Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Eta ez da gutxi

Eta ez da gutxi

xme 2005/05/12 08:00

Askotan entzuten dira euskaltzaleen artean Vocento taldeko egunkarien kontrako kexuak eta erretolikak. Ez arrazoi faltaz, euskarari ezikusi eta Euskal Herriari erdeinu egiten baitiote sarri. Niri eta beste askori benetako mina ematen diguna, ordea, ez da egunkari horiek dena delako ideologia izatea (adierazpen-askatasuna horrexetarako dago: zuk ez bezala pentsatzen dutenei aitortzeko), ezpada euskaldun askok (eta horien artean abertzale eta euskaltzale ez gutxik) horiexek dituztela informazio-iturri nagusi eta ia bakarra.

Egunkari horien lerroa den bezalakoa delako, harrituta utzi ninduen joan den igandean topatu nuen elkarrizketa batek: kultura-atala zabalduz, bi orrialdetan (88-89), Niko Etxart eta Benito Lertxundi batera elkarrizketatzen zituen Felix Ibargutxik, euskaraz, eta gainera izenburu nagusi hau zekarren, letra handitan: "Independiente ez garen bitartean, gure produktuak errejionalak izango dira". Tumatxa!

Inoiz ez dut egunkari horietakoren batean kolaboratzaile izateko deirik izan, eta hortaz ez dut neure burua pragmatismoaren eta erradikalismoaren arteko eztabaida batean korapilatuta ikusi, auzi hori dela-eta. Baina askori entzun dizkiot horri buruzko iritziak, alde eta kontra.

Boterea daukana oso gustuko ez izan baina geure ikuspegia azaltzeko aukera bat eskaintzen digunean beti sortzen dira horrelako eztabaidak: etsaiarekin kolaboratzea hura legitimatzea dela batetik, errealitateari bizkar emateak ghetto-ra garamatzala bestetik, eta abar.

Ur handitan sartu gabe, omenaldi bat eskaini nahi nioke lerrootan Felix Ibargutxiri, hogei urte luzetan euskal kulturaren berriemaile zintzo eta zehatza izan baita gipuzkoar gehienek irakurtzen duten egunkarian (euskal industria kulturalaren morroi sentitzen zela adierazi zuen aspaldi ez dela). Haren lanari esker El Diario Vasco-k irakurle euskaltzale batzuei errazago eusten diela pentsa lezake baten batek; nire ustez, ordea, Ibargutxi gabe ere periodiko horrekintxe jarraituko lukete horiek denek, eta Ibargutxiri esker euskalgintzaren informazio zabal eta egokia jasotzen dute bederen. Eta ez da gutxi.

etiketak: Saski Naski
iturri
iturri dio:
2005/05/14 13:45

Apostatak dioen bezala, zorionak Xabier.

  1. mezuarekin batera, blogari nintzela idatzi nuen nik Elgetako BeSTaren egunean.

Bikoiztu duzu zuk zenbakia. Beraz, Blogariren B-a letra larriz idazterik baduzu.

Aio.

Apostata
Apostata dio:
2005/05/12 13:57

Zorionak! Zegaitik? ba 200. artikulora heldu zaralako, moteil!!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.