Elgoibarko Musikarien Elkartearen eguna
Elgoibarren lehen rockzaleak 1969 baino lehenagotik hasi ginen azaltzen.
Halere, musika estilo hau jotzeko irrikitan geundenontzat oso zaila izan da instrumentuak erosi nahiz entseiatzeko lokalen bat izatea ere.
Udalen zerbitzuak ugaritzen (margolaritzan nahiz esku-lanetan aritzeko lokalak jartzen) hasi ziren sasoian ere rock musika eta antzekoak ez dira praktikan “musika” konsideratu. Udal banda, txistulari eta dultzaineroen bandak Elgoibarko udalak bere egin zituen hasiera-hasieratik, herentziaz, eta aski geroago Udal Musika Eskola bultzatu zuen. Eta hor mugatu zuen bere babesa herriko musikari, rockarekin ari ginenon jarduerari ezikusia eginez, nahiz eta, hauen artean Euskal Herrian eta euskaraz entzunak izan diren musika-lanak urteetan zehar argitaratu diren (Koska, 6Nemen9, Ehun Kilo, Arima Beltza, Jon Gurrutxaga, Amorante, Maraca Diablo,Islabat, Muzak, Ellie Jensen, ...).
Udal korporazio batek rock musikazaleen zerrenda egin eta zenbait bileratara deitu ere egin gintuen. Elkarte edo antolaketaren bat egitea eskatu zuen, baina dena delakoagatik saiakera bere horretan geratu zen.
2018an, ordea, Elgoibarko udalak zerrenda hartako rock musikari hauek bildu eta Pedro Muguruza eskolako behea eskaini zigun geuk kudeatzeko elkarte bat egitekotan.
Udalak lokalak egokitu zituen (ate isolatzaile eta seguruak, aire zirkuitua, gelak itsuak baitziren, eta bost lokal eder prestatu zituen) batetik, eta musikariok elkarte bat sortu genuen, Elgoibarko Musikarien Elkartea, EME 2018ko abenduaren 18an 40 bazkiderekin eta 20 bat proiektutan banaturik.
Elkarte berruko hizkuntza euskara da eta, nik dakidala, musika-proiektu guztiak euskaraz dira.
Pandemia pasa eta lehen urtean musikariei eta jendaurrerako zenbait tailer edo mintegi antolatu ondoren, 2022ko apirilaren 30an EME eguna, gure eguna, ospatzea erabaki eta halaxe bete genuen Madalan jendearen aurrean, aire librean lagunarteko bazkari batekin eta 6 talderen kontzertuekin herrian arrakasta eta ikusmira nabariak sortuz.
Aurten berriro errepikatu da 2023an apirilaren 22an, bazkariaren ondoren, lehenik 7 kontzertu desberdinekin (Gabi et Alfon, Xut, Bikustik, Brilet, Amorante, Kokoteraino eta Amildegi) eta horretaz gain, Bertsio Festa ere eman da, musikariak bertsioak egiteko berariaz elkartutako musikariekin.