Manifestazio handietarako look-a
Andre nagusi batek esaten zuen manifestazioetara beti dotore, edo behintzat ganoraz jantzita, joan behar zela; aurkariak ikusi zezan manifestariak ez zirela edozein baldar, edozein ganorabako. Horrela zuen ikasita eta beti guapa joaten da horrelakoetara.
Argazkiak.org | Egunkaria manifestazioa © cc-by-sa: josu
Nik ez dut hainbeste esango; pertsona bakoitzak dauka-eta ugerdo edo arlote berben imajina buruan, eta sarritan ez dira irudi horiek guztiak bat etortzen. Horregatik, post honetan hainbat aholku eman nahi ditut makro-manifetan egoki eta ondo ibiltzeko. Elkarretaratze hauetara joaten jarraitu behar dugun bitartean, ganoraz eta gustura sentitzeko.
Ezin dugu ahaztu horrelakoetan edozeinekin egin dezakegula topo. Euskal Herria oso txikia da, eta hamar urtean ikusi ez dugun hura bertan egon liteke. Zer nahi duzue, hainbeste gustatzen zitzaigun gelakide hark inoizkorik txartoen ikustea? edo ezinikusia zigun ezagunak zaharrago eta zarpailago antzematea? Ezta pentsatu ere!
Itxura, baina, ez da garrantzitsuena manifestaldietan. Inportanteena eroso ibiltzea da. Hori dela eta, oinetatik hasiko naiz. Oinetakoak aproposak izan behar dira. Denok dakigu manifestazio jendetsu batera joatea eta museo handi bat bisitatzea direla gauzarik neketsuenak, luzaroan zutik eta ia ibili barik egoten garelako, kantsagarri totala! Gainera, ez ahaztu antxintxiketan egitea ere toka lekigukeela; hortaz, udazken-negu-udaberrian takoi bako zapatak, ondo lotzen direnak edota trekkingeko zapatilak erabil genitzake. Udan ez nuke sandaliarik erabiliko, ez badira asko ibiltzekoak eta ondo lotzen direnak. Esperientziak dixit!
Argazkiak.org | Egunkaria manifestazioa © cc-by-sa: josu
Trekineko zapatillak bai, baina mesedez, mendiko prakak, forro polarrak eta goretexak kanpora! Bilbo ez dago Himalaian! Euri asko bada, edo hotz handia, goretexa jantz liteke, baina horrelakoetan baino ez.
Negukoetara bufanda edo zapia eramatea ere oso ondo dago. Azken aldian izan ditugunak oso egun hotzetan izan dira; horregatik, eskularruak ezinbestekoak dira. Txapela edo txanoa ere ondo etortzen da, asko babesten du eta beroa pasaz gero errez asko gorde liteke.
Arropa hauek eramateko ere ondo etortzen da poltsa edo motxila txiki bat. Ez txikiegia, tapauka, txapela eta eskularruak ezingo genituzkeelako sartu, behar izanez gero. Bizkar-zorro txikia, handiek enbarazu egiten diotelako gure atzean dagoenari. Poltsa beti gurutzatua, galtzarbe-uhalaz (bandoleran), erosoago ibiltzeko. Horrela jantzita, poltsaren pisua banatuta geratzen da. Poltsa ertaina, aterki tolesgarria sartu ahal izateko. Aterkia oso-oso garrantzitsua da, eta komeni da eramatea, badaezpada ere. Euritako horiek oso arinak izaten dira, eta zaparradaren bat botatzen badu, emendio handia egingo digute.
Eta gainerakoetan, zuek gura duzuena, gogotsu ekiteko ibilbideari, ganoraz eta aise. Gusturen sentitzeko, horrela gabiltzan bitartean.
Post hau fribolo samarra izango da askorentzat, batzuek usteko dute barre egin diedala. Ezta pentsatu ere! Nire ustez, umorea ezinbestekoa da zoriontasunaren bidean, aufbruchstimmung-aren kaminoan. Irribarrez hartu, nire borondate onenarekin!