Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Ona eta originala

Ona eta originala

xme 2005/05/04 08:00

Euskalari eta euskaltzale ezagun batek bere doktorego-tesia defenditu zuenean, Koldo Mitxelena omen zegoen epaimahaian eta honako iritzi hau bota omen zuen delako lan horri buruz: "Tesi honek asko du onetik eta asko originaletik; baina onetik daukana ez da originala, eta originaletik daukana ez da ona".

Ezaguna zen Mitxelenaren zorroztasuna, baina horrelako zerbait entzunez gero burua harripean ezkutatzeko gogoa eman behar du, egia esanda. Eta hala ere, ideia horixe etorri zait niri ere asteburu honetan irakurtzen aritu naizen liburua dela-eta.

"Escrito en el cuerpo" da gaztelaniazko izenburua ("Written on the Body" jatorrizkoa) eta Jeanette Winterson ingelesa egilea. Orain dela dozena bat urte fama dexente lortutakoa; famaren hegoak laburrak izaki, ordea.

Lagun batek aipatu zidan, eta beti da plazer bat lagunek gomendatutako lanak irakurtzea: irakurketak garantia hobeak izan ohi dituelako (beti asmatu ez arren), eta gero lagunarekin komentatzeko aukera izaten duzulako, hari arrazoia emateko edo kentzeko.

Ez dut argumentua hemen azalduko, inork irakurri nahi badu berak deskubri dezan. Aurrera dezadan, hala ere, maitasunezko istorio bat kontatzen duela. Batetik amodio-istorio erromantiko bat, pasioaren sua eta onberatasunaren gozoa dituena. Hori litzateke nobelaren alderdirik ederrena, baina baita berritasun gutxiena eskaintzen diguna ere, amodiozko nobelak dozenaka irakurri baititugu, baita irakurriko ere, udaberri oro gereziak datozen artean.

Bestetik, nobelaren arauak hautsi egin nahi izan ditu Wintersonek: egitura laxo, lauso eta ustebakoa eman dio kontakizunari, airean utzi nahi izan ditu normalean zehaztu ohi diren hainbat zertzelada (kontalari eta protagonistaren sexua, esaterako), eta hari narratibotik kanpo geratzen diren pasarteak sartu ditu han-hemen. Apustu bat dago hor; apustu huts egina, nire uste harroan.

Nobela postmodernoak deitzen zitzaien horrelakoei orain dela urte gutxi, ez dakit izendapenak indarrean dirauen baina; laudorio moduan ezarritako izenondoa irrigarri bihur bailiteke handik urte batzuetara, modak ere aldakorrak izaten direnez gero. Horixe da artistaren paradoxetako bat: berritu beharra dauka batetik, lehengoen kopiatzaile eta epigono huts izango ez bada, baina denboran iraungo duen obra sortu nahi du, bestetik, garai baten lekuko ez ezik kanon berri baten partaide bihurtzeko. Ekuazio zaila, dudarik gabe. Asmatzen dutenek, aldiz, ez dakit zenbateraino egiten duten hartara propio jarrita, edo halaxe atera zaielako; ez berezkotasun hutsez (halakorik ez dago) baina ezta kalkuluaren ondorioz ere.

Winterson andereari dagokionez, beste obraren batekin lortu beharko du hilezkortasuna. Aldi berean ona eta originala izatea.

etiketak: Liburu kritikak
Gerardo
Gerardo dio:
2005/05/04 12:53

Nire uste behar bezain apalean, Jeanette Wintersonek idatzia du lan aldi eta neurri berean on eta original hori, ez dakit hilezkortasuna lortzeko adinakoa baina: gaztelaniazko bertsioan "La pasión" du izenburu (Edhasa 1988), eta nobela historikoen bilduma batean atera bazuten ere, gehiago dauka XMk "eleberri posmoderno" deiturikotik, historikotik baino.

Urte dexente dira, baina gogoan daukat hiru aldiz irakurri nuela jarraian, ia konpultsiboki, testu hipnotiko hura. Aitor dezadan nire kasuan ere adiskide-gomendio bat izan zela tarteko. Bai eta, harrezkero, Wintersonen lana jarraitu izan dudala, "Pasioa" bezalakorik aurkitu gabe ordea (azkena, "El powerbook", argitaletxe berean 2004an aterea, ezin izan dut amaitu; baina hori ere nire uste behar bezain harroa baino ez da)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.