Elkarrizketak eta ileapaindegiko metxak
Bake elkarrizketaz hitz egiten zen garaian, gogoan dut horrelako zerbait irakurri izana nonbait (Elkarri aldizkarian? Loiolako Hegiak liburuan? ez dakit): mutur desberdinetako kideen artean solaskidetza sustatzeko, amakomunean izan dezaketen gai bati buruz berba egiten da tarte batean. Gairik ohikoena eta unibertsalena seme-alabena izaten da.
Euskal gizartearen zatirik handiena ordezkatzen duten hiru alderdietako buru hauek aurrean eduki nituenean (Idoia Mendia, Josune Ariztondo, Karmele Aierbe) pentsatu nuen hiruren arteko lehen elkarrizketa komuna ileapaindegiko metxen gainean izan zitekeela.
Hirurek zaindu dute orrazkera, hirurek izan dute elkarrizketa bat ileapaintzailearekin eta orrazkerarako metxak hitzartu dituzte harekin. Bakoitzak bere estiloan, guztiek aukeratu dituzte metxa argi samarrak ileari bizitasuna emateko.
Bururatu zitzaidan metxak nola, non eman, zein kolore, maiztasuna, hitz egiten hasteko gertuko gai unibertsala izan zitekeela politikari emakumeen kasuan. Metxek (ere) batu gaitzakete.