Nire bihotzeko okupa abandonatuak
Izen hauek dabilzkit buruan, buelta eta buelta. Eurek jakingo balute zenbatetan gogoratzen ditudan! Beti gutun bat idazteko, e-mail bat bidaltzeko, telefonoz deitzeko…beti gogoan, baina inoiz ez dut astirik hartzen eurendako.
Maite eta estimatzen ditudan lagunak dira. Batzuk minak, beste batzuk gertukoak; nor edo nor, agian, ez hain hurbila, baina oso barruan sartuta. Sarritan, norbaitekin arratsalde oso bat eman ondoren betiko bihurtzen zaigu buruko polizoi eta bihotzeko okupa; nahiz eta, beharbada, atzera berarekin ez egon. Horretakoren bat harrituko litzateke zein barruan daramadan baleki, zein sakon eragin zidan kontatuko baliote.
Eurek jakin ez arren, ia beti daude nire pentsamenduan. Beraiek abandonatu ditudala uste izango dute, ez da hala, baina. Oherakoan gogoratzen naiz, batez ere egoera txarrean daudenekin. Akorduan dut lagun hauetako bat, oso hurrekoa ez zena, oso gaixorik izan zenean egunero neukala momentu bat berarentzat. Bere adiskide minari hauxe esan nionean, harritu aurpegiarekin begiratu, eta aditzera eman zidan ni ezagun hutsa baino ez nintzela. Beti egon dira klaseak, baina nire bihotzak ez du kategoriaz eta hurrenkerez ulertzen. Beste polizoi hauetako bat desagertutzat emanda zegoen. Gauero sufritzen nuen berarekin oroitzen nintzenean: non egingo ote zuen lo, zein egoeratan ote zegoen….Berak, hala ere, ez zuen horrelakorik inoiz jakin.
Nire galdera da, hor galtzen dugun energia —hau da, euregaz gomutatzen, baina ezer ez egiten— alferrik gastatzen da? Edo, iristen ote zaizkie nire pentsamenduak? Eta, maitasun horrek badu eraginik eurengan? Pentsamendu, nahi eta desio positiboak direlako, kulpaz beteta dauden arren.
Eta, eurekin kontaktatzen ez badut, ahaztu egingo naute? Jakin beharko lukete konprenditzen bizi gaituen zoramenak astirik lagatzen ez digula, ordutegiak asozial bihurtzeko bidean naramatela.
Jakin, benetan jakin beharko lukete ez ditudala ahaztu, estimatzen ditudala, gura diedala. Azken baten, baimen barik sartu zitzaizkidala bihotzean eta “beltz” anti-disturbiosak ere ezin izango dituztela bertatik atera. Zain egon, ederrok, beteko dut nire berba!