Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Egun betea, egun berezia

Leire Narbaiza 2008/04/20 23:05
Ostirala egun berezia izan zen niretako. Hainbat gauza egin nituen, eta guztiak oso desberdinak. Gainera, eibartarrak posta-zerrendak hamar urte bete zituen.

Bai, halaxe etorri zitzaigun ostirala, nahasia eta oparoa, oso gustukoa dudan egun horietako bat; baina oso noizean behin egiteko, jakina. Ederrak direlako, baina oso nekagarriak.

Hilaren 18an eibartarrak posta-zerrendak hamar urte egin zituen. Egun horretan bertan ere, berrogei urte bete ziren Toribio Etxebarria hil zela. Batzuetan kointzidentziak bereziak dira oso, baina ez hutsak. Arrateko amak kudeatzen gaitu, baina Toribio da gure patroia.

Jo ta sua, etxeko lanak egitten
Lanera goizean joan nintzen. Lauretarako Codesyntasexen egon behar genuen GPSrako ahotsak jarri behar genituelako. Bertan sartu eta estudio bat muntatuta zeukaten:mikrofonoa, aurrean grabatzeko erabiltzen den horrelako “erraketa” bat, eta pantaila bat, Ikeako sofa batekin egina! Lan eta lan jardun ondoren, pare bat ordutan itzulpenak eta grabazioak eginda geneuzkan.

Iban eta Jatsu biharrian

Denoi, baina “we are the world” kantatzeko gogoa eman zigun, baina Jatsu oso tekniko arduratsuak, ez zigun musikarik jarri karaokerako. Enfin, oraintxe, aukera duzu Finlandiaraino joateko Iturrirekin, adibidez. Edo eibarreraz….Hori bai, bidez konfundituz gero, guri errietarik ez!

Iturri Jatsu gure teknikua


Ostean, Elgetara joan ginen “Gainsbourg gainbegiratuz” zegoelako “Espaloia” kafe-antzokian. Betiko moduan, bertan etxean bezala. Hurrengo baten, baina, kantatu egingo dut, aviso! eta hirurak baino lehen!

Eibarnautak

Zer esan, baina bertan entzundakoaz? Hamahiru euro ordaintzea bajera bateko entsegurako…Pena, proiektua ona eta interesgarria delako, eta euretako asko oso artista onak direlako. Hurrengorako entsaiatuko ahal dute!

Parte hartzaille guztiak, hasi aurretik

Dena den, diskoa oso ondo dagoela esan du Iturrik. Neuk ere kantu bat entzuteko aukera izan dut eta ederto dagoela iruditu zait.

Sanchiz y Jocano

Osteko egonaldia Espaloian primerakoa izan zen, barre eta berba egin genuen, gustura egon, etxean bezala. Toki berezia da benetan Espaloia. Hurrengoan ere joateko moduan, hori bai alkoholemia kontrol barik! a, eta eskerrik asko. Elenari etxera ekarri ninduelako.

Euskarak langile porrokatu bat galdu du

Leire Narbaiza 2008/04/15 18:50
Berrogeien krisiaren gaineko izan zen nire azken post-a.

Betiko moduan, zein zaharra naizen pentsatu eta esan nuen, aukera galduez, itzuliko ez diren sasoiez. Gaur baina, bizirik jarraitzen dudala pentsatu dut, eta dudan suerteaz hausnartu, eguerdian jakin baitut Axun Aierbe hil dela, berrogeiak bete barik, egun gutxi falta zitzaizkiola. Orduan konturatu naiz harro esan dezakedala iritsi naizela, konta dezakedala, hemen nagoela.

Axun aspaldi ezagutu nuen "Adorez eta atseginez" mintegiko partaide ginelako. Egia esan, Axunek gure adina eduki arren, guk baino esperientzia handiagoa zuen euskalgintzan, guk baino soltura handiagoa zuen berba egiterakoan, eta guk baino gehiago ulertzen zuen soziolinguistikaz. Hogeita lau urte geneuzkan. Ni kakaumea nintzen; bera, ostera, goitik beherako emakumea.

Hala ikusten nuen orduan sasoian, eta urteak joan ahala, parekatzen geniharduela esango genuke. Beti ere, bera nire aurretik. Kontziente nintzen asko bizi arren, eta pila bat irakurrita ere, ez nuela inoiz harrapatuko, bera buruan zihoan tropelean zegoen-eta. Ni, ordea, erdiko tropelean, gregario lanak egiten.

Azkenekoz, Durangoko azokan ikusi nuen. Askotan moduan, beltzez jantzita, ziur, berritsu. Urrezko eraztunak sartu eta atera, urduri. Betiko moduan gauza pilo bat zeuzkan kontatzeko bere lan eta ikasleen gainean. Guk baino gehiago, benetan.

Gauzak kontatzen bazekien, eta beti zeukan zer edo zer interesgarria kontatzeko, batez ere afarietan-eta. Hona hemen elkartu ginen azken aldiko argazkia. Luistxo Fernandezek atera zigun, eta Fernando Muniozgurenen omenaldian izan zen, Fernando ere mintegi kide zelako.

Lili, Marije, Lourdes, Amaia, Axun eta ni.

 

adorez eta atseginez

Handik pare bat egunetara gure aita hil zen. Gogoan ditut egun haiek, bai horixe!

Azokan tope egin genuenean, afari kontuak aipatu genituen, ea noiz egingo genuen afaritxoren bat. Bai, bai, esan eta asmoak, beti asmo! Ez dugu afaririk egingo!

axun

Bere familia eta lagunei besarkadarik handiena. Bihar izango da hileta zazpietan, eta penaz, baina ezin izango naiz joan. Nire ordutegi bedeinkatuak!

Baina gogotik ezin izango dut kendu egunotan, barrena zeharo nahastuta laga dit-eta.

Espero dut Tolosaldean omenaldiren bat edo egitea. Merezi zuelako. Lan besterik egin ez zuelako egin euskararen alde.

Agur, Axun!

40

Leire Narbaiza 2008/04/05 00:52
Serratek disko bat dauka “Hace 20 años que tengo 20 años”. Nik ere gaur duela hogei urte, hogei urte bete nituen.

Berrogei urte! Pasada bat da! Kartzela zigor maximoa Espainian! Berrogei ziren Ali Babaren lapurrak, berrogei egun irauten dute kuarentenak eta garizumak. Berrogei urtez ibili zien juduak basamortuan.Duela berrogei urte sortu zen euskara batua. Pragan Udaberria izan zuten, baina Parisen ez zuten adokinen azpian hondartzarik aurkitu

Aurten, berrogei betetzen dugunok asko gara, baby-boom-ekoak garelako. Ez dut oso jende garrantzitsua aurkitu (nire lagunez eta nitaz aparte, jakina!): Céline Dion, Chayanne, Sabrina (boys-boys), Felipe Borbon, Aitana Sanchez Gijon, alejandro Sanz, Carla Bruni…. Urte honetatik aurrera ez dugu gehiago esango hogeita piku urte daukagula…..
Niri gogorra egingo zait hamarkada aldaketa. Depre txikitxo bat daukat, berrogeien krisia. Pentsatzen dudan bakoitzean…

Ez da txarto nagoelako, beharbada hau da nire bizitzako momenturik onena: pertsona orekatuagoa naiz, eta hau asko esatea da oso desorekatua naizelako; nahiko pozik bizi naiz, gauzak hobetu ditzakedan arren; gustuko lana daukat, leku egokian.

Baina edozeinek balantze moduko bat egingo du hona iristean. Amestu eta pentsatutako asmoak bete diren. Heldutasuna zer den edo existitzen ote den, bizitza erdi eman dugu eta. Gainera, andreondako etapa berri baterako atea da: menopausia, mamuz beteriko zonaldea. Ama ez bagara izan, jakin dakigu ia ezinezkoa egingo zaigula ugaltzea behin hona ailegatuta.

Zimurrak ez zaizkit inporta, espero dudalako amama Maria Angelesen kutis kalitatearen laurdena izatea —herentziaren bat izatea ere ez legoke gaizki—, eta buruko zimurrek ardura didatelako. Aspaldi esan zidaten lehenengoz: “Señora, ¿me dice la hora, por favor?”. Ile zuriendako ere aspaldi asmatuta dago zer egin. Ez, zahartze horrek ez dit inporta, gazte asko baino gazteagoa naizelako espirituz. Hogei urte neuzkanean baino gazteagoa naizela esango nuke, gainera! (batek baino gehiago infantila ere banaizela esango du).

Berrogei, nahi barik, konturatu orduko. Uf! Baina gaur nire eguna da, eta ospatu beharra dago, ezta? Ba, hori. Ospatzeko mordoa daukagu! Txin-txin!!


Nire bihotzeko okupa abandonatuak

Leire Narbaiza 2008/04/03 12:55
Ana, Karmele, Susana, Iñaki, Bego, Ibon, Asier,……

Izen hauek dabilzkit buruan, buelta eta buelta. Eurek jakingo balute zenbatetan gogoratzen ditudan! Beti gutun bat idazteko, e-mail bat bidaltzeko, telefonoz deitzeko…beti gogoan, baina inoiz ez dut astirik hartzen eurendako.
Maite eta estimatzen ditudan lagunak dira. Batzuk minak, beste batzuk gertukoak; nor edo nor, agian, ez hain hurbila, baina oso barruan sartuta. Sarritan, norbaitekin arratsalde oso bat eman ondoren betiko bihurtzen zaigu buruko polizoi eta bihotzeko okupa; nahiz eta, beharbada, atzera berarekin ez egon. Horretakoren bat harrituko litzateke zein barruan daramadan baleki, zein sakon eragin zidan kontatuko baliote.

Eurek jakin ez arren, ia beti daude nire pentsamenduan. Beraiek abandonatu ditudala uste izango dute, ez da hala, baina. Oherakoan gogoratzen naiz, batez ere egoera txarrean daudenekin. Akorduan dut lagun hauetako bat, oso hurrekoa ez zena, oso gaixorik izan zenean egunero neukala momentu bat berarentzat. Bere adiskide minari hauxe esan nionean, harritu aurpegiarekin begiratu, eta aditzera eman zidan ni ezagun hutsa baino ez nintzela. Beti egon dira klaseak, baina nire bihotzak ez du kategoriaz eta hurrenkerez ulertzen. Beste polizoi hauetako bat desagertutzat emanda zegoen. Gauero sufritzen nuen berarekin oroitzen nintzenean: non egingo ote zuen lo, zein egoeratan ote zegoen….Berak, hala ere, ez zuen horrelakorik inoiz jakin.

Nire galdera da, hor galtzen dugun energia —hau da, euregaz gomutatzen, baina ezer ez egiten— alferrik gastatzen da? Edo, iristen ote zaizkie nire pentsamenduak? Eta, maitasun horrek badu eraginik eurengan? Pentsamendu, nahi eta desio positiboak direlako, kulpaz beteta dauden arren.

Eta, eurekin kontaktatzen ez badut, ahaztu egingo naute? Jakin beharko lukete konprenditzen bizi gaituen zoramenak astirik lagatzen ez digula, ordutegiak asozial bihurtzeko bidean naramatela.
Jakin, benetan jakin beharko lukete ez ditudala ahaztu, estimatzen ditudala, gura diedala. Azken baten, baimen barik sartu zitzaizkidala bihotzean eta “beltz” anti-disturbiosak ere ezin izango dituztela bertatik atera. Zain egon, ederrok, beteko dut nire berba!

Blogari ez konektatu baten odiseak

Leire Narbaiza 2008/03/26 00:00
Dagoeneko ez naiz blogari ez konektatua, baina horrela urte bi eta erdiz ibili naiz

Pen drivea izan da nire lagun leiala. Word-en posta-ak idatzi eta gero ahal nuen tokian kargatzen nuen: lanean, liburutegian, kzgunean, lagunen etxean, …azkenen boladan amaren etxean. Edozein leku zen ona blogekoa argitaratzeko. Kontuan izan behar duzue horrela kargatu behar izateak bizkor ibiltzea dakarrela. Era furtibo baten, esateko. Horrek esan nahi duen guztiarekin: gauzak edozelan kargatu, denbora barik,…

Inoiz gertatu izan zait pen drivea etxean ahaztea, eta egun konkretu bat izan, zehatza, eta berriro idatzi behar izatea post osoa. Gainera, hori pasatzen zitzaidanean beti izaten zen artikulu “on” batekin,  oso gustura idatzitakoa eta biribil samar irten zitzaidana. Oso gogorra da, atzera ere idaztea, topatutako itzuli, konparazio, eta abarrekin.
Beste batzuetan, blogak beste diseinua zeukanean, zuzenean kargatzen nuen; hau da, word-en idatzi barik. Bizkor eta arin egin nahi izateak akatsak egitea zen. Konfunditu, atzera egin eta idatzitako guztia galdu. Askotan amaiera aldera izaten zen. Beraz, dena pikutara! Frustrazioa!

Baina hau guztiau amaitu da. Konektatuta nago, nahiz eta ordenagailua egongela erdian eduki eta sukaldeko aulki etzan baten jesarrita egon, ordenagailua altzari txiki baten gainean dagoelako. Izan ere, Euskaltelekoek ez didate instalazioa amaitu. Hala ere, pozik nago, nahiz eta ehun liburu baino gehiago lekuz aldatuta eta gelaren mahai gainean egon.

Orain beste arazo bat daukat: ordenagailua. Zahar gelditu zait. Sei urte dauzka, eta orain arte, konektatu barik, ez neukan inongo arazorik musika, dokumentuak eta abarrak erabiltzeko. Orain Mozilla Firefox bertsio berria ezin dut instalatu, sistema operatiboak ez duelako onartzen, nirea zaharregia delako. Zer egin? Ez daukat asmorik ordenagailu berria erosteko, baina banketa honetan erdi makurtuta idazten, eta hainbat plugin eta programa instalatu ezinda. Zer egin dezaket? Beti zeozer, ai ama!


Tibet free, tibetarrak libre

Leire Narbaiza 2008/03/24 20:58
Denon ahotan dabil "Free Tibet" edo "Tibet free". Denok ezagutu dugu tibetarren bandera.

Gar olinpikoak hasi du Pekinerako bidea. Tibetarren protestak ere hasi ziren pasa den astean. Tibetarrek askatasuna nahi dute, ez baitute horrelakorik inoiz ezagutu. Badirudi iritzi publikoa alde dutela; hala ere, beti dago norbait txinatarren nagusitasuna defendatzen duena, esklabutza deuseztu duelakoan. Bestela, irakurri artikulua. Bertan kontatzen du Tibet duela 700 urte dela Txina. Bai, Trebiño Burgos den bezala. Baina Trebinarrek gaztelarrak dira, nahiz eta hori jarri paperetan?

Lamek esplotatuko zituzten, ziur nago. Kasta sistemak, berraragiztatzean oinarritutako erlijioak, lagunduko zuen esklabutza ezartzen eta mantetzen, baina Txinako gobernua ere ez da ona izan. Euren adierazpe kulturalak debekatuta daude (gutxi eta kontrolatu batzuk izan ezik), txinatarren emigrazioa sustatu dute, tibetarrak euren lurraldean gutxiengoa izan arte. Dalai Lamaren lidergoa ere zalantzan jarri dute, salatu dute aprobetxatu dutela joko olinpikoak Txinan izango direla protestak egiteko. zein gaiztoak diren tibetarrak, alajaina!
.
Pekingo gobernuaren nahia gar olinpikoa Tibetetik pasatuta, Everest tontorrera igo nahi dute. Horretarako, Everesterako igoerak debekatu dituzte, baita Nepalgo gobernua presionatu ere, gauza bera egin zezan.

Txinak ez ditu giza eskubideak errespetatzen, baina hori ez da oztopo mundu "demokratikoko" agintari guztiak goxo-goxo egoteko berarekin. nork egingo dio aurre horrelako potentzia bati? Nork egingo dio uko ekonomia berri horri? Nor jarriko da kontra, denak batera salto eginez gero itzelezko lurrikara sortzeko modua badute! :-)

Gutxiagogatik AEBek inbaditu zuten Irak. Eta boikota egin zitzaion Hegoafrikari apartheid sasoian. Kubak ere jasaten du blokeoa alderdi politiko aniztasun ezagatik. Txinak, baina, mila eta berrehun milioi pertsona dauzka; hau da, 1200 milioi kontsumitzaile....eta la pela, es la pela!

Tibet free ondo dago, baina onena litzateke tibetarrak libre! aldarrikatzea, eta gauzatzea!

 

 

Aste Santua

Leire Narbaiza 2008/03/24 00:03
Opor sasoi hau oso ondo etortzen zaigu, gabon eta udako oporren artean. Batez ere, opor luzeak dauzkagunoi, hiruhilekoen arteko etena egiteko balio digulako.

Eibarrek basamortua dirudi, nahiz eta pentsatzen dudan inoiz baino jende gehiago dagoela. Beste Aste Santu batzuetan nonahi aparka zitekeen, baina aurten ez da hainbeste toki egon. Geldituz gero, beti dago planen bat egiteko aukera, eta hori ere oso ondo dago. Beti esan izan dut: Aste Santua Eibarren, lagunekin eta gogoarekin oso ona da. Txarrena lagun barik egotea da. Aurten, ni horrela nago, baina Pazkoa astean joango naizenez, ez dit larregi ardura. Gainera, deskantsatu, lo egin, eta familiarekin egoteko aukera izan dut. Irakurri ez hainbeste, liburutegia itxi ziguten abisatu barik, eta ez daukat nobeloirik irakurtzeko. Lastima!

Egun hauetako penitentzia, baina, telebistako programazioa da. Pelikula guztiak bilikoak dira: Hamar mandamenduak, Moises, Jesukristoren bizitza, Jesukristoren heriotza, erromatarrak, ebanjelio apokrifoak, Jesusen tentazioak, Madalenaren perbertsioak….Higuindu egiten dute azkenerako. Eta ostean, prozesioak!
Prozesioak bai ez ditudala aditzen: kapiroteak, guardia zibila, legionarioak, Espainiako himnoa, trajeak, peinetak, tronpetak eta atabalak, musika martziala….egia esan munduaren nire ikuskeratik urrun daude eta arrotzak zaizkit.
 
Birritan baino ez ditut ikusi; bata, Granadako herri batean Huescar-en, eta bestea Toledon. Esperientzia biak oso desberdinak izan ziren. Lehengoan, jendeak katxondeo handia zerabilen. Pausoetan zihoazenak neska-mutil gazteak ziren, itzelezko giroa zegoen eta bazirudien parte hartzen zutela euren tradizioak aurrera ateratzeko, guk euskal jaian moduan-edo. Toledokoa desberdina izan zen, Gaztelako seriotasun horrekin. Hala ere, haluzinatu egin genuen prozesioak Espainiako himnoarekin hasten zirela ikusi genuenean, ez genuen ezer ulertzen. Zerikusia dauka Espainiak eta prozesioak? Gainera, ez dute errespetatzen ordena. Hasieratik ateratzen dute Jesus gurutziltzatuta, nahiz eta ostiralera arte ez gertatu hori. Berdin amabirjinaren irudiekin, negarrez sasoia baino lehenago. Uste dut ateratzen dituztela irudiak horrela ordena barik eta nahi duten moduan.

Ulertzen ez dudan beste gauza bat guardia zibilen presentzia prozesioan. Zer egiten dute ia pausu guztiak “babesten”? Imajinatzen duzue ertzain konpainia bat Segurako prozesioaren atzetik? Ertzaintzak, dena den, erraz edukiko luke: makinatxo bat bider “eskoltatu” ditu “prozesioak”, batez ere, gustatzen ez zaizkienenak.
Eta legionarioak ahuntz eta guzti? Denon artean pagatutako autobusetan Malagara joateko? Kristo bat eramateko? Je ne comprends rien!. I don’t understand! Non capito! ¡No me entra en la cabeza!

Ostegunean telebistan Sevillako prozesio bat ikusi nuen. Ohera joan ezinda egon nintzen, ahoa bete hagin. Zelako dirutza zegoen bertan gastatuta! Zenbat bordatu, lore fresko, oihal fin, zilar, urre! Lizuna egin zitzaidan hainbesteko ostentazioa. Gainera, arratsaldean ikusle ibili zirenak ere, traje eta gorbata jantzita, eta andrazkoak peineta eta mantelina beltza! Ikaragarria! Ez da edozeinentzat. Kofradiari ere urtean zehar ordaindu beharrekoa ez du egiten edozeinendako.

Azkenik, heriotzaren eta sufrimenduaren goraipatzea azpimarratuko nuke. Jesus hiltzea ospatzen dute, ez piztea. Nire ustez, hori da bitxiena eta goraipatzekoa. Ez dute berpiztea ospatzen, esan nahi duen guztiarekin. Prozesioa eta barreaz ulertuko nuke. Tragikotasuna baino ez dute goratzen, ez berri ona. Ze erlijio klase da sufrimendua eta iluntasuna baino ospatzen ez duena?

Garizumako liburuak

Leire Narbaiza 2008/03/23 02:20
Garizuma deitu diot Gabonak eta Aste Santuan artean irakurri ditudalako liburu hauek. Aratuste bueltakoak ere dei niezaioke post-ari, baina tarte laburragoa denez, Garizuma euskaraz beti luzeago...

 

pijama

“Pijama marradunaz jantzitako mutikoa” John Boynerena: Liburu hau, gaztelaniaz, behintzat, best-seller-a da. Nire ustez, liburu hau euskaraz argitaratzea ia gaztelaniakoarekin batera, poztekoa da, horrelako liburuak ere behar ditugulako, askotan aldarrikatu dudanez, ezta? Erraz irakurtzen den horietakoa den arren, zer pentsatua ematen du. Protagonista hamaika urteko ume bat da, kontzentrazio esparru betera bizitzera joaten dena, aita esparruko arduraduna baita. Hamaika urte badu ere, txikiagoa dirudi bere berba egiteko eragatik. uste dut idazleak horretan ez duela asmatu. Zortzi urte jarri izan balitzaio, askoz sinisgarriagoa egingo litzaiguke.

Bestetik, esan behar dut itzulpena nahiko ondo dagoela, baina zuzentzaile ortografikoa ere existitzen dela. Ile berba "hile"  dago idatzita. Enfin! horrelako txikikeriek niri asko adierazten didate. Gaur egun dauzkagun baliabideak edukita....tristea da.

Orain amaieraren gainean egingo dut berba; hortaz, irakurri nahi duenak (eta nik gomendatu egiten dut) ez dezala hau irakurri. Amaiera itzela dauka, beldurgarria, nik orri batzuk lehenago igarrita ere, gorputzaldi txarra laga zidan. Ukituta amaitu nuen liburua. Hasierako ahots atseginak gerraren gordina erakusten digu. Gogorra.

zu-bezain-ahul“Zu bezain ahul”
Karmele Jaiorena. Laneko kontuengatik irakurri nuen liburua. Honezkero jakina denez, momentu honetan ipuin liburuak ez ditut oso gustuko.  Baina, hala ere, liburu hau ikaragarri gustatu zait,. Ipuinak oso laburrak dira, zuzenak, ez dago buelta gehiegi. Hori bai, protagonistak oso errealak dira, edozein izan liteke protagonista: zu, auzokoa, supermerkatuko kajera, bakuko zuzendaria, parkean dagoen ama, ni, neba, laguna, Karmele Jaio,...edozein. Istorioek ere badaukate egunerokotasun puntu bat, ez dira estrabaganteak, arruntak dira. Eta hau modu onean diot, sinisgarriak dira. Iraganaren presentzia ere badago. Baina presentzia hori ez da oso nostalgikoa, edade konkretu baten seinale baino ez da.

Asko gustatu zait liburua, bai. Freskoa, atsegina eta erreala iruditu zaidalako; eta, gainera, mundu paralelo bat asmatua ahal izan dudalako. Benetan, joiatxo bat da liburu hau. merezi du. Birplanteatu beharko dut ipuinena.

 

bidaiak

“Bidaiak scriptoriumean zehar” Paul Auster-ena. Esan zidaten ez zitzaidala gustatuko "Brooklyngo erokeriak" komentatu nuenean. Gustatu zaidan, ez dakit. Ezin dut esan. Ez da nik espero nuena. Hori ere esan zidaten. Nirea da errua. Irakurle askok daukagu joera hori: liburu bat gustatu, eta autore horren beste liburu batzuk irakurri, antzeko zerbaiten bila. Askotan funtzionatu egiten du, baina beste askotan, ez. niri hori pasatu zait: beste gauza baten bila nenbilen. momentu honetan behar ez dudan liburuetako bat da. Kafkaren "Prozesua"-rekin konparatuko nuke -nahiz eta zerikusi gutxi duten, irakurri bitartean liburu hori etortzen zitzaidan burura behin eta berriz-. Zergatik egin konparazioa? Bietan egoera jakin baten gaude, ez dakigu zergatik, eta ez dugu zergatik jakingo. Hortaz, ez da misterioa azkenean argitzen.

Egindako teoria guztiak, pikutara joan zitzaizkidan, bata bestearen atzean. Eta oraindik jakin minez nago, ea nire teorien zatitxoren batzuek istorioaren oinarria diren, edo behintzat, zati. ez naiz oso irakurle interesgarria, eta ez zait liburuei buelta asko ematea gustatzen. Nahigo dut idazleak berak kontatzea, irakurrita disfrutatzen dut nik eta. Horren gainean beste egun batean jardungo dut, interesgarria da eta.

Itzulpenak ere nahiko urduri jarri ninduen, hainbat kasutan ohiturazko -t(z)en erabiltzen du narrazioan: komunean sartzen da, prakak kentzen ditu, jesartzen da, ....Hainbestetan ikusi ditut horrelakoak itzulpenetan, euskaltzaindiaren EGLU-ra jo nuela, ea ni oker nenbilen, edo. Ez, jaun-andreok! txarto dago! Talibana izango naiz, baina zeharo urduritzen naute tontakeria horiek, zuzentzen jarduten dut, disfrutatu beharrean. Deformación profesional!!

xakeemakume-ezezegunDurangoko irakurlearen txokorako (bertara ikasleekin joaten naiz) Stefan Zweig-en liburu bi irakurri behar izan genituen: "Xake nobela" eta "Emakume ezezagun baten gutuna". Biak desberdinak, biak antzekoak.Bietan buruari bueltak emateko gaiekin. "Emakume ezezagun baten gutuna" hamasei bat urte nituela irakurri nuen lehenengoz, gaztelaniaz. Asko gustatu zitzaidan, eta negar pila bat egin nuen orduan. Banekien oraingoan desberdina izango zela, maitasun ukatuen gaia beste era batean biziko nuela. Eta egia esan, horrela izan zen: Nerabezaroan tragikoa eta dramatikoa zena, heldutasunean pasatuegi dago. Beharbada, izango da emakumerik gaur egun horrelako gauzarik egiten duenik, baina zorionez gero eta autonomoagoak eta burujabeagoak gara. Darabilen hizkera ere, apala eta horrelako emakume bati dagokiona da. Azken momentura arte zain gaude ea zer erreakzio duen gutunaren hartzaileak. Baina andrearen hitzak baino ez zaizkigu agertzen.

"Xake nobela"-n, aldiz, darabilen hizkera oso jasoa eta landua da, protagonistaren edo narratzailearen neurrikoa. Itzulpen ona baina gaitza. Berba arraroak eta ardrebesak. Horrela eskatzen omen du originalak.

Nobela labur honetan judu baten bzizpenak kontatzen dizkigu: naziek atxilotu ondoren, ez zuten eraman kontzentrazio esparru batera, hotel batera baizik. Hotel horretan, baina, ez zeukan ez leihorik, ez zer irakurri, ez zer idatzi, ez zer margotu. Ohea besterik ez. Tortura gogorra. Bakar-bakarrik dago. Galdeketa saio batean liburu bat lortzen du ostea. Zoriontsua da, liburua xake partidaz beteta dagoela jakin arte. Horixe da argumentua. Hausnartzekoko bidea emanten digu bakardadeaz, beste pertsonen beharraz, zerbait egin beharraz...Isolamendua zein gogorra den adierazten digu.

Liburu biek badituzte antzeko gauza batzuk. Biak oso laburrak dira, ez dute apenas kapitulurik edo atalik, eta biek obsesioez dihardute. Obsesioa eta gaixotasun mentalaren arteko gauzaren bat. Bietan bakardadea eta pertsona bere buruaren kontra. Interesgarriak!

belarrarenahoa"Belarraren ahoa" Harkaitz Canorena. Canori irakurri diodan liburu bakarra da. Ez dakit zergatik baina ez dit atentziorik ematen. Egia esan, liburu berezia da. Hainbat istorio nahasten ditu ehun orriotan. Batetik, protagonista baten istorioan kontatzen da, zelan Frantziatik AEBetara polizoi joaten den Askatasunaren Estatuaren barruan. Beraz, irudi horri betiko lotuta geratzen da. Bestetik, Hitler Amerika konkistatzera doa, Eurapa osoa menpean artu ondoren. Itsasontzi berean Charles Chaplin daramate atxilotuta "Diktadore handia" filma egin duelako. Charlot eta polizoiaren istorioak nahastu egiten dira, eta elkar ezagutzen dute.

Liburu honetan hitzaren, hitz idatziaren indarra da azpimarratzekoa. Baita ilusioek eman ahal dizkiguten indarrak aurrera egiteko ere. Nobela desberdina, gustura irakurri nuena.

los crimenes “Los crímenes del número primo” Reyes Calderónena. Jakin ez banu liburu honek Leire duela kokaleku nagusietako bat ez nuke hain arin liburutegian hartuko. Baina, izenak tiratzen duenez,....Aipatu ere ez nuke egingo blog honetan, horrelako makinatxo bat irakurri dut-eta. Orduan? Morboagatik aipatzen dut. Idazleari egindako elkarrizketa bat ikusi nuen eta orduan sumatu nuen zerbait: bederatzi seme-alaba dauzka eta Universidad de Navarran uste dut dekano-ordea edo dela. Beraz, Opusekoa. Jakin nahi nuen nola egiten zion aurre nobelari horrelako pentsakera duen emakumeak.

Egia esateko, estamentu eklesialak ondo kontrolatzen ditu, baina euren arteko harremana hain da formala eta protokolarioa....ez da nik elizetan eta eskoletan bizi izan dudana. Hori bai, beste katoliko batzuk ezagutzen ditut nik, berak nobelan "Oveja descarriada" deritzon motakoak, hain zuzen ere. Bai, bai, "cristianos de base" edo oinarriko kristauak (euskaltermen arabera), edo elizan aldaketak nahi dituztenak, berandako "ardi galduak dira. Eta ikustekoa da nola deskribatzen duen Iruñeko alde zaharreko Nabarreria auzoa! "tomada po ocupas y radicales pro vascos". Aibalapetra! Horrelakoak dira barren Iruñeko nire ezagun/lagun guztiak!

Ordura arte, horrelako adierazpenekin irribarre eginterik baino ez nuen. Gauzak aldatu ziren homosexualitatea hiesa, bizioa eta deprabazioarekin lotzen hasi zenean, oso era sotilean batzuetan, eta beste batzuetan zuzenago. Horrek ez zidan batere graziarik egin, jakinda dakigun moduan, bizioa eta deprabazioa toki guztietan daudela. BItxia.

katilinarenak"Katilinarenak" Amélie Nothombena. Toki gzutietatik gomendatzen didate idazle honen liburuak: lagunak, liburuzainak,...Inguruan ere hainbat liburu iritsi zaizkit; Gaztelaniaz, euskaraz fratsesez....ezin laga, bada, libururen bat irakurri barik. Honi eman nion aukera, eta egia esan, hasieran zeharo flaxeatuta laga ninduen: egoera hain zen arraroa eta absurdoa...Abisatuta nengoenez, aurrera egin nuen, baina, laburra izan arren, momentu bat izan nuen beherantz egin zidala atentzioak.

Gero, esan behar dut, itzulpen honi ez diola inork gainbegiraturik jo! Euskaltzaidiaren hainbat arau, orain hamar urte luze emanak, ez ditu errespetatzen. behin eta berriro "arratsaldeko lauak" eta "arratsaldeko zazpirak". Zabarkeria delabegitatzen zait, benetan. ganorazko itzultzaile batek horrelako gauzak zaindu beharko lituzkeela uste dut. Ni haserretu egiten naiz, eta ezin izaten diot hariari jarraitu. Uf! nire maniak!

Amaiera ere aho zabalik lagazteko modukoa da. Beste bat ere irakurriko diot, dagoeneko etxean daukat....

 

Udabarri on!

Leire Narbaiza 2008/03/22 23:31
Etorri jaku udabarrixa!

Espero dot 2008ko Udabarrixa ahalik eta onena izatia danondako. 68ko Udabarrixa bezin indartsua, baiña oparuagua.
Lora gaztiak eta fruta barrixak indarra eta esperantza ekarri deiguezela, bihar dogu-ta!
Zueri guztieri maittasuna eta zoriona, zakukadaka.
Guztondako irribarre bat ezpanetan, eta euro batzuk poltsikuetan laguenekin kaña batzuk hartzeko.
Laztanik haundixena nere partetik pantalla aurrian zagozienondako!
MA!!!

Bost urte eta gero hau!

Leire Narbaiza 2008/03/20 00:11
Orain bost urte Estatu Batuek inbaditu zuten Irak, Erresuma Batua eta Espainiaren bedeinkapenarekin, besteak beste.

Gezurrak erabili zituzten inbasio hura justifikatzeko. Arma bakteriologikoak omen zituen Saddam Husseinek. Omen, baina. Inbaditu, gerra piztu, lapurreta masiboak eragin, herrialdea hustu, Saddam harrapatu et urkatu, negozioak egin eta aberastu, suntsipena eta etsipenak nagusi. Baina Irak duela bost urte baino hobeto omen dago. Omen. Boto eskubidea daukate; hortaz, demokrazia! Berba bedeinkatua, bere izenean negozio egiten dute.

2003a oso urte berezia izan zen; batez ere, otsail amaiera martxo hasiera. Gogoan dut kalean geundela takian potian: Egunkaria itxi zigutelako, Irak inbaditu zutelako. Hilabete mobilizaziorik mobilizazio. Egun baten  ordu beteko geldialdia, hurrengoan Donostian makro manifestazioa, hurrengo,  kontzentrazioa kandelekin; bestean, mega manifestazioan Bilbon.....pegatina, kartel eta pinez beteta guztia.

Orduan hartu nion gustua interneti. Igarri nuen zein interesgarria zen, eta zenbat balio zezakeen. Komunikazio bizkorra eta ona, ia edozeinen eskura. Hori ere oso ondo gogoratzen dut.

Ez dut uste ezertarako balio izan zuenik, baina ez geneukan beste biderik, egin genezakeen gauza bakarra zen. Era  askotako jendea elkarrekin zer edo zeren alde, edo kontra. Gogorra, baina ederra. Emozionantea. Malkoak behin baino gehiago begietan. Amorrua tripetan.

Oso jendetsuak izan ziren elkarretaratzeak. Eibarren ordu beteko geldialdiak lagun asko batu zituzten. Aspaldian inoiz baino pertsona gehiago zerbait aldarrikatzen. Donostiakoa itzela izan zen, ez zen inor gehiago kabitzen. Bilbokoa, gerraren kontrakoa, bertan egon den manifestaziorik handienetakoa izan zen. zirraragarria egin zitzaigun manifarantz gindoazela, Parisen izan zenak zenbat jende zeraman. Munduarekin geunden.

Egunkariak itxita jarraitzen du, eta hainbat pertsona inputatu eta epaiketaren zain. Irak desastre bat eginda. Egunero hildakoak, biztanleak erbesterantz; demokrazia izan arren, goseak akabatzen umeak. Hau guztiau ikusita neure buruari galdetzen diot ea egin genuenak ezertarako balio izan zuen. Ezetz erantzuten diot, baina egin genezakeen bakarra zen, eta egin genuen.

 

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua