Musikaren inguruan
Oraindik ametsetan
Antzinako baladen 12/8 konpasaren gainean eraikitako balada. Uda amaitzen deneko nostalgiazko abestia, hutsunea somatzen dugunekoa: ...Ez zara itzuli, enara...
Zeruko gris urdinean
kalatxorien zuria,
uhinak denak segidan,
itsasoaren musika
Itsasertzera itzuli naiz
zurrumurrua entzutera,
olatuen esamesak,
haizeak dakazkienak
Haize leuna, esadazu,
haren berririk baduzun,
bizi beharko ote dudan
oraindik ametsetan
Non zaude, non sartu zara?
Negu luze bat pasa da.
Banuen nik esperantza, baina,
ez zara itzuli, enara
Haize leuna, esadazu
haren berririk baduzun,
bizi beharko ez ote dudan
Oraindik ametsetan
Heldu da egunsentia
Tristuraren eta atsekabearen gau luzean, une batean, zeru izarratuari erreparatu eta egunsentia, itxaropena dator.
Inor ez esnatzeko moduko martxa darama, harik eta zeru izarratuaz ohartzen den arte.
Ilusioz itsu-itsu amodioaren magalean
hamaika asmo eta amets egiten bere baitan
Bat-batean bizi-pozak aldegin zion eta
ezer ere argitu gabe zer dela eta zihoan
Bi malko irristatu ziren haren masailetatik
arratsaldeko argiaren printzeetatik ihesi
Ilunabarrak, ordea, urregorriz erabat,
Bi malko haien distirak bihurtu ditu izar
Zeru izarratuari norbait ari zaio begira
liluraz sumatu ditu gaurko argi berriak
Heldu da egunsentia
Heldu da egunsentia
Nire esku
Kantu honekin irekitzen da CDa.
R & B (rhythm'n blues) kutsu argia du, akordeetan eta melodiaren eskalan. Ahotsetan, berriz, emakumeen koruak gospel kutsu erritmiko finkoa ematen dio abestiari.
Testuak, berriz, haserrea adierazten du, norberak senti dezakeen itomen bat adierazi nahi du eta hori hartu genuen kontuan kantua eraikitzen ari ginen bitartean. Hona hemen:
Hor zabiltza etengabe
Egizu hau eta bestea
Zure ustez on beharrez, eta
Beti horrela
Nik badakit aspalditik
Neure burua antolatzen
Dagozkidan kontuetan, nik neuk
erabakitzen
Gogoan hartu behar duzu
Nire gauzak nire kontu
Porrot egin ala asmatu
Nire gauzak, nire esku
Deseroso sentitzen naiz
Zaila gertatzen ari zait
Hainbeste aholku entzutea, eta
Horrela ez dut nahi
Gogoan hartu behar duzu
Nire gauzak nire kontu
Porrot egin ala asmatu
Nire gauzak, nire esku
Nire gauzak nire esku
Nire gauzak nire esku
Gogoan hartu behar duzu
Nire gauzak nire kontu
Porrot egin ala asmatu
Nire gauzak…
Buruan sartu behar duzu
Nire gauzak nire kontu
Porrot egin ala asmatu
Nire gauzak, nire esku
"Burua makurtu gabe" musika-proiektua
Pare bat urteren ondoren kalean da honezkero "Burua makurtu gabe" musika-proiektua. Nire 11 abestik osatzen dute eta melodiak eta armonia nagusia, batetik, eta, bestetik testuak ere prestatu ditut.
Horren ondoren etorri da, kanta bakoitza jantzi behar zuten musikariekiko lankidetza: abesti bakoitzaren airea edo orientazioa (estiloa), patroiak eta harmonizazioak iradoki eta musikariok nork bere esperientziatik, ahalik eta ekarpenik egokiena sortzea.
Teknologia berriei eskerrak gai gara musikari bakoitza geure grabaketak prestatu eta elkarri bidaltzeko, horrela, entseatzeaz gain, ikuspegi globala sarri askotan aztertu izan dugu produkzioa burutuko zen estudiora eraman baino lehen.
Ez ohiko elementuak ditu Alkimistak taldeak: bateriaz gain, perkusio jolea, eta hiru emakumeren korua, bestetik.
Eta musikak rock hezurdura badu ere, kanta bakoitzari estilo desberdinen kutsua nabarituko dio entzuleak, zuk zeuk datozen asteetan igarriko diezun bezala, izan ere, datozen egunetan abesti bat aurkeztu eta iruzkin batez osatuko dut blog honetan.
Hala ere, jadanik proiektuaren xehetasunak arakatu nahi izanez gero, Alguilloalkimistak.eus webgunean aurkituko dituzu, baita abestiak berak ere.
Hemen berriz, testuak eta zenbait bideo labur aurkituko dituzu.

Orain 13.000 urte
Paleolito aroa erakusten duen dibulgazio-bideo hau 2003 eta 2004 urteetan Azkoitiko udalaren laguntzaz burutu zuen irakaske talde batek Munibe Taldeak egun oraindik ikusgai dagoen historiaurreko erakustokiaren osagarri gisa.
Orduko estandarrean (720x576) grabatua izan bazen ere, 2023-24 bitartean, 20 urte geroago, Full HD formatura bihurtu (1920x1080) eta berreditatua izan da AA aplikazioei esker.
Narrazio-ahotsarekin eta atzeko musika jarrita parte hartzeko aukera izan nuen bertan.
Bertako musika-lana eta sasoi hartan sortu nituen beste batzuk blog honetan bertan argitaratu nituen (Oinaztargiak). Hemen ere badituzu.
Harri Herri Har - Amorante
2023-10-11an argitaratu den musika-lana da Harri, Herri Har. Egilea eta interprete nagusia Iban Urizar, Amorante, elgoibartarra da.
Ez da oinarri elektroniko baten gaineko abesti sorta bat. Ez da rock-a ere. Herri-musikatzat harturik ere, ihes egiten du haren klitxeetatik, berezia delako, desberdina, nahiz eta gaiak gure herri-oroimenean kokatzen diren. Solemnea ere bada batzuetan eta Isiluneak oso ongi kudeatzen dituela ere esango nuke.
Abesti hauek luzemetraietakoen airea ez ote duten ere bururatu zait.
Entzuterakoan, arreta handiagoa jarri behar izan dut eta, ohikoak ez direlako, esperientziaz ondo gozatzeko behin baino gehiagotan aditu behar izan baditut ere, hiru bat aldiz entzun ondoren atseginez eta oso gustura entzuten ditudala ere aitortzen du, izan ere, oso landutako abesti sorta dakar Amorantek azken lan bilduma honetan ere.
Lotura honen bidez entzun eta eros daiteke Harri Herri Har.
Habanera abestiaren bideoa ere aurkezten dut hemen, zertan ari naizen ulertzeko.
Arrakasta
Interesgarria gertatu zait Jasone Osoren “Arrakasta” liburua irakurtzea. Bere esperientziak eta gogoetak ere azaldu ditu saiakera guztia maisuki lotzen duen hari nagusi batean zehar pertsonaia desberdinen ekarpenekin batera:
Eneko Atxa sukaldaria, Itziar Ituño aktorea, Izaro musikaria, Jon Garaño zine-zuzendaria, Maider Egues kazetaria, Harkaitz Cano idazlea, Markel Irizar txirrindularia, Aizpea Goenaga antzerkilaria, Gorka Urbizu musikaria, Eva Domingo kazetaria eta Joxemari Agirretxe “Porrotx” pailazoa.
Interesgarria ezezik, atseginak ere gertatu zaizkit pertsonaia horien testigantzak, miresgarria askoren adorea, betegarria beste batzuen izaera osoa eta aberasgarria Jasone Osorok berak zizelkatu duen arrakastaren ikuspegi sorta, atalez atal liburuan zehar garatzen duena.

Disko bat argitaratzea
Disko bat argitaratzea kalitatezko langatzat jotzen da edonork ezin baitu argitaratzeko bezain musika-lan on bat egin. Ezta argitalpena ordaindu ere.
Diskoa aipatzen denean, CDa etorri ohi da oraindik gogora. Musikazale batzuei binilozkoa ere bururatzen zaie.
XX mendearen lehen erdian, beren ospea aretoz areto eraikia zuten artista haiei disko bat ateratzeak beren eragina hedatzea zekarkien eta diskoetxeak negozio haren partaide giltzarriak izan ziren.
Gerora diskoetxeek berek musikariak bilatzen zituzten beren iritziz arrakasta izan eta mozkina ekarriko zuten artistak. Eta marketinaren bultzadarekin, irrati-tb nahiz idatzizko prensaren kanpainen bidez, artista haiek jendearen gustuko bihurtzen ziren. Ondorioz, ospea zuten edo gustukoak egiten ziren artistak entzun nahi izanez gero, irratian entzun ezean, diskoa erosi edota ekitaldietara jo behar izaten zuen jendeak.
Horretan zetzan disko eta ekitaldien jarduera ekonomikoa XX mendearen 2 zatian. Binilo eta CD sasoia izan zen.
Diskoen garrantzia hain izan zen handia non artista batzuek, famatuenetako batzuek, noski, diskoaren argitalpenari zuzeneko ekitaldiei baino garrantzi handiagoa eman zioten, ekitaldiak murriztuz eta hauek entzulego izugarri zabalarentzat antolatuz.
XXI mendean zehar teknologia aurreratu eta eskuragarriagoa bihurtu da disko-argitalpenak ugarituz, baina ageri denez, jendeak ez du hainbeste behar eta jotzeko areto eta aukerak ere ez dira argitalpenen mailan ugaritu. Aitzitik, gero eta maizago ematen ari dira makro-jaialdiak, jendetsuak eta artista oso ezagun eta bakanekin.
Honetaz gain, norbaitek, kantuak ( iragarkiekin) zabalkunde digitalean doan entzuteko modua eskaini eta are balio gutxiagorekin geratu dira grabaketak. Jendearentzat doan moduan (iragarkiekin ohituta gaude eta...) , artistarentzat hutsaren hurrengo eta musika entzuteko moduan jartzen duenarentzat pagotxa gertatu dira.
Horrela, sarri askotan musikarien bizkar, musika-lan ugari argitaratu, euskal kulturaren erakusleiho ederra osatu eta egileak harro asko sentitu arren, euskal komunikabideen menpe geratzen dira lan berriak ezagunak egin eta ekitaldien dinamikan sartu nahirik.
Musika-talde berrien ustezko atarramentua
Bidaia baten nindoan gustuko abestiak entzuten eta tap! halako batean euskal abesti bat hura agertu zen txandan eta berriro erakarri ninduen, abesti berak atzera ere. Oso atsegin dudanez, gustura aditu nuen. Ez da jende askok ezagutzen duen aspaldiko kanta horietako bat, azken urteetako abesti fin bat baizik. Entzun bitartean, kantu polit horren egile nahiz interpreteen lekuan jartzen hasi eta oharkabe gure inguruko edozein euskal musikariren ibilbidean murgildu nintzen nire bizipenak berpiztuz.
Gazterik zaletasunagatik musikari heldu, bi, hiru edo lagun gehiagoren talde bat egin, eta elkarren anparoan instrumenturen bat ikasiz gustuz entzuten dena errepikatzen saiatuz hasi ohi da.
Taldea proiektu bihurtuko da gero taldekideen gustuen eta, askotan intuizioz, norbere konposizioen gainean, baldin eta osaleen gorabeheren eta liskarren langak gainditu eta aurrera egitea lortzen badu.
Bai, hauek musikaren ekintzaileak dira eta jendearekin musikaren bidez komunikatu nahi dute.
Taldeak, orduan, bere musika gizartearekin partekatzera eramateko bideak bilatzen ditu ilusioz beteta entseiatzeari utzi gabe, norberekiko euforia apur bat sentituz.
Izan ere, helburua ezagun egitea da, inguruan tarteka suertatzen diren kontzertu bakanetara norbere lagunak eta ezagunak gonbidatuz, edota ahal den moduan egiten diren grabaketen berri emanez. Sare sozialetan presentzia izateak ere janzten du hasierako lilura eta bertan agertzen saiatzen dira.
Eta botila-lepoarekin egingo da topo. Izan ere, artisten (proiektuen) eskaintza dauden plaza eta oholtzak baino, askoz ugariagoa da eta errazagoa da instrumentuak jiratu, norbere gustuko musika estiloan trebatu eta nola edo halako grabaketak egitea ekitaldi bat bera ere lortzea baino. Jende asko baitabil jendaurrerako liluraren pil-pil honen gatibu.
Musika-industriak bere publizitate, bolada, makro-artista eta makro-ekitaldiekin ez du lekurik uzten musikaz gozatu eta gizartearekin partekatu nahi duten proiektu berri edota esperimentalentzat eta euskal musikaren panorama, berez urriagoa dena, artista ospetsuenetara mugatu ohi da. Hortaz, horretan datza botila-lepoa.
Gaur egun herrietako jaiek tinko irauten dutelako eta hauekin batera zenbait areto ere badaudelako badago kontzertu aukera andana garrantzizkoa uda partean batez ere euskal artista ezagunentzat, baina musikari hasi berriak norbere herriaren ingurutik hedatu eta zabaltzeko zirkuiturik ez dago.
Rock musika-taldeen baloreak
Birmoldaketa industrialaren garaitik irtenbideei begira jarri eta enpresak sortzeko ekimena goraipatu izan da maila guztietako erakundeetan, Eusko Jaurlaritzatik hasi eta lanbide eskoletaraino.
Zarautzen, Zumaian edo Orion bezala, Debabarreneko lehen rock taldeei Elgoibarren irailaren 17an eguerdian egingo diegun omenaldian murgildu naizenean, ohartzen joan naiz talde horietan guztietan era naturalean garatzen diren baloreez:
Helburu bati begira elkarrekin lan egitea, egun batean bai eta bestean ere bai horretan borondatea indartu eta norbera zailduz.
Kideen eginkizunak funtziotan banatzea.
Talde ekonomia (bakarka eta taldeka) kudeatzen ikastea, hau da, garraioa, bideoa, grabaketak, instrumentuak, nahiz eta askotan gurasoek lagundu sarrera askorik gabeko panorama horretan.
Balore hauen garapena ez dago hain urrun enpresa txikietatik eta kooperazio egituretatik. Talde baten jarduerak nahitaez elkarlan eta kooperazio ereduetara bultzatzen ditu taldeetako partaideak, gaztetxoak askotan, eta inplikatuen plazer pertsonalak jo eta ke jardutera bultzatzen dituen arren, halako mugimendu sozialei gero eta forma eraginkorragoak hartzen irakatsi eta gidatuz gero, ekintzaile kultura bat indartzeko beste aukera bat izango genuke gizarte bezala.
