Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Isiluneen sekretua

Musikaren inguruan

Korsika

Alfonso Guillo 2021/03/18 15:55
Kontua da musika-pasarte bakoitzak giro, momentu edo irudiren bati erantzun behar ziola.

Argazki xume batek beste denbora batzuk eta bertan dauden eta ez dauden pertsonen oroitzapenak ekarri ohi ditu gogora. Oroitzapenak ez ezik, sentimendu edo emozioak ere bai, kasuan kasu.

Argazkiaren lekua bideo erreportaia batek hartzen duenean, oroitzapenetik deskribapenerako jauzia egin daiteke. Edo ez. Edukiaren eta tratamenduaren arabera.

Kontua da Korsikarako bidaia bati azpiko musika jartzeko eskatu zitzaidala. Ohartuko zara batzuetan efektu itxura handiagoa duela eta beste batzuetan, berriz, abesti baten forma antzematen zaiola.

Giroketa desberdinak egin nituen, denak segidan, elkarren arteko koherentzia bilatuz, baina irudietan ageri zena azpimarratuz. Ea antzematen diozun ze giro, momentu edo irudiri erantzuten dion pasarte bakoitzak: bidaia bera, eguzkia, udako bero kiskalgarria, eliza, mugimenduak ...

Ilusioa

Alfonso Guillo 2021/03/11 12:15
Nola musikatu ilusioa? Edo... zergatik ipini "Ilusioa" izena musika hari?Ikusi

Nola musikatu ilusioa? Edo... zergatik ipini nion "Ilusioa" izena musika hari?

Musika ala izenburua, asmoa, zer izango zen lehena? Egia esan, ez dut gogoratzen, baina banago lehena musika izango zelakoan, eta beronek barreiatzen zituen emozioetan ilusioaren antzeko zerbait identifikatuko nuela.

Halere, bizkor lotuko nituen musika-lanaren eta beronen izena, egun batean ez baita musika ehuntzen, nahiz eta 01:09 baizik ez iraun.

Dena instrumentu elektronikoz egina, nahikoa aspaldi, etengabeko mugimenduan ari diren tximeleta moduko batzuk goi-erregistroan, atzean, eta niri behinik-behin lasaitasuna ematen didan melodia irristatzen da mugimendu motelean tinbre modulatu batekin. 

Agian, aurreko paragrafoaz pentsatzea baino errazagoa da musika-lana entzutea.

 

Botilen Dantza

Alfonso Guillo 2021/03/04 10:55
... biribilak, gardenak... dantzan.
Ikus-entzuleak jarririk, begira. Antzokia ilun.
Eskenategia ere ilun. Hotsak aditzen dira (dzing...dzang...kling,klong...).Musika itxura hartzen zaie.
Argi batzuk. Formak igartzen zaizkie, biribilak, gardenak...koloretako botilak ... dantzan.
Elgoibarko Taupada antzerki taldeari "Printze Txikia" antzezteko musika prestatu nien, baita gustura prestatu ere.
Lan haietatik bi aukeratu nituen "Oinaztargiak" bilduman sartzeko.
Behean klik egin eta entzungo duzu. 

Oroitzapena

Alfonso Guillo 2021/02/25 16:05
Gaurko musika gozoa da, dramatismo eta ustekabe gutxikoa, laua, jolas atsegin baten modukoa edo konpromiso gutxiko irribarre txiki baten antzekoa.

Oroitzapenak barruan ditugu, baina zerbaitek piztu edo deitu egiten ditu, ikusi edo entzun dugun zerbaitek, zapore edo usainen batek, pertsona baten hurbiltasunak, argazki batek...

Musikak ere piztu ohi ditu oroitzapenak. Gaurko musika gozoa da, dramatismo eta ustekabe gutxikoa, laua, jolas atsegin baten modukoa edo konpromiso gutxiko irribarre txiki baten antzekoa.

"Oinaztargiak" bildumaren beste lan bat da. Behean klik egin eta entzungo duzu.  

<

Trikuharriak

Alfonso Guillo 2021/02/18 11:25
Halako misteriorik harritzar horiek mendi edo landa zabaletan ikustean!

Non edo non oraindik tente

Hor ageri dira dezente 

Harri mardulak mendez mende

Gure arbasoak presente

Halako misteriorik harritzar horiek mendi edo landa zabaletan ikustean! 

Hara, haiei buruzko dokumental bati azpiko musika ipini behar izan nion eta  zeltengandik gertuago egon zitekeen zolitasuna eman nion tinbreari melodia tinko bezain erraz bat eraikiz.

 

Hau ere, Oinaztargiak izeneko bilduma batekoa da  1987 tik 2004ra bitartean egin nituen hainbat ikusentzunezkoren azpiko musika lanez osatua.  Trikuharriak  izena du.

 

 

Haitz Argiak

Alfonso Guillo 2021/02/10 20:30
Sarrera lotsati samar bat, isiltasuna, gaua edo goizaldia, iluna dena den , beldur apur bat, piskanaka baretu eta gozotu egiten da, indarra eta tinkotasuna agertuko delarik.

Oinaztargiak izeneko bilduma batean elkartu nituen 1987 tik 2004ra bitartean egin nituen hainbat ikusentzunezkoren azpiko musika lanak.  Haitz Argiak  izena du gaur aurkezten dudana olerkitxo honekin.

Hau izan zen hasierako lehen musika-lanetako bat. 

Sarrera lotsati samar bat, isiltasuna,  gaua edo goizaldia ... iluna dena den , beldur apur bat, piskanaka baretu eta gozotu egiten da, indarra eta tinkotasuna agertuko delarik.

 Ilunari egunsentia

nagusitu zaionean 

bi haitz zutik ageri dira

beheko haranen gainean

zelatan daude begira

 

Uharreak

Alfonso Guillo 2021/02/05 14:10
Uharreak mendietan behera doaz, errekak, berriz, ibaietara eta mantso-mantso, zuzen hasieran, gero zeharka helduko dira irentsiko dituen itsaso amaigabearen besoetara, bertan lausotu, barreiatu eta bat egin arte.

Oinaztargiak izeneko bilduma batean elkartu nituen 1987 tik 2004ra bitartean egin nituen hainbat ikusentzunezkoren azpiko musika lanak.  Uharreak  izena du gaur aurkezten dudana olerkitxo honekin.

Euri urak datoz elkarren gainean

zein baino zein lehenago helduko behera.

 Arrapaladan eta elkarri bultzaka

Lasaitasuna eman die lautadak 

Meandroetan zehar, berriz, patxada

Bokalera iritsi ondoren bakea

Itsasadarrarekin bat eginik plazera

 

Hodeiak

Alfonso Guillo 2021/01/30 21:15
Geldirik gaudenean eta beste guztia ere geldi dagoela uste dugunean... taup-taup, norbere bihotz taupadak sentitu eta pentsamenduez ohartzen gara, baina hauek, hodeiak askotan bezala, etorri eta joan egiten dira.

Oinaztargiak izeneko bilduma batean elkartu nituen 1987 tik 2004ra bitartean egin nituen hainbat ikusentzunezkoren azpiko musika lanak. Hodeiak izena du gaur aurkezten dudana.

Hodeiak, hodei zuriak

Joan bezala heldu dira

Oroitzapenez jantziak

Itxaropenez dituzte

Piztu begi-niniak


Isiluneak, musikaren errobeda eta pentsamenduen ibaia

Alfonso Guillo 2021/01/26 10:56
Zer gertatzen zaigu musikak bat-batean eten bat egiten duenean?

Musika jarri dugu etxean apropos entzuteko asmoz edo laguntzeko, besterik ez, etxean, autoan, kirol eginez nahiz lanean.

Hasi eta errobeda bezala doa geratu gabe. Akorde, erritmo edo hots-isuri horretan motibu edo patroi batzuk ezagunak egiten zaizkigu, lehenago ere entzunak ditugulako, edota elementu berriak errepikatu ahala. Horrek piskanaka bahitu egiten gaitu, emozioren bat edo beste ere sentitzeraino, izan ere, musika emozioetara iristen omen da, bizipoza, urrun-mina, amodioa, tristura eta edozein sentimentu azpimarratuz. Ondo baino hobeto dakite hau filmegileek zinea soinuduna izan baino lehenagotik ere. Kantatutako musikak, bestalde, guregana iristeko testua du. Hortaz, musika barru-barrutik atxikitzeko beste laguntza bat da testua.

Egileak berarentzat ezezik, entzule bezala ere antolatzen du bere musika, espero dena eta ustekabea ezkutaketa-jolas bat bezala aurkeztuz, baina, zer gertatzen da musikaren errobedak bat-batean eten bat egiten duenean?

Arreta handiagoa eskatzen du. Nolabaiteko ezinegona ere sortzen du, izan ere, gure burmuina ezin da isildu. Ez daki eta. Ezin da, etengabe igarotzen den ibaia da eta, pentsamendu nahiz emozioen ibaia. Behin musikarekin kateatuz gero, entzundakoaren jarraipena behar dugu, eta etenak erne jartzen gaitu.

Horra hor, beraz, nire pertzepzio eta bizipenpertsonalen arabera, isilune, break edo etenaldien lekua musikan.

Musika mota guztietan ematen dira eten hauek, musikaren partea direlako.  
Izango dituzu zuk zuretzat adibide adierazgarriak. Nik, berriz, idatzi hau burutze aldera hautatu ditudan bi adibide erraz jarri ditut, biak askorentzat oso ezagunak eta bat-bateko etenak egiten dituztenak.

 

 

 

 

 

 

Amildegia

Alfonso Guillo 2021/01/17 12:45
Musika-lan honen lehen partean larridura handia azpimarratu nahi nuen eta bukaeran bizipoza.

Abesti batek leloan askatzen du bertsoen korapiloa, baina leloa erdian, bukaeran edo hasieran bertan ere joan daiteke. Musika-lan honen lehen partean larridura handia azpimarratu nahi nuen eta bukaeran bizipoza irristatzen da harmonia leunduz eta obstinato baten bidez askatasun irudipena eraikiz. Entzuteko interes handiagoa baduzu, hasierako hutsune luzeagoen ondoren, bukaeran martxa baten erritmoa hartzen duela ere ohar zintezke.

Edonola ere, olerkitxo honekin aurkezten dizut musika-lantxo horren sentsazio multzoa.

Lepo gainetik hanka puntetan haitzik haitz

Alde batetik bestera urduri eta ernai

Urdailaren ahoa haginka estutu zait

Beldurra dut etsai

Aurrera joango naiz

Gogoa adorez blai

Bukaeran alai