Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Aste Santua

Aste Santua

Leire Narbaiza 2008/03/24 00:03
Opor sasoi hau oso ondo etortzen zaigu, gabon eta udako oporren artean. Batez ere, opor luzeak dauzkagunoi, hiruhilekoen arteko etena egiteko balio digulako.

Eibarrek basamortua dirudi, nahiz eta pentsatzen dudan inoiz baino jende gehiago dagoela. Beste Aste Santu batzuetan nonahi aparka zitekeen, baina aurten ez da hainbeste toki egon. Geldituz gero, beti dago planen bat egiteko aukera, eta hori ere oso ondo dago. Beti esan izan dut: Aste Santua Eibarren, lagunekin eta gogoarekin oso ona da. Txarrena lagun barik egotea da. Aurten, ni horrela nago, baina Pazkoa astean joango naizenez, ez dit larregi ardura. Gainera, deskantsatu, lo egin, eta familiarekin egoteko aukera izan dut. Irakurri ez hainbeste, liburutegia itxi ziguten abisatu barik, eta ez daukat nobeloirik irakurtzeko. Lastima!

Egun hauetako penitentzia, baina, telebistako programazioa da. Pelikula guztiak bilikoak dira: Hamar mandamenduak, Moises, Jesukristoren bizitza, Jesukristoren heriotza, erromatarrak, ebanjelio apokrifoak, Jesusen tentazioak, Madalenaren perbertsioak….Higuindu egiten dute azkenerako. Eta ostean, prozesioak!
Prozesioak bai ez ditudala aditzen: kapiroteak, guardia zibila, legionarioak, Espainiako himnoa, trajeak, peinetak, tronpetak eta atabalak, musika martziala….egia esan munduaren nire ikuskeratik urrun daude eta arrotzak zaizkit.
 
Birritan baino ez ditut ikusi; bata, Granadako herri batean Huescar-en, eta bestea Toledon. Esperientzia biak oso desberdinak izan ziren. Lehengoan, jendeak katxondeo handia zerabilen. Pausoetan zihoazenak neska-mutil gazteak ziren, itzelezko giroa zegoen eta bazirudien parte hartzen zutela euren tradizioak aurrera ateratzeko, guk euskal jaian moduan-edo. Toledokoa desberdina izan zen, Gaztelako seriotasun horrekin. Hala ere, haluzinatu egin genuen prozesioak Espainiako himnoarekin hasten zirela ikusi genuenean, ez genuen ezer ulertzen. Zerikusia dauka Espainiak eta prozesioak? Gainera, ez dute errespetatzen ordena. Hasieratik ateratzen dute Jesus gurutziltzatuta, nahiz eta ostiralera arte ez gertatu hori. Berdin amabirjinaren irudiekin, negarrez sasoia baino lehenago. Uste dut ateratzen dituztela irudiak horrela ordena barik eta nahi duten moduan.

Ulertzen ez dudan beste gauza bat guardia zibilen presentzia prozesioan. Zer egiten dute ia pausu guztiak “babesten”? Imajinatzen duzue ertzain konpainia bat Segurako prozesioaren atzetik? Ertzaintzak, dena den, erraz edukiko luke: makinatxo bat bider “eskoltatu” ditu “prozesioak”, batez ere, gustatzen ez zaizkienenak.
Eta legionarioak ahuntz eta guzti? Denon artean pagatutako autobusetan Malagara joateko? Kristo bat eramateko? Je ne comprends rien!. I don’t understand! Non capito! ¡No me entra en la cabeza!

Ostegunean telebistan Sevillako prozesio bat ikusi nuen. Ohera joan ezinda egon nintzen, ahoa bete hagin. Zelako dirutza zegoen bertan gastatuta! Zenbat bordatu, lore fresko, oihal fin, zilar, urre! Lizuna egin zitzaidan hainbesteko ostentazioa. Gainera, arratsaldean ikusle ibili zirenak ere, traje eta gorbata jantzita, eta andrazkoak peineta eta mantelina beltza! Ikaragarria! Ez da edozeinentzat. Kofradiari ere urtean zehar ordaindu beharrekoa ez du egiten edozeinendako.

Azkenik, heriotzaren eta sufrimenduaren goraipatzea azpimarratuko nuke. Jesus hiltzea ospatzen dute, ez piztea. Nire ustez, hori da bitxiena eta goraipatzekoa. Ez dute berpiztea ospatzen, esan nahi duen guztiarekin. Prozesioa eta barreaz ulertuko nuke. Tragikotasuna baino ez dute goratzen, ez berri ona. Ze erlijio klase da sufrimendua eta iluntasuna baino ospatzen ez duena?

Jozulin
Jozulin dio:
2008/03/24 20:19

Haiek garaiak, zuri baltzezko telebisiñoan "La tunica sagrada", "Marcelino pan y vino", "La cancion de Bernardette" ikusten... Badaukie euren enkantua horrek pelikulok, ez esan ezetz.

leire
leire dio:
2008/03/24 23:06

Bai, Jozulin! Baiña aspaldixan ez dabe bota "Las campanas de Santa María". Umetan hori guztatzen jatan, eta Gabon eta Aste Santu guztietan emoten zeben. Ingrid Bergman eta Bin Crosby. nik nahastau egitten dittut Ben Hur, Espartaco eta Latunica sagrada. Sekula ez naiz gai izan bat bera be ikusten amaitzeko.....

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua