Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Anti-gona / Garitano style

Garitano style

Leire Narbaiza 2012/04/30 13:42
Martin Garitano ahaldun nagusiaren look-a

Gobernua aldatzen denean, denok espero dugu kanbioak egotea. Askotan aldakuntza horiek hizkeran, moduetan, komunikazioan,… izaten dira. Baina gutxitan gertatzen dira janzkeran, are gutxiago gizonezkoen janzkeran. Baina Martin Garitano ahaldun nagusi bihurtu denetik, nabarmena da janzte estilo berria sartu duela diputazioan. Kargua hartu zenean igarri genuen; izan ere, gorbata barik agertu zen horrelako ekitaldi formalean. Ze ondo, pentsatu nuen. Baina argazki hau ikusi nuenean:

Garitano lolailo

Gipuzkoa calé etorri zitzaidan burura! Gorbata gabe, kordoi urre-kolore lodi horrekin, bera hain beltzaran… Gipuzkoako ahaldun nagusi baino, Gipuzkoako patriarka zirudien! Euskaraz eta erromintxelaz mintzatuko zitzaigula pentsatu nuen.

Era berean, gorbata bako joera hori laster zabaldu zen batzar nagusietan eta bere aurrekoak, Markel Olanok, samako hori laga zuen, biak liberatuta ikusi genituen

Olano-garitano

Biek ala biek, horrela jarraitu zuten, eta gu ohitu. Jaka bai, gorbata ez. Janzkera hori bihurtu zitzaigun naturalena. Eta gorbatarik espero ez genuenean, hara non agertzen zaigun Bergarakoa traje osoz era gorbataz Aieteko bake konferentzian!

kofi-garitano

Hasierako aldaketa floka alde batera uztea baino ez zela izango uste nuen. Baina bere itxura propioa garatzen joan dela esango nuke; nahiz eta Odon Elortzaren estiloa kopiatu duen zertxobait fularrak erabiltzean (badakit batzuek kritikatzen duzuela oraindik ganoraz ez dituelako jartzen). Egokia iruditzen zait bide hori.

garitano-fularra

Nik esango nuke, baina, deabru-estiloa garatu duela; hau da, demonio itxura eman diola bere buruari. Eta ez zaio gazki geratzen. Gainera, kontuan izanda literatura eta zinema banpirikoak eta paranormalak duten arrakasta gaztetxoen artean, moda-modakoa! Estilo honek atentzioa eman du eta aipatu izan dute nik diodazen ia kontu berberak.

garitano-deabru

Ezin dugu ukatu, halere, inork baino hobeto aprobetxatu dituela elastiko beltzak; batez ere, Lauaxetaren urteurreneko kamiseta beltz hori, askotan ikusi dioguna. Ondo amortizatutako arropa, alajaina! Benetako oinarrizko-janzkia bihurtu zaiona, "armairu-hondoa" gaztelania jatorrean. Zalantza bat dut, halere, tixirt bakarra den ala gehiago diren.

lauaxeta-garitano

Berrikuntzekin jarraitu du, eta Gernikako bonbardaketaren urteurrenean poloa jantzi zuen. Uf! Polozalea naiz, baina aitortu behar dut, oso ondo geratzen direla edo oso txarto. Ez dago erdiko biderik. Eta esango nuke Garitanori ez zaizkiola ondo geratzen; edota polo horrek, kolore zehaztu gabe horrek, ez ziola batere ondo ematen. Honetaz gain, praka-jaka-poloa ez ziren oso ondo ezkontzen. Siluetan ere ez zion mesederik egiten. Praka barruan sartuta, gainera!

garitano tripa

Lagun batek esan zuen abade bat ematen zuela, apaizen lepokoa baino ez zitzaiola falta. Beste batek zioen 70. hamarkadako italiar intelektuala zirudiela, pastazko antiojo barik. Iritzi biak demodé-style, beraz!

garitano-tripa

Egun horretan Gipuzkoa-style-k, (edo gurago baduzue Debagoiena-style-k) kale egin zuela begitantzen zait; izan ere, Larraitz Ugartek ere, nire ustez, ez zuen larregia asmatu, hasieran aipatu dudan Gipuzkoa calé edo olé estilismoa erabili baitzuen.

gernika-garitano

Dena den, arriskatzeak hori dauka, batzuetan ez asmatzea. Hala ere, arriskua eta berrikuntza eskertzen ditut benetan; blog txiki honetan artikulua idazteko aitzakia izateko baino ez bada ere.

txu
txu dio:
2012/04/30 20:01

Beste batian andra politikarien estilua aztartu biharko don. Askotan neskiak dotoriago agertu gura dozuenian kaka egitten dozue. Hobeto egun normaletan zaozien legez, festa eguneko perifoiloak baino. Amen.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

"Jantzi. Erantzi. Janzkiak, arropak, soin gainekoak. Moda, estiloa, bizitzaren zati bat. Umorez, eztenaz, xarmaz. Leire eta Elenari interesatzen zaigu. Baita zuri  ere, ala ez?"

@ElenaLaka

@txargain

Izan eta esan

Kalamuatik Txargainera