Sahararako bidaia
Bidaietatik bueltan sarri pasatzen da hau, buruan itzelezko zurrunbiloa, mila irudi desberdin, bizipen ezezagunak, lagun berriak....Dena barruan eta ordenatu ezinda. Horrela gertatzen bada bidaia arrunt batekin, imajina ezazue nik egin dudanarekin!
Saharako basamortuan izan naiz, basamortuaren alderik gogorrenean; Hamadan, hain zuzen ere. Algerian, Tindufetik gertu, saharatarren errefuxatu kanpamentuetan. Lehenengoz Afrikan, lehenegoz hainbeste egunetan basamortuan, lehenengoz errefuxatu eremu batean. Beste erritmo batean, beste errealitate batean. Gogorra, handia, latza. Leuna, txikia eta samurra, aldi berean. Dena konplikatua. Urruna bezain hurrekoa. Gure errealitatetik hain gertu eta hain urruti, guztia batera.
Esperientzia ikaragarria. Pertsona zoragarriak ezagutu ditut, mundu guztikoak, ia-ia. Emakume zein gizon. Bizipen gazi-gozoak, inoiz ez gezak. Lana, kongresua, ordenagailua, harresia, pertsonen kontrako minak, tortura, haserrea, mina, pazientzia,......Dena bidaia berean, dena nahasian.
Asteon atalka banatzen ahaleginduko naiz, zabaltzen han ikusitakoa. Hori baita eurek eskatu digutena: munduari informazioa ematea, blokeo mediatikoa haustea. Hori, gutxienez, egingo dugu, Maroko, Frantzia eta Espainiaren isiltasun informatiboa, ozentasun formatibo bilakatu dadin! Eureri Hamadan bakarrik ez daudela erakusteko, behintzat.