Mendebaldeko Sahara
Mendebaldeko Sahararen mapa dugu goiko argazkian, marroi kolorean. Bertan marra gorri bat ikusten da. Marra hori Marokok eraikitako harresia da, Sahara okupatua eta Sahara liberatua banatzen dituena. Goian ezkerrean, berde ilunez, Algeria ikusten da, bertan daude errefuxiatu kanpamentuak. Gu hara joan gara, eta gure moduan bisitan joaten diren guztiak. Marrazki hau oso argigarria begitandu zitzaidan, eta segituan bloga ilustratzeko balioko zidala pentsatu nuen.
Zer gertatu da Mendebaldeko Saharan?
Sinple-sinple kontatuko dut: Mendebaldeko Sahara Espainiako kolonia afrikarretako bat zen. 1975ean, deskolonizazio prozesua martxan jarrita zegoela, eta Francon hilzorian Espainiako tropek alde egin zuten, eta Marokok "Martxa berdea" izenekoa abiatu zuen; hau da, Marokok Mendebaldeko Sahara inbaditu zuen milaka marokoar sartu zirelako bertan Marokoko militarren babespean. Sahararrek ospa egin behar izan zuten fosforoz ete napalmez borbadatu zituztelako. Orduan, basmorturantz jo zuten, deserrira, Hamadara heldu arte, Algeriako lurretara. Gaur egun hainbatek bertan jarraitzen dute, 34 urte pasatu ondoren, nazioarteko komunitateaz abandonatuta, ahaztuta Sahara basamortuko alderik latzenean.
Bitartean, Marokok Frantziaren oniritziarekin eta Espainiaren ezikusiarekin guztiz inbaditu zuen Mendebaldeko Sahara, eta "Lotsaren Harresia" eraikitzeari ekin zion, munduko harresi militarrik luzeena, 2500 km baino gehiago duena, 125.000 soldaduk babestuta, eta pertsonen kontrako minez hornituta. Harresi honek Sahararen lurraldea bitan banatzen du: batetik, Sahara okupatua; eta bestetik, sahara liberatua saharaui nomaden lurraldea. Harresi honek Sahara okupatua kontzentrazio eremu erraldoi bihurtu du, familiak eta lagunak banatuz 34 urtean zehar, elkar ikusi ezinda, elkarren berri jakin barik. Sahara okupatuan giza-eskubideak ez dira existitzen, eta Marokok, Europar Batasunaren bedeinkapenarekin, sahararren errekurtso naturalak ustiatzen dihardu.
Horixe da gakoa, herrialde honen aberastasun naturala. Bertan dago Munduko arrantza-tokirik aberatsenetako bat (Europan jaten den arrainaren %90 bertan hartzen da). Bertan dago aire zabaleko fosfato meatze handiena, bertatik Marokok eguneko lortzen duena da, Nazioarteko komunitateak saharar errefuxiatuei urte osorako ematen dion laguntza! Honekin dena dago esanda.
Arazoaren arduradun nagusietako bat Espainiako gobernua da. Sahara bere kolonia izanik, deskolonizazio ganorazko bat behar zuen, beste koloniei gertutu bezala. Baina, bertan goxo dago Espainia: Maroko "demokrata"ren laguna da: esku batekin uko egiten die sahararren eskubideei, eta bestearekin, dirua eman laguntza humanitarioan.
Sahararrak gutxi dira: kanpamentuetan, exilioan ez dira 200.000ra ailegatzen, eta okupatutako Saharan 300.000 bat (marokoarrak 600.000 dira bertan). Hortaz, zenbat gehiago agoanta dezakete? 50 urte barru akabo arazoa! denak desertuan abandonatuta, eta etsituta, eta besteak kartzelan eta isilik. C'est fini! Amaituko dute eurekin ezer egin ezean.