Bidaia intimoak
Korrika 16ren omenaldirako egindako dokumentala da "Bidaia intimoak", Jon Maia bertsolariak zuzendutakoa. Gaur Durangon eman dute, Korrika kulturalaren barruan. Horrelakoak pasatzen uzti ezin direnez, ikasleekin joatea erabaki dut. Eta betiko moduan, XXI. mendean gaudenez, ia gehienek nahiago zuten baldintza lantzeko ariketa analitikoak egin, Platerenuenera joan baino; oraindik ere, hainbat ikasleren buruan sartuta dagoelako horrelako emanaldiak denbora galtzea direla. Desertzio batzuk izan ditut, eta batzuk nire errosarioaren ostean, tartetxo baten egotea erabaki dute.
Nik trailerra ikusita neukan, baita oso itxura ona hartu ere. Hona hemen ikusita nuena:
Zelan edo halan, samatik oratuta eroan ditut sei ikasle. Ez zegoen jende larregirik, eta lagun batzuk agurtu ostean, jesarri egin gara. Egia esateko, oso berandu hasi da dokumetala bera, berandu hasteaz gain, Korrikako kantuaren bideoklipa aurretik bota dutelako. Jakina, bertan zegoen errodatua, eta ikusi egin behar.
Orduan, animatuta igerri ditut ikasleok, bideoklipa jarrita nielako klasean, eta oso martxosoa delako. Lehenengo irribarreak ikusi ditut. Dokumentala hasi da ondoren. Hunkigarria, ederra, samurra...Lau esperientzia, oso desberdinak; batzuk euskara ikastearena, urrunetik etorrita, urrutian maiteminduta euskararekin. Beste biak, ostera, euskaldun galduak, berreskuratuak. Ni bezalakoak.
Zenbat negar egin dudan! Uf! Ondo, baina! Korrikarekin-eta beti emozionatzen naiz gehiegi. Ona dala uste dut. Negarrarena, berriz, ezin dut kontrolatu. Malkoek segituan irteten didate. Horrelakoa naiz, edo horrela nago, ez dakit nola esan. Martxoaren 3aren aipamenarekin ere busti zaizkit begiak, batez ere "Campanades a mort" kantuaren lehen kanpaikadak entzun direnean (Emozio hori, hala ere, ez da ona izan, tristea baizik). Lluis Llachen Gasteizko kontzertua izan nintzen orain hiru urte... Honekin musika ere azpimarratu nahi dut: Ruper eta Mikel Laboa. "Hautsi da anfora" diskoko hainbat kantu, Mikel Laboaren "Gure hitzak" kantua: Gure hitzak, esan berriz esan, ez daitezela ahaztu, ez daitezela gal, elur gainean, txori hanka arinek, utzitako arrasto sail, ederra bezalaxe. Kantu itzela. Jon Maiaren off ahotsa ere, ondo, edoerto. Mapak marrazten, bideak egiten, galdutakoak berreskuratzen.
Testigantzak ondo aukeratutakoak. Dena dela, nik gustura ikusiko nukeen euskarara nolabait derrigotuta edo presionatuta hurbildu denarena, gero gure mundua deskubritu duena, beste dimentsio bat. Horrelako lekuko batek ere gaur egunean gauza ederra izango litzateke.
Eta nire ikasleak? Bai, samatik eroan ditudanak? Mugitu ere ez dira egin, nahiz eta 9,30etan amaitu dokumentala, eta gure klasea 9etan. Gustura egon dira, bestela laster egingo zuten ospa. Asko lagundu diete azpitituluek, hainbaten hizkera ez zen-eta eurendako hain ulergarria. Pozik irten dira, eta emozionatuta. Ikusi ote dute euren burua pantailan? Nik bai, eurena eta neurea.
Ederra!
Bai, Benito. Eurek ez dakite zein garrantzitsua den kalera irtete hori, eta batzuetan irakasleok ere ez dugu izaten irteteko gogorik, animatzaile soziokulturalarena egin behar dugulako, denak gustura egon daitezen. Bestetik, esan beharra daukat, ikasleekin berba egin eta gero oso gustura geratu zirela, eta ekin egin nielako ikusi zutela. Baten batek eskerrak ere eman dizkit! Bai, Maite, zurekin nago, negar egiteko joera hori ere gainditu behar dugu. Eta egia esan, lau historiak ederrak ziren, hunkigarriak, bakoitza bere aldetik. Benetan merezi duen lana, etb-n botatzekoa, baita gaztelaniaz ere. Ederra!