Bost urte eta gero hau!
Gezurrak erabili zituzten inbasio hura justifikatzeko. Arma bakteriologikoak omen zituen Saddam Husseinek. Omen, baina. Inbaditu, gerra piztu, lapurreta masiboak eragin, herrialdea hustu, Saddam harrapatu et urkatu, negozioak egin eta aberastu, suntsipena eta etsipenak nagusi. Baina Irak duela bost urte baino hobeto omen dago. Omen. Boto eskubidea daukate; hortaz, demokrazia! Berba bedeinkatua, bere izenean negozio egiten dute.
2003a oso urte berezia izan zen; batez ere, otsail amaiera martxo hasiera. Gogoan dut kalean geundela takian potian: Egunkaria itxi zigutelako, Irak inbaditu zutelako. Hilabete mobilizaziorik mobilizazio. Egun baten ordu beteko geldialdia, hurrengoan Donostian makro manifestazioa, hurrengo, kontzentrazioa kandelekin; bestean, mega manifestazioan Bilbon.....pegatina, kartel eta pinez beteta guztia.
Orduan hartu nion gustua interneti. Igarri nuen zein interesgarria zen, eta zenbat balio zezakeen. Komunikazio bizkorra eta ona, ia edozeinen eskura. Hori ere oso ondo gogoratzen dut.
Ez dut uste ezertarako balio izan zuenik, baina ez geneukan beste biderik, egin genezakeen gauza bakarra zen. Era askotako jendea elkarrekin zer edo zeren alde, edo kontra. Gogorra, baina ederra. Emozionantea. Malkoak behin baino gehiago begietan. Amorrua tripetan.
Oso jendetsuak izan ziren elkarretaratzeak. Eibarren ordu beteko geldialdiak lagun asko batu zituzten. Aspaldian inoiz baino pertsona gehiago zerbait aldarrikatzen. Donostiakoa itzela izan zen, ez zen inor gehiago kabitzen. Bilbokoa, gerraren kontrakoa, bertan egon den manifestaziorik handienetakoa izan zen. zirraragarria egin zitzaigun manifarantz gindoazela, Parisen izan zenak zenbat jende zeraman. Munduarekin geunden.
Egunkariak itxita jarraitzen du, eta hainbat pertsona inputatu eta epaiketaren zain. Irak desastre bat eginda. Egunero hildakoak, biztanleak erbesterantz; demokrazia izan arren, goseak akabatzen umeak. Hau guztiau ikusita neure buruari galdetzen diot ea egin genuenak ezertarako balio izan zuen. Ezetz erantzuten diot, baina egin genezakeen bakarra zen, eta egin genuen.