Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Isiluneen sekretua

Musikaren inguruan

Leok´k-en urteurrenean

Alfonso Guillo 2021/11/16 18:05
Leok´k rock musika taldeak 50 urte egin zituen 2018an eta haien zedarria izango zen diskoan parte hartzeko ohorea izan nuen. Gero ere beraiekin jarraitzeko plazera izan dut.

Aterrirekin 2016an Zumaian izandako saioaren ondoren, LEOK´K taldearen 50. urteurrenean parte hartzeko gonbidapena jaso nuen. Sasoi bateko, 16 urte nitueneko, lehiakideak eta lagunak nituen. Hortaz, gustuko lana zirudien. Kontrabaxuari emandako denboraz gain, nire betiko instrumentuari bere lekua emateko aukera, inork kantuak egiteko beste era bat, disko bat grabatzeko beste enbido bat, hori dena, aurkeztu zitzaidan.
Baietz esan eta aurrera egin nuen. Lagun musikarien artean ondo pasa eta ikasi  ere egin nuen.
"Infinituari Segika" diskoa 2018ko  irailaren 1ean aurkeztu zen Zestoan eta
2018ko abenduan Durangoko azokan  zuzenean baxua joz Ahotsenean.

Leok’k-ekiko lankidetzak jarraitu egin du eta 2019an “Alferrik baita” diskoa ere argitaratu genuen, baita 2019-12-19an Ahotsenean zuzenean aurkeztu ere. Disko horretan, baxua jotzeaz gain, kantu bat ere kantatu nuen, “Ibai Sakon Mendi Altu” (River Deep Mountain High) eta hona hemen orduko irudiak.



Aterri gogoan

Alfonso Guillo 2021/11/02 10:35
Hona hemen 2008an elgoibartar nahiz eta eibartar batzuk sortu genuen Aterri taldearen lagina.

Haurtzaroan irratiz askotan entzuten zen musika izango nuen non-edo-non barnean, egunen batez noiz irtengo zain. Manbo eta txa-txa-txa boladaz ari naiz.

Kontua da rockarekin urtetan ibili, etxean musika girotzailea egin eta, ondoren, halako batean, Kubako musikan murgildu nintzen aurreko mendeko estilo eta proiektu asko luzaro entzunez eta askotan. Eta hortik sortu zen Aterri. Iñaki Lores, Isabel Laspiur eta hirurok fijo, eta hiru gitarrista desberdinekin: Txema Poyales, Gari Araolaza eta Gabi Agirregomezkorta.

Unerik aktiboena 2016an izan zen. Proiektu hartan murgildu eta kontrabaxua ikasi nuen, “tumbao” baxu-patroiak eta kantu batzuk ere  sortu nituen.

Hona hemen lagin bat

Trenbide taldea

Alfonso Guillo 2021/09/19 17:53
Koska-ren ondorengo pausuak rock munduan

Koska 1985ko abenduaren 31n Arrasateko polikiroldegian egindako dantzaldi baten ostean utzi nuen. Koskak bere bidetik jarraitu zuen berbenatan joz eta nik musikari ezin utzi eta etxetik jarraitu nuen portaestudio batekin. Denboraldi batean  neuk jotzen nituen kitarrak eta baxua, bateria TR606 Drumatix izeneko erritmo kaxa batez jartzen nuen eta ahotsa jartzen nuen gainean. Teklatu xume bat edo beste ere sartzen nuen, dena abestiak egiteko plazerragatik eta noizpait kanporatzeko ilusioz.

Halako batean kanpora ateratzeko erabakia hartu nuen eta abesti haiek hartuz talde berria sortu genuen. Koska ezin deitu beronek azken urteetan izandako ibilbideagatik. Trenbide deitu genion. Trenbide osatzen genuen: Gabik gitarrarekin, Roberto Garcíak baterian, . M. Diegok, Mitxik gitarran eta nik neuk baxuan eta kantuan.

Maketa apal bat grabatu genuen. Hainbat kontzertu ere eman genituen.

Gesala eta Argitasuna

Alfonso Guillo 2021/07/16 16:17
Melodia bat iritsi zen, instrumentala, eta giro bat berarekin batera, koloreak, argitasuna, erritmo bat

Nerabea izan baino lehen Britainia Handiko familiarengana ni neu bakarrik egindako bidaia batek askarazi eta bideratu zizkidan barruan pil-pil egosten ari zitzaizkidan musikarako grinak, besteak beste.

Makina bat urte beranduago, ondo heldua ordurako, beste hegazti handi baten hegoen artean egin nuen bidaia, hari ikustezin batzuek eramanda bezala, sekula egon gabeko Amerikako lurralde ezagun batera, bakarrik, turismo sasoitik eta ingurutik kanpo.

 Hango bizimoduaren kontrasteak pertzepzio berrietarako erne jarri ninduen, tartean, oharkabe, ingurugiroaren zirrara lauso batzuk. Etxera itzulitakoan, berauek buruan ate joka hasi ziren eta musikaren txokora jo zuten.

 Melodia bat iritsi zen, instrumentala, eta giro bat berarekin batera, koloreak, argitasuna, erritmo bat. Hunkipen haien umea jaio zen eta “Gesala eta Argitasuna” izena eman nion.

 KM 96 Elgoibarren ospatu eta grabaketa estudio batean apainago jantzi eta Elgoibarko musikarien agerpen CDan aurkezteko aukera izan nuen .

"Oinaztargiak"-en ondorengo sasoia irekitzen du musika honek.

Hemen entzun dezakezu.

 

 

Sasoi batean egindako musika-lan guztiekin nolabaiteko lotura afektibo bat gordetzen badut ere,  “Gesala eta Argitasuna” -k oraindik beste bertsio berri bat egitera gonbidatzen nau.

Udazkena

Alfonso Guillo 2021/05/20 15:19
Musika-lan honen azpian, ezkutuan, gure udazkena datza, hau da, hostoen horitzea, haizeak orbela aireratzea, hego haizeko goizak, lehen elurrak mendi gailurretan eta udazken amaierako nekazal giroko feriak han eta hemen.

Batzuetan dokumentalak musika nondik eraiki iradoki zidan eta halaxe azaldu izan dut aurreko lan batzuk aurkezterakoan. Oraingo honetan motibu musikalak eta dokumentalak elkarrekin topo egin zuten eta elkarren eskutik argitaratu ziren.

Musika-lan hau laburra da, 1 min eta 18 sg, besterik ez, aurrekoak baino askoz trinkoagoa, ordea, nire ikuspegitik.

Haren azpian, ezkutuan, gure udazkena datza,  hau da, hostoen horitzea, haizeak orbela aireratzea, hego haizeko goiz horiek, lehen elurrak mendi gailurretan eta udazken amaierako nekazal giroko feriak han eta hemen.

Honenbestez, Oinaztargiak bildumaren azken musika-lana ekarri dut hona. 

CromagMaster

Alfonso Guillo 2021/04/29 18:40
Musika honek guretzat hain urrun dagoen eta desberdina izango zen antzinako mundu hura ezagutzeko zailtasuna behelaino lauso baten modura, arrasto misteriotsuen gisa agertu nahi izan du

Hainbat aztarna aurkitu izan dira idazkera erabili aurreko garaikoak, historiaurrekoak, alegia. Arkeologoek antolatu eta sailkatu dituzte, eta antropologiak, oro har, gaiaren barruan buru-belarri murgildu eta garai haietako pertsonen gizarte antolaketak, ohiturak, errituak, sineskerak eta jakinduria zer-nolakoak izango ziren hipotesiak eraiki eta konkatu dizkigu.

"Oinaztargiak" bildumak hipotesi haien dibulgazioa janzten zuen. Gaurko musika-lanak  "CromagMaster" izena du dokumentalaren gaiak hala iradoki zidalako, baina haren musikak guretzat hain urrun dagoen eta desberdina izango zen antzinako mundu hura ezagutzeko zailtasuna behelaino lauso baten modura, arrasto misteriotsuen gisa agertu nahi izan du, beti bezala amaieran melodia bat definitzen delarik.

Artizarra

Alfonso Guillo 2021/04/24 11:05
Ametsen munduko atezaina bailitzan agertzen da artizarra ilunabarretan eguzkia ezkutatzen den lekuan. Maitasunaren jainkosa erromatarrentzat

Musikak edo irudiek eskutik heldu eta nora-nora eramaten gaituzte. Batzuetan zirrara hori errepikatzen ahalegintzen gara ahal dugun moduan.

Ametsen munduko atezaina bailitzan agertzen da artizarra ilunabarretan eguzkia ezkutatzen den lekuan, eta egunsentia baino lehen, berriz, ametsen mundu hartako atea ixten du ekialdetik argitasuna, eguzkia, eguna eta errealitatea irits daitezen. 

Izan ere, arratsaldeko izarra, artizarra, alegia, marinelen kantuko goizeko izarra ere bada.

Eta maitasunaren jainkosa erromatarrentzat

Eta ¨Oinaztargiak¨ bildumako lan bat da Artizarra.

 

 

Artzaia

Alfonso Guillo 2021/04/12 11:40
Gure antzinako munduari nolabaiteko keinua egin ondoren, mendien handitasuna da musika-lan honen emozio nagusia

Oinaztargi bilduma osoa bezala, "Artzaia" ere orain urte dexente egin nuen, orduan nituen baliabide teknologiko-musikalen baldintzekin.

00:00 "Artzaia"-k txistu-hots batetik, danbolin-hots batetik eta soinu-txiki-hots batetik ateratako laginekin osaturiko hasiera du. 

00:35 Pertsona-ahotsak azaltzen dira, emakume tesituran melodiak jarraitzen du, koruak kolpeak ematen ditu eta ahots baten xuxurlak egiten du kontradenbora.

00:40 Melodiaren laguna entzuten da bonbardinoa, fliskornoa edo antzeko orkestra-instrumentu baten emulazioaren bidez, nahiko uhin karratua. Atzean hariak azaltzen dira eta beren lekua lortzen dute musika-lanean.

01:15 Berriro hasten da motibu osoa bukatu arte. 1:50

 

Analisi horretaz aparte, niretzat gure antzinako munduari nolabaiteko keinua egin ondoren, mendien handitasuna da emozio nagusia, emakume ahotsak urrunera begirako poesia marraztu eta ahots xuxurlak lanbro artean murgilaraztera bultzatzen nauelarik.

Perkusioak leku txikia du Oinaztargiak-en. Erritmoak, ordea, nabaria.

 

 

Ipuina

Alfonso Guillo 2021/04/04 11:40
Amama edo aittitta bilobarekin edo bilobekin sutondoan ipuinak kontatzen, edo ohe ondoan, edo haren magalean...

Amama edo aittitta bilobarekin edo bilobekin sutondoan ipuinak kontatzen, edo ohe ondoan, edo haren magalean ... gure barru-barruan dagoen irudia da. Oroitzapen gozoak, sentimendu atseginak. Maitasuna eta babesa, haur bati eman dakiokeen oparirik handiena. 

Gaurko musika hor kokatzen dut, eskena goxo horretan, azpi monotono baten gainean, kulunka baten antzera, musika-geruza berriak agertzen dira, fereka berriak ipuinaren gertakarien pare. Klik baten bidez entzuteko moduan duzu

 

Nemiduri sarrera

Alfonso Guillo 2021/03/25 16:05
"Sarrera" izena eman nion Nemiduri planeta agertuko zen unerako prestatu bainuen, baina ze izen "Nemiduri", ezta?

Oraingo honetan Elgoibarko Taupada antzeztaldeak Antoine De Saint Exupéry-ren Le Petit Prince (Printze Txikia) -ren egokikuntzarako prestatu nuen beste giroketa-musika bat aurkeztuko dizuet.

Lan guztia egin nuen gustura. Aurrekoan aurkeztu nuen "Botilen Dantza"-rekin batera honako hau, "Nemiduri Sarrera", alegia, izan da Oinaztargiak bildumarako apartatu dudana.

"Sarrera" izena eman nion Nemiduri planeta agertuko zen unerako prestatu bainuen, baina ze izen "Nemiduri", ezta? Hara, irakurri aldrebes, atzekoz aurrera. Orduan jabetuko zara musikaren nondik-norakoaz.