Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Anti-gona / Kuleroak eta tanga

Kuleroak eta tanga

Leire Narbaiza 2012/11/26 23:30
Inkesten harira sortutako posta

kuleroen eboluzioa

Historian zehar asko aldatu da emakumeen azpiko arropa. Egia esatera, orain inoiz baino aukera zabalagoa daukagu eta andrazko bakoitzak erabaki lezake zer datorkion ondoen, zein komeni zaion eta zer duen gusturen.

Gure inkestaren arabera erantzundakoen artean %45ek kuleroak nahiago dituzte; %15ek, ordea, tanga. Badago %38 bat egoeraren arabera aukeratzen duena zer jantzi. Hirugarren datu honek harrituta laga nau, uste nuelako batekoak edo bestekoak ginela, baina gutxiago zirela egoeraren arabera aldatzen zutenak. Pentsatzen nuen kulerozaleek beti oihalez hornituta zeramatela ipurdia; eta tangazaleek, berriz, ipurmamiak libre eta solte zeramatzatela beti.

bridget kuleroak

Beraz, kulero eta tangen tiradera aurrean, askok denbora emango dute, jakitearren zer komeni zaien egun konkretu horretarako. Izan ere, barruko arropa egokia janztea oso kontu garrantzitsua da. Ez dute amamek-eta esaten zutenagatik (beti muda garbia eta txukuna erabili behar zela, badaezpada istripua izan eta ospitalera eramaten bagintuzten). Ez, hori baino gehiago da, eroso eta ondo sentitzea barrutik hasten delako.

kuleroak

Horregatik bakoitzak hobesten du erosotasuna edo dotoreziaren artean. Baita zer itxura emango duen kanpotik begiratuta ere. Ondotxo dakigu kulero polit eta eder horiek, farfailadunak, satinezkoak, ez direla oso erosoak. Labaindu egiten direlako edota tripa eta ipurtaldeari ondo eusten ez dietelako.

kuleroak 1

Gainera, gero nahi badugu bularretakoarekin konbinatu zer egin? Kuleroa (edo tanga) egunero garbitzen da (edo garbitu beharko litzateke, behintzat). Baina bularretakoa ez. Zenbat kulero erosi behar ditugu bustier batendako, orduan?

kuleruak 2

Egia esatera, erosoenak eta egunero erabiltzekoak, nire ustez, kotoizko mudak dira. Ez dute glamourrik, baina egunero lanera atzera eta aurrera ibiltzeko, glamourra lozorroan deskantsuan gera liteke, erosotasunaren mesedetan. Ez dago gauza desatseginagorik ipurdi-erretenean sartzen den kuleroa baino (sartu behar ez denean, jakina! Tanga ez denean, alegia) .

Askok sinistuko ez badute ere, barruko arropetan modak agintzen du. Orain 15 bat urte kulero mota bat zegoen altua zena, baina ez zena amamen betiko kulero erraldoi hori, hanka alde horretan ere altua zelako. Nik oso gustuko nituen, dena, girgilo guztiak ondo batzen zituztelako, sabela babestuta. Izan ere, bigarren gauzarik desatseginena da sabel erdian geratzen den pantaloi hori, eta edozein mugimendu eginda, plaf, jaitsi eta tripatxoaren azpian geratzen dena. Gorrotagarria!

kuleroak 4

Nioen moduan, nire gustuko horiek bat-batean desagertu egin ziren dendetatik, bikini estilokoen mesedetan. Ez nekien zergatik, praken gerria ikusi nuen arte! Gerria oso baxua zenez, kulero horiek jantziz gero ikusi egiten zen kuleroaren zati handia. Horregatik sartu zen indarrez tanga. Hori bai erakuts zitekeelako! (baina kontuz, nahiko demodé dago eta arrunkeria, bulgaritatea da gaur egun). Praken gerria gorago datorrenez, ez dut galdu esperantza, eta nire faboritoak dendetan agertzea espero dut.

Tangak ere modaren mende daude, nola ez. "La roja"-ren jarraitzailea izanez gero ere badago ondo moldatuko zaion modeloa:

Ederra, ezta? Baina ez du konparazio punturik leopardo tangarekin erkatzen badugu, ezta hurrik eman ere!

Tanga ondo hornituta badago ere, bere famak betiko moduan hor darrai:

Baina ez gaitezen aztora, eta guztiz desbideratzen hasi aurretik, egin dezagun berba aukeraketarik garrantzitsuenaz: tanga ala kuleroa. Hau hautatzeko orduan, askok tanga janztea erabakitzen ei dute kuleroak igar ez dakizkien. Bai, oso desatsegina egiten omen zaie atzetik begiratu eta euren kuleroen forma nabarmentzea. Tira, egia esatera, arropa batzuekin ez da polita geratzen, eta tanga erabiltzea aukera ona izan daiteke.

Tanga nabaritzea, ordea, ere ez dakit oso polita den. Esango nuke zatarragoa ere badela! Jakina, horrelako atze bat izanez gero, ederra da. Baina zenbatek du horrelako ipurdia?

tangaz

Horregatik, bada, diot itsusia dela. Beste guztioi zatar geratzen zaigulako. Batez ere ibiltzean ipurdi-masailak dingili-dangala badabiltza, udako kotoizko praka zuriekin. Orduan, agian hobea litzateke kuleroak antzematea.

Baina kasu batzuetan zaila da asmatzea. Anne Igartibururi gertatu zitzaion bezala. Zer egin horrelako kasu batean? Gaitza da soineko horrekin.

Baina, lasai! Interneten topatu dugu horretarako ere konponbidea: tanga ikusezina!

Modelo asko daude, kolore eta estanpatu anitzak. Hori bat denak dira forma berekoak, eta erosotasuna zalantzan jartzen dut!

Elorrioko aurkezleak agian sufritu beharko zuen, baina litzaioke barruko arropa (?) igarriko!

Dena dela, gu hain kezkatuta kuleroak igarriko zaizkit, tanga ikusiko zait, eta orain denboratxo bat Japonian modan hauxe jarri:

Barruko arroparen marrazkia kanpoko arropan estanpatuta! Hamaika ikusteko jaio ginen, horratik!

Haitz Gibeleta
Haitz Gibeleta dio:
2012/11/27 15:20
Ederra Japoniarrena! Ez dakit kultura kontua den, baina munduaren txoko honetatik begiratuta behintzat irudimen handikoak direla ematen du. Bide batez, halako soinekoekin denok ipurdi zoragarriak! Edo benetan itsusiak, parodia egin nahi duenarentzat. Barreak gutxienez ez lirateke faltako!
Uxo
Uxo dio:
2012/11/27 16:18
Nik uste berriz ari direla modan jartzen kulero altuak, estilo retro hori berriz ere boladan baitago. Ikusi Oyshoren aurtengo katalogoko irudi hau http://www.fashionisers.com/[…]/Oysho_winter_2012_2013_catalogue.jpg
naroa
naroa dio:
2012/11/27 16:22
@Uxo Eta kulero altu horiek modan jartzen badira, fraka altuak ere bai, ez? 1980-1990eko hamarkadetako bakero altu horiekin ibiliko ete gara laster?
marije
marije dio:
2012/11/27 20:32
Tangei buruz horrenbeste esan zitekeenik... chapeau, Leire!
Oier Gorosabel
Oier Gorosabel dio:
2012/11/27 22:39
Almorranei buruzko aipamena faltan bota dot, baiña bestela oso interesgarrixa. Tanga invisible "tapachochos" hori ez dago mutillendako bertsiñuan? Jojojo
Marijo
Marijo dio:
2012/11/28 08:41
Leire, ze ona! ta, zelako deskubrimenduak, ene! Aizu, bide batez, badira kuleroen artean ere tanga izatera heldu barik, ipurmasaila tapatzen duten, baina aldi berean bere "enkantua" dutenak ere: kulero brasildarrak deitzen diente womensecret ta holako lekuetan. Gainera, barruko arropa denda horietan, "basikoak" deitzen dieten sekzioan tamaina eta forma guztietakoak izaten dituzte, baina kulero altu horiek ere; hori bai, kolore eskaintza mugatua daukate: zuriak, beltzak ala grisak, kitto.
Elena
Elena dio:
2012/11/28 16:00
Gaur gimnasioan: kuleroak 11 - tangak 1.
Kulero asko Marijok esaten dituen horietakoak, brasildarrak, ipurdi aldetik altuak, baina gero kulero forma.
Tanga, triangeluduna. Hortzetako haridunak, gimnasioan behintzat, orain urte batzuk asko ikusten ziren, baina aspaldian ez zaizkit tokatu.
Leire Narbaiza
Leire Narbaiza dio:
2012/11/30 00:43
Mila esker erantzunengatik, lagunok!

Arrazoia duzu, Haitz! Japoniarrek mundua beste era baten ikusten dute eta sarri horrela adierazten. Bitxiak dira bai! Umorerako aitzakia itzela!

Uxo, kulero polittak, baina niri hanka altukoak gustatzen zaizkit. Ta Naroa, hala da, biak lotu-lotuta daude. Ikusiko duzu nola igotzen den gerria. Bikini izenekoak segituko dute, baina 5 urte barru egingo dugu berba!

Marije! Aspaldi neukan gogoa tangez eta gauzak kontatzeko. Bizitza errealak inspiratezn gaitu!

Oier! Ez nintzuan anekdotiakin akordau idazterakuan. Baiña uste juat hik baiño hobeto ezin izango dabela iñork konatu, holako higuingarrikerixia! ;-). Galdetu destak ia hari bako hori zigonendako, eta esan bihar deuat badaguala: http://www.lenceriasecret.c[…]ibles-chico-lentejuelas.JPG eta http://csimg.mercamania.es/srv/ES/000082601822p/T/340x340/C/FFFFFF/url/tangas-bolsa-para-hombres.jpg Ze gustoko dittuk? Behin erositta, lentejuela duna. Argazkixa nahi juagu!

Marijo, begiratu behar ditut brasileño horiek, hainbatetan aipatu dituzte, baina ez dakit zeintzuk diren!!!

Ondo behaketa, Elena! Uste dot, tangian erabilleria behera doiala. Eta harixena gehixago. Eta neguan zer esanik ez!

Gauzak geratu zaizkit esateko, baina hurrengoan esango! Mila esker, bihotzez!!


leire
leire dio:
2012/12/03 13:57
Facebooken ikusia eta oso ondo datorrena http://sphotos-e.ak.fbcdn.net/[…]/405066_333922713381894_579914894_n.jpg Tangadun aulkiak!
matx
matx dio:
2012/12/13 09:03
Biba zuek! Earra posta!
Kulotiak faltan. Modan daoz eta politxak dira!
Mari
Mari dio:
2017/07/26 13:08
Kasualitatez zure blogaren post hau agertu zait GOOGLEn, beste kontu baten inguruko informazioa bilatzen ari nintzenean.
Izenak nire arreta erakarri du eta irakurtzen gozatu dut.
Aurretik, argipen bat. Gizonezkoa nauzue, egile maiteak. Ez naiz aditua moda eta arropa kontuetan, baina aitortu behar atsegin ditudala kontu horiek.
Post honetako gaia, bereziki lotu duzue emakumeen barruko arropa eta gizonen aipamena modu humoristiko batean sartu duzue, leopardozko tanga horrekin agertzen den mutikotxo horren argazkiekin.
Bai, gizonen tangak aipatzen direnean, gehienetan horrelako irudiekin lotzen dira, gay estetikarekin edo stripterrekin. Berriki eztabaida dialektikoa izan nuen emakume batekin, gizonezkoen igeri egiteko ohiko bainujantziak ('speedo' delakoak) erredikulizatzen zituelako ('fardapollas'edo 'UHF' izenekin, azken hau 'Un Huevo Fuera'). Nire argudioa zen erridikulizazio horren atzean sexismo kutsu bat zegoela, berak (eta nik) normaltzat jotzen duelako neska bat bikini batekin joatea eta erridikulizatzen duelako gizonezkoak bikiniren parekoa (tamainan) den pareko bainujantzia eramatea. Izan ere, azken urteotan bereziki, modan ohikoa izan da gizonentzako bainujantzi luzeak promozionatzea.
Nire ustez, sexismoaren adierazle nabarmena da emakumentzako bainujantzietan tanga, brasileinoa eta bestelakoetan promozionaten diren bitartean, gizonentzako joera bera ez egotea...
Adarretatik joan naiz, nahi gabe, baina harira joko dut.
Izan ere, gizonezkoen barruko arropetan ere horrelako zerbait gertatzen da. Ohikoenak, promozionaten dena, boxer estiloko galtzontzilo luzeak dira eta hori agertzen da gainera 'maskulinitatearen' irudi gisa (irudi sexy moduan).
Baina gizonezkoak ere bestelako galtzontziloak edo tangak ere erabiltzen ditugu. Are gehiago, ohiko boxer horiek, erosotasunaren aldetik, niretzat gorrotagarriak dira. Agian ongi etortzen dira negu gorrian sekulako hotza dagoen egunetan, mendian ibiltzeko edo... baina, bestelakoetan, niretzat oso deserosoak dira.
Nire lehenengo tanga neska batek oparitu zidan, duela urte piloa. Ziur aski garai hartan nik ez nuke horrelakorik erosiko, lotsagatik edo. Eta sekulako deskubrimendua izan zen niretzat. Aitortu behar dut lehenengo tanga hark niretzat sekulako karga erotikoa izan zuela, garai hartan erabiltzen nituen galtzontzilo 'Ocean' klasiko haiekin alderaturik... Baina, erabili ahala, hura normalizatu zen eta ohitu nintzen hori erabiltzen munduko naturaltasun osoz.
Ondoren neuk erosi nituen beste tanga batzuk eta ez leopardo estilokoak: kotoizkoak gehienak, beltzak, urdinak... Egun edo gau erromantikoetarako bestelako tangaren bat ere erosi dut inoiz (bestelako boxer edo slip bereziak ditudan moduan...), baina ohikoak. egunerokoan erabiltzen ditudanek ez dute kutsu hori.
Niretzat, jada tanga bat erabiltzeak ez dut kutsu erotikorik. Izan ere, bereziki udan edo beroa egiten duen garaietan, askoz erosoagoa egiten zait, erosoa, freskoagoak direlako. Batzuetan, izerdi batean zaudenean agian deserosoa egiten da ipurdiaren erretenan, baina beroa egiten duenean, dena dago sobera, arropa dena egiten da deseroso...
Nik ez dakit gizonezko askok horrelakoak erabiltzen dituzten, baina maiz, dendetan, modeloren batetaz galdetu dudanean, agorturik daudela esan didate. Hau da, saldu, saltzen direla, baina ez dakit asko saltzen den, gutxi... eta nolakoa den horrelako erosleen profila.
Joera bat dago horrelako arropa lotzeko gay munduarekin. Interneten, esaterako, tanga gehienak "Sexy" eta "gay" adjektiboarekin agertzen dira ("Hombres de la marca de Ropa Interior Gay Hombres Sexy Tanga"). Ni ez naiz gay eta ez dakit homoxesualen artean tangak egunerokoan erabiltzen diren...
Edozein modutan ere, argi da ez dagoela normalizaturik, jakina. Gizonezko batek tanga erabiltzen duela esanez gero, inguruko gehienek arraro begiratuko dute, emakumezkoak zein gizonezkoak izan. Inoiz (gutxitan) publikoan aipatu dut eta egoera ez da erosoa izan. Batzuk erdi lotsaturik ('hau satiro bat izanen da' pentsatuko balute bezala), beste batzuek (baita emakumezkoak ere) iruzkin barregarriekin erantzuten dute (nitaz trufatzeko alegia).
Eta normalizaturik ere ez dago merkatuan. Barruko arropa merkea saltzen duten dendetan horrelakorik ez dago. Bestelako dendetan egon badago, baina tangarik merkeenak (kotoizko tanga normal bat) 15 euro inguru balio du. Horrelako tanga arruntak, emakumezko tangen kasuan, 3 edo 5 eurotan eros daitezke edozein dendan.
Horrexegatik ere, gero eta gehiagotan, nik internetez erosten ditut tangak, ez zaidalako bidezkoa iruditzen oihal zati txiki baten truke 15 edo 20 euro ordaintzea.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi "sei" zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

"Jantzi. Erantzi. Janzkiak, arropak, soin gainekoak. Moda, estiloa, bizitzaren zati bat. Umorez, eztenaz, xarmaz. Leire eta Elenari interesatzen zaigu. Baita zuri  ere, ala ez?"

@ElenaLaka

@txargain

Izan eta esan

Kalamuatik Txargainera