Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Anti-gona / Ramegante

Ramegante

Elena Laka 2012/11/05 07:10
"Martutene" eleberriko janzkera

Wikipediak honela definitzen du "ramegante" berba:

"Ramegante adjektiboa euskarazko neologismo umoretsua da, Berria egunkariko kazetari eta Euskalerria irratiko kolaboratzaile Iñigo Astizen testu bat maketatzean nahi gabe sortua. Izan ere, Ramon Saizarbitoriaren izena eta Julio Soto bertsolaria elegante aritu zela zioen esaldia uztartu zituen maketatzaileak, oharkabean. Astizek hutsegitea umorez hartu eta ramegante neologismoa bultzatzeko kanpaina umoretsua abiatu zuen, Ramegante 2011 ekimena izenburuarekin, beste hainbat letrazale lagun: Iban Zaldua, Gorka Bereziartua eta beste. Beraz, etimologiari erreparatuz, adjektibo sorberri honek «dotore» esan nahi du. Ez da, baina, edozein dotorezia, baizik eta, zehazki, Julio Sotok Ramon Saizarbitoriaren dotoretasunez abesten duelarik darabilena. Hala ere, hitzari beste edozein esanahi ematea onartzeko prest daude ramegante hitzaren zaleak."

 

Martutene

Ramon Saizarbitoriak dotore jantzi ditu "Martutene" eleberriko pertsonaiak. Xehetasunek badaukate garrantzia pertsonai horiek Donostiako burgesiaren parte direla adierazteko. Pertsonaien janzkera sarritan aipatzen da eta zehaztasunez deskribatzen da, janzkiei egindako erreferentzia ugari dago nobelan zehar. Hain beste, nahiz eta guztiak jaso ez, janzkeraren inguruko blog batean post bat merezi izateraino.

Rameganteak dira pertsonai nagusiak:

Martin idazlea da dotoreen janzten dena:

-  Benetan dotore agertzen da ia hasieratik: "polo beix bat, kolore bereko harizko galtzak, alboko loturadun oinetakoak ispiluak bezain distiratsu eta Loeweko jaka zeta gordinekoa, papar hegal, eskumutur eta patrika larruzkoekin". (31 or.)

- Etxean egoteko ere, dotore: "etxean erabiltzeko jantziak zeramatzan, mokasin batzuk eta kanadar laukidun zaharra, baina kalera ateratzeko ere balio zezaketenak".(308 or.)

- Bakeroak jantzita, dotore: "aspaldiko partez blujinak ditu soinean, zetazko alkandora zuria, mokodun jertse arin urdin argia, eta perfume berri baten lurrina dario". (159 or.)

- Faustino Iturberen pertsonaian agertzen denean ere, ezin jantzi  dotoreak alboratu: "Pentsatzen dut ez dudala inoiz gehiago jantziko armairuan zintziilik dagoen kaxmirrezko beroki berria" (648 or.)

Arropa on eta garestiei eta ondo jantzita joateari garrantzia ematen diotenetarikoa da halaber gizonezko bigarren protagonista, Abaitua:

- Txangoan afaltzeko espreski janzten da ondo: "liho gordineko jaka bat darama eta oso gorbata deigarria, beltza, koloretako tanta handirekin, laranjak, horiak, berdeak." (247 or.)

- Arroparekiko zaletasuna detaile guztiak zaintzeraino iristen da "oinetako beltz muturluze batzuk aukeratu ditu, urteak dituztenak engoitik. Saldu zizkiotenean kanguru larruz eginak zirela esan zioten eta lotzeko belarri zilarreztatu handi bana daukate albora " (415 or.)

- Mendirako jantzita izanik ere, ez du dotoretasuna galtzen, ez du edozein Quechua janzten: "Lynnek esan diolarik soinean daraman mendiko alkandora oso polita dela -marroia da, karratuak egiten dituen arrasto hori mehez, coupe-vent bat, Abaituak jaka arin baten moduan erabili ohi duena" (253 or.)

Emakumeen artean, Harriren janzkera da dotore eta garestiena, Donostiako Auzmendi eta Donibane Lohizuneko Fancy dendetako salgaiak tartean daramazkiela:

-  "Damu da, hala berean, bidaian zimurtzeko beldurrez hain ondo emanten dion zeta beltzeko blusa eta galtza konjuntoa ez jantzia praka bakeroen ordez" (20 or.)

- "Harrik ez du itxura txarrik, eta oso dotore dator noski, grisez jantzia. Jaka, gona tuboa eta eskote zabaleko blusa eta amerikarrak ezin eleganteago aurkitzen duela dionean aldakak kulunkatu ditu modelo bate bezala" (284 or.)

Aldi berean, Pilar medikuaren janzkerari garrantzia ematen dio idazleak:

- "Ohe ertzean zegoen jesarrita beroki gorriarekin, eskularruak kendu gabe" (371 or.)

- Dotorezia diskretua: "Pilar jantzia dago mahukarik gabeko soineko beix harizko batekin" (455 or).

Azkenik, kontakizunean zehar askotan deskribatzen du idazleak gainerako pertsonaiak lotzen dituen Lynn pertsonai ardatzaren janzkera. Lynn amerikarra gainerakoak baino gazteagoa da eta bi gizon helduen desira pizten du. Bere soin gainekoen xehetasun ugari ematen ditu egileak:

- Bordeleko denda batean sartzen denean soineko bat erostera: "Neskak tirantedun top labur bat du soinean, urdin bizia -Klein urdina, dio dendariak (...)- eta galtza beltz batzuk, histuak. Atsegin zaio soineko bat ere, oiharl arinekoa, ostoen estanpatu handiak dituena." (256 or.)

- Abaituarekin lehen zita egiten duenean: "Gona bakeroa, jertse ilun lepoluzea eta laurdeneko jaka urdin iluna, itsastarra hau ere." (356 or.)

- Lorezaintzan dihardunean, horretarko egoki jantzita: " Lastozko sonbreiru zabal batekin estaltzen du burua eta galtzamantal blukinaz dago jantzita. " (466 or.).

Ostera, eleberrian agertzen dira ramegante janzten ez diren beste pertsonai batzuk, hain zuzen Otzetan bizi direnak, Saizarbitoriak Gipuzkoa sakona izendatzeko erabili duen herri imaginarioa, zeinetan, esan dezagun bidenabar, herritarrek Debagoieneko euskalkia erabiltzen baituten modu nabarmenean. Literaturari buruzko blog batean galdetuko genioke gure buruari zergatik euskalki hori ez dotore, ez burges, ez kosmopolita, ez hiritar ez diren pertsonaientzako.

Baina hau modari buruzko blog bat da, eta herriko pertsonaien janzkerari baino ez diogu erreparatu. Hortaz esan behar dugu  Otzetarren janzkeretan ez dagoela dotoreziarik, ezta aurrekoen deskribapenetan erabilitako xehetasunen arrastorik ere:

- Otzetako tabernaria "koadrotako alkandoraduna" da. (686 or.)

- Tabernako bezeroetako batzuk "mendirako bezala daude jantziak". (687 or.)

"Martuene"k irauten duen zazpiehun eta piku orrialdeetan agertzen da arropa eta janzki gehiago, honeraino guk jasotakoak. Badauka baten batek beste deskribapenen bat gustatu zaiona eta hemen ipintzeko modukoa?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

"Jantzi. Erantzi. Janzkiak, arropak, soin gainekoak. Moda, estiloa, bizitzaren zati bat. Umorez, eztenaz, xarmaz. Leire eta Elenari interesatzen zaigu. Baita zuri  ere, ala ez?"

@ElenaLaka

@txargain

Izan eta esan

Kalamuatik Txargainera