Mundua lo dagoen bitartean
Hauxe da Patxi Zubizarretak 2008an atera duen liburuetako bat. Liburu asko idatzi ditu dagoeneko, eta bere bibliografia zabala den arren, hainbatek bigarren mailako idazletzat -edo autore minortzat :-)- daukatela uste dut. Niri, baina, asko gustatzen zait nola idazten duen, zein gaitzu tratatzen dituen, zelan enfokatzen dituen nobelak....
"Eztia eta ozpina" nobela uste dut izan zela irakurri nion lehena. Gozoa, mingotsa, izenburuak iradokitzen duen moduan, maitasun istorio ederra. Geroago, "Jeans-ak hozkailuan", "Atlas sentimentala", "Barrikadak", "Pospolo kaxa bat bezala",.... etorri ziren. Gustura irakurri nituen haiek ere, nahiz eta haietako batzuk haur eta gazte literaturan sailkatuta egon (ulertzen ez dudan sailkapena, "Behi euskaldun baten memoriak" ere gaztetxoendako ei da, eta lasagna batek baino geruza gehiago dauzka, zein baino zein sakonagoa!).
Nire ustez, hortik datorkio bigarren mailakotzat hartzearena, ume eta gazteendako asko idazten duelako, eta jakina, ezin lehen mailakoa izan. Ni ez nago ados. Erabiltzen duen hizkera samurra eta gozoa da (nesken txotxolokeriak, badakizue!); euskara maila ona eta aberatsa izan arren, euskara ikasle askok polito ulertzen dituzte liburuak eta gainera disfrutatu! Zer esango dizuet, bada, sarri askotan aholkatzen ditut, niri neuri gustatzen zaizkidalako, eta ikasleek ere gustura irakurtzen dituztelako. Zer gehiago eska dezaket?
Zentra dadin, baina, "Mundua lo dagoen bitartean" lanean. Berritzailea dela esango nuke, gidoi batetik abiatuta, interesa pizten duen istorio oso bat muntatu duelako. Ahotsak eta musika garbi "entzun" litezke irakurri bitartean; izan ere, gaueko irrati-saio batean gertatzen da dena, konfidentziak kontatzeko irrati-saio horietako batean. Pertsonaiak, tentsioa, jakin-mina,....dena dago, eta nobela ez den arren, narrazioak istorio oso bat kontatzen digu, biribila.
Gustatu zait esperimentua, bai horixe! bAita kontatzeko modua ere. Jarraituko dut gomendatzen....