Emakume kongresua Saharan
Bertan hainbat tokitako emakumeek hartu zuten parte. Guri geuri be tokatu zitzaigun lanean jardutea, ez beste batzuei beste, baina guretxoa jarri genuen. Hemen jendea inskribatzen:
Gureak ziren kongresuan jendeak ikusten zituen lehenengo aurpegiak. Hori dela eta, asko uste zuten bertan, kanpamentuan bizitzen geundela, bertan denbora luzea generamala, eta gauza guztiak genekizkiela. Mila galdera erantzun behar izan genituen, sarria askotan "No sé" batekin. Baten batek ere galdetu zigun ea zenbat denbora generaman, eta "hiru egun" erantzundakoak, flipatu egiten zuten. Izena hartzen emakume sahararrak ere egon ziren, baina argazkirik ez ziguten atera. Lastima.
Argazki honetan kongresuaren hasiera agertzen da. Mahaian, eskuman lehenengoa Fatma El Mehdi, Union Nacional de Mujeres Saharauis-eko lehendakaria, gu bere etxean egon ginen.
Kongresuan emakumeen egoera konflikto guneetan aurkeztu zen, bai errefuxiatu eremuetan, bai Sahara okupatuan. Tailerrak ere egin ziren, osasuna, heziketa, kooperazioa eta feminismoa izan zuten mintzagai.
Argazki honetan entzule egon ziren emakumeak eta gizonak.
Hitzaldiak oso interesgarriak izan ziren, batez ere Sahara okupatuaz eta bertan Marokok egiten duen giza eskubideen urraketaz jardun zutenak. Bortxaketa sistematikoa dela adierazi zuten, adinari ere ez diotela erreparatzen, neskatilak izan, neska gazteak, emakume helduak edo adinduak. Poliziaren eskuetan jausten direnak denak dira bortxatuak, beste hainbat gerratan gertatzen den moduan. Bortxaketa gerra instrumentua.
Arratsaldean tailerretan garapenaz, osasunaz eta emakumeen irudiaz egin zen berba. Oso interesgarria denontzat. Konklusioak bidaltzen dizkidatenean jarriko ditut hementxe bertan. Guztiok ikas dezakegu asko esperientzia honetatik. Nahi duenak hemen dauzka konklusioak, kongresuaren amaieran irakurri zirenak.
Egun gogorra izan zen, baina merezi zuen. Ostean, egun gogorragoa etorriko zitzaigun: Harresirako martxa. Gogorra, bidaia bertaraino gogorra delako; baina gogorragoa mutil batek pertsonen kontrako mina bat zapaldu, eta ia hanka osoa galdu duelako. Dena den, hori hurrengo posterako lagako dut, ezta?
Gure biajia (II)
Tindufera aillegau eta maletak hartu biharra....Kaosa! Gaiñera Kastilla-Mantxako hegaldixa ixa batera aillegau zanez, nahasketia itzela izan zan. Halako baten, bakotxak bere motxila, maleta, pakete,....hartuta kanpamentuetara! danak zekixen nora zoiazen, guk izan ezik. Danak zeken famelixia guk, ostera, ez. Arduradunak itxaitzeko esan, eta jakiña, azken autobusian sartu ginduzen. "Escuela 27 de febrero" gure helbidia.
Halako baten, ixa jente guztia kamioietan sartuta zeguala, 27 de febrerora gindoiazenak autobusian sartzeko esan zeskuen. Ez edozein autobus, Bilbobus bat zan! Eta gu kreditrans barik! Tindufetik 27rako biajia laburra zala esan zeskuen. Eta arduradunak beste neska batzuen etxia sartzeko, edo Fatman preguntia egitteko. Halan juan giñan motxilan gaiñian, erdi lo.
Luze eritxi gentsan biajiari, baiña erdi-lo, illunpetan, ezagutzen ez genduan tokixetatik.........Auskalo! Halako baten geldittu zan autobusa. Jeitsi giñan, motxilak eta enparauak be bai, eta illuntasunetik pertsona taldetxo bat agertu jakun, linterna eta frontalekin. Gure zain luzaruan. Ingurura begiratu eta balztasun haretan hiru patrol ikusi nittuan. Atzera be begiratu, eta ikurriña bana zeken. Berriro be bistadizua egin eta haluzinantia! Ertzaintzan patrolak ziran!!!!!! Lokartu naizenian, buelta eruan nabe, eta Arkauten ete nago? Eusko Jaurlaritzak guantanamo bat ete daka Saharan?! Flipauta. Egixa esateko, Sahara Ertzaintzan ibilgailluekin jositta dago, hona hamen froga grafikuak:
Erretratu hau beste egun baten etaratakua da Rabunin, eta furgona hau urriñetik ikusi neban etortzen, desiertuan erdittik.....
Beste patrol batzuek kenduta dakez pegatiñak, baiña gelditzen da ondiokan konserbatzen dabenik
Eta zer esan honetaz? Goiko piruluak mantenduta, eta letrak arabez?
Nik jarraitzen neban 3 patroleri ahua bete hagiñekin begiratzen. Baiña halako baten baten batek esan zeba ez geguazela 27xan, Smaran baiño. Smaran? Bai. Eta gure txoferran esan zeskun: zelan ez destazue esan bertatik pasau garanian? Esan, guk?
Berriro be, motxila eta abarrak hartu eta autobusera, atzerako biajian! Heldutakuan, eguna zabaltzen hasi zan, eta harreraz arduratzen zanak ez zekixan zer egin gurekin. Egixa esateko, azkenerako lagatzian pentsau zeban, nahikua arazo bazittuan-eta (famelixa batzuk ez zittuan lokalizatzen,...). Guk Fatma izena boat genduan, baiña kasurik ez. Halako baten nere lagunak Fatman txartela etara zeban, Nairobiko Munduko gizarte foroan ezagutu zebalako. Emakumiak, txartela hartu, begiratu, guri be begiratu, beste guztiak bertan bera laga, eta kotxedun bateri deittu zetsan, gu Fatman etxera joateko; izan be, Fatma Union Nacional de Mujeres Saharuis-eko presidentia da, hemengo Emakunde antzeko zeozer, eta bere kargua ministian parekua da. Jakiña, gu izan bihar giñan baten batzuk bere txartela bagenkan!
Etorri zan kotxia. Eta zer izango, eta Ertzaintzan patrola!!!! Zenbat barre!!! Ez neban espero iñoiz holako baten montatzia, jakiña, bertan ibiltziak atxilotzia juatiak esan nahi dau-eta! Badakizue, enbajadoriak trato berezixa bihar dau! 300 metroko biajian txistiak baiño ez genduazen egin: nun dagoz eskuurdiñak, irakorri nere eskubidiak.....txoferrak haluzinau egingo zeban.
Fatman etxian atia jo, eta neska europar batek zabaldu zeskun. Bertara gentozela esan, eta sartzeko. Beste neska bat be barruan zeguan, europarra ha be. Baiña Fatmarik ez! Lotan zeguan famelixa guztia, oso goiz zalako. eurak esna topau gendazen, han Kanarietako ordua dakenez (guk baiño 1 gutxiago) despertadoria hamengo orduakin jarri zebelako, eta horretara, goizegi esnatu ziralako. Eskerrak! Ze u sorpresaz etorritta imajinau ate-joka etxe guztia esnatzen dogula!
Hau izan zan kasualidade txikixen lehelengua. Holan juan zan biajia, gauza txiki mordo batekin, saria ehuntzen, alkarlana indartzen gauzak egiñ ahal izateko. Baltzen zeguazenian gauzak, esperanzta oso modu berezixan etortzen zan, milla buelta emon eta gero.
Etxe horretan aterrizatziak gauzak beste era baten bizitzia ekarri zeban: kongresuan laguntzen, bulegua montatzen, harresian kontrako martxa atontzen......Te gitxi edan dogu, ez gara haiman egon, henna eskuetan eta hanketan egitteko betes emakume bateri eskatu bihar izan zetsagun. Ez giñan egonian egon, ez horraittiok: ordenadorian ibili giñan, ekipuak montau genduazen, blogarixa nintzanez informatika aditu bihurtu nindduen (infelice!), bidio-kamarakin grabatzen, erretratuak etaratzen.....Eta hau guztiau enajkadoria nintzala jarri nebalako :-) Enbajadaz enbajada. eta ia guztian testimonixo grafikua dakat.
Beste guztia blogian jarriko dot: emakumien kongresua, harresirako martxa, manifestua, prentsa-oharra,......Baiña denporiakin eta banaka banaka.
Gure biajia (I)
Biaje hau hasieratik ez da normala izan: planifikaziño barik, informaziño faltan, nun "aterrizau" bihar genduan ez gekixala....Zoragarrixa!
Bere barri izan nebanian, zalantza asko euki nittuan, batez be balio zebanagaittik. Denporatxo bat bihar izan neban baietza emoteko, eta emondakuan, luuuze egon giñan zain. Orduan ikasi neban Saharan denporiak beste esanahi bat zekala, eta pazientzixia bihar izango nebala. Horretara, Guatemalakin akordau, eta lasai konfirmaziñuari itxaitzen geratu giñan. Pentsa, biajiak barixakuan urtetzen zeban eta astebete lehenago kofirmau zeskuen tokixa zeguala!
Apirillan 3an Saharara! Motxiliakin biharrera, 6retan aireportuan egon bihar giñalako. Loiun atzera be, espiritu sahararra! Abioi oso bi 6retatik zain, 11,30etan enbarkatzeko! eta gabeko 12xetan aireratzeko. Horretarako, fakturaziñua topera, 20 kilotik gora eruan ezin, eta jentia maletak desegitten illaran bertan! Kejia eta kejia, eta lehelengo aktitude zatarrak!
Esan biharra dago airepotuan kalefaziñua topera egon zala, berua 5 ordu hórretan jasan eziña izan zala. Gaiñera tabernia be itxi zeskuen, ezer edan ezinda! Loiuko aireportua ez da luzaruan itxaitzeko, ez horraittiok! Aukixak oso-oso deserosuak dira, paperontzirik be ez dago, eta hain luze zain egotiak edonori galdu eragitzen detsa pazientzixia.
Gure hegaldixa Bilbo-Oran-Tinduf zan. Tinduf aireportu militarra danez, hegaldi nazionalak baiño ezin dira heldu bertara. Horregaittik, Oranen ordu beteko eskala egin bihar izan genduan. Bertan emon zeskuen bisaua betetzeko orrixa. Hori izan zan peripezien sorburua, kasualidadiakin eta patuakin batera. Egixa esan, ez dakigu iñoiz, nun eta zertan amaittuko dogun, eta haiman teia edaten emongo genduala denporia pentsatzen bagenduan be, okerreko ustia izan zan hori. Bisauan lanbidia jari bihar zan, eta nere lagunak zapatarixa jarri zeban. Professeur jartzekotan egon nintzan, baiña bestia zapari ikusitta, zeozer berezixa jarri bihar nebala pentsau neban, eta enbaxadorea jarri neban; bai, holan, euskeraz!
Enabajadoaria? Bai, lagun baten anekdotiakin akordau nintzan. Talde baten geure burua aurkeztu bihar izan genduan eta danok: Pepita naiz, Berrizkoa eta ikaslea naiz. Baiña lagun honek (nahiko ezaguna, portzierto) holan egin zeban: Aupa, Pepito naiz, Bilbokoa, eta enbajadorea naiz. Danok, "enbajadorea? Bai, enbajadaz enbajada nabilelako". Bua! Zelako barriak! Sarrittan akordatzen gara, eta beti egitten dogu barre. Hori dala eta, jarri neban nik enbaxadore, eta hala suertau zan, enbajada bata baiño gehixagotan sartu ninduen biaje osuan! Liztorra izatiagaittik!!
(jarraittuko dau)
Mendebaldeko Sahara
Mendebaldeko Sahararen mapa dugu goiko argazkian, marroi kolorean. Bertan marra gorri bat ikusten da. Marra hori Marokok eraikitako harresia da, Sahara okupatua eta Sahara liberatua banatzen dituena. Goian ezkerrean, berde ilunez, Algeria ikusten da, bertan daude errefuxiatu kanpamentuak. Gu hara joan gara, eta gure moduan bisitan joaten diren guztiak. Marrazki hau oso argigarria begitandu zitzaidan, eta segituan bloga ilustratzeko balioko zidala pentsatu nuen.
Zer gertatu da Mendebaldeko Saharan?
Sinple-sinple kontatuko dut: Mendebaldeko Sahara Espainiako kolonia afrikarretako bat zen. 1975ean, deskolonizazio prozesua martxan jarrita zegoela, eta Francon hilzorian Espainiako tropek alde egin zuten, eta Marokok "Martxa berdea" izenekoa abiatu zuen; hau da, Marokok Mendebaldeko Sahara inbaditu zuen milaka marokoar sartu zirelako bertan Marokoko militarren babespean. Sahararrek ospa egin behar izan zuten fosforoz ete napalmez borbadatu zituztelako. Orduan, basmorturantz jo zuten, deserrira, Hamadara heldu arte, Algeriako lurretara. Gaur egun hainbatek bertan jarraitzen dute, 34 urte pasatu ondoren, nazioarteko komunitateaz abandonatuta, ahaztuta Sahara basamortuko alderik latzenean.
Bitartean, Marokok Frantziaren oniritziarekin eta Espainiaren ezikusiarekin guztiz inbaditu zuen Mendebaldeko Sahara, eta "Lotsaren Harresia" eraikitzeari ekin zion, munduko harresi militarrik luzeena, 2500 km baino gehiago duena, 125.000 soldaduk babestuta, eta pertsonen kontrako minez hornituta. Harresi honek Sahararen lurraldea bitan banatzen du: batetik, Sahara okupatua; eta bestetik, sahara liberatua saharaui nomaden lurraldea. Harresi honek Sahara okupatua kontzentrazio eremu erraldoi bihurtu du, familiak eta lagunak banatuz 34 urtean zehar, elkar ikusi ezinda, elkarren berri jakin barik. Sahara okupatuan giza-eskubideak ez dira existitzen, eta Marokok, Europar Batasunaren bedeinkapenarekin, sahararren errekurtso naturalak ustiatzen dihardu.
Horixe da gakoa, herrialde honen aberastasun naturala. Bertan dago Munduko arrantza-tokirik aberatsenetako bat (Europan jaten den arrainaren %90 bertan hartzen da). Bertan dago aire zabaleko fosfato meatze handiena, bertatik Marokok eguneko lortzen duena da, Nazioarteko komunitateak saharar errefuxiatuei urte osorako ematen dion laguntza! Honekin dena dago esanda.
Arazoaren arduradun nagusietako bat Espainiako gobernua da. Sahara bere kolonia izanik, deskolonizazio ganorazko bat behar zuen, beste koloniei gertutu bezala. Baina, bertan goxo dago Espainia: Maroko "demokrata"ren laguna da: esku batekin uko egiten die sahararren eskubideei, eta bestearekin, dirua eman laguntza humanitarioan.
Sahararrak gutxi dira: kanpamentuetan, exilioan ez dira 200.000ra ailegatzen, eta okupatutako Saharan 300.000 bat (marokoarrak 600.000 dira bertan). Hortaz, zenbat gehiago agoanta dezakete? 50 urte barru akabo arazoa! denak desertuan abandonatuta, eta etsituta, eta besteak kartzelan eta isilik. C'est fini! Amaituko dute eurekin ezer egin ezean.
Sahararako bidaia
Bidaietatik bueltan sarri pasatzen da hau, buruan itzelezko zurrunbiloa, mila irudi desberdin, bizipen ezezagunak, lagun berriak....Dena barruan eta ordenatu ezinda. Horrela gertatzen bada bidaia arrunt batekin, imajina ezazue nik egin dudanarekin!
Saharako basamortuan izan naiz, basamortuaren alderik gogorrenean; Hamadan, hain zuzen ere. Algerian, Tindufetik gertu, saharatarren errefuxatu kanpamentuetan. Lehenengoz Afrikan, lehenegoz hainbeste egunetan basamortuan, lehenengoz errefuxatu eremu batean. Beste erritmo batean, beste errealitate batean. Gogorra, handia, latza. Leuna, txikia eta samurra, aldi berean. Dena konplikatua. Urruna bezain hurrekoa. Gure errealitatetik hain gertu eta hain urruti, guztia batera.
Esperientzia ikaragarria. Pertsona zoragarriak ezagutu ditut, mundu guztikoak, ia-ia. Emakume zein gizon. Bizipen gazi-gozoak, inoiz ez gezak. Lana, kongresua, ordenagailua, harresia, pertsonen kontrako minak, tortura, haserrea, mina, pazientzia,......Dena bidaia berean, dena nahasian.
Asteon atalka banatzen ahaleginduko naiz, zabaltzen han ikusitakoa. Hori baita eurek eskatu digutena: munduari informazioa ematea, blokeo mediatikoa haustea. Hori, gutxienez, egingo dugu, Maroko, Frantzia eta Espainiaren isiltasun informatiboa, ozentasun formatibo bilakatu dadin! Eureri Hamadan bakarrik ez daudela erakusteko, behintzat.
Beteko ez dittudan planak
Bixar hartuko dittut Aste Santuko oporra, eta zapatu-domekak bete-betiak nekazen, planez gaiñezka. Zapatuan Korrikia pasauko da Eibartik, gabeko 10ak aldera. Zapatu gabian! Zoragarri! Itzeleko ilusiñua nekan, sortzen dan girua parebakua izaten dalako, eta gaiñera eziñ hobia asteburuan.
Domekan, gaiñera, nere urtebetetzia. Badakizu ze ondo, domekan, zapatuan parrandatzua eginda, domekan famelixiakin, eta bakaziñotan? Holan urtiak bete leikez, ezta? Goxo-goxo maitte dittugunon artian.
Ba ez, aurten ez. Asteburuan ez naiz Eibarren egongo, ezta Euskal Herrixan be, Europan be ez! Bixar, barixakua, Saharara noia! Tindufeko errefuxatu kanpamentuetara! Hamar egunerako, bixar urten eta datorren asteko domekan bueltau. Ikaragarrixa!!!!
Bueltan kontauko detsuet, boligrafua, kuadernua eta erretratu kamaria daroiadaz, gero kronika, erretratu eta kontakizunez betetzeko Euskal Herrixa eta ziber-espaziua. Ikusiko dozue.
A! Hamen ez egon arren, bardin-bardin jasoko dittut zorion emotiak eta erregaluak be, ze uste dozue, ba? :-)
Onda pasau eta Salam Alekum!
Tortura
Melitón Manzanasek torturatutako baten alaba naiz. Umetatik ikusi izan dut torturak lagatzen dizkien marka fisiko eta moralak, torturak uzten dituen zauri psikologikoak eta osasun arazoak. Torturak betiko markatuta uzten duelako, betiko gaindituta.
Ikusi dut osasun arazo txiki horrek zelan gogorarazten zion jasandakoa, marka fisikoak nola lotsarazten zuen. azkenean torturak lotsa sentimendu bat lagatzen duelako torturatuarengan, agoantatzen jakin ez zuelako, edo larregi agoantatu zuelako. Torturak hor jarraitzen du betiko.
Torturak pertsona markatu egiten du, beste maila batera apaldu, despertsonalizatu egiten duelako torturatua. Hau guztiau ez dut jakin torturatuaren ahotik, inoiz ez baitzidan ezer kontatu. Beste batzuek esan dizkidate gauzatxo batzuk, eurek ere bere osotasunean ez zekizkitelako. Gero, behaketak eta hausnarketak beste guztia ezagutarazi didate. Ez dago kontakizunik, torturatuak lotsaz bizi duelako tortura sasoia, eta kontakizunak berriro biziarazten diolako jasandakoa.
Tortura ez omen da gurean gertaten, ordea. Isabel Coixetek "Viaje al corazón de la tortura" izeneko dokumental bat errodatu zuen, torturatuen testigantzekin, ederto. Baina denak Sarajevon, Istanbulen, Indian...Gure Mendebalde polit eta garbian, ez, ez da gurean geratzen! Zer esanik ez, estatu europar demokartiko honetan. Berdin dio NBEk salatu izana. NBEk nahi duena esan dezake, ezta? Gainera, nortzuk dira Nazio Batuak? Patxi Lopezek esan zuen, justiziak inor kondenatzen ez duen bitartean ez dagoela torturatzen den frogarik; hortaz, torturarik ez da. Euskaldun guztion lehendakaria izango ei denak dio hori! Ai, ama!
Guk, baina, beste alde batera begiratzen dugu, gurekin zerikusirik ez balu bezala. Nahiz eta Unai Romanoren argazkiari ikusi, edo Martxelo Otamendiren malko arteko kontakizuna entzun, Agurtzane Juanenaren "Esan gabe neukana" irakurri, edo gure tarteko horren orbanak ikusi. Guri ez zaigulako inoiz gertatuko, beste batzuen kontua delako, edo beste garai batekoa. Batzuei gertatzen zaie; guri ez, ostera (hori da pentsatu nahi duguna).
Nola ez dugu, bada, horrela pentsatuko? Gau eta egun telebistan eta filmetan justifikatzen digutenean, teleberrietan isildu, eta nolabait gauza ona litzatekeela iradokitzen digutenean? Zer egin pederasta hiltzaile batekin? Torturatu, dena aitortu arte, jakina. Fikzioan, zenbat polizia eta militar heroi eta justu agertzen zaizkigu galdeketetan biolentzia motaren bat erabiltzen, akusatuak konfesa dezan? Eta gainera sinpatikoak egiten zaizkigu pantailan, gure bizitzaren parte direlako.
Horrela gertatzen dira gero, inpunitate osoz, gertatzen direnak. Epailearen aurretik guztiz desfiguratuta pasatu, baina makillajearen errua izango da, komisarian ez dago-eta torturatzeko eskubiderik. Edo epaileak, agian, atxilotuaren betiko aurpegia dela pentsatzen du?
Abu Grahib-eko irudiak ikusita, asaldatuta, estatubatuarrak kritikatuko ditugu. Baita Guantanamokoaz entzutean. Hala ere, urruneko gauza denez, eta gerran gertatu zenez, ahaztu egiten ditugu. Hor dago, baina, gure ate ondoan. Eta gu ez gaude libre. Hurrengo baten, goizeko lauretan gure etxeko atea ere bota baitezakete, eta trantze horretatik pasarazi gutako edonor. Eta ez da izango esneduna, ez horixe!
Erraza litzateke, bada, honekin amaitzea. Errazena eta merkeena inkomunikazioarekin amaitzea litzateke. Baina holakorik egingo ez dutenez, kamerak grabatzen jartzea, kalean dauden moduan, 24 orduz grabatzen. Eta inkomunikazioa desagertzen ez den bitartean, dagoen protokoloa (gaztelaniaz baino ez dut aurkitu) zorrotz betetzea.
Horrela inork gehiagok ez du idatzi beharko bere blogean torturaren gaineko beste post bat, aitaren sufrikarioa kontatuz. Inork ez du biktima baten kalbarioa salatuko. Eta tortura desagertu arte, ez da giro izango, ez hemen, ez inon.
Hemen behean torturak jasandako batzuk Wislawa Szymborska 1996ko Nobel sariaren irabazlearen "Tortura" poema irakurtzen. Ostean, Trunboik idatzitako bertsoak berari egindako torturak kontatzen. Azpian, nahi izanez gero, lotura gehiago torturaren gaineko artikuluekin baita Xabier Makazagaren "Torturadores & cía" liburua pdf-n:
Ahaztu? Iñoiz bez!_
i
Aittatzia nahi neuke
torturiarena
nire kasua eta
beste askorena
munduak jakin deixan
Españiarena
ahozko demokratak
baino eztirena
ii
Hogetazazpi ziran
martixan urtiak
on egingo al desta
barruak hustiak!!!
beterano nintzala
ustelak ustiak
nahiko meritu zekan
bizixai eustiak
iii
“Arregin hiltzailiak
libre libre jazak
bildurgarrixak dittuk
hemengo gaupasak
guri sartzen diharduk
porru eta azak
aurki probauko dittuk
torturaren jasak «
iv
Bakarra hasi jatan
hankazpixak jotzen
aitorpenen bat hola
ete zeban lortzen
luzaro jardun arren
kalluak jorratzen
barri zaharrak bakarrik
netsazen eskeintzen
v
Gero ginasiuan
kukumixo dantzan
hankak luzatuz ondo
kosakuen martxan
txakur kuadrillia be
begiratzen han zan
ni alde egiteko,
berriz, esperantzan
vi
Okerrera jo zeban
Murfyren legian
eskuak gogor lotuz
belaunen parian
burdiñatik zintzilik
burua han behian
behin ta berriz astintzen
ahalegindu zian
vii
Gaua zoragarrixa
harrizko kamañan
atsedena urrixa
luaren tamañan
berriz noiz etorriko
geldi geldi zain han
txitxarian zarataz
esnatuko ziñan
viii
Armozuan ordaiña
ginasiokua
han beratu ondoren
barraren jokua
agindu zesten baiña
nekanez nahikua
bidia hartu neban
kanposantukua
ix
“Qué has hecho hijo puta”
orruaka jiran
ostikoz barrabillak
jotzen hasi ziran
bizirik nenguala
nekixan sikiran
etsi bihako zeben
pertsonak baziran
x
Eurak bazkaldu zeben
gero madrilera
puerta del sol ondoko
txakur hotelera
hanguak egin zesten
egundoko jera
kura modukuakin
lehengora atzera
xi
Zazpi zortzi bat gizon
aurre ta atzian
galdera ta txilixo
batera antzian
gerrixa jarri zesten
maixaren ertzian
ondorengo orduak
gozuak etzian
xii
Honen ostian zeben
gaindituko marra
ezesten ba eskeini
diruaren harra!!!
geratu nintzanian
suitean bakarra
bihotz begixetatik
zeridan negarra
xiii
Nahiz guzur saltsa-maltsan
jendia nahastu
nahiz birrindutakuon
imajina sastu
nahiz bizitza baldintzak
españiak laztu
humillaziño hori
ezingo da ahaztu
xiv
Sinistu nahi ezbada
aittatu diranak
alper alperrikuak
egindako lanak
egixak dira baiña!!!
esandako danak
sinistu bihar leuke
demokrata danak
xv
Hemen esandakua
ezta ahaztekua
kronikia da eta
astebetekua
nire moduan asko
torturautakua
hara hor Españia
demokratikua!!!
Doñua: Orioko balia 2008-10-8
Txaba Payes-en artikulua; Mattin Sarasola eta Igor Porturen tortura kontakizunak; Manex Castrorenak, eta "Torturadores & cía" Xabier Makazagaren liburua, pdf-n jaisteko moduan.
Mundua lo dagoen bitartean
Hauxe da Patxi Zubizarretak 2008an atera duen liburuetako bat. Liburu asko idatzi ditu dagoeneko, eta bere bibliografia zabala den arren, hainbatek bigarren mailako idazletzat -edo autore minortzat :-)- daukatela uste dut. Niri, baina, asko gustatzen zait nola idazten duen, zein gaitzu tratatzen dituen, zelan enfokatzen dituen nobelak....
"Eztia eta ozpina" nobela uste dut izan zela irakurri nion lehena. Gozoa, mingotsa, izenburuak iradokitzen duen moduan, maitasun istorio ederra. Geroago, "Jeans-ak hozkailuan", "Atlas sentimentala", "Barrikadak", "Pospolo kaxa bat bezala",.... etorri ziren. Gustura irakurri nituen haiek ere, nahiz eta haietako batzuk haur eta gazte literaturan sailkatuta egon (ulertzen ez dudan sailkapena, "Behi euskaldun baten memoriak" ere gaztetxoendako ei da, eta lasagna batek baino geruza gehiago dauzka, zein baino zein sakonagoa!).
Nire ustez, hortik datorkio bigarren mailakotzat hartzearena, ume eta gazteendako asko idazten duelako, eta jakina, ezin lehen mailakoa izan. Ni ez nago ados. Erabiltzen duen hizkera samurra eta gozoa da (nesken txotxolokeriak, badakizue!); euskara maila ona eta aberatsa izan arren, euskara ikasle askok polito ulertzen dituzte liburuak eta gainera disfrutatu! Zer esango dizuet, bada, sarri askotan aholkatzen ditut, niri neuri gustatzen zaizkidalako, eta ikasleek ere gustura irakurtzen dituztelako. Zer gehiago eska dezaket?
Zentra dadin, baina, "Mundua lo dagoen bitartean" lanean. Berritzailea dela esango nuke, gidoi batetik abiatuta, interesa pizten duen istorio oso bat muntatu duelako. Ahotsak eta musika garbi "entzun" litezke irakurri bitartean; izan ere, gaueko irrati-saio batean gertatzen da dena, konfidentziak kontatzeko irrati-saio horietako batean. Pertsonaiak, tentsioa, jakin-mina,....dena dago, eta nobela ez den arren, narrazioak istorio oso bat kontatzen digu, biribila.
Gustatu zait esperimentua, bai horixe! bAita kontatzeko modua ere. Jarraituko dut gomendatzen....
Erabili eguzkitako krema!
Luzetxoa da; hala ere, amaierara arte ikustea merezi du. Niri neuri ikaragarri gustatu zait. Izan daiteke mamala hutsa izatea, hunkiberegi egotea, baina uste dut bideo honek gauza positiboak baino ez dituela esaten, eta denok behar dugula horrelakoak noizbait entzutea. Pena da ingelesez eta gaztelaniaz baino ez egotea!
Gure handitasunaz eta hauskortasunaz dihardu bideoak, gu geu garelako garrantzitsuena eta ederrena.
Zer gustatu zaizue? Bai? Benetan merezi duzuelako!
Bidaia intimoak
Korrika 16ren omenaldirako egindako dokumentala da "Bidaia intimoak", Jon Maia bertsolariak zuzendutakoa. Gaur Durangon eman dute, Korrika kulturalaren barruan. Horrelakoak pasatzen uzti ezin direnez, ikasleekin joatea erabaki dut. Eta betiko moduan, XXI. mendean gaudenez, ia gehienek nahiago zuten baldintza lantzeko ariketa analitikoak egin, Platerenuenera joan baino; oraindik ere, hainbat ikasleren buruan sartuta dagoelako horrelako emanaldiak denbora galtzea direla. Desertzio batzuk izan ditut, eta batzuk nire errosarioaren ostean, tartetxo baten egotea erabaki dute.
Nik trailerra ikusita neukan, baita oso itxura ona hartu ere. Hona hemen ikusita nuena:
Zelan edo halan, samatik oratuta eroan ditut sei ikasle. Ez zegoen jende larregirik, eta lagun batzuk agurtu ostean, jesarri egin gara. Egia esateko, oso berandu hasi da dokumetala bera, berandu hasteaz gain, Korrikako kantuaren bideoklipa aurretik bota dutelako. Jakina, bertan zegoen errodatua, eta ikusi egin behar.
Orduan, animatuta igerri ditut ikasleok, bideoklipa jarrita nielako klasean, eta oso martxosoa delako. Lehenengo irribarreak ikusi ditut. Dokumentala hasi da ondoren. Hunkigarria, ederra, samurra...Lau esperientzia, oso desberdinak; batzuk euskara ikastearena, urrunetik etorrita, urrutian maiteminduta euskararekin. Beste biak, ostera, euskaldun galduak, berreskuratuak. Ni bezalakoak.
Zenbat negar egin dudan! Uf! Ondo, baina! Korrikarekin-eta beti emozionatzen naiz gehiegi. Ona dala uste dut. Negarrarena, berriz, ezin dut kontrolatu. Malkoek segituan irteten didate. Horrelakoa naiz, edo horrela nago, ez dakit nola esan. Martxoaren 3aren aipamenarekin ere busti zaizkit begiak, batez ere "Campanades a mort" kantuaren lehen kanpaikadak entzun direnean (Emozio hori, hala ere, ez da ona izan, tristea baizik). Lluis Llachen Gasteizko kontzertua izan nintzen orain hiru urte... Honekin musika ere azpimarratu nahi dut: Ruper eta Mikel Laboa. "Hautsi da anfora" diskoko hainbat kantu, Mikel Laboaren "Gure hitzak" kantua: Gure hitzak, esan berriz esan, ez daitezela ahaztu, ez daitezela gal, elur gainean, txori hanka arinek, utzitako arrasto sail, ederra bezalaxe. Kantu itzela. Jon Maiaren off ahotsa ere, ondo, edoerto. Mapak marrazten, bideak egiten, galdutakoak berreskuratzen.
Testigantzak ondo aukeratutakoak. Dena dela, nik gustura ikusiko nukeen euskarara nolabait derrigotuta edo presionatuta hurbildu denarena, gero gure mundua deskubritu duena, beste dimentsio bat. Horrelako lekuko batek ere gaur egunean gauza ederra izango litzateke.
Eta nire ikasleak? Bai, samatik eroan ditudanak? Mugitu ere ez dira egin, nahiz eta 9,30etan amaitu dokumentala, eta gure klasea 9etan. Gustura egon dira, bestela laster egingo zuten ospa. Asko lagundu diete azpitituluek, hainbaten hizkera ez zen-eta eurendako hain ulergarria. Pozik irten dira, eta emozionatuta. Ikusi ote dute euren burua pantailan? Nik bai, eurena eta neurea.
Ederra!