Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Isiluneen sekretua / “Debabarreneko rockaren sorrera gogoan”

“Debabarreneko rockaren sorrera gogoan”

Alfonso Guillo 2023/07/21 17:25
Bai, ari dira argazkiak eta datuak azaltzen Irailaren 17ko Leok´k-en Bizirik Hala Ere diskoaren aurkezpenerako, hainbat lagunen kolaborazioari eskerrak. 14 musika-talderen 80 bat argazki batu dira guztira.

Aurreko sarreran Leok’k-en “Bizirik Hala Ere” diskoaren aurkezpenean “Debabarreneko rockaren sorrera gogoan” ikusentzunezkorako argazkiak eskatu nituen eta bai, ari dira  argazkiak eta datuak azaltzen, hainbat lagunen kolaborazioei eskerrak. 14 musika-talderen 80 bat argazki batu dira guztira.  Kolaboratzaileak orduko taldeetako musikari ohiak izan dira batez ere, Eibarkoak, Soraluzekoak eta Elgoibarkoak.

Kolaboratzaileen artean ezinbestekoa bihurtu da Eibarko (hispano-amerikar zein musika modernoko) taldeen garapenaren ikertzailea den Pedro Maria Olanoren partaidetza Vicente Belda Los Walters-ko partaide ohiarenarekin batera.

Eibarko kulturaren altxorra dira, Debabarrenekoa ere bai, norbere herritik baino goragotik, Karakatetik  adibidez, begiratuz gero. Nire iritziz, ez legoke gaizki Leok´k-en ekarpen apal hau Eibarrera ekarri eta 60 hamarkadako proiektu handiago bat gauzatzea. 

Interesgarria da Debabarrenean rockaren edota musika “modernoaren“  mugimendua 1962etik bertatik hasten dela aurkitzea ,musika hispano-amerikarraren alboan, eta gero poliki-poliki bere kasa garatuz.

Musika talde hauek sasoi hartan nonahi ireki ziren dantzatoki itxietan jotzen zuten, hau da, herriko plazako dantzatik at, Eibarko Jai Alai, Ariatza (La Bolera), Elgoibarko Oraiko, Soraluzeko Dantzari, Ermuko Alaska…

Zilegi bekit hemen teknologiaren eboluzioaren eraginaren deskribapen arina egitea, lehenik herriko dantzak musikariekin aire librean, ondoren, dantzatokien sorrera eta konjuntoak zuzenean beren anplifikagailuekin, gero diskotekak musikaririk gabe, nahiz eta jartzen zituzten diskoetan musikariek jo. Geroago, bitarteko egoera batean DJak, eta gaur egun estilo batzuetan grabaketak berak (programazio sistemen bidez) musikaririk gabeko instrumentuekin , kantariaren ahotsa eta irudia ezik.  

“Rockaren sorrera gogoan” izeneko ikusentzunezko honetan 1972era mugatu dugu taldeen sorrera urtea, urte bat jarri behar genuelako, eta aldaketa soziologikoak ematen hasten direlako, diskotekak hedatuz, rocka euskaraz kantatzeko saioak sortuz, …

Edonola ere, hor egongo da abiapuntu bezala lan hobea egin nahi duenarentzat.

 Informatzaileekin Izan ditudan harremanen bidez ohartu naiz, baita, gizartearen beste arloetan egiten den bezala, argazkiez ezezik, orduko musikarien testigantzez osa litekeela bideo antropologiko bat, zergatik hasi ginen, ze girotan, zein musika eta nola entzuten genuen musika, instrumentuak nola lortzen genituen, nola entseatzen genuen … 

Bihoakio hemendik dena delakoari eskaintza edo iradokizuna, Eibarko tradizio musikalean oinarrituta gorago aipatu dudan Karakatetiko ikuspegi batez, oraintxe baitago informazioa zuzenago jasotzeko aukera, lekukoak oraindik gure artean badaudelarik.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: