Look demoniakoa euskal artisten artean
Durangoko azoka, kultura-bonoa eta Gabonetako liburu-zurrunbiloaren artean bat gailendu zitzaigun "Twist". Twitterren euskal blogari kultereten artean ez zegoen besterik: Twisten hau, Twisten bestea, Twist gora, Twist behera…euskal Trending Topic-ik balego, egunetan izan zen bera, nire TL-an bai, behintzat. Eta era berean, autoreaz eta bere liburuez ere jarduten zuten. Ikusmin izugarria sortu zitzaidan; horregatik, desiratzen nengoen Argian egin zioten argia irakurtzeko. Aldizkaria jaso eta portadan Cano Nosferatum!
Ai, ama! Baina nola aukeratu dute argazki hau portadarako? pentsatu nuen. 3/4eko soingaineko polita, agian ondoegi ezkontzen ez dena jertsearekin. Jantzita, tira, ezer nabarmentzekorik ez (agian abrigua, aitortu behar dut horrelakoak ikaragarri gustatzen zaizkidala). Baina pose horretan, portadan! Twisten egilea baino Twilight-ena dirudi :-) –Crepúsculo liburuen jatorrizko izena–. Cano sataniko bihurtu zitzaigula pentsatu nuen.
Baina aldizkaria zabaltzean konturatu nintzen argazkiaren efektua baino ez zela, barruko erretratuetan betiko moduan baitzegoen. Artikulu osoa (eta fotografiak) ikusi nahi izanez gero, hementxe klikatu. Orriaren beheko aldean pdf-n ere ikusteko aukera ematen du, eta beraz, paperezkoan agertutako argazki guztiak.
Handik 15 bat egunera, lanera iritsi eta mahai gainean hara non aurkitzen dudan otsaileko Aizu! aldizkaria
A!!!!!! Deabrua! Satan gure artean da! Portada ikusita nire pentsaera agnostikoa desagertu zen, Beltzebu gure artean zelako, Rafa Rueda izenarekin gorpuztuta. Paparrean daramadan lauburuari oratu nion, exorzista etorri bitartean, gurutze lanak egingo zidalakoan!
Aldizkaria zabaldu eta sufre usaina hartzen hasiko nintzela pentsatzen nuenean, hara non aurkitzen dudan Rafa Ruedaren beste argazki hau:
Praka beltzak, jaka beltza, zapata beltzak lokarridunak, alkandora morea (hori bai kamiseta beltza duela barruan) eta fular/tapauka gorri beltza, ile gominaz eta puntan, eta bizartxoa eta patillak. dena oso ondo zaindua, txukun, dotore. Atzera ere egin dute gauza bera? Nola liteke argazki hau izanda portadarako bestea aukeratzea?
Nire ustez, argi dago, barruko argazkiak askoz hobeak direla, itxurari dagokionez, behintzat. Ez zeukaten zerbait txukunagoa jartzerik aldizkari bietan? Badakit portadakoa erretratua aukeratzeko orduan pertsonaren piuraz gain, beste faktore batzuk ere garrantzitsuak direna. Ala portadagilearen asmoa inpaktua egitea zen, eta denon ahotan ibiltzea?
Agian, etorkizuneko looka da, eta moda-joera baino ez da; izan ere, artikulu hau prestatzen nenbilela Itzurun-eko portada ikusi dut
Bertan Alberto Gastesi zinemagilea agertzen da. Berak ere banpiro itxura dauka: zurbil, eguna eguzkitsu baina soingainekoa jantzita, pare bat eguneko bizarrarekin, betaurreko beltzak… Odol dosia nondik jiratuko pentsatzen.
Beharbada, Martin Garitanoren deabru-estiloa ez da txiripa hutsa. Gure artean daude, akaso, azpimunduko izakiak. Badaezpada, poltsak eta patrikak berakatz, ur bedeinkatuz eta gurutzez bete beharko ditugu!