Mutilen alkandorapean
Euskal mutil batek alkandora eranzten duenean, ez dago ezustekorik. Badakigu zer agertuko den azpian:elastiko edo kamiseta bat. Behintzat Sanmigeletatik Sanisidroetara, edo, nahi bada, Kilometroak-etatik Herri Urratsera, gutxi gorabehera.
Mutilek herri honetan kamiseta janzten dutelako alkandoraren azpian. Alegia, alkandora hutsean doazela ematen duenean, ez dela huts-hutsa, alkandora elastikoarekin baizik. Esango nuke janzteko modu hori uda goienean hasten dela, irailaren bukaera aldera, eta berriro udako beroak hasi arte irauten duela, maiatza erdi edo bukaerararte.
Diogu gainera kamisetarekin topo egitea eranzteko prozesu horretan ez dela ezustekoa, zeren "elastikoa daramat eta harro nago" lelopea bailitzan, kamiseta agertu egiten da alkandoraren paper irekitik, ikusi egiten da. Horrek esan nahi du:
- kamiseta ez dela tiranteduna, maukaduna baino.
- alkandoraren hiru botoi gutxienez lotzeke, elastikoa agerian uzteko.
Eta ondorioa da kamiseta urrutitik ikusi egiten dela.
Izan daiteke zuri klasikoa, Gorka Bereziartua kazetariarena bezalakoa, nabarmena bere Twitterreko profilean:

Zuri kolorekoa baita ere Pako Aristi idazlearena, bista-bistakoa argazki honetan:

Sarritan kamiseta beltza da, alkandoraren kolorea edozein izaki ere, Kirmen Uribe idazleak erakusten duenaren modukoa:

Beltza alkandora morearen azpian, Andoni Egaña bertsolariari ikusten diogunaren parekoa:

Beltza alkandora koadrodunen azpian, Ramon Saizarbitoria idazleak konbinatzen duen eran:

Moda joeran ausart, kolore indartsuei ere ez diete muzin egiten, Goienako Iban Arantzabal adibide:

Begiratu inguruan, eta konturatuko zarete mutilen alkandorapeko kamiseta bista joera ikaragarri hedatua dagoela, bizitza sozialaren edozein ekitalditan topa dezakegula.
Esate baterako Espainiako Kongresuaren ohiko jardunera iristea lortu du Iñaki Antiguedaden paparretik:
Eta baita ere eztei ospakizunetara, Luistxo Fernandezen papar irekia erakusgarri:

Alkandorapeko elastikoaren bistaratzearen zergaitia ulertzera ez naiz ondo iristen, hau da, misterio bat dela niretzako. Erosotasuna, praktikotasuna, katarroaren bildurra, estetika, inertzia...
Zergaitik janzten eta erakusten ote dute mutilek elastikoa alkandoraren azpitik?
Oso post ona, Elena! Barre asko egin ditut! Aitortu behar dut morbo puntu bat ere ematen diadala kamisetarenak. Baina nerabezaroko oroitzapena izan daiteke, orduan jarri baitzen modan, mahoizko praken antzera (hori ere etorriko da) Baina batzuetan errebindikatzeko balio dute barruko kamiseta horiek, Telemadrid-en adibidez, Sanchez-Dragoren saioan http://youtu.be/u2W9qkPt9nQ?t=1m17s Ezkutuan gorde inork erantzarazi ez diezaion!