Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Anti-gona

Gizon protagonistak Durangoko azokan

Leire Narbaiza 2012/12/11 16:40
Berezi janzten dira sortzaile eta arduradunak egun hauetan?

Joan zaigu Durangoko azokako 47. edizioa. Balantze ordua da. Bakoitzak kontatuko du nola joan zaion feria: saldutakoa, erositakoa, ezagututakoa, disfrutatutakoa, ligatutakoa…

Guk ere gure balantze pertsonala egin dugu, baina hori ez dugu hemen argitaratuko, jakina. Gurea estiloa eta janzkera denez, begiak zabal-zabal, adi-adi begiratu diogu azokan jendeari, eta denetarik aurkitu dugu.

Azokak, edozein ebento euskaldunek bezala, mendi arroparen erakustokia dirudi. Antza denez, Landakoko kale lauetan ibiltzeko eta Anbotoko maldetan gora egiteko berdin jantzi behar da. Agian zapatilak ez dira txarto etorriko, baina kamiseta termikoak eta polarra gehiegitxo dira azokako berogailu indartsuarendako.

Mendizaleak ez ezik, hippy, hippy-pijoak, euscool-a, sasi-erradikal-chic-hiper-euskatzaleak ikusi ditugu, normala den moduan. Baita txurreroak ere. Eta gero eta ugariagoa den estiloa: skin gazteak!

Azokan protagonistak paseatzaileak badira ere, ezin ahaztu argazkiak eta orriak betetzen dituztenak. Gizonezkoak aukeratu ditut gehiago izateaz gain (zoritxarrez) joko handiagoa ematen dutelako.

Hasteko, Aiert Goenaga zuzendari berriaren argazkia. Ez da erraza horrelako postu baterako janzkera erabakitzea, are gehiago mutil gaztea izanda. Askotan ikusi dugu azokan, baina nabarmendu gura nuke aurkezpen egun baterako beltzez jantzita agertu zela. Modu ona pintxoago azaltzeko, alkandora beltzaz, norberaren estilotik asko urrundu barik, aukera ona!

aiert azoka

Zuzendari berritik kantari beterano batengana joko dugu: Benito Lertxundi. Beteranoa bada era "beti-gaztea" ere badugu abeslaria. Aurten azokak argizaiola eman dio, eta horrelako ekitaldi baterako jaka aukeratu zuen. Ez gaude oso ohituta horrela ikusten, baina ederki zetorkion. Hori bai, koadrodun alkandora du azpian, oso-oso modan dagoena. Guapo dago Benito, bai horixe!

benito azoka

Idazleekin segituko dugu, eta goikoarekin lotuz, beste oriotar bat eta beste Lertxundi bat, oraingoan Anjel. Klasiko, eskote-pikoko jertse gorria eta alkandora zuri. Adin horretako edozein gizonen moduan. Eskerrak kolorea ez dela urdina! Pena da argazkietan ez agertzea irribarretsuago, bere testuetan duen ironia eta umorea ez du erretratuetan agertzen!

andu azkoa

Idazle handi eta kontsakratu batetik promesez betetako beste batengana: Kirmen Uribe. Ondarrutarrak sinatzeko, koadrodun alkandora jantzi zuen, lehen esan bezala, nonahi ikusten dena. (Hondoan, zutik, Jose Luis Otamendi poeta handia eta makurtuta Hedoi Etxarte, beherago ere agertuko dena).

kirmen azoka

Baina Uribek ez du koadrodun alkandora edonora eroaten, ez. "Mussche" aurkeztu zuenean, jaka grisa eta alkandora zuria jantzi zuen. Dotoreago. Ilea ere desorraztua, baina orraztua, agian Mikel Urdangarini ikasia (lasai, hori ere badator!). Argazkian Gorka Arreserekin.

kirmen aurkezpen

Baina goikoek badute zer ikasia: nor janzten da Joanmari Irigoien baino "idazleago"? Inor ez! Bera da gure imajinarioan idazle bohemioaren irudia. Nor jantzi du fularra bere aurretik? Nork eraman ilea horrela? Halako betaurrekoak? Beheko argazkian duen zapia ere polita askoa da. Ia ikasten duzuen!

Baina norbaitengandik ikastekotan, Ramon Saizarbitoriarengandik ikasi behar: zapata ingeles marroi argiak, galtzetik marroi ilunak, praka horiak(!), alkandora beixa, jaka iluna eta fular konjuntatua! Ramegante ez da alferrik berarengatik sortu! In-presionante!

Gazte batzuek ikasi dute, antza, fularrarena eta Gaizka Zubizarretak bere ahalegintxoa egin du.

Jakarena ere zabalduta dago eta Iban Zalduak ere ondo ikasita dauka: jaka beltza eta alkandora morea (oso polita, portzierto). Azken aldian, erabiltzen duen janzkera argazki askotan agertu behar denean. Ondo!

Gorago Hodei Etxarte ere aipatuko nuela esan dut. Eta goian ikusi moduan, Hedoik hotzik ez eta mauka motzean ibili zen aurkezpenean eta sinatzen, kamiseta eslogadunarekin. Hori sasoia!

hedoi azoka

Baina Etxartek ere, jaka janzten du. Eta azokan ikusitako polit bat beheko argazkian ere agertzen da. Austriar berokien estilokoa, Tiroleko jantzi tipikoetan inspiratua dela esango nuke. Niri gustatzen zait, agian umetako oroitzapenak dakarzkidalako, gure umezaroan modan egon baitziren.

hedoi azoka 1

Jakekin jarraituz gero, harritu nauen bat ekarri nahiko nuke: Juan Jose Ibarretxe. Arraroa egin zitzaidan alkandora barik ikustea, lepo altuko polo beltz horrekin. Gorbataz baino milioi bat bider hobeto!

juanjo azoka

Jaka barik, baina oso jertse eder eta politarekin, Harkaitz Zubiri. Beste modu bat informal, ondo eta zaindu janzteko!

harkaitz azoka

Tira, hona ekarri nahi nuke beste argazki bat azoka aurrekoa da, Baionan Iparraldekoei ateratakoa. Goiko zein beheko argazkiekin ez dago alderik, ezin esan nongoak diren batzuk zein besteak, ezta? Hori oharra da "frantses itxura" dutela esaten dutenentzat, euskaldun on ustezko batzuen ahoan entzundako esaldi higuingarria!

iparraldekoak azoka

Lastima, Luzien Etxezarretak ez darama fularrik!

luzien azoka

Idazle eta liburuez gain, azokan kontua asko daude. Ni "Euskara jendea" dokumentalaren aurkezpenean izan nintzen, eta estiloak ere oso desberdina zeramatzaten. Lehenengo biak ezkerretik, Xabier Monasterio eta Xamar, jertse kremaileraduna eta alkandora koadroduna (zer nioen koadroez?), besteak baino zahartxoago, ez hain ausartak. Hibai Castrok (erdian) patilla zabalak eta jertse kremaileraduna baina modernoagoa, eta laugarrena, Mikel Arredondo, asko ikusten dena: kamiseta bi, mauka laburra gainetik (musikari askori ikusia) eta esloganduna. (Ez nazazue akabatu, otoi!)

Musikariak falta zaizkit! Eta hauek fidel jarraitzen diote euren ohiturari. Ikustea besterik ez dago Su ta Garreko Xabi Bastida: bisera eta izerditzeko beltza, edozein egunetan bezala.

xabi azoka

Eskerrak batzuek kolore pixka bat ematen dioten musikarien janzkerari eta Alex Sardui Gatibukoa, laranjaz jantzita ikusi genuen.

alex azoka

Baina Bastidaz esan badut ere beste edozein egunetan bezala zihoala, ezin dut gauza bera izan Mikel Urdangarinez. Ez janzkeraz (alkandora eta kamiseta beltza, ez hain arraroa bere estiloan), baina bai ilean. Uribek kopiatu dion ile-mozketa, desorraztu super-orraztua, ile-apaindegitik pasatutakoa. Eta ez da kritika engatiboa, emakume batzuk ere horrelako baten aurretik ile-apaindegira joaten garelako, gustura asko, gainera. Baina informalitate horren atzean, zaintzea dago. Ikasi beharko genuke.

mikel azoka

Zer, gustuko izan duzue? Norbait ahaztu dut? Ados zaudete? Ale bota!

Nire aldetik esan argazkiak Berria, Argia eta Naiz.info tik hartu ditudala.

Elkarrizketak eta ileapaindegiko metxak

Elena Laka 2012/12/06 22:10
Ostiraleko katekorratza: ileetatik tiraka jarraitzen dugu

Metxak

Bake elkarrizketaz hitz egiten zen garaian, gogoan dut horrelako zerbait irakurri izana nonbait (Elkarri aldizkarian? Loiolako Hegiak liburuan? ez dakit): mutur desberdinetako kideen artean solaskidetza sustatzeko, amakomunean izan dezaketen gai bati buruz berba egiten da tarte batean. Gairik ohikoena eta unibertsalena seme-alabena izaten da.

Euskal gizartearen zatirik handiena ordezkatzen duten hiru alderdietako buru hauek aurrean eduki nituenean (Idoia Mendia, Josune Ariztondo, Karmele Aierbe) pentsatu nuen hiruren arteko lehen elkarrizketa komuna ileapaindegiko metxen gainean izan zitekeela.

Hirurek zaindu dute orrazkera, hirurek izan dute elkarrizketa bat ileapaintzailearekin eta orrazkerarako metxak hitzartu dituzte harekin. Bakoitzak bere estiloan, guztiek aukeratu dituzte metxa argi samarrak ileari bizitasuna emateko.

Bururatu zitzaidan metxak nola, non eman, zein kolore, maiztasuna, hitz egiten hasteko gertuko gai unibertsala izan zitekeela politikari emakumeen kasuan. Metxek (ere) batu gaitzakete.

Hauek ditun ileak!

Elena Laka 2012/12/03 07:36
Osteratxo bat euskal plazandreen orrazkeretatik

Joan zen astean Leire blogkideak ilepaindegiko esperientzia atsegina kontatu zuen bere blogean. Buruko ilea ere apaindu daiteken gorputzeko zatia da emakumeontzat. Gizonentzat ez hain beste, bi arrazoiengatik: kulturala eta genetikoa.

Kulturala, gizonek ez dutelako horretarako ohitura handirik, eta eramatekotan ere ilea motz eraman ohi dutelako, salbuespenak salbuespen. Genetikoa, adin batetik aurrera nahikoa lan dutelako ileari eusten, bestelako apainkeriatan ibiltzeko.

Euskal Herrian garrantzi handia ematen zaio ilea ondo moztuta eta tintatuta eramateari. Ardura, dirua eta denbora ematen diogu ileapaindegiari, eta hori igarri egiten da herriko jende-paisaian. Horren isla dira baita ere euskal plazandreak. Orain urte gutxi ez bezala, bere lan publikoari esker ezagunak diren emakume asko daude Euskal Herrian, kultura, komunikazio, politikaren mundukoak, eta orrazkera aldetik, denetariko adibideak dauzkagu.

Orrazkeretatik osteratxo hau egiteko, sailkapen txiki bat prestatu dugu:

1. Punta-puntako ile mozkera daramatenak, Josebe Iturrioz ekintzaile feministaren eta Begoña Del Teso zine kritikariaren moduan.

2. Gero eta ilehoriago agertzen direnak, oraintsu arte Legebiltzarreko presidente izandako Arantza Quirogaren estiloan.

3. Ile urdinak ez tintatuta ilea grisa dutenak, Laura Mintegi EH Bilduko legebiltzarkidearen kasu.

4. Ile zuri zaindua aukeratu dutenak, Garbiñe Biurrun epailearen eta Toti Martinez de Lezea idazlearen antzera.

5. Ile gorriaren aldeko autua egin dutenak,  gorri-gorria,  Mariasun Landa idazleak egin duen bezala, ala laranjagoa, Maite Pagazaurtundua "Basta ya" plataformaren sortzailearen antzera.

6. Adats luze gaztain kolorekoa erakusten dutenak, Gipuzkoako Diputazioan bi adibide: Larraitz Ugarte eleduna eta Lohitzune Txarola Batzar Nagusietako Lehendakaria.Baita ere Aintzane Ezenarro legebiltzarkide ohia.

7. Ez oso motza, ez luzea metxa argiagoekin, Bizkaian agintedun bi emakume: Josune Ariztondo Diputatua eta Ana Urkijo Athleticeko presidente ohia.

8. Motz-motza eta iluna daramatenak: flekillo piska batekin, Lourdes Auzmendi jarduneango Hizkuntza Politikarako sailburuordea, eta flekillo labur-laburrarekin eta ilunagoa, Jone Goirizelaia abokatua.

9. Ile kiskur-kiskurra, lisatzeko zaila dutenak: Onintza Enbeita Espainiako Kongresukidea, eta Begoña Errazti EAko kide ohia.

10. Atzetik motza, aurretik kortinatxoa alboruntz borobilduta, eta beltza, Lehendakariaren ondoan bi adibide: Begoña Gil, Lopez Lehendakari ohiaren emaztea, eta Lucia Arietaaraunabeña, Urkullu Lehendakari izango denaren andrea.

Kaxmir estanpatuaren haluzinazioa

Leire Narbaiza 2012/11/30 14:00
Ostiraleko katekorratza

Pasa den astean, kontatu dudan moduan, ile-apaindegian izan nintzen. Bertan, ile-lehorgailuaren barruan nengoela, bihotzeko aldizkari bat "ikusten" ibili nintzen; argazkiei erreparatzen, alegia.

Hara non argazki hau aurkitzen dudan:

Aaaaaa! oihukatzeko gogoa izan nuen. Nola! Traje osoa estanpatua eta alkandora ere bai? Baina, baina, baina...

Esan beharra daukat, jantzi bakoitza solte, gustuko dudala. Prakak ausartak dira, baina kaxmir estanpatua oso gogoko dut, baita koloreak ere. Dena nahastean? EZ!!

Miguel Bose ez dut oso gustuko, ez bera ez bere musika. Hala ere, beti miretsi izan dut janzteko orduan izan duen ausardia eta berritzeko indarra. Aitortu behar dut estiloa baduela eta gizon oso erakargarria izan dela.Dena dela, hau gehiegi da!

Katekorratzerako goiko argazki bila jardun nuenean, deskubritu nuen ez zela hanka-sartze puntual bat estilismo hori, baizik eta bere biran erabili duen arropa.

bose kontzertua

Jaaka bera baina beste alkandora bat. Hau ere estanpatua!

bose1

Hemen beste argazki batean hobeto ikusten da.

bose3

Baina jaka estanpatu gehiago ere badauzka!

Eta, gainera, txalekoa darama, eta hau ere estanpatua!!

bose5

Alkandora loreduna, txaleko estanpatua, jakan kaxmir marrazkiak, eta prakak marradunak!!!!

bose7

Hemen beste praka batzuekin. Hobeto baina ipurdi baxukoak (Cagados edo Saggin pants)!!!

bose8

Kaxmirreko amebak nonahi! Baita lepokoak ere

bose10

Tori konjuntoa!

bose12

Eta amaitzeko beste alkandora bat kaxmirduna beste praka estanpatu batzuekin!

Ez dakit zer pasatu zaion, edo Indiara joan den bidaian eta denda oso bat erosi, baina hain beste lore, ameba eta kaxmir ikusita, haluzinazioa ez ote den pentsatzen hasita nago! Ai, ama!!!

Kuleroak eta tanga

Leire Narbaiza 2012/11/26 23:30
Inkesten harira sortutako posta

kuleroen eboluzioa

Historian zehar asko aldatu da emakumeen azpiko arropa. Egia esatera, orain inoiz baino aukera zabalagoa daukagu eta andrazko bakoitzak erabaki lezake zer datorkion ondoen, zein komeni zaion eta zer duen gusturen.

Gure inkestaren arabera erantzundakoen artean %45ek kuleroak nahiago dituzte; %15ek, ordea, tanga. Badago %38 bat egoeraren arabera aukeratzen duena zer jantzi. Hirugarren datu honek harrituta laga nau, uste nuelako batekoak edo bestekoak ginela, baina gutxiago zirela egoeraren arabera aldatzen zutenak. Pentsatzen nuen kulerozaleek beti oihalez hornituta zeramatela ipurdia; eta tangazaleek, berriz, ipurmamiak libre eta solte zeramatzatela beti.

bridget kuleroak

Beraz, kulero eta tangen tiradera aurrean, askok denbora emango dute, jakitearren zer komeni zaien egun konkretu horretarako. Izan ere, barruko arropa egokia janztea oso kontu garrantzitsua da. Ez dute amamek-eta esaten zutenagatik (beti muda garbia eta txukuna erabili behar zela, badaezpada istripua izan eta ospitalera eramaten bagintuzten). Ez, hori baino gehiago da, eroso eta ondo sentitzea barrutik hasten delako.

kuleroak

Horregatik bakoitzak hobesten du erosotasuna edo dotoreziaren artean. Baita zer itxura emango duen kanpotik begiratuta ere. Ondotxo dakigu kulero polit eta eder horiek, farfailadunak, satinezkoak, ez direla oso erosoak. Labaindu egiten direlako edota tripa eta ipurtaldeari ondo eusten ez dietelako.

kuleroak 1

Gainera, gero nahi badugu bularretakoarekin konbinatu zer egin? Kuleroa (edo tanga) egunero garbitzen da (edo garbitu beharko litzateke, behintzat). Baina bularretakoa ez. Zenbat kulero erosi behar ditugu bustier batendako, orduan?

kuleruak 2

Egia esatera, erosoenak eta egunero erabiltzekoak, nire ustez, kotoizko mudak dira. Ez dute glamourrik, baina egunero lanera atzera eta aurrera ibiltzeko, glamourra lozorroan deskantsuan gera liteke, erosotasunaren mesedetan. Ez dago gauza desatseginagorik ipurdi-erretenean sartzen den kuleroa baino (sartu behar ez denean, jakina! Tanga ez denean, alegia) .

Askok sinistuko ez badute ere, barruko arropetan modak agintzen du. Orain 15 bat urte kulero mota bat zegoen altua zena, baina ez zena amamen betiko kulero erraldoi hori, hanka alde horretan ere altua zelako. Nik oso gustuko nituen, dena, girgilo guztiak ondo batzen zituztelako, sabela babestuta. Izan ere, bigarren gauzarik desatseginena da sabel erdian geratzen den pantaloi hori, eta edozein mugimendu eginda, plaf, jaitsi eta tripatxoaren azpian geratzen dena. Gorrotagarria!

kuleroak 4

Nioen moduan, nire gustuko horiek bat-batean desagertu egin ziren dendetatik, bikini estilokoen mesedetan. Ez nekien zergatik, praken gerria ikusi nuen arte! Gerria oso baxua zenez, kulero horiek jantziz gero ikusi egiten zen kuleroaren zati handia. Horregatik sartu zen indarrez tanga. Hori bai erakuts zitekeelako! (baina kontuz, nahiko demodé dago eta arrunkeria, bulgaritatea da gaur egun). Praken gerria gorago datorrenez, ez dut galdu esperantza, eta nire faboritoak dendetan agertzea espero dut.

Tangak ere modaren mende daude, nola ez. "La roja"-ren jarraitzailea izanez gero ere badago ondo moldatuko zaion modeloa:

Ederra, ezta? Baina ez du konparazio punturik leopardo tangarekin erkatzen badugu, ezta hurrik eman ere!

Tanga ondo hornituta badago ere, bere famak betiko moduan hor darrai:

Baina ez gaitezen aztora, eta guztiz desbideratzen hasi aurretik, egin dezagun berba aukeraketarik garrantzitsuenaz: tanga ala kuleroa. Hau hautatzeko orduan, askok tanga janztea erabakitzen ei dute kuleroak igar ez dakizkien. Bai, oso desatsegina egiten omen zaie atzetik begiratu eta euren kuleroen forma nabarmentzea. Tira, egia esatera, arropa batzuekin ez da polita geratzen, eta tanga erabiltzea aukera ona izan daiteke.

Tanga nabaritzea, ordea, ere ez dakit oso polita den. Esango nuke zatarragoa ere badela! Jakina, horrelako atze bat izanez gero, ederra da. Baina zenbatek du horrelako ipurdia?

tangaz

Horregatik, bada, diot itsusia dela. Beste guztioi zatar geratzen zaigulako. Batez ere ibiltzean ipurdi-masailak dingili-dangala badabiltza, udako kotoizko praka zuriekin. Orduan, agian hobea litzateke kuleroak antzematea.

Baina kasu batzuetan zaila da asmatzea. Anne Igartibururi gertatu zitzaion bezala. Zer egin horrelako kasu batean? Gaitza da soineko horrekin.

Baina, lasai! Interneten topatu dugu horretarako ere konponbidea: tanga ikusezina!

Modelo asko daude, kolore eta estanpatu anitzak. Hori bat denak dira forma berekoak, eta erosotasuna zalantzan jartzen dut!

Elorrioko aurkezleak agian sufritu beharko zuen, baina litzaioke barruko arropa (?) igarriko!

Dena dela, gu hain kezkatuta kuleroak igarriko zaizkit, tanga ikusiko zait, eta orain denboratxo bat Japonian modan hauxe jarri:

Barruko arroparen marrazkia kanpoko arropan estanpatuta! Hamaika ikusteko jaio ginen, horratik!

"Ejekutiboak" bistan

Leire Narbaiza 2012/11/15 23:01
Ostiraleko katekorratza

Egoki janzteak arau batzuk ditu, ez dakigu nork jarriak, esan gabeak baina onartuak daudenak. Hauetako bat da belaunetarainoko galtzerdi laburren goma elastikoa ezin dela ikusi, ezta orkatilerainokoetan ere. Oso itsusi eta gustu txarrekotzat dauka jendeak, eta egia esatera niri ere ez zait batere gustatzen.

Baina janzkeraren munduan dena jar daiteke hankaz gora eta antza denez, jostun pare batek atera dituzte pasareletan.

Ikusi bestela Dolce eta Gabannak ateratako modeloak:

dolce eta gabanna

Txanka mehe horietan ikusten dituzue galtzerdien elastikoak? Politak direnik ez esan.

Junya Watanabe-k ere ia desfile osoko modeloei ere jantzi zizkien galtzerdiak bistan, kasu honetan, orkatilerainokoak dira.

Junya Watanabe Fall 2012 Ready-to-Wear Collection Slideshow on Style.comJunya Watanabe Fall 2012 Ready-to-Wear Collection Slideshow on Style.comJunya Watanabe Fall 2012 Ready-to-Wear Collection Slideshow on Style.com

Junya Watanabe Fall 2012 Ready-to-Wear Collection Slideshow on Style.comJunya Watanabe Fall 2012 Ready-to-Wear Collection Slideshow on Style.comJunya Watanabe Fall 2012 Ready-to-Wear Collection Slideshow on Style.com

Junya Watanabe Fall 2012 Ready-to-Wear Collection Slideshow on Style.comJunya Watanabe Fall 2012 Ready-to-Wear Collection Slideshow on Style.comJunya Watanabe Fall 2012 Ready-to-Wear Collection on Style.com: Complete Collection

Junya Watanabe Fall 2012 Ready-to-Wear Collection on Style.com: Complete Collection

Soineko eta soingaineko batzuk ederrak dira benetan baina galtzak horrela jartzeak apurtu egiten du dena! Baina horrela jarraituz gero, baietz laster kalean ikusi?

Eta gero galtzetin eta sandaliekin kexatu egiten zineten… Enfin!

Lo-jantzien xarma

Leire Narbaiza 2012/11/13 12:26
Inkesten harira sortutako posta

Blog honetan inkesta parea egin dugu, janzkera ohitura eta estiloen gainean. Gizon eta emakumeendako. Bigarren galdera lo janzkerari buruzkoa zen. Gure erantzunetan hainbat aukera ematen genituen: biluzik, kamisetan, barruko arropatan, kamisoian edo pijamatan lo egiten zuten gure irakurleek jakin nahi genuen, eta gehiengo zabal batek pijama nahiago duela adierazi digu (gizonen %42 eta emakumeen %45). Beraz, ezin izan diogu janzki honi iskin egin, eta ondorengo lerrootan gauzatxo batzuk kontatuko ditugu.

pij

Pijamarena oso pertsonala dela badakit. Gustuko ez dutenek, benetan gorrotatzen dute, baina atsegin dugunok, ez dugu arropa erosoagorik aurkitzen. Egia esatera, ez da jantzi estetikoena, eta kostata gaude goapo horrela, baina duen goxotasuna itzela da.

Imajina ezazue, neguko arratsaldea da, bat-batean euria hasi eta ez dugu aterkirik. Etxerako bidean, blai amaitu dugu. Ailegatutakoan, arropa bustia erantzi, ondo lehortu eta pijama jantzi, kafesne beroaz lagunduta… Ba ote dago ezer suspergarriagorik? Konforta eta etxeko epela ekarriko digunik? Ezezkoan nago!

pijam

Badago jendea etxeko arropatzako ere erabiltzen duena: etxera iritsitakoan, kaleko arropa erantzi eta pijama janzten dute, arratsaldeko laurak badira ere. Hauen arteko batek aitortu zidan berak horrelakoetarako pijama bi zeuzkala: oherako eta etxean ibiltzeko.

Benetan plazera da igande goibel horietan, batez ere parranda egin badugu aurreko gauean, etxean botata egotea, pijaman egun osoan, egonean, alferrarena egiten, egunkaria irakurtzen, eta bazkal osteko manta+sofa eskatzen duten film txotxolo-erromantikoa ikustea, benetako historia batean oinarritutakoa: dolce far niente pijamaduna!

Euskal kazetari kulteretek ere ezin diete tentazioari eutsi!

pijama

Aipatu duan moduan oso estetikoa ez da. Batzuek txandalarekin konparatu izan dute. Baina oherakoan (baina lotarako) nork begiratzen dio estetikari? Erosotasuna eta goxotasuna da helburua, era metaforiko batean besotan hartuko gaituen arropa, babestu eta lasaituko gaituena.

skijama

Baina kontuz ibili, baliteke eta joera zabaltzea! Izan ere famatuen jai batzuetan horrelako modeloak ere ikusi izan dira:

famatua pijamata

Ulertuko nuke antzinako kamisoiak modan jarriko balira, Eivissa revival balitz bezala, enkajez eta farfailaz betetako kamisoi zoragarri horiek:

lo-jantzi

Baina ez, pijama arruntak izan litezke moda! GAainera, etxeko zapatilen moduko zapatak ere oso modan daude, eta aristokraziaren zapatak esaten diete. Slippers izena daukate, beraz, oso egokiak pijamarekin janzteko!

slipper

Belusezkoak dira eta pijo-pijoentzat, joera.

slippers asko

Baina ez pentsa moda hau Hollywoodekoa edo Parisekoa denik, ez! Orain pare bat urte Goio Aranak argazki bi hauek atera zituen Euskal Herrian

argazkilaria pijaman

Gainera ezkontza ponposo batean!!!

Ezkontzan pijaman

Etxerako eta oherako gogoko dut, baina kalean? Uf, kezkagarria dela deritzot. Pasareletan horrelako kalerako pijamak ikusten hasi dira. Imajinatzen dituzue kalean erabiliko balituzte? Horreur!

eskijama

Emakumeen estilo ohiturak: inkestaren emaitzak

Leire Narbaiza 2012/11/08 23:08
Ostiraleko katekorratza.

Berandutxo bada ere, hemen daude "Zer motatako emakumea zara?" inkestaren emaitzak. Poliki-poliki ikasten gabiltza eta grafiko batzuk ere atera ditugu, era sinplean bada ere.

Berrogeita bat emakumek erantzun dute postean proposatzen genituen galderei, Garik gertatutako formatuan. Erantzun dutenen adina 19 eta 50 urte bitartekoa izan da. Beste bik ere erantzun dute erantzun bidez. Hauen erantzunak ez daude grafikoetan sartuta. Sentitzen dugu, baina oraindik teknikoki asko ikasi behar dugu!

Eskerrik asko joko honetan parte hartu duzuenoi!

Hau ez da zientifikoa, topikoak dira, jolas bat da, baina bada gure irakurle emakumeek modarekin eta arroparekin zein harreman duten erakusten duen lagintxo bat. Badakigu erantzun eremua murritza izan dela, nahita larregi ez luzatzearren. Era berean kexaren bat jaso dugu horregatik. agian hurrengoan, hobeto.

Hemengo galderak aprobetxatuta, post batzuk idatziko ditugu. Bainu-jantziez hitz egin genuen, poltsoez ere bai. Beraz, beste hainbat gai geratzen zaizkigu udazken-negu honetan jorratzeko. Ea zer eten ateratzen diogun!

Gonak gustuko ei ditugu, alferra ematen diguten arren.

1. galdera

Pijama jaun eta jabe da gure oheetan.

2. galdera

Bikinia ere omen da zabalduena

3. galdera

Kulerozaleak gara, antza.

4. galdera

Makillaje fabrikek ere ez dute gurekin negoziorik egiten.

5. galdera

Jakin ere ez dakigu takoietan ibiltzen, itxuraz. Hori bai, batzuendako dotoreak dira

6.galdera

Belarritakoak gustatzen zaizkigu gehien, dirudienez.

7. galdera

Konkordun izango gara zahartzaroan poltso handiak erabiltzen ditugulako, askori gustatzen ez bazaizkie ere.

8. galdera

Badirudi konjuntatuta joatea gustatzen zaigula, baina ez larregi.

2. galdera

Gure bikotekidea gizona bada, zer jantzi iradokitzen ei diogu.

10. galdera

Eta zu gehiengoan sartzen zara?

Ramegante

Elena Laka 2012/11/05 07:10
"Martutene" eleberriko janzkera

Wikipediak honela definitzen du "ramegante" berba:

"Ramegante adjektiboa euskarazko neologismo umoretsua da, Berria egunkariko kazetari eta Euskalerria irratiko kolaboratzaile Iñigo Astizen testu bat maketatzean nahi gabe sortua. Izan ere, Ramon Saizarbitoriaren izena eta Julio Soto bertsolaria elegante aritu zela zioen esaldia uztartu zituen maketatzaileak, oharkabean. Astizek hutsegitea umorez hartu eta ramegante neologismoa bultzatzeko kanpaina umoretsua abiatu zuen, Ramegante 2011 ekimena izenburuarekin, beste hainbat letrazale lagun: Iban Zaldua, Gorka Bereziartua eta beste. Beraz, etimologiari erreparatuz, adjektibo sorberri honek «dotore» esan nahi du. Ez da, baina, edozein dotorezia, baizik eta, zehazki, Julio Sotok Ramon Saizarbitoriaren dotoretasunez abesten duelarik darabilena. Hala ere, hitzari beste edozein esanahi ematea onartzeko prest daude ramegante hitzaren zaleak."

 

Martutene

Ramon Saizarbitoriak dotore jantzi ditu "Martutene" eleberriko pertsonaiak. Xehetasunek badaukate garrantzia pertsonai horiek Donostiako burgesiaren parte direla adierazteko. Pertsonaien janzkera sarritan aipatzen da eta zehaztasunez deskribatzen da, janzkiei egindako erreferentzia ugari dago nobelan zehar. Hain beste, nahiz eta guztiak jaso ez, janzkeraren inguruko blog batean post bat merezi izateraino.

Rameganteak dira pertsonai nagusiak:

Martin idazlea da dotoreen janzten dena:

-  Benetan dotore agertzen da ia hasieratik: "polo beix bat, kolore bereko harizko galtzak, alboko loturadun oinetakoak ispiluak bezain distiratsu eta Loeweko jaka zeta gordinekoa, papar hegal, eskumutur eta patrika larruzkoekin". (31 or.)

- Etxean egoteko ere, dotore: "etxean erabiltzeko jantziak zeramatzan, mokasin batzuk eta kanadar laukidun zaharra, baina kalera ateratzeko ere balio zezaketenak".(308 or.)

- Bakeroak jantzita, dotore: "aspaldiko partez blujinak ditu soinean, zetazko alkandora zuria, mokodun jertse arin urdin argia, eta perfume berri baten lurrina dario". (159 or.)

- Faustino Iturberen pertsonaian agertzen denean ere, ezin jantzi  dotoreak alboratu: "Pentsatzen dut ez dudala inoiz gehiago jantziko armairuan zintziilik dagoen kaxmirrezko beroki berria" (648 or.)

Arropa on eta garestiei eta ondo jantzita joateari garrantzia ematen diotenetarikoa da halaber gizonezko bigarren protagonista, Abaitua:

- Txangoan afaltzeko espreski janzten da ondo: "liho gordineko jaka bat darama eta oso gorbata deigarria, beltza, koloretako tanta handirekin, laranjak, horiak, berdeak." (247 or.)

- Arroparekiko zaletasuna detaile guztiak zaintzeraino iristen da "oinetako beltz muturluze batzuk aukeratu ditu, urteak dituztenak engoitik. Saldu zizkiotenean kanguru larruz eginak zirela esan zioten eta lotzeko belarri zilarreztatu handi bana daukate albora " (415 or.)

- Mendirako jantzita izanik ere, ez du dotoretasuna galtzen, ez du edozein Quechua janzten: "Lynnek esan diolarik soinean daraman mendiko alkandora oso polita dela -marroia da, karratuak egiten dituen arrasto hori mehez, coupe-vent bat, Abaituak jaka arin baten moduan erabili ohi duena" (253 or.)

Emakumeen artean, Harriren janzkera da dotore eta garestiena, Donostiako Auzmendi eta Donibane Lohizuneko Fancy dendetako salgaiak tartean daramazkiela:

-  "Damu da, hala berean, bidaian zimurtzeko beldurrez hain ondo emanten dion zeta beltzeko blusa eta galtza konjuntoa ez jantzia praka bakeroen ordez" (20 or.)

- "Harrik ez du itxura txarrik, eta oso dotore dator noski, grisez jantzia. Jaka, gona tuboa eta eskote zabaleko blusa eta amerikarrak ezin eleganteago aurkitzen duela dionean aldakak kulunkatu ditu modelo bate bezala" (284 or.)

Aldi berean, Pilar medikuaren janzkerari garrantzia ematen dio idazleak:

- "Ohe ertzean zegoen jesarrita beroki gorriarekin, eskularruak kendu gabe" (371 or.)

- Dotorezia diskretua: "Pilar jantzia dago mahukarik gabeko soineko beix harizko batekin" (455 or).

Azkenik, kontakizunean zehar askotan deskribatzen du idazleak gainerako pertsonaiak lotzen dituen Lynn pertsonai ardatzaren janzkera. Lynn amerikarra gainerakoak baino gazteagoa da eta bi gizon helduen desira pizten du. Bere soin gainekoen xehetasun ugari ematen ditu egileak:

- Bordeleko denda batean sartzen denean soineko bat erostera: "Neskak tirantedun top labur bat du soinean, urdin bizia -Klein urdina, dio dendariak (...)- eta galtza beltz batzuk, histuak. Atsegin zaio soineko bat ere, oiharl arinekoa, ostoen estanpatu handiak dituena." (256 or.)

- Abaituarekin lehen zita egiten duenean: "Gona bakeroa, jertse ilun lepoluzea eta laurdeneko jaka urdin iluna, itsastarra hau ere." (356 or.)

- Lorezaintzan dihardunean, horretarko egoki jantzita: " Lastozko sonbreiru zabal batekin estaltzen du burua eta galtzamantal blukinaz dago jantzita. " (466 or.).

Ostera, eleberrian agertzen dira ramegante janzten ez diren beste pertsonai batzuk, hain zuzen Otzetan bizi direnak, Saizarbitoriak Gipuzkoa sakona izendatzeko erabili duen herri imaginarioa, zeinetan, esan dezagun bidenabar, herritarrek Debagoieneko euskalkia erabiltzen baituten modu nabarmenean. Literaturari buruzko blog batean galdetuko genioke gure buruari zergatik euskalki hori ez dotore, ez burges, ez kosmopolita, ez hiritar ez diren pertsonaientzako.

Baina hau modari buruzko blog bat da, eta herriko pertsonaien janzkerari baino ez diogu erreparatu. Hortaz esan behar dugu  Otzetarren janzkeretan ez dagoela dotoreziarik, ezta aurrekoen deskribapenetan erabilitako xehetasunen arrastorik ere:

- Otzetako tabernaria "koadrotako alkandoraduna" da. (686 or.)

- Tabernako bezeroetako batzuk "mendirako bezala daude jantziak". (687 or.)

"Martuene"k irauten duen zazpiehun eta piku orrialdeetan agertzen da arropa eta janzki gehiago, honeraino guk jasotakoak. Badauka baten batek beste deskribapenen bat gustatu zaiona eta hemen ipintzeko modukoa?

Zein motatako emakumea zara?

Leire Narbaiza 2012/10/28 21:05
Emakumeen sailkapen bat estilo eta modaren hamar irizpideren arabera

Bete mesedez, galdetegia

Aurkezpena

"Jantzi. Erantzi. Janzkiak, arropak, soin gainekoak. Moda, estiloa, bizitzaren zati bat. Umorez, eztenaz, xarmaz. Leire eta Elenari interesatzen zaigu. Baita zuri  ere, ala ez?"

@ElenaLaka

@txargain

Izan eta esan

Kalamuatik Txargainera