Tortura
Melitón Manzanasek torturatutako baten alaba naiz. Umetatik ikusi izan dut torturak lagatzen dizkien marka fisiko eta moralak, torturak uzten dituen zauri psikologikoak eta osasun arazoak. Torturak betiko markatuta uzten duelako, betiko gaindituta.
Ikusi dut osasun arazo txiki horrek zelan gogorarazten zion jasandakoa, marka fisikoak nola lotsarazten zuen. azkenean torturak lotsa sentimendu bat lagatzen duelako torturatuarengan, agoantatzen jakin ez zuelako, edo larregi agoantatu zuelako. Torturak hor jarraitzen du betiko.
Torturak pertsona markatu egiten du, beste maila batera apaldu, despertsonalizatu egiten duelako torturatua. Hau guztiau ez dut jakin torturatuaren ahotik, inoiz ez baitzidan ezer kontatu. Beste batzuek esan dizkidate gauzatxo batzuk, eurek ere bere osotasunean ez zekizkitelako. Gero, behaketak eta hausnarketak beste guztia ezagutarazi didate. Ez dago kontakizunik, torturatuak lotsaz bizi duelako tortura sasoia, eta kontakizunak berriro biziarazten diolako jasandakoa.
Tortura ez omen da gurean gertaten, ordea. Isabel Coixetek "Viaje al corazón de la tortura" izeneko dokumental bat errodatu zuen, torturatuen testigantzekin, ederto. Baina denak Sarajevon, Istanbulen, Indian...Gure Mendebalde polit eta garbian, ez, ez da gurean geratzen! Zer esanik ez, estatu europar demokartiko honetan. Berdin dio NBEk salatu izana. NBEk nahi duena esan dezake, ezta? Gainera, nortzuk dira Nazio Batuak? Patxi Lopezek esan zuen, justiziak inor kondenatzen ez duen bitartean ez dagoela torturatzen den frogarik; hortaz, torturarik ez da. Euskaldun guztion lehendakaria izango ei denak dio hori! Ai, ama!
Guk, baina, beste alde batera begiratzen dugu, gurekin zerikusirik ez balu bezala. Nahiz eta Unai Romanoren argazkiari ikusi, edo Martxelo Otamendiren malko arteko kontakizuna entzun, Agurtzane Juanenaren "Esan gabe neukana" irakurri, edo gure tarteko horren orbanak ikusi. Guri ez zaigulako inoiz gertatuko, beste batzuen kontua delako, edo beste garai batekoa. Batzuei gertatzen zaie; guri ez, ostera (hori da pentsatu nahi duguna).
Nola ez dugu, bada, horrela pentsatuko? Gau eta egun telebistan eta filmetan justifikatzen digutenean, teleberrietan isildu, eta nolabait gauza ona litzatekeela iradokitzen digutenean? Zer egin pederasta hiltzaile batekin? Torturatu, dena aitortu arte, jakina. Fikzioan, zenbat polizia eta militar heroi eta justu agertzen zaizkigu galdeketetan biolentzia motaren bat erabiltzen, akusatuak konfesa dezan? Eta gainera sinpatikoak egiten zaizkigu pantailan, gure bizitzaren parte direlako.
Horrela gertatzen dira gero, inpunitate osoz, gertatzen direnak. Epailearen aurretik guztiz desfiguratuta pasatu, baina makillajearen errua izango da, komisarian ez dago-eta torturatzeko eskubiderik. Edo epaileak, agian, atxilotuaren betiko aurpegia dela pentsatzen du?
Abu Grahib-eko irudiak ikusita, asaldatuta, estatubatuarrak kritikatuko ditugu. Baita Guantanamokoaz entzutean. Hala ere, urruneko gauza denez, eta gerran gertatu zenez, ahaztu egiten ditugu. Hor dago, baina, gure ate ondoan. Eta gu ez gaude libre. Hurrengo baten, goizeko lauretan gure etxeko atea ere bota baitezakete, eta trantze horretatik pasarazi gutako edonor. Eta ez da izango esneduna, ez horixe!
Erraza litzateke, bada, honekin amaitzea. Errazena eta merkeena inkomunikazioarekin amaitzea litzateke. Baina holakorik egingo ez dutenez, kamerak grabatzen jartzea, kalean dauden moduan, 24 orduz grabatzen. Eta inkomunikazioa desagertzen ez den bitartean, dagoen protokoloa (gaztelaniaz baino ez dut aurkitu) zorrotz betetzea.
Horrela inork gehiagok ez du idatzi beharko bere blogean torturaren gaineko beste post bat, aitaren sufrikarioa kontatuz. Inork ez du biktima baten kalbarioa salatuko. Eta tortura desagertu arte, ez da giro izango, ez hemen, ez inon.
Hemen behean torturak jasandako batzuk Wislawa Szymborska 1996ko Nobel sariaren irabazlearen "Tortura" poema irakurtzen. Ostean, Trunboik idatzitako bertsoak berari egindako torturak kontatzen. Azpian, nahi izanez gero, lotura gehiago torturaren gaineko artikuluekin baita Xabier Makazagaren "Torturadores & cía" liburua pdf-n:
Ahaztu? Iñoiz bez!_
i
Aittatzia nahi neuke
torturiarena
nire kasua eta
beste askorena
munduak jakin deixan
Españiarena
ahozko demokratak
baino eztirena
ii
Hogetazazpi ziran
martixan urtiak
on egingo al desta
barruak hustiak!!!
beterano nintzala
ustelak ustiak
nahiko meritu zekan
bizixai eustiak
iii
“Arregin hiltzailiak
libre libre jazak
bildurgarrixak dittuk
hemengo gaupasak
guri sartzen diharduk
porru eta azak
aurki probauko dittuk
torturaren jasak «
iv
Bakarra hasi jatan
hankazpixak jotzen
aitorpenen bat hola
ete zeban lortzen
luzaro jardun arren
kalluak jorratzen
barri zaharrak bakarrik
netsazen eskeintzen
v
Gero ginasiuan
kukumixo dantzan
hankak luzatuz ondo
kosakuen martxan
txakur kuadrillia be
begiratzen han zan
ni alde egiteko,
berriz, esperantzan
vi
Okerrera jo zeban
Murfyren legian
eskuak gogor lotuz
belaunen parian
burdiñatik zintzilik
burua han behian
behin ta berriz astintzen
ahalegindu zian
vii
Gaua zoragarrixa
harrizko kamañan
atsedena urrixa
luaren tamañan
berriz noiz etorriko
geldi geldi zain han
txitxarian zarataz
esnatuko ziñan
viii
Armozuan ordaiña
ginasiokua
han beratu ondoren
barraren jokua
agindu zesten baiña
nekanez nahikua
bidia hartu neban
kanposantukua
ix
“Qué has hecho hijo puta”
orruaka jiran
ostikoz barrabillak
jotzen hasi ziran
bizirik nenguala
nekixan sikiran
etsi bihako zeben
pertsonak baziran
x
Eurak bazkaldu zeben
gero madrilera
puerta del sol ondoko
txakur hotelera
hanguak egin zesten
egundoko jera
kura modukuakin
lehengora atzera
xi
Zazpi zortzi bat gizon
aurre ta atzian
galdera ta txilixo
batera antzian
gerrixa jarri zesten
maixaren ertzian
ondorengo orduak
gozuak etzian
xii
Honen ostian zeben
gaindituko marra
ezesten ba eskeini
diruaren harra!!!
geratu nintzanian
suitean bakarra
bihotz begixetatik
zeridan negarra
xiii
Nahiz guzur saltsa-maltsan
jendia nahastu
nahiz birrindutakuon
imajina sastu
nahiz bizitza baldintzak
españiak laztu
humillaziño hori
ezingo da ahaztu
xiv
Sinistu nahi ezbada
aittatu diranak
alper alperrikuak
egindako lanak
egixak dira baiña!!!
esandako danak
sinistu bihar leuke
demokrata danak
xv
Hemen esandakua
ezta ahaztekua
kronikia da eta
astebetekua
nire moduan asko
torturautakua
hara hor Españia
demokratikua!!!
Doñua: Orioko balia 2008-10-8
Txaba Payes-en artikulua; Mattin Sarasola eta Igor Porturen tortura kontakizunak; Manex Castrorenak, eta "Torturadores & cía" Xabier Makazagaren liburua, pdf-n jaisteko moduan.
egokia eta hunkigarria, leire.
muxu handi bat,