Altxatzen ez denean
(Gaur Berria-n ateratako artikulua, Philip Roth-en "El animal moribundo" (Alfaguara, 2002) eta Gabriel García Márquez-en "Memoria de mis putas tristes" (Mondadori, 2004) nobelei buruz)
"Bigunak gogortu ta / gogorrak bigundu" sententzia erabatekoaz definitu omen zuen gizonezkoaren zahartzaroa Artxanberri bertsolari zaldibiarrak. Burmuina ez dakit nik gogortzen edo biguntzen diren organoetan sartu beharko genukeen; beste gorputz-atal batzuen aldean luzaroago eusten dio sasoiari, nahiz eta beheraldia saihestezina izan.
Liburu bi ekarri nahi ditut aipu honetara, beste horrenbeste idazle handirenak. Bata Gabriel García Márquez (Aracataca, Kolonbia, 1928), XX. mendeko gaztelaniazko idazle unibertsalena, 1982ko Nobel sariduna, eta bestea Philip Roth (New Jersey, AEB, 1933), idazle estatubatuar-judutarren tradizio joriko emaitza gorenetakoa, Nobel saria irabazteko urteroko hautagaia.
Ez dago esan beharrik zenbateraino diren bata zein bestea idazle handi eta miresgarriak; ohore ofizialez gainera, nik neuk gogoz irakurri eta dastatu ditut haien hainbat liburu, eta adinak ez die erasan oraindik beren gaitasun intelektualei: hor daude, erakusgarri, García Márquezen gaztetako urteetako autobiografia potoloa, edo Roth-en trilogia txundigarria, Estatu Batuen mende oso bateko erretratua osatzen duena.
Azken aldiko liburu bana daukate, ordea, nire ustez behintzat beren ibilbidearen duin ez direnak, eta, estu jarriz gero, lotsagarri samarrak ere badirenak. Bata, kolonbiarraren azkena, iazko liburu salduenetakoa: "Memoria de mis putas tristes", 109 orritxoko nobelatxoa, di-da batean irakurtzen dena, erraz eta eroso, baina ez halako ondoez bat gabe: "diru gehiago behar ote zuen Márquez-ek?", galdetzen dio irakurleak bere buruari, garbi baitago prestigio handiagoa behinik behin ez diola ekarriko. Izatekotan kontrakoa.
Nobelaren argumentua, aditzez bada ere, ezaguna izango duzue askok: 90 urte betetzean, gizaseme batek bere buruari opari egitea erabakitzen du, neskatxa birjina batekin oheratzea (Delgadina xarmanta izango da kazetari krakatsu horren biktima). Gaia hasieratik emateko teknika sarritan erabili du Márquezek (oroit, esaterako, "Heriotza iragarritako baten kronika"), eta badu aski baliabide eta abildade erritmoari eta interesari eusteko. Baina dena oso ahula eta merke antxekoa delako irudipena geratzen zaio irakurleari.
Estatubatuarraren nobelak, berriz ("El animal moribundo", "The Dying Animal"), beste gizonezko adindu bat aurkezten digu, David Kepesh kritikari, irakasle eta intelektuala, zaharra izan arren neskatxa gazteak limurtzeko gaitasuna galdu ez duena, eta hain zuzen horietako batekin "Consuelo Castillo kubatar jatorriko ikasle gaztearekin" izandako harremanaren kontaketak osatzen du Rothen lantxo hau (bere ohiko eleberrien aldean askoz laburragoa).
Hemen ere Rothen prosa ahaltsua eta pertsonaien barrunbeetan sakontzeko ahala aurki ditzakegu, istorioa garatzeko ofizioarekin batean. Baina berriz ere lehengo galdera: ze nezesidade, daukan obra bikaina edukita, erdipurdiko ale hau eransteko...?
Eta kezka bat, bi lanen kointzidentziak eragin didana: idazle horien bizitza pribatuan sartzeko batere asmorik gabe, ez ote da susmagarria, noiz eta gainbehera fisikoaren aldian sartuta behar dutenean, beren obran horrelako lan bat txertatzea, non aguretutako gizona oraindik ere balentria sexualak egiten dabilen?
Auskalo guk ere nola eta zertan amaituko dugun baina, oraingo adin ertainaren talaiatik begiratuta, Marik edo Ortzik edo dena delakoak libra gaitzala horrelako mutikokerietatik.
&&&
Honaino egunkariko iruzkina. Ez dakit gogoan izango duzuen orain dela egun batzuk aipatu nuen filma: Nelly et Monsieur Arnaud Castet-ek egina. Han ere agurearen eta emakume gaztearen arteko maitasuna planteatzen zen, baina kasu honetan, askotan esan eta errepikatu denaren kontra, zinema gertatzen da literatura baino sakonago eta zintzoago, Nobelak Nobel.
Ondarea goratu, ondarea izorratu
(Atzo San Isidro, baserritarren patroia; gure artean geratzen diren baserritar apurren eta bereziki nire osaba Mielen ohorez, horra "Goierritarra" aldizkariaren azken alean idatzi dudana)
Zuek imajinatu herriko agintari-jendeari galdetzen diogula zer pentsatzen duen gure ondareaz; zehatzago esanda, zer iritzi duen euskal baserriaz, adibidez. Ahoa bete gozo hasiko lirateke: gure aberastasun kulturala, edertasun arkitektonikoa, nortasun espirituala, arbasoen ekarria, esentzien gordailua, ohituren kutxa, euskararen habia
Hori dena maila abstraktuan geratzen da. Mamirik gabeko ideia bat dela esan liteke, Aberria edo Iraultza diren bezala. Har dezagun orain baserri jakin bat, zehatz eta egiazkoa. Ez dakit lehengo dohain horiek bere horretan jarraitzen duten; badakigu, ordea, familia bat daukagula bertan, duela mende batzuetatik hona, eta zenbait abere ere bai; ez asko, dena dela, gaur behiek ez dute diru askorik ematen-eta, ez haragitarako, ez esnetarako gobernatuta ere.
Ekonomiaren aldetik desastre hutsa, beraz. Baina pagotxa ere izan liteke baserria, beste era batean aprobetxatuz gero. Baserri hau ez dago basoan galduta, etxeak ere badauzka aldamenean. Mendiaren eta herriaren arteko mugan dagoela esan liteke. Muga hori ez da mugiezina ordea: baserria botatzen badugu, eta bere tokian etxebizitzak egin, bere garaje, dendetarako etxabe eta abar guztiekin, egundoko negozioa egin liteke.
Orain imajinatu hasierako agintaria, alde batean baserria duela, eta bestean konfiantza osoko etxegileek egindako planoa, urbanizazio plan berriekin; galdetu diezaiogun berriro, zertan den gure gurasoen herentzia eta guztion ondasunarekiko errespetua. Diskurtsoa apur bat aldatuko litzaioke: aurrerapenari ateak ireki beharra, iragan zaharkituan gelditu ezina, gazteen etxebizitza-premiak, herri moderno baten garapena Eta esan gabe utziko lituzkeenak: lurra mugitzen den tokian dirua mugitzen da, eta haretxek ematen digu, maitia, bihotzian poza. Bihotzean poza, eta botoen poltsa.
Hau dena ez da ipuina, hainbat tokitan eta alditan gertatutakoaren kronika baizik. Eta azkena, Beasainen: arau subsidiario berrietan, hiri-lurrak bihurtzen dira nekazaritzako hainbat sail, eta Errekarte Haundi baserria bota. Ez dakit zenbatgarren mendean eraikitakoa, liburuek diotenez Karrera arkitektoen jaiotetxea, baita San Martin Loinazkoaren sortetxea ere Martin Mendizabal historialariaren ustez. Udalari bost axola Aita Santua bertan jaiota ere, turismorako etekinik ematen ez badu behintzat. Aita Santua ez baina nire aita jaio zen han, eta hori dut protesta egiteko arrazoi bat; baina etxekoak ez banitu ere berdin-berdin egingo nuke aldarri: bada garaia txikizioa gelditzeko, eta zutik geratzen diren baserri apurretatik bakar bat ere ez botatzeko. Gure historiaren, kulturaren eta benetako zibilizazioaren izenean, amen.
Martin Etxeberria: "Ibiltzen ikasten ari den haurra bezala nabil zalantzan"
Anaia Xabierrekin batean nobela bat plazaratu ondoren (Itxoidazu Café de Passy-n, poema-liburu bat idatzi du Martin Etxeberriak (Zarautz, 1974), bakarka: Bizikleta bat egingo dut zure izenarekin; egunerokotasuna eta gertukoarenganako kariñoa bindikatzen dituen poema-sorta, bizitzarekiko kezka eta zalantzak ezkutatu gabe baina.
Urte batzuk igaro dira aurreko poema-liburua plazaratu zenuenetik ("Katiluaren ipurdia", Alberdania, 1999). Bitarte honetan segitu duzu poesia idazten, ala isilaldi baten ostean hasi zara berriro?
Bitatik izan da. Poesia idazten jarraitu dut, tantaka batzuetan, zaparradaka besteetan, eta isilaldiak ere tartekatu ditut ekaitzen artean. Nolanahi ere, buruan izan dut beti poesia liburu berri bat osatzea, nahiz eta horretarako presa berezirik ez hartu. Alde batetik, anaiarekin batera haur literaturan hainbat ipuin eta kontakizun idazten aritu naizelako, eta, batez ere, atera berri den gure azken eleberriak ere (niretzat lehendabizikoak) denbora dezente kendu digulako. Bestalde, poesia mailan bigarren liburua ateratzeko garaian, garbi neukan, beste generoetan gertatzen den bezala bestalde, ezin dela atera ateratzeagatik, eta bigarren honek lehendabizikoaren aldean garapen bat edo balio erantsi bat behar zuela.
Badira, normala den bezala, aurreko liburuarekiko jarraipen-ildoak: maitasunaren gaia, esaterako, edo estiloaren soiltasuna. Badira desberdintasunak ere, forman nahiz edukian. Zein azpimarratuko zenuke?
Nik uste, aurreko liburuarekin alderatuz, liburu honetan (edo nire bizitzan beharbada, eta liburua da horren isla) galduta egotearen kontzientzia areagotu egin dela nabarmen, eta horrek formari nahiz edukiari eragiten diola. Izan ere, hori da nire iritziz liburuaren ildo nagusia: galduta nagoela eta nengoela konturatu naizela eta, horren ondorioz, bizitzara eta hurbilekoenera egiten dudan ihesa. Kontzientzia horrek eragiten du askotan hitz egitea maitasunaz, egunerokotasunaren printzak maiz azaltzea eta liburuan zehar maiz gailentzen den tonu inozo hori, azken batean, ibiltzen ikasten ari den haurra bezala oinarrizkoenera eta hurbilekoenera helduta nabilelako balantzan. Formari buruz, beste hainbeste: estilo aldetik aurrekoan baino aniztasun gehiago dago: badira poema oso narratiboak, badira poemak naif tankerakoak, haiku tankerakoak, estiloaren soiltasuna biluztasun bihurtzen den poemak... Ezinbesteko heterogenotasun bat dago forman, galduta egotearen kontzientzia eta ihesa ildo nagusi dituen edozertan dagoen bezala.
Lirismotik ihesi zabiltzala esan liteke, hizkuntza arrunta bilatuz eta eguneroko bizitzako elementuak sartuz; poesia hor non geratzen den galde lezake baten batek...
Ez daukat ideiarik ere. Besteak beste, poesia non geratzen den edo non dagoen edo non bazkaltzen duen arrastorik txikiena ere ez dudalako. Ez dakit ziur poesia zer den ere. Izan ere, ni poemak idazten saiatzera mugatzen naiz, ez poetikari buruz hausnartzera.
Talde eta mugimenduetatik aparte
Narratiba liburuak idatzi dituzu anaiarekin batean, eta orain ere ari zarete halako proiektu batean; poesiazkoak, berriz, bakarka. Azalpenen bat...?
Beno, asko egon daitezke beharbada, bai teknikoki eta bai bakoitzaren joerak kontuan hartuta. Dena dela, inoiz planteatu ez dugun gauza bat da hau. Ez zaigu horretarako gogorik sartu edo ez dugu horren beharrik sentitu, beste hitz batzuetan esanda. Azken batean, oraingoz behintzat poesia nire buruaren aurkako gerra bat bezala sentitzen dut, odoltsua eta luzea, eta ez dakit hor zauritu gehiago sortzea komeni den.
Joera ohikoetatik aparteko poesia iruditu zait zurea. Talde eta mugimenduetatik ere urrun samar ote zabiltzan errezeloa dut. Non dituzu erreferentziak poesia idaztean?
Erreferentzia bat baino gehiago ditut, eta horrek maila batean erreferentzien indarra galtzea dakar. Baditut gustuko idazle asko (Bukowski, Carver, Luis Garcia Montero, Mohamed Dibb, Ungaretti...), baina ez dut uste bereziki inoren zantzua dagoenik nire idazkeran, zoritxarrez. Bestalde, talde eta mugimenduetatik urrun samar ibili baino gehiago, erabat aparte nagoela uste dut. Ez txarra dela uste dudalako, baizik eta, besterik gabe, aparte nagoelako. Dena dela, ez dut uste guzti honek beste munduko idazle orijinala bihurtzen nauenik ere. Idazle pertsonala besterik ez nau bihurtzen, gehienera jota. Baina beno, egia esan, nor ez da pertsonala?
Bestalde, gaurko moda hori dela-eta, ez al duzu zuk ere errezitaldirik antolatu behar?
Ez dut horretarako asmo berezirik. Orain, egokituz gero edo norbaitek ardo bat hartu ondoren eskatuz gero ez dut uste ezezkorik emango dudanik ere. Bestela, nire liburua irakurtzeko idatzi dut, besterik ez.
Eta ez da gutxi
Askotan entzuten dira euskaltzaleen artean Vocento taldeko egunkarien kontrako kexuak eta erretolikak. Ez arrazoi faltaz, euskarari ezikusi eta Euskal Herriari erdeinu egiten baitiote sarri. Niri eta beste askori benetako mina ematen diguna, ordea, ez da egunkari horiek dena delako ideologia izatea (adierazpen-askatasuna horrexetarako dago: zuk ez bezala pentsatzen dutenei aitortzeko), ezpada euskaldun askok (eta horien artean abertzale eta euskaltzale ez gutxik) horiexek dituztela informazio-iturri nagusi eta ia bakarra.
Egunkari horien lerroa den bezalakoa delako, harrituta utzi ninduen joan den igandean topatu nuen elkarrizketa batek: kultura-atala zabalduz, bi orrialdetan (88-89), Niko Etxart eta Benito Lertxundi batera elkarrizketatzen zituen Felix Ibargutxik, euskaraz, eta gainera izenburu nagusi hau zekarren, letra handitan: "Independiente ez garen bitartean, gure produktuak errejionalak izango dira". Tumatxa!
Inoiz ez dut egunkari horietakoren batean kolaboratzaile izateko deirik izan, eta hortaz ez dut neure burua pragmatismoaren eta erradikalismoaren arteko eztabaida batean korapilatuta ikusi, auzi hori dela-eta. Baina askori entzun dizkiot horri buruzko iritziak, alde eta kontra.
Boterea daukana oso gustuko ez izan baina geure ikuspegia azaltzeko aukera bat eskaintzen digunean beti sortzen dira horrelako eztabaidak: etsaiarekin kolaboratzea hura legitimatzea dela batetik, errealitateari bizkar emateak ghetto-ra garamatzala bestetik, eta abar.
Ur handitan sartu gabe, omenaldi bat eskaini nahi nioke lerrootan Felix Ibargutxiri, hogei urte luzetan euskal kulturaren berriemaile zintzo eta zehatza izan baita gipuzkoar gehienek irakurtzen duten egunkarian (euskal industria kulturalaren morroi sentitzen zela adierazi zuen aspaldi ez dela). Haren lanari esker El Diario Vasco-k irakurle euskaltzale batzuei errazago eusten diela pentsa lezake baten batek; nire ustez, ordea, Ibargutxi gabe ere periodiko horrekintxe jarraituko lukete horiek denek, eta Ibargutxiri esker euskalgintzaren informazio zabal eta egokia jasotzen dute bederen. Eta ez da gutxi.
Itsasoa bete mosu
(Begoña Bilbao hil dela-eta, haren oroigarri Berria-rako idatzitako artikulua)
Badira pertsonak, ezagutu bezain laster bere maitasuna, gizatasuna, eskuzabaltasuna ezagutarazten dizutenak. Begoña Bilbao horietakoa zen.
Ez naiz oroitzen noiz ezagutu nuen, baina betidaniko senide, auzo, laguna nuela sentiarazten zidan, eta halaxe sentitzen dut orain ere. Adineko emakumea zen ordurako, baina adinean sartzearekin batean bigarren gaztaro batean sartu zen. Seguru asko inoiz ez zion utzi gazte izateari, horrenbestekoa zen haren indarra, haren ilusioa, haren poza...
Bere istorioen bitartez suma dezakegu ume-garaiko Bermeo hartako giroa: kresalaren bizia eta frankismoaren gezia. Besteren ahotik entzun nuen lehenengoz Begoñak Lupe alaba kantariarekin Euskal Herrian barrena egin zituen ibileren berri, euskal kantu berriaren sasoian batera eta bestera, ama neska koxkorraren zaindari. Begoñak berak kontatuta dakizkit Bermeon gau eskola bat sortzeko eta alfabetatzeari bultzada emateko izan zituzten borrokak, guardia zibilekin ez ezik hainbat euskaldun epel eta txepelekin, bere senar zenaren laguntzaz beti.
Familia hazi eta gero egin zuen gaztetan ezin izan zuena: karrera bat ikasi, euskal filologia. Berari zor zaio Bermeoko euskararen bilketa handia, baita udaletxetik hizkuntzaren alde egindako hainbat lan ere. Baina horrez gain, horren gainetik beharbada, sortzaile sentitzen zen: bazuen istorioak asmatzeko nahi bat, bere oroitzapen, sentimendu eta ideiak adierazteko.
Gezurra esango nuke idazle handia zela esanez gero, baina asmatu zituen istorio eder eta hunkigarriak ("Isuritako ura ez da batzen" ipuin miragarri hura, esaterako). Bihotza neurtuko bagenio, berriz, demasa zuela ohartuko ginateke, neurriz gainekoa.
Agurtzerakoan esaten zenidan bezala esango dizut nik ere, Begoña: itsasoa bete mosu.
Ezin denean ezin da
Neska gazte eta eder bat da Nelly, gauzak oso ondo ez doazkiona: gainbehera doa senar ganorabakoarekiko harremana, eta diruz ere larri dabil, lan egiten zuen argitaletxea itxi eta gero. Halako batean, kasualitatez, Arnaud jauna ezagutuko du, berak baino 35 bat urte gehiago dituen erretiratu dotore bat, epaile eta negozio-gizona izandakoa, trukean ezer eskatu gabe laguntza eskaintzen diona.
Horrela abiatzen da "Nelly et Monsieur Arnaud", Claude Sautet-en filma, joan den astean telebistan eman zutena. Maitasun-harreman bat sortuko dela pentsa dezake ikusleak; izan ere, zenbat aldiz ez ote dugu pantailetan ikusi emakume gaztea gizaseme helduarekin txoratuta? Alderantzizkoa ez bezala. Emakumea banintz sutan jarriko nintzateke: egunero entzun eta entzun zein sexyak diren Sean Connery, Paul Newman, Robert Redford... Mesedez! Adinak bere mugak ditu, eta zimurrak zimur dira beti, begi urdin batzuk inguratu arren.
Hau ez da ohiko film amerikarra ordea. Lankide-harreman bat sortuko da neska gaztearen eta gizon zaharraren artean, honen oroitzapenak orrazten eta makinaz jartzen lagunduko baitio hark. Horrez gain, adiskidetasun moduko bat loratuko da bi arima bakarti samar horien artean, eta sumatzen da Arnaud txorrotx eta ttenttea (Michel Serrault) maitemintzen ere ari dela Nelly malenkoniatsuarekin (Emmanuelle Beart).
Pelikulak baditu beste zenbait hari: Nellyk editore ligoi batekin daukan afera laburra eta beste, baina muina agurearen pasio isil hori da: bera ohartzen da inor baino hobeto bere grinaren zentzugabekeriaz, eta inola ere ez luke barregarri edo negargarri aritu nahi. Hitz gutxiz eta dotorezia handiz kontatzen digu Sautet-ek amodio ezinezko honen historia, eta kontraste nabarmena egiten du gogoan ditudan zenbait libururekin. Baina horretaz, hurrengoan hitz egingo dizuet.
Guk bai gustu ona
Gustuei buruzko esaldi gogoangarri hau entzun nuen behin: "Gustu ona da nik daukadana, zuk daukazula uste duzuna, eta harakoak ez daukala guk biok badakiguna".
Ateraldiaren itxura harroxko eta probokatzailearen azpian erraz sumatzen da gustuen erlatibotasuna eta arbitrarietatea, esaldia ahoskatzen duena aldatu orduko aldatuko baita gustuaren norabidea, ez ordea esaldiaren egiarena.
Nik, lanbidez, etengabe juzgatu behar izaten ditut sorkuntza-lanak, eta nire iritzia epaia da, nolabait ere. Beraz, seguru samar sentitu behar nire uste eta aburuekin. Eta hala ere, edo horrexegatik, izugarri eskertzen dut nire gustuarekin bat datozenak deskubritzea, aliritzira botatako burutazioa baino irizpide sendoagoak ditudala pentsarazten didaten neurrian.
Iruñeko kultur zerbitzuetako enpresa bat aspaldidanik ari zitzaidan eskatzen, irakur gida baterako idatz nezala liburu baten gomendioa, nahi nuena, eta labur, bospasei lerro aski. Gauzak beti geroko uzten ibili eta gero, joan den ostegunean hauxe idatzi nien:
"Nonahi eta noiznahiko ipuinetatik bakar bat aukeratzeko esango balidate uharte huts batera eramateko, aukera horien bidegabekeria eta zaila kontuan hartuta ere, beharbada "Botilako deabrua" hautatuko nuke, Robert Louis Stevenson eskoziarrak Ozeano Barean asmatutako istorio guztiz eder eta liluragarria (Maria Garikanok dotore euskaratua). Keawe gazte hawaitarrak botila miragarri bat erosi du: berak nahi duen guztia emango dio, baina harekin hiltzen bada infernura joango da; hala ere, nahi duenean sal dezake, erositako prezioa baino merkeago betiere. Nork nahiko du botila, ordea, hutsaren hurrengo prezioa hartutakoan...? Maitasun-lezio hunkigarria, garai guztietako idazle handienetako baten eskutik."
Egun horretan bertan, iluntzean etxera iristean, "Aizu" hilabetekaria topatu nuen gutun-ontzian, eta bertan, literaturari eskainitako orri parean, Edorta Jimenezen artikulu labur bat, "Idazlearen kuttunenak" atalean, liburu baten laudorioa eginez. Hala dio mundakarrak:
"Robert Louis Stevenson idazlea oso ezaguna da. Nork ez ditu ezagutzen Altxor uhartea eta Dr. Jekyll eta Mr. Hayderen kasu harrigarria eleberriak? Horiek alde batera utzita, nik neuk haren ipuintxo bat gomendatu nahi dut. Botilako deabrua da horren izena (Elkar, 1992, Branka bilduma, Maria Garikanok itzulia).
Botilako deabrua ipuinean botila harrigarri baten historia kontatzen zaigu. Hain harrigarria da botila ze eskuetan duenari zernahi eman ahal dio. Horrek, noski, badu bere alde txarra; botilaren barruan deabrua bizi da eta, kontuz!
Ez dizuet ipuina osorik kontatuko. Hobe zeuok deskubritzea. Ez zaizue damutuko. Gutxitan irakurri ahal izan dut ipuin hain biribilik. Eta ipuina gazteentzako literaturaren atalean argitaratu bada ere, ez da soilik gazteentzat. Sakonean, galdera garrantzitsua egiten digu ipuinak. Hain zuzen ere, noraino den zilegi deabruarekin jolas egitea. Irakur eta erantzun."
Ingelesek "serendipity" deitzen duten kasualitate bitxi eta pozgarri horietako bat iruditu zitzaidan. Egun berean, eta elkarren berri jakin gabe, bat etorri ginen Edorta eta biok, liburuen ozeano zabalean, zer eta liburuxka hori hautatzeko. Seguru Tusitala bera ere asko poztuko zela.
Beste harrokeria bat
(Neure lanean argitaratzen ditudan liburuen egileei elkarrizketak sartu ohi ditut hemen. Gaur, berriz, neu naiz idazlea, eta Karmele Jaiok egin dizkit galderak. Zuen onginahiak barkagarri egingo duelakoan)
Xabier Mendiguren Elizegi: «Istorioen asmatzaile naizen aldetik, iturrietara itzultzea izan da liburu hau»
Autobiografia eta saiakeratik hurbil dauden obrak argitaratu ondoren, fikziora itzuli da Xabier Mendiguren Elizegi (Beasain, 1964) Bihotz Gosetien kluba liburuarekin. Gogoa zuela aitortu digu. Bost narrazio labur eta luzeagoak bildu ditu maitasunaren nahi eta ezinaren gaiaren inguruan. Umorez zipriztindutako istorioak dira, autorearen begi-keinu batekin irakurlearen konplizitatea pizten dutenak.
Ipuinetik nobelarako bidean doazen bi testu luze eta beste hiru ipuin laburrek osatzen dute Bihotz Gosetien Kluba liburua. Nola sortu da liburu hau? Aspaldi idatzitako lanak bildu dituzu ala espresuki idatzi dituzu liburu honetarako?
Iaz idatzitako lanak dira ia osorik, 2003 hondarrean idatzitako gauzaren bat ere baden arren. Kasu honetan ez nuen liburua aldez aurretik planteatu. "Perikitoen bakardadea" Administrazioa euskaraz aldizkariaren eskari bati erantzunez idatzi nuen (eguberri giroko zerbait eta neurri jakinekoa eskatu zidaten). "Une egokia, hitz egokiak" ere Berria-ko udako ipuinetarako idatzi nuen. Hala ere, horiek dira laburrenak. Besteak, luzeago direnak, neure kasa sortu nituen. Banituen testu gehiago ere garai berean sortuak, Txalapartaren Lehenengo aldia libururako idatzitako ipuin bat, esaterako. Momentu batean ikusi nuen material narratibo dexentekoa neukala, horrekin zer egin hasi nintzen pentsatzen eta, buelta asko eman ondoren, ipuin batzuk baztertu eta besteak utzi, bilduma hauxe osatu nuen, orain daukan egiturarekin.
Autobiografia eta saiakeratik hurbil dauden liburuak idatzi ondoren fikziora itzuli zara. Bueltatzeko gogoz zeunden? Non ikusten duzu erosoago zure burua?
Gogoa nuen, bai. Garai batean nik uste ase egin nintzela fikzioaz, edo espresio-bide berriak esperimentatu nahi nituela, eta hortik sortu ziren Errekarteko koadernoa eta Arbelaren gainean. Fikzio izanda ere oroitzapenetik dexente dutenak ere atera ditut azken aldian: Gure barrioa 1975, Uda betiko balitz... Ez dakit bide hori betiko itxita dagoen, baina iruditzen zitzaidan pasatzen ari ote nintzen, norbere baitan arakatze hori literatura egiteko bide zintzoa iruditu arren zilborkerian eror nintekeela, eta ni, azken batean, istorioen asmatzaile bat naiz. Iturrietara itzultzea izan da, alde horretatik, liburu hau.
*Iturrietara itzultze hori dela-eta, gorabehera sentimentalak dira nagusi liburuan; hain zuzen, aurreko ipuin bilduma batzuetan ere gai nagusia izandakoa (Sei ipuin amodiozko bilduman adibidez). Zergatik egin duzu hautu hau? Eroso sentitzen zara bihotzarekin zerikusia duten gai hauek jorratzen?*
Gai eternala da, ezta? Horrexen inguruan egin nituen neure lehenengo istorioak orain dela 20 urte; aldez edo moldez beti agertu da nire idazlan askotan, eta protagonismoa osoarekin itzuli da orain; berrogeiko krisiagatik izango da igual (barreak).
Protagonisten ase ezina
Ipuinetako protagonistak euren bihotzen gosea ase nahian dabiltza, eta nahi eta ezinaren arteko borroka islatzen da istorio bakoitzean. Gizakion bihotzak ase-ezinak direla uste duzu? Bihotz gosetien klubekoak al gara denok?
Bruce Springsteen-en kantu ezagun baten leloa ipini dut liburuaren atariko: "Everybody's got a hungry heart" (Denok dugu bihotz goseti bat). Zure galderarentzako erantzuna izan daiteke hori. Dena dela, ez daukat teoriarik giza arimaz, maitasunaz edo beste ezertaz. Besterik gabe, kontakizunak asmatu ditut, eta nire istorio horietako protagonistek ase ezin bat bizi dute, neurri batean gizon-emakume guztiok sentitzen duguna, edo noizbait sentitu izan duguna. Asealdiak ere izaten dira gure bizitzan, baina narraziorako aberatsago eta interesgarriagoa da, dudarik gabe, insatisfazio batetik abiatzea.
**Umorez zipriztinduta daude ipuinak. Zenbait egoera tragiko barregarri bihurtzen dituzu, egoera patetikoetan aurkezten dizkiguzu zenbait pertsonaia eta aldi berean, lortzen duzu irakurlea hauekin identifikatu eta bat egitea. Honelako gaiak lantzeko orduan eta identifikazio hori lortzeko umorea lagungarri izan daitekeela uste duzu?**
Identifikazioa ez da nahita bilatutako baliabidea izan. Nik neuk, ukitu autobiografikoa duten lanetatik aparte ere, joera nabarmena dut lehen pertsona erabiltzeko fikzioetan, testuari indarra eta benetakotasuna eransteko bitarteko moduan; liburu honetan, ordea, sarrerako ipuintxoa kenduta, hirugarren pertsonan kontatu ditut beste guztiak. Identifikazioa beste nonbaitetik dator: lehentxeago esan dizudan moduan, sakonean begiratuz gero, denok izan ditugu noizbait halako edo antzeko bihozminak, denok sentitzen gara, neurri handiagoan edo txikiagoan, maitasun beharrean. Biologiak berak dakar hori. Umorea, berriz, ez dakit nahita bilatu dudan ala oharkabean etorri zaidan, baina ezinbesteko osagaia da liburu honetan, baita nire obra gehienetan ere; ez dakit zauriak goxatzeko ukendua den edo gauzak erlatibizatzeko tresna; irakurlearekin identifikatzeko balio dezake, zuk diozun bezala, edo igual gehiago haren konplizitatea bilatzeko, begi-keinu bat egingo bazenio bezala.
Istorio gazi-gozoak
Umorez kontatzen badituzu ere, gehienetan pertsonaien desgraziak aipatzen dira. Desgrazien kontakizuna errazagoa al da pozez eta baikortasunez betetako istorioaren kontakizuna baino?
Zoriontasun hutsak, irrika pertsonal moduan zentzua izan arren, nekez sortuko du literaturarik; azken batean gatazkaren bat behar duzu kontatzeko. Hala ere, poz eta baikortasunez beteriko istorioak ez dira inondik ere gutxiestekoak, eta meritu handia dauka, ñañokerian erori gabe, istorio baikor bat txukun idazten duenak. Nik, neurez, kontu ilunagoetarako joera daukat, ordea: garai batean amaiera tragiko samarrak asmatzen nituen, "happy end" bat ez zela ezeren amaiera iruditzen zitzaidan; gaur gazi-gozoak dira nire istorioak, mikaztasun puntu batekin baina bukaera irekiarekin hala ere; dena dela, nik uste nahita ere ezingo nukeela ipuin gozo eta positibo bat egin, sinesgaitza irudituko litzaidake.
Bakardadea, sedukzioa, jelosia eta horrelako gaiak irakurleak erraz errekonozitu ditzakeen testuinguruetan gertatzen dira. Badago, adibidez, preso duen mutil lagunari bisita egitera beste senide batzuekin autobusez doan emakumearen istorioa, gure herrian aski ezaguna den egoera bat.
Gai horrekin bueltaka ibili nintzen bolada batean, hortik zerbait idatz ote nezakeen. Bisita baten inguruko antzerki-lan bat egin nahi nuen, baina mingarriegia egiten zitzaidan situazioa, ez nekien nola jokatu behar zuten pertsonaiek, zer pentsatuko eta esango zuten. Bisitan doanaren ikuspegia interesatzen zitzaidan batez ere, eta, haren buruan sartzen joateko-edo, poema batzuk idatzi nituen, argitaratu ez ditudanak, gero ipuin hau, "Trip", eta azkenean ausartu nintzen antzerkia idaztera, bisita bera agertzen duena: "Amodioaren ziega" du izena, eta "Heroien gaua" izeneko beste teatro-lan batekin batera plazaratu zuen iazko udazkenean Artezblai argitaletxeak.
Aurretik idatzitako ipuinekin alderatuz, zer elementu berri aurkituko ditu irakurleak ipuin hauetan? Ba al dago alde handirik?
Igual irakurleak berak esan behar luke, edo kritikoek. Ni istorio on batzuk sortzen ahalegindu naiz. Hortik aurrera, ez dut uste niri dagokidanik halako baloraziorik egitea.
Erraz irakurtzen diren ipuinak dira. Zer nabarmenduko zenuke estiloari dagokionez?
Niretzat beti izan da inportantea irakurgarritasuna. Argumentu erakargarriak asmatzea, istorioak erritmo egokian kontatzea... Eta estiloari dagokionez, zer esanik ez. Hau da, esan nahi dudana ahalik eta indar handienarekin eta ñabardura guztiekin esan, baina irakurleak lehen begi-kolpean harrapatzeko moduan. Irakurri eta ulertzen ez dena, niretzat ez da aberatsago edo konplexuagoa: da gaizki idatzia.
Ardi gaixoak
Nire bulegoko mahaiaren parean leihoa daukat, benetako pribilegioa gaur egun, eta, luxua areagotzeko, bertatik belardi-puska bat ikusten dut, non ardiak ibiltzen diren tarteka belarra jaten. Azken egunetan ez ditut ikusi; beraz, pentsatzekoa da mendi aldeko larreetara eramango zituela artzainak.
Izan ere, maiatzaren batean "larreen irekitzea" ospatu zuten Larraitzen; egun berean eta kilometro gutxira, artzainaren edo ardi-gaztaren eguna egin zuten Idiazabalen. Horrelako jaialdiak, gero eta gehiago, baserritar, artzain edo arrantzaleen izenean baina kaletarrentzat antolatutako ikuskizun hutsak direla esango nuke. Baserrian jaio eta haren miraz bizi diren gizaseme edadekoak honen errapeak eta haren adarrak komentatzen ibiliko dira, baxoerdien artean; guraso gazteak beren haurrekin joango dira, egun-pasa kulturala egitera, "begira ttottoa, begira ardia"...
Ez dezadan barne turismoa kritikatu ordea. Gaur ardiak ditut hizpide; Aralarren ibiliko dira beharbada nik leihotik ikusten nituenak, harategirako bidea hartu dutenak alde batera utziz gero, noski. Izan ere, ardiak zenbat maite ditugun-eta hasten garenean, badirudi ahaztu edo ezkutatu egiten dugula zertarako nahi eta maite ditugun: haien umeak jateko eta amek nori eman ez duten esne horrekin gaztak egiteko.
Azken hauteskundeetan alderdi animalista bat aurkeztu zen (hori izan daiteke hurrengoan ezker abertzalearentzako estalki-babes-helduleku edo dena delakoa?), eta kartelen bat ikusi nuen, txekor, ardi eta zerri batzuk agertzen zituena, "Ez gaitzzazu jan" leloarekin. Hala ere, pentsatzen jarrita, gure planetak hartu duen jende-betekada hartu eta gero, oilo, ardi, behi eta abarrak gure probetxurako hazi eta hiltzeari utziko bagenio, izango al lukete inon libre bizitzerik? Zooetan eta erreserba naturalen batean ikusi beharko genituzke seguru asko, baina gaur gure menpean dauzkagunak baino hobeto biziko lirateke, dudarik gabe.
Espezie okerra eta makurra da gurea, beste guztientzat. Okerra, akabatu, mutilatu, torturatu egiten ditugulako; eta makurra, animaliok asko maite ditugula uste dugulako. Ez dut otsoa imajinatzen bere otsokumeei esaten: "Begira ardia, ze polita; egin maitea-maitea".
"Eta honek zer nahi du orduan?", galdetuko dit baten batek. Ez daukat erantzunik ordea, eta bai kontraesan larriak: atzo, adibidez, arkumea jan nuen bazkaltzeko, eta on askoa zegoela esan behar.
Ona eta originala
Euskalari eta euskaltzale ezagun batek bere doktorego-tesia defenditu zuenean, Koldo Mitxelena omen zegoen epaimahaian eta honako iritzi hau bota omen zuen delako lan horri buruz: "Tesi honek asko du onetik eta asko originaletik; baina onetik daukana ez da originala, eta originaletik daukana ez da ona".
Ezaguna zen Mitxelenaren zorroztasuna, baina horrelako zerbait entzunez gero burua harripean ezkutatzeko gogoa eman behar du, egia esanda. Eta hala ere, ideia horixe etorri zait niri ere asteburu honetan irakurtzen aritu naizen liburua dela-eta.
"Escrito en el cuerpo" da gaztelaniazko izenburua ("Written on the Body" jatorrizkoa) eta Jeanette Winterson ingelesa egilea. Orain dela dozena bat urte fama dexente lortutakoa; famaren hegoak laburrak izaki, ordea.
Lagun batek aipatu zidan, eta beti da plazer bat lagunek gomendatutako lanak irakurtzea: irakurketak garantia hobeak izan ohi dituelako (beti asmatu ez arren), eta gero lagunarekin komentatzeko aukera izaten duzulako, hari arrazoia emateko edo kentzeko.
Ez dut argumentua hemen azalduko, inork irakurri nahi badu berak deskubri dezan. Aurrera dezadan, hala ere, maitasunezko istorio bat kontatzen duela. Batetik amodio-istorio erromantiko bat, pasioaren sua eta onberatasunaren gozoa dituena. Hori litzateke nobelaren alderdirik ederrena, baina baita berritasun gutxiena eskaintzen diguna ere, amodiozko nobelak dozenaka irakurri baititugu, baita irakurriko ere, udaberri oro gereziak datozen artean.
Bestetik, nobelaren arauak hautsi egin nahi izan ditu Wintersonek: egitura laxo, lauso eta ustebakoa eman dio kontakizunari, airean utzi nahi izan ditu normalean zehaztu ohi diren hainbat zertzelada (kontalari eta protagonistaren sexua, esaterako), eta hari narratibotik kanpo geratzen diren pasarteak sartu ditu han-hemen. Apustu bat dago hor; apustu huts egina, nire uste harroan.
Nobela postmodernoak deitzen zitzaien horrelakoei orain dela urte gutxi, ez dakit izendapenak indarrean dirauen baina; laudorio moduan ezarritako izenondoa irrigarri bihur bailiteke handik urte batzuetara, modak ere aldakorrak izaten direnez gero. Horixe da artistaren paradoxetako bat: berritu beharra dauka batetik, lehengoen kopiatzaile eta epigono huts izango ez bada, baina denboran iraungo duen obra sortu nahi du, bestetik, garai baten lekuko ez ezik kanon berri baten partaide bihurtzeko. Ekuazio zaila, dudarik gabe. Asmatzen dutenek, aldiz, ez dakit zenbateraino egiten duten hartara propio jarrita, edo halaxe atera zaielako; ez berezkotasun hutsez (halakorik ez dago) baina ezta kalkuluaren ondorioz ere.
Winterson andereari dagokionez, beste obraren batekin lortu beharko du hilezkortasuna. Aldi berean ona eta originala izatea.
Harrokeria barkatzen badidazue
(Igandean Goierriko Hitza-n ateratako artikulua)
Idazle apala naiz ni baina, harrokeria barkatzen badidazue, sari potolo bat irabazi nahiko nuke oraintxe, Ibarretxek edo, oraindik hobeto, Suediako erregeak ematen dituen horietakoa. Kazetariak etorriko litzaizkidake handik eta hemendik, eta Beasainen bertan ere omenaldi koxkor bat egingo lidakete akaso, udaletxean.
Hitzaldi bat egin beharko nuke, eta nire herria zenbat maite dudan adierazi bertan. Oraintxe bertan, laudorioaren ordez purrustada eta salaketa botako nieke, ordea, gure alkate jaun txit agurgarriari eta berarekin bat datozen udalbatzako kide guztiei.
Zergatik? Arau subsidiario berriengatik. Herrian etxeak non egin, parkeak eta zerbitzuak non jarri, industriarako lurra non utzi erabakitzen duen plana izaten da hori, udalak hartu beharreko neurrietan inportanteena, seguru asko. Ba, arau berri horietan, orain arte nekazaritzako-lurtzat jotako hainbat sail, urbanizagarri deklaratu nahi dituzte, eta, horrenbestez, etxebizitzak eraikitzen hasiko dira aurki.
Normala da hori, neurri batean, herriak hazteko joera daukanez gero. Baina presio urbanistikoari eusten ere jakin behar du udalak, zentzuz jokatzen eta ekonomiaren eta ekologiaren arteko oreka bilatzen; eta, alde horretatik, aldrebeskeria itxuragabeak egin behar dituzte Beasainen. Besteak beste, San Martin elizara bitarteko bide guztian etxeak egin, orain arte paraje natural izandakoa inguru urbano bihurtuz. Eta, niri min berezi eta partikularra ematen didana, Errekarte Haundi baserria bota. Beasainen geratzen den kale-baserri bakarra, eta nire oroitzapenen habia.
Hori dena esango nuke, Stockholm-en nahiz Beasainen, eta munduaren aurrean lotsagarri ez geratzeko atzera egingo luke beharbada gure herriko udalak. Tamalez ez didate halako saririk emango, baina horrek ez du ezertan gutxitzen esan dudanaren arrazoia.
