatzen denean, denok espero dugu kanbioak egotea. Askotan aldakuntza horiek hizkeran, moduetan, komunikazioan,… izaten dira. Baina gutxitan gertatzen dira janzkeran, are gutxiago gizonezkoen janzkeran. Baina Martin Garitano ahaldun nagusi bihurtu denetik, nabarmena da janzte estilo berria sartu duela diputazioan. Kargua hartu zenean igarri genuen; izan ere, gorbata barik agertu zen horrelako ekitaldi formalean. Ze ondo, pentsatu nuen. Baina argazki hau ikusi nuenean:

Garitano lolailo

Gipuzkoa calé etorri zitzaidan burura! Gorbata gabe, kordoi urre-kolore lodi horrekin, bera hain beltzaran… Gipuzkoako ahaldun nagusi baino, Gipuzkoako patriarka zirudien! Euskaraz eta erromintxelaz mintzatuko zitzaigula pentsatu nuen.

Era berean, gorbata bako joera hori laster zabaldu zen batzar nagusietan eta bere aurrekoak, Markel Olanok, samako hori laga zuen, biak liberatuta ikusi genituen

Olano-garitano

Biek ala biek, horrela jarraitu zuten, eta gu ohitu. Jaka bai, gorbata ez. Janzkera hori bihurtu zitzaigun naturalena. Eta gorbatarik espero ez genuenean, hara non agertzen zaigun Bergarakoa traje osoz era gorbataz Aieteko bake konferentzian!

kofi-garitano

Hasierako aldaketa floka alde batera uztea baino ez zela izango uste nuen. Baina bere itxura propioa garatzen joan dela esango nuke; nahiz eta Odon Elortzaren estiloa kopiatu duen zertxobait fularrak erabiltzean (badakit batzuek kritikatzen duzuela oraindik ganoraz ez dituelako jartzen). Egokia iruditzen zait bide hori.

garitano-fularra

Nik esango nuke, baina, deabru-estiloa garatu duela; hau da, demonio itxura eman diola bere buruari. Eta ez zaio gazki geratzen. Gainera, kontuan izanda literatura eta zinema banpirikoak eta paranormalak duten arrakasta gaztetxoen artean, moda-modakoa! Estilo honek atentzioa eman du eta aipatu izan dute nik diodazen ia kontu berberak.

garitano-deabru

Ezin dugu ukatu, halere, inork baino hobeto aprobetxatu dituela elastiko beltzak; batez ere, Lauaxetaren urteurreneko kamiseta beltz hori, askotan ikusi dioguna. Ondo amortizatutako arropa, alajaina! Benetako oinarrizko-janzkia bihurtu zaiona, "armairu-hondoa" gaztelania jatorrean. Zalantza bat dut, halere, tixirt bakarra den ala gehiago diren.

lauaxeta-garitano

Berrikuntzekin jarraitu du, eta Gernikako bonbardaketaren urteurrenean poloa jantzi zuen. Uf! Polozalea naiz, baina aitortu behar dut, oso ondo geratzen direla edo oso txarto. Ez dago erdiko biderik. Eta esango nuke Garitanori ez zaizkiola ondo geratzen; edota polo horrek, kolore zehaztu gabe horrek, ez ziola batere ondo ematen. Honetaz gain, praka-jaka-poloa ez ziren oso ondo ezkontzen. Siluetan ere ez zion mesederik egiten. Praka barruan sartuta, gainera!

garitano tripa

Lagun batek esan zuen abade bat ematen zuela, apaizen lepokoa baino ez zitzaiola falta. Beste batek zioen 70. hamarkadako italiar intelektuala zirudiela, pastazko antiojo barik. Iritzi biak demodé-style, beraz!

garitano-tripa

Egun horretan Gipuzkoa-style-k, (edo gurago baduzue Debagoiena-style-k) kale egin zuela begitantzen zait; izan ere, Larraitz Ugartek ere, nire ustez, ez zuen larregia asmatu, hasieran aipatu dudan Gipuzkoa calé edo olé estilismoa erabili baitzuen.

gernika-garitano

Dena den, arriskatzeak hori dauka, batzuetan ez asmatzea. Hala ere, arriskua eta berrikuntza eskertzen ditut benetan; blog txiki honetan artikulua idazteko aitzakia izateko baino ez bada ere.

Manifestazio handietarako look-a

Leire Narbaiza 2010/04/22 17:14
Proposamen eroso eta dotoreak!

Andre nagusi batek esaten zuen manifestazioetara beti dotore, edo behintzat ganoraz jantzita, joan behar zela; aurkariak ikusi zezan manifestariak ez zirela edozein baldar, edozein ganorabako. Horrela zuen ikasita eta beti guapa joaten da horrelakoetara.


Argazkiak.org | Egunkaria manifestazioa © cc-by-sa: josu

Nik ez dut hainbeste esango; pertsona bakoitzak dauka-eta ugerdo edo arlote berben imajina buruan, eta sarritan ez dira irudi horiek guztiak bat etortzen. Horregatik, post honetan hainbat aholku eman nahi ditut makro-manifetan egoki eta ondo ibiltzeko. Elkarretaratze hauetara joaten jarraitu behar dugun bitartean, ganoraz eta gustura sentitzeko.

Ezin dugu ahaztu horrelakoetan edozeinekin egin dezakegula topo. Euskal Herria oso txikia da, eta hamar urtean ikusi ez dugun hura bertan egon liteke. Zer nahi duzue, hainbeste gustatzen zitzaigun gelakide hark inoizkorik txartoen ikustea? edo ezinikusia zigun ezagunak zaharrago eta zarpailago antzematea? Ezta pentsatu ere!

Itxura, baina, ez da garrantzitsuena manifestaldietan. Inportanteena eroso ibiltzea da. Hori dela eta, oinetatik hasiko naiz. Oinetakoak aproposak izan behar dira. Denok dakigu manifestazio jendetsu batera joatea eta museo handi bat bisitatzea direla gauzarik neketsuenak, luzaroan zutik eta ia ibili barik egoten garelako, kantsagarri totala! Gainera, ez ahaztu antxintxiketan egitea ere toka lekigukeela; hortaz, udazken-negu-udaberrian takoi bako zapatak, ondo lotzen direnak edota trekkingeko zapatilak erabil genitzake. Udan ez nuke sandaliarik erabiliko, ez badira asko ibiltzekoak eta ondo lotzen direnak. Esperientziak dixit!


Argazkiak.org | Egunkaria manifestazioa © cc-by-sa: josu

Trekineko zapatillak bai, baina mesedez, mendiko prakak, forro polarrak eta goretexak kanpora! Bilbo ez dago Himalaian! Euri asko bada, edo hotz handia, goretexa jantz liteke, baina horrelakoetan baino ez.

Negukoetara bufanda edo zapia eramatea ere oso ondo dago. Azken aldian izan ditugunak oso egun hotzetan izan dira; horregatik, eskularruak ezinbestekoak dira. Txapela edo txanoa ere ondo etortzen da, asko babesten du eta beroa pasaz gero errez asko gorde liteke.

Arropa hauek eramateko ere ondo etortzen da poltsa edo motxila txiki bat. Ez txikiegia, tapauka, txapela eta eskularruak ezingo genituzkeelako sartu, behar izanez gero. Bizkar-zorro txikia, handiek enbarazu egiten diotelako gure atzean dagoenari. Poltsa beti gurutzatua, galtzarbe-uhalaz (bandoleran), erosoago ibiltzeko. Horrela jantzita, poltsaren pisua banatuta geratzen da. Poltsa ertaina, aterki tolesgarria sartu ahal izateko. Aterkia oso-oso garrantzitsua da, eta komeni da eramatea, badaezpada ere. Euritako horiek oso arinak izaten dira, eta zaparradaren bat botatzen badu, emendio handia egingo digute.

Eta gainerakoetan, zuek gura duzuena, gogotsu ekiteko ibilbideari, ganoraz eta aise. Gusturen sentitzeko, horrela gabiltzan bitartean.

Post hau fribolo samarra izango da askorentzat, batzuek usteko dute barre egin diedala. Ezta pentsatu ere! Nire ustez, umorea ezinbestekoa da zoriontasunaren bidean, aufbruchstimmung-aren kaminoan. Irribarrez hartu, nire borondate onenarekin!

Kaikuak, gudariak eta mendigoizaleak; hiru izen eta jaka bi

Leire Narbaiza 2010/02/09 11:12
Kalean aspaldi ikusten ez direlako, oroigarri.

Aspaldian neukan gogoa post bat idazteko jantzi hauen gainean. Bai, bai, jantziak. Zer uste zenuten, bada, ergel deitu nahi niela gudari eta mendizaleei? Ez, horixe! Dena Kaikuren kanpaina horrengatik etorri da, eta momentu egokia izan zitekeela pentsatu dut

Hiru izen, arropa bi. Beti egon izan da nahiko nahastea izendatzean. Baina zer dira hiru izen horiek? Denok aditzeko moduan esango dut: sasoi batean txistulariek erabiltzen zituzten jakak edota jertseak.


Gudaria (edo mendigoizalea). © cc-by: Leire Narbaiza

Gaur egun oso demodé daude. Dena den, niri asko gustatzen zaizkit, beharbada umetan ez nuelako ez bata ez bestea izan. Hamasei urtean izan nintzen dantzaria (oraindik ere bihotzean dantzaria naizela esaten dut), gure poxpolin arropekin etxetik dantza egin behar genuen tokira zerbait eroan behar genuen gainetik jantzita. Taldeko askok oso kaiku politak zeuzkaten armarri, lauburu eta ponpoiekin! Nik, ostera, berokia edo jertsea jantzi behar izaten nuen! Gero, nagusiagoak egin ginean eta mutil eskasiagatik, Kaskarotak (Lapurdiko arrain-saltzaileen dantza) egitera kondenatuta geunden. Dantza horretarako arropa askoz arinagoa zen: ez galtzerdi, ez gerruntze, ez gona gorri. Berna hutsean, negu zein uda! Neguan nire hainbat taldekidek kaiku sendo eta dotorea erabiltzen zuten. Ni, beti, enbidiak jota.


Kaikuz jantzita Tafallako eguberrietan. © Tafallako Udala

Dantza taldeaz aparte, ikastetxeko nagusiak Olentzerorekin irteten ginen. Denak neskak izan arren, mutil jantzita joaten ginen: praka bakeroak edo urdinak, alkandora zuria, gudaria, koadrodun zapia saman, ardilanak eta abarkak. Oso janzkera tradizionala, horratik! Hau zergatik galdetuko duzue zuetako askok, beste sasoi bat zelako, diru gutxiago zegoelako, baita jakintza gutxiago ere. Nik ez neukan gudaririk eta lehengusu nagusiago batena erabiltzen nuen, oso zaharra eta gastatua. Hala ere, nahikotxo berotzen zuen, eta gustura erabiltzen nuen egun horretan.


Mendigoizalea (edo gudaria). © cc-by: Leire Narbaiza

Lehenago esan dut gaur egun nahiko demodé daudela jaka bi hauek. Gure ume-denboretan oso arrunta zen horrelako janzkiren bat etxean izatea. Kalean ere oihalezkoak erabiltzen zirelakoan nago, batez ere Bilbon. Edo behintzat hori da daukadan irudia: gizon bilbotar nagusia, txapel eta guzti, gudari urdina jantzita, dotore-dotore. Ez dakit, baina, zergatik laga ditugu alde batera. Euskaldunegiak direlako; baskorroegiak, alegia?

Oskorrik Datorrena datorrela diskoaren azalean atera zituen, euskal look dotorea, ironiaz betetako argazkian.

Abandonu honek beti harritu izan nau, zer geratu da bidean? Zergatik utzi ditugu armairuan sitsak jaten? Beste hainbat jantzi berreskuratu ditugu jaietarako, hauek zergatik ez?

Hiru izen eta jaka bi: oihalezkoa (koadroduna edo ez) guk beti gudari deitu izan duguna, eta puntuzkoa (urdin iluna eta gorria, ponpoiduna) kaikua. Mendigoizale, beste batzuek gudariari ematen dioten izena dela badakit. Zuenean, zelan esaten diezue? Gustuko dituzue? Zein akordu dakarkizuete? Berreskuratuko beharko genituzkeela uste duzue?

Ruper txandalean?

Leire Narbaiza 2010/01/14 10:30
Gabon hauetan familia bazkarian, Ruper Ordorikaren azken diskoko portada izan dugu hizpide. Harrituta geunden argazkiarekin. Ruper txandalean dago? izan zen gure eztabaida.

Ruper? Ni ezetzean nago; ingurukoak, ordea; baietzean. Nire ustez, goikoa bada izerditzeko bat (sudadera bat), baina prakak, zabalak izan arren, normalak dira. Oinetakoekin ez dago dudarik, kirol zapatilak dira!

Ordorikak beti izan du oso estilo propioa: pastazko betaurrekoak zeramatzan guk metalezkoak geneuzkanean. Patilla luzeak mutilek bizarrarekin batera kendu eta belarri gainetik zeramatzatenean. Azkenean modan ere jarri dira/ditu, eta pastazko antiojoak eta patillak dira nagusi.

Hainbatek galdetuko duzue zer dela eta hainbesteko garrantzia portada bati. Esan beharra daukat, ni neu Ruperren fana naizela, asko gustatzen zaidala, eta diskoa erostean harritu egin nintzela; izan ere, Ruper Ordorikak beti izan du oso look berea. Lehen esan bezala, pastazko antiparrak, patillak, alkandora (beltza edo gorria) ez nikia, txupa bakeroa, jaka beltz dotorea. Beti bere estiloa. Kirol arroparekin ikustea bitxia benetan!

Hala ere, txandala ez dela osoa pentsatzen dut. Zuek zer uste duzue? Bota, bota zuen erantzuna!

A! Portzierto, diskoa, Haizea Garizumakoa,; oso gomendagarria. Asko gustatu zait, baina hau beste baten lana da.....

Aurkezpena

"Jantzi. Erantzi. Janzkiak, arropak, soin gainekoak. Moda, estiloa, bizitzaren zati bat. Umorez, eztenaz, xarmaz. Leire eta Elenari interesatzen zaigu. Baita zuri  ere, ala ez?"

@ElenaLaka

@txargain

Izan eta esan

Kalamuatik Txargainera